"Gu" gaia du Tupust! kolektiboaren hirugarren (eta oraingoz azken) liburuak
Komikiaren mundura emakumezkoen presentzia eta ikuspegi feminista ekartzeko asmoz sortu zen Tupust! kolektiboak 2019an atera zuen lehen bilduma, Ni-ari eskainia, 2021ean bigarrena, Zu-a gaia zuela, eta aurten dakarkigute hirugarrena, Gu-ari buruzkoa. Hau ere, bigarrenarekin egin zuten bezala, autoedizioan atera dute.
Zenbait egilek aurreko liburuetakoren parte hartuak dira, hala nola Ainara Azpiazu Axpi, Arrate Rodriguez, Irati F.G., Regina Salcedo, Irati Eguren, Irati Jiménez, Loinaz Lekuona, Paula Estévez, Maitane Gartziandia, Maite Caballero eta Maite Gurrutxaga. Eta berriak dira Ainize Sarasola, Ander Peretz, Andrea Ganuza, Araiz Mesanza, Higinia Garay, Idoia Beratarbide, Jone Taberna, Maider Leturiaga, Maite Rosende, Sandra Garaioa, Shu Otero eta Usue Egia.
Eta, antza denez, horrelako azken bilduma izango da. Kolektiboak lanean jarraituko du, baina ez du horrelako lan gehiago egingo, ez behintzat denbora batean. Hala ere, izango dugu beraien berri, ziur.