Social networks killed the RSS star?
- (Elhuyar aldizkariko 2012ko apirileko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Hasieran, Tim Berners-Leek weba egin zuen. Web hura ez zen hain baliagarria: webgune bat edukitzea enpresa edo erakundeen eta informatika-ezagutzak zituztenen esku baino ez zegoen. Informazioa oso estatikoa zen. Eta teknologiak esan zuen: "izan bedi interaktibotasuna". Eta hala izan zen. Eta ikusi zuen jendeak interaktibotasuna ona zela, eta bereizi egin zuen hasierako webetik: berriari Web 2.0 eman zion izena eta aurrekoari Web 1.0. (Genesia, 1:1)
Bibliarekiko paralelismoen txantxa gorabehera, ezin ukatuzkoa da Web 2.0 delakoak aldaketa handia ekarri zuela aurrekoarekiko: webguneak askoz interaktiboagoak ziren, informatikarik jakin gabe egin zitezkeen, jende arrunt asko hasi zen webguneak eta blogak izaten... Baina aldaketa garrantzitsuenetakoa, zalantzarik gabe, RSSak izan ziren.
Webgune eta blog ugari askotan eguneratzen hasi ziren arren, ez zen erraza gustuko zenituenen jarraipena egitea: denetan banan-banan sartu beharra, sarritan aldaketarik ez aurkitzeko, edo irakurri genuen azkena zein izan zen ez gogoratzeko. Baina, orduan, webgune horiek RSS bertsio bat ere argitaratzen hasi ziren: albiste edo artikulu berriak argitaratzeko formatu bat, egitura ongi definitu baten bidez adierazten zuena albistearen eremu bakoitza (izenburua, egilea, data, edukia, esteka...). Horri esker, programa eta zerbitzuak sortu ziren gure gogoko webgune eta blogen RSSak irakurtzen zituztenak eta zerbait berria zegoenean abisatzen zigutenak. Hala, informazio-iturri askoren jarraipena gune zentral bakar batetik egiteko aukera sortu zen. RSSei buruz hitz egin genizuen web semantikoaz aritu ginenean Mundu digitala atalaren bigarren artikuluan.
Askorentzat, neu barne, iraultza handia izan zen hura, bizitza erabat aldatzeraino. Nik ez dakit zer egingo nukeen RSSak edo RSS-irakurgailuak desagertuko balira. Haiei esker, nire gustuko gaiak, pertsonalak zein profesionalak, argitaratzen dituzten ehunka guneren jarraipena egiten dut modu errazean. Nolabait, nire komunikabide pertsonalizatua dut nire RSS-irakurgailuan. Eta pentsatzen nuen jende guztia pasatuko zela horretara lehenago edo beranduago. Baina denborak aurrera egin du, eta hori ez da gertatu. Jende geek edo teknozale samarrak soilik erabiltzen du.
Sare sozialen oldarra
Aldiz, duela bizpahiru urtetik hona, jende guztia sare sozialetan sartzen ari da. Twitter, Facebook eta enparauen erabilera bai izan dela masiboa. Ez dago ukatzerik erabiltzaile-kopuruan RSSak askogatik gainditu dituztela.
Eta RSSen jarraitzaile leial askori ulertezina gertatzen zaie. Begira zer dioen Marshall Kirkpatrick ReadWriteWeb teknologiari buruzko blogaren koeditoreak horri buruz: "RSSak irakurtzeko softwarea ez erabiltzea azken aldiko teknologiaren historian gizateriaz okerren hitz egiten duen gertaeretako bat da. Etsigarri da mundu osoan demokratikoki argitaratzen diren iturri fidagarri eta askeen informazio-kanal dinamikoak eguneratzeko biltegi pertsonalizatu eta zentralizatu bat teknologikoki baztertuta Facebook-eko Flash joko buru-usteltzaileek ordezkatu izana, telebistaren promesa den errealitatea bihurtu eta hezkuntza publikoaren ametsak puskatan hautsi zirenean bezain etsigarria. (...) Ikaragarria da. Dena jaso eta etxera joateko modukoa da."
Tira, ni berak dioen gauza askorekin ados nago, baina ez dut hain gaizki ere hartzen (agian hainbeste desengainurekin jada ez dudalako gizadiarengandik hainbeste espero?)... Azken finean, zibermundua mundu errealaren isla besterik ez da. Eta askoz jende gehiago dago tabernetan ibiltzen dena egunkariak irakurtzen baino; hori baitira sare sozialak nagusiki, jendearekin egoteko tokia. Bestalde, sare sozialak ez dira flash jokoak soilik: informatuta egoteko modu bat ere badira, baina gustuko komunikabideen bitartez izan beharrean, lagunen bidez; eta sare sozialetako lagun horiek komunikabideak ere izan daitezke, gaur egun denak baitaude haietan.
Ni gehiago kezkatzen nau sare sozialen beste efektu batek: bertan sortzen den edukia, sarritan, arina da (luzeran mugatuta daude bertako edukiak, eta gaiak ere informalagoak izan ohi dira), oso efimeroa (ez dago eduki zaharra berreskuratu edo aurkitzerik) eta ez irekia (eduki asko lagunentzat soilik da); baina haietan aktiboki aritzeak denbora handia eskatzen du, eta blogetan edo webgune pertsonaletan kalitateko edukia sortzeko denbora gutxiago dago. Nik inpresioa dut sare sozialak daudenetik blogetan gutxiago idazten dela, eta hori kezkagarria izan daiteke euskara bezalako hizkuntza txikientzat. Gainera, berriz ere komunikabide profesionalen esku gelditzen bada mamidun edukia sortzea, pikutara Web 2.0-k ekarri zuen sorkuntzaren demokratizazioa...
Edonola ere, sare sozialek erabiltzaile askoz gehiago izateak ez du esan nahi RSSak hilda daudenik, toki askotatik aspalditik hori iragarri badute ere, bizi-bizirik darrai. Artikulu honen izenburua inspiratu duen eta MTV katea inauguratzeko erabili zuten The Buggles taldearen Video killed the radio star abestiak 1981ean iragarri zuen irratiaren heriotza, eta 30 urte geroago, begira.
Heriotzek titular deigarriagoak egiten dituztelako egiten dira horrelako sententziak, edo errege zaharra hil beharra dagoelako berria aldarrikatzeko. Baina ez du zertan beti garaile bat egon; elkarbizitza ere posible da, eta, kasu honetan, beharrezko ere bai, esango nuke. Izan ere, ni konbentzituta nago sare sozialak, lehen urratsean, neurri handi batean behintzat, RSSak erabiltzen dituzten jendearengandik elikatzen direla. Erabiltzaile horiek izaten dute informazioaren berri, eta sare sozialetan partekatzen dituzte. Hortik hasten da informazioa zabaltzen. Horiek gabe, agian, eduki askoz gutxiago legoke sare sozialetan eta ez lirateke hain interesgarriak izango.