Haurrentzako komiki gehiago
Bizitzak buelta asko ematen ditu. Garai batean argitaratzen ziren komiki gehienak haurrentzakoak izatetik, horrelakorik ia ez ikustera pasatu ginen, euskaraz zein bestela, eta hala egon gara berriki arte gutxi. Azkenaldian, baina, haurrentzako komikiak berpizte bat izaten ari dira, eta gaur egun nagusi ere izango dira ziur asko, batez ere itzulpenei esker.
Idefix eta menderakaitzak eta Biga sailek, adibidez, urte hasieran izan zuten jarraipenezko ale bana, eta orain jada bien beste bana atera da. Salvat/Bruño-k Idefix 4 - Menderakaitzen zirkua atera du, Yves Coulon, Simon Lecocq eta Cédric Bacconnier-en gidoiarekin eta David Etiene, Philippe Fenech eta Rudy-ren irudiekin. Eta Astiberrik Biga 7 - Txantxak sortzeko makina, aurrekoak bezala Romain Pujol eta Vincent Cautek egina. Horiez gain, Bang! ediciones / Mamut comics argitaletxeak Artur Laperlaren Superpatata sailaren hamahirugarrena atera du, Nahaspila kosmikoa sagaren hirugarrena, Estolderian izenburuduna. Eta azkenik, A fin de cuentos etxeak Yoon-sun Park-en Bubu eta haren lagunak argitaratu du. Etxeko komikizale txikienentzat badago lehengaia!