Gregorio Muroren "Iker eta Ixone" sailaren lehenbiziko hiru istorioak berrargitaratu ditu Harrietek
Gregorio Muro euskarazko komikigintzaren historia bizia da. Gidoigile gisa 1980ko hamarkadan egin zuen lanarekin soilik, gure egilerik emankorrena eta nazioartekoena da, Justin Hiriart, Sorgin seinalea, Ion eta Mirka, Eguzkiaren izerdia, Simon Besaluze, Indianoa, Hontza, Hermes... bezalako sailekin, batzuk 5 albumez ere osatuak. Komiki horiek euskaraz Ipurbeltz, Erein edota Habeko Mik-ek ateratzeaz gain, Frantzian ere atera ziren asko, Dargaud edo Glénat bezalako etxeen eskutik, eta Europako beste herrialde batzuetan ere argitaratu ziren batzuk. Zinemagintzan 20 urtez aritu eta gero, azken urteotan komikiaren mundura itzuli da, editore gisa (Harriet argitaletxea sortu du) zein gidoigile gisa (Lotsa eta ahaztea, Mugako dragoiak, Anker...).
Baina beharbada ez da hain ezaguna horren guztiaren aurretik egile oso gisa (hau da, gidoigile eta marrazkigile) ere aritu izan zela 1970eko hamarkadan, Iker eta Ixone, Tom eta Wandi eta Bizarzuri haurrentzako sailak eginez. Eta Iker eta Ixoneren lehen abentura, 1978koa, itzulpena izan gabe euskaraz ateratako lehen istorio jarraituko albuma izan zen! Bada, orain Harriet argitaletxeak sail historiko hori berrargitaratzeari ekin dio, liburu batean Iker eta Ixoneren lehen hiru zenbakiak aterata: Orrazi magikoa, Gaizkiñe eta Zahagi-urrea.
Irakurtzen ikasi berria zen haurra nintzela atera zen Iker eta Ixone, eta nire komiki gogokoenetako bat izan zen. Eta berrargitaratze honetarako hitzaurrea neuk idatzi dut! Ezin ohore handiagorik izan. Eskerrik asko, Gregorio, aukerarengatik.
Izaki mitologikoak oraindik gizakien artean ibiltzen ziren garaiko euskal herrixka bateko bi gaztetxo dira Ixone eta Iker, ipurtarin eta ausartak, eta lamiak, Sugaar, herensugea, Gaueko eta beste aurkituko dituzte beren abenturetan, baina elkarlana, adimena eta laguntasuna baliatuz onik aterako dira beti.
Marrazkiak bere publikoarentzako (hau da, haurrentzako) oso egokiak dira, politak, sinpleak eta xalotasunez beteak. Istorioetan Harriet gero gidoigile gisa famatu zuten osagaiak hor daude (abentura, ezustekoa...), haurrentzat egokituta, eta bere geroko lanean ohikoak diren ikuspegi eta aldarrikapenak ere presente dira: berdintasuna, naturarekiko maitasuna... Gaia ere (euskal mitologia) txikientzat oso erakargarria izan da beti eta oraindik ere hala dela pentsatu nahi dut, eta Irati filmak (eta honek oinarri duen Irati komikiaren berrargitaratzeak) gure gizartearen iruditeria kolektiboan euskal mitologia berpiztu duen honetan, txikiak ere mundu magiko horren parte egiteko modu bikaina dira istorio hauek.
Gozatu irakurketa! Eta ea beste bi istorioen bilduma (Lurraren bihotzeraino eta Ortzadarraren belarra) ere laster ikusten dugun!
(jarraian duzue hitzaurrea, komikiaren aurkezpen gisa)
Iker eta Ixone, haurrentzako komiki bat izan behar den guztia
Gaztetxo nintzela, 1980ko hamarkadan, oso atsegin nituen Justin Hiriart-en komikiak. Orri haietan sartzea Kantauri itsasoan murgiltzea zen, gure arbaso baleazaleen artean egotea, indiar ere sentitzea, abentura itzelak bizitzea. Fructuosoren marrazki ederrek ere izango zuten eragina horretan, jakina, baina komikietan ni istorioek harrapatzen naute batez ere. Hala liluratzen ninduten Justinen bizipen zirraragarrien idazlea Gregorio Muro zen, ezizenez eta bigarren abizenez Harriet, eta Justin Hiriart-ez gain, beste hainbat sail ere egin zituen, hala nola Sorgin seinalea, Ion eta Mirka, Eguzkiaren izerdia, Simon Besaluze, Indianoa, Hontza, Hermes..., batzuk 5 albumez ere osatuak. Komiki horiek euskaraz Ipurbeltz, Erein edota Habeko Mik-ek ateratzeaz gain, Frantzian ere atera ziren asko, Dargaud edo Glénat bezalako etxeen eskutik, eta Europako beste herrialde batzuetan ere argitaratu ziren batzuk. Ziurrenik euskarazko komikigintzan izan dugun egilerik emankorrena eta nazioartekoena izango da Harriet. 1990eko hamarkadatik aurrera eta 20 urtez komikia utzita zineman aritu eta gero, 2015etik komiki-editore gisa ari da, berak sortutako Harriet argitaletxean, eta beste lan askoren artean, bere lan klasiko haiek (Justin Hiriart, Ion eta Mirka, Sorgin seinalea...) berrargitaratzen ditu, gaur egungo gaztetxoen deskubrimendu eta gozamenerako.
Nik editore eta gidoilari gisa daraman bizitza berri honetan ezagutu dut Gregorio, azken urteotan euskal komikiaren inguruan egiten dudan (nola-halako) dibulgazio lana dela-eta sarritan egin baitugu topo eta elkarlanean aritu. Eta egun batean biok honetaz eta hartaz hitz egiten ari ginela, kasualitatez jakin nuen 1970eko hamarkadan komiki-autore oso gisa aritua zela, hau da, gidoilari eta marrazkilari gisa (komiki-dibulgatzaile kaskarra ni, hori ez jakitea ere!). Garai hartan zein komiki egin zuen galdetu eta ez dit ba esaten, besteren artean, Iker eta Ixone bereak direla! Justin Hiriart baino lehenago, irakurtzen ikasi berria zen haurra nintzela, ikaragarri gustatzen zitzaidana! Nik jakin gabean, Gregorioren komikiak haur nintzenetik izan nituen lagun!
Horren berri izan nuenetik, Iker eta Ixoneren komikiak berriz ere argitaratzeko esaten aritu natzaio. Izan ere, haurrentzako komiki oso gutxi argitaratzen dira azken urteetan (eta euskaraz are gutxiago) eta behar handia dagoela uste dut. Garai batean komikiek haurrentzako (eta asko jota gaztetxoentzako) kontuak izatearen fama bazuten ere, azkenaldian helduentzako produktu serioen prestigioa hartu dute “eleberri grafiko” deritzen horien eskutik; baina aldi berean haurrentzako komikiak desprestigiatu egin dira ipuin ilustratuen mesedetan. Eta ez dut zalantzarik haurrentzat komikiek oso egokiak izaten jarraitzen dutela. Lehen bezala orain ere haurrek disfrutatu dezaketen formatua da, irakurtzen ikasteko prozesuan oso lagungarri izateaz gain.
Hala ere, Gregoriok ez zuen argi ikusten Iker eta Ixoneren berrargitaratzea. Bere lehen lana izan zela, artean oso-oso gaztea zela eta ez zekiela istorioak idazten, marrazten ere inoiz ez duela jakin (beti esaten du horregatik pasatu zela gidoigintza hutsera, marrazkigile gisa zituen gabeziek ez zezaten mugatu bere lana) eta bere marrazkiak oso sinpleak direla... Apaltasunetik eta bere buruarekiko beti duen exijentzia gehiegizkotik besterik ezin da hori esan, zeren eta ni ezin naiz ezadosago egon, haurrentzat oso komiki egokia dela iruditzen zait.
Azkenean, biba!, argitaratzea erabaki du. Bi sortatan aterako dira Iker eta Ixoneren abenturak. Esku artean duzun lehen bilduma honetan lehenengo hirurak aurkituko dituzu, Orrazi magikoa, Gaizkiñe eta Zahagi urrea, eta beranduxeago aterako dira azken biak, Lurraren bihotzeraino eta Ortzadarreko belarra. Oso beharrezkoa den berrargitaratzea, ez bakarrik dokumentu historiko gisa (oker ez banago, egunkari edo aldizkarietako zinta eta orrietatik aparte euskaraz ateratako lehenengo komiki-liburua izan zen Iker eta Ixoneren lehenbizikoa), baizik eta txikienentzako produktu literario on eta gozagarri gisa.
Ixone eta Iker izaki mitologikoak oraindik gizakien artean ibiltzen ziren garaian euskal herrixka batean bizi diren bi neska-mutiko dira. Ipurtarinak eta ausartak izanik, abentura bila aritzen dira eta beren ibilbidean lamiak, basandereak, Gaizkiñe, Sugaar, herensugea, Gaueko eta besterekin topaketa arriskutsuak izango dituzte. Baina elkarlana eta adimena baliatuz, eta mamarroen eta Txomintxo aztiaren laguntzarekin, onik aterako dira beti.
Orri hauetan aurkituko dituzun marrazkiak beharbada sinpleak dira, bai, baina bere publikoarentzako (hau da, haurrentzako) oso egokiak dira, politak eta xalotasunez beteak. Istorioetan Harriet gero gidoigile gisa famatu zuten osagaiak hor daude (abentura, ezustekoa...), haurrentzat egokituta, eta bere geroko lanean ohikoak diren ikuspegi eta aldarrikapenak ere presente dira: berdintasuna, naturarekiko maitasuna... Gaia ere (euskal historia eta mitologia) txikientzat oso erakargarria dela uste dut, eta Irati filmak (eta honek oinarri duen Irati komikiaren berrargitaratzeak) gure gizartearen iruditeria kolektiboan euskal mitologia berpiztu duen honetan, txikiak ere mundu magiko horren parte egiteko modu bikaina dira istorio hauek. Haurrentzako komiki bat izan behar den guztia da Iker eta Ixone.