Harriet argitaletxearen Kabe manga zigiluak beste bi sail berri hasi ditu
Ikaragarria da Harriet argitaletxea Kabe zigiluaren eskutik manga komikiak euskarara ekartzeko egiten ari den lana. Cube Arts, Heroines game, Dinosaurs Sanctuary eta Girls' last tour serieen hiruna liburu atera ditu. Lehenengo biak amaituta daude eta beste biek oraindik jarraipena izango dute liburu berriekin. Bada, orain beste bi sail berri hasi ditu!
Batetik, Yuya Kanzakiren Change the world sailaren lehenengo liburukia atera da, Hiltzaile berri bat. Yuichi Sato galtzailearen prototipoa da, baina gertakari bitxi bat dela eta bizitzaren arlo denetan arrakastatsu totala den Sakutaro Mitsumune poliziarekin gorputza elkartrukatu du. Haren etxera joatean, baina, ikusiko du hura serieko hiltzailea dela. Eta orain bera du ituan, bere sekretua baitaki...
Bestetik, Rootport-en gidoia eta Tomomi Usui-ren (Cube Arts-en egilearen) irudiak dituen Otaku bat jainko lanetan saila ere hasi du, Adio, garai urrunak liburuarekin. Susumu bere ontziko animazio etenetik esnatzean, ezagutzen duen lurra pikutara joan dela konturatzen da, eta gizakien zibilizazio primitibo bat besterik ez du aurkitzen. Bere anime serie gogokoena den Pretty care: Sorgintxo musikariak-en azken kapitulua ezin ikusi geratu da, eta hori ez da onargarria bera bezalako otaku batentzat! Zibilizazioak albait azkarren aurrera egitea behar du seriea amaitu ahal izateko teknologia eskura dezaten, eta horretan eragiten hasten da, bere historiaren ezagutza baliatuta. Baina, jakina, ez da hain erraza izango...