Hemen zaude: Hasiera Blogak e-gorblog Angoulême

e-gorblog

Angoulême

Clara-Tanit Arquék irabazi du Alhóndiga Bilbaoren beka

Lan irabazlea online ikus daiteke

Lan irabazlearen zati bat
Irudia: Clara Tanit Arqué

Otsailean eman genizuen Alhóndiga Bilbao elkarteak antolatutako komiki bekaren berri, zeinaren irabazleak Angoulêmeko La Maison des Auteurs-en urtebeteko egonaldia irabaziko baitzuen.

Ba La cárcel de papel-en bidez jakin dut lehiaketak jada baduela irabazlea: Clara-Tanit Arqué, Astiberri Bilboko argitaletxearekin Wassalon lana atera zuena, eta beragatik aurtengo Bartzelonako komiki-azokan autore berriaren sarirako izendatua egon zena.

Hemen ikus dezakezue lan irabazlea.

Bi komiki-lehiaketa interesgarri

Ganorabako komiki-lehiaketa eta Alhóndiga Bilbao beka Angulemarako

Bi lehiaketen kartelak
Irudia: Igor Fernandez / ?

Komikiak egiten badituzu, udaberri honetan bi aukera polit dituzu zure lana bultzatzen eta ezagutarazten saiatzeko. Batetik, urtero bezala martxan da berriz ere Basauriko Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako 2008 komiki-lehiaketa. Martxoaren 31 bitarte dago lanak bidaltzeko aukera. Lehenengo saria 900€ dira, bigarrena 450€ eta hirugarrena 300€, eta horrez gain, 300 euroko sari bana dago euskarazko lanik onenari eta Basauriko lanik onenari. Oinarri zehatzak, epaimahaia eta informazio gehiago euren web gunean aurkituko duzu. Iaz ere izan genuen hizpide lehiaketa hori, partehartzaile guztien lan guztiak online ikusteko aukera eman zutela-eta.

Bestetik, Alhóndiga Bilbao elkarteak beka bat emango dio komikigile bati Angoulêmeko La maison des auteurs zentroan urtebetez aritzeko, Europako komiki-zentro entzutetsuenean alegia. Irabazleak urtebetez bertan komiki-sorkuntzan jarduteko aukera izango du, baldintza ezin hobeagotan. Zentroko ekipamendu eta baliabide guztiak erabiltzeko eta beste bekadunekin ideiak trukatzeko aukera izateaz gain, urtebeteko alojamendua ordainduko zaio eta soldata bat ere izango du. Beka lortu nahi dutenek 18 urte beteta izan behar dituzte eta komiki bat sortzeko proiektu bat aurkeztu beharko dute, paperean edo euskarri informatikoan, idatzizko garapen batekin eta irudiekin, apirilaren 14a baino lehenago. Epaimahaiaren burua Max komikigile ospetsua izango da, berriki Espainiako Komikiaren Sari Nazionala irabazi duena. Bekaren oinarri zehatzak web gunean dauzkazu irakurgai.

Zeren zain zaudete? Benga marraztera!

Angoulême, mon amour!

Europako komiki-azoka handienera egindako espedizioaren kronika

Angulemako bidaiako hainbat argazki

Egon ginen, ba, Angoulême-n, eta, agindu bezala, hemen duzue kronikatxoa. Benetan aluzinantea da Angulemako komiki azoka, guztiz harrigarria komikia Frantzian nola bizi duten... Gainera, komikigile talde batekin joateko eta mundu hori barrutik ezagutzeko aukera izan dut... Eta gutxi balitz lagun talde hori jator-jatorra da eta kristoren giroa izan dugu... Zer gehiago eska daiteke? (A, eta azokako palmaresa ere daukazu hemen, zein komiki erosi pentsatzen ari bazara laguntzeko...)

Hiria

Hiri ederra da Angoulême. Muino baten gainean kokatua dago hiriaren alde zaharra, aldats gogor batek eta harresi altu batek babestua, benetan ikusgarria. Han goiko kale eta etxeak ere oso majoak dira, palazio-gaztelu itxurako udaletxea ere oso polita, eta han goitik ikusten den bista ere egundokoa.

Baina Angoulême ez da hiri arrunta. Urte osoan, hiriak komikia bizi du eta komikiak hiria bizi du, sinbiosi perfektu baten. Ez dakit hori azokaren kausaz den edo azoka horren efektua den... Kaleetako plakek komikietako bunbuiloen forma dute, horma asko komikien muralez apainduta daude, CNBDI (Centre National de la Bande Dessinée et de l’Image) izeneko komikiaren museo bat dute erakusketa izugarri bat duena, klasiko pilo baten originalez betea...

Komiki-azoka

Hala ere, hiria eta komikiaren arteko maitasuna estasira iristen da Angulemako Komiki-Azoka ospatzen denean. Komiki-azoka ez dira argitaletxeen standak soilik: erakusketak, proiekzioak, hitzaldiak eta horrelakoak nonahi daude. Eta argitaletxeen standak ere ez dira nolanahikoak: bi karpa erraldoi, bakoitza Durango bezalakoak gutxienez, bat argitaletxe handientzat eta bestea argitaletxe txikientzat (argazki panoramiko horiek egiteko hainbat argazki atera nituen eta gero Panavue ImageAssembler-ekin josi), beste karpa txikiago bat komiki alternatibo eta fanzineentzat eta beste bat komikien inguruko merchandisingarentzat (posterrak, figuratxoak, kamisetak...).

Eta benetan ikustekoa da nola bizi duten frantsesek komikiaren mundua... Jende mordoa dabil bertan, baina ez pentsa guztiak freaky gazteak direnik, jende guztiz normala dabil, zaharrak, familia osoak, neskak... Han ez zara, hemen ez bezala, komikizalea izateagatik arraro sentitzen. Alderantziz dela esango nuke, hangoek askoz zaletasun handiagoa dute. Adibidez, kristoren ilarak itxoiteko gai dira komikigileen dedikatoriak lortzeko. Hori bai, ez dira hemengoak bezalako autografo sinpleak: marrazki oso landuak dituzte, sinpleenek ere ordu laurdenetik gora behar izaten dute egiteko, eta akuarela eta guzti margotzen dituztenek baita ordu erdi ere! Frantziako Paquet argitaletxearekin La guerre du Professeur Bertenev argitaratu berri duen Alfonso Zapico asturiarrak dedikatoria hau egin zidan kotxean bueltako bidaian, bere editoreak oparitutako albumean, Donostiatik hara eraman eta bueltan ekartzeagatik, aste bukaera osoa horrelakoak egiten eman eta gero!

Hala ere, nahiz eta ni ikusitako guztiarekin aluzinatuta gelditu, hara joaten urteak daramatzatenek diote beste edizio batzuetan hobeto egon izan dela. Beste urte batzuetan karpak hiriaren alde zaharrean egoten omen ziren, harresien barruan, eta aurten behealdean zeuden. Horrez gain, beste urte batzuetako erakusketak askoz hobeak izan direla diote. Eta egia esan, niri ere nik ikusitako erakusketak pobre samarrak iruditu zitzaizkidan (CNBDIkoa izan ezik).

Espedizioa

Esan nizuen bezala, Ikatolen Elkarteak ateratzen duen Xabiroi aldizkariko komikigileen taldearekin joan naiz, orain bertako kolaboratzaileetako bat bainaiz (albisteen txokoa idazten dut nik). Kristoren aukera izan da hori niretzat. Normalean azoka batera zoazenean ez da erraza izaten giroan sartzea eta zale pasibo rolaz haraindi joatea, Dabilenharriak zioen bezala. Baina gure taldean hainbat komikigile zeuden (Dani Fano, Iñaki G. Holgado, Asisko Urmeneta eta Marko Armspach) eta, horrez gain, Alfonso Zapico asturiarra ere eraman nuen kotxean. Horrela, azoka bera jakitunek gidatuta ezagutu dut batetik (gainera troupe osoarentzat egile-akreditazioa lortu zigun Danik, ikusi hemen nirea; akreditazio horrekin ilarak itxoin gabe sar zintezkeen tokietara eta antolakuntzak jartzen zituen kotxeei deitu eta nahi zenuen tokira eramateko aukera zenuen), eta komikiaren mundu hori barrutik hobeto ezagutzeko aukera eduki dut bestetik. Niretzat oso-oso interesgarria izan da kotxean komikilariak marrazteko teknikez, editoreekiko harremanez, kontratuez, salmentez, prezioez eta abarrez berba egiten entzutea, editoreekin egotea...

Gainera, oso talde jator eta sanoa zen. Marko eta Asisko bat ere lotsatzen ez diren bi showmen dira, bakarka ikusgarriak eta elkarrekin geldiezinak. Eta taldeko besteak ere, komikilari bohemioak direlako edo eurekin sarri egoteagatik kontagiatu direlako, oso majoak eta desinhibituak dira. Benetako pribilejioa izan da beraiekin asteburu zoragarri hau pasatzea, hain giro ederrean. Egoera surrealistak ere izan ditugu, adibidez poteoan taberna baten egon ginenean, taldeko batzuk dantzan zeuden, beste batzuk dantza-pistako kristalera margotzen eta Markoren animazioko ikasle zen eta berarekin ekarri zuen mago profesionala magia-trukoak egiten eta lebitatzen, beste batzuk argazkiak ateratzen...

Palmaresa

Jarraian azokako sarituen zerrenda emango dizuet, pista ona izaten baita hurrengo irakurketa edo erosketetarako.

Album onena

Ezinbestekoei saria

Ondarearen saria

7/8 urteko gazteen saria

9/12 urteko gazteen saria

Talentu gazteei sariak

  • Lehen saria: Kyung Eun Park
  • Bigarren saria: Grazia La Padula
  • Hirugarren saria: Dominique Mermoux

Publikoaren saria

  • Pourquoi j’ai tué Pierre, Olivier Ka eta Alfred

Fanzine eta komiki alternatiboen saria

RTL saria

René Goscinny saria

  • Lucille, Ludovic Debeurme

Décoincer la bulle saria

Sari nagusia

  • José Muñoz (beraz, Alack Sinner-en marrazkilaria izango da hurrengo urteko batzorde antolatzailearen lehendakaria, kartelaren egilea eta erakusketa handiaren protagonista; ohore hori lortzen duen laugarren egile ez frantziarra da, Will Eisner, Robert Crumb eta Enki Bilal-en ondoren)

Argazkiak

Artikuluan zehar esteken bidez nahiz zuzenean ikusi dituzuen argazki guztiak eta gehiago helbide honetan ikus ditzakezue.

e-gor 2007/02/02

Angoulême, j'y vais!

Angulemako komiki azokaren kartela
Irudia: Lewis Trondheim

Bai, bai! Benetan! Serio! Entzuten duzuen bezala! Bihar goizean (eguraldia lagun) Angulemako azokara noa! Ni bezalako komikizale batentzat, amets bat egi bihurtua! Emozionatuta nago, ez dakit nabaritzen zaidan edo ez, baina emozionatuta nago!

Nola? Ez dakizula zer den Angulemako azoka? Angulema Frantziako hiri bat da, urtero Frantziako, Europako eta, agian, mundu osoko komiki azokarik handiena antolatzen duena. Aste bukaera honetan da azoka hori, eta bertara noa!

Nolatan noan? Ba komikigile eta komikizaleen troupe batekin noa! Kontua da aurten ere, iaz bezala, Xabiroi aldizkariko hainbat komikigile hara joatekoak zirela, hango argitaletxeekin harremanak egitera-eta... Eta erreserbatutako toki batzuk libre zituztenez eta ni orain aldizkariko kolaboratzaile naizenez, joatea eskaini zidaten. Ezetz asmatu zenbat tardatu nuen erabakitzen! Taldean izango dira, besteak beste Dani Fano, Iñaki G. Holgado, Asisko, Marko... Ez dakit nik asko pintatzen dudan horien artean, baina beno... Komikigile ez diren beste zale batzuk ere badoaz, tartean Willy lankidea, eta tira... Bueltan espedizioaren kronika idatziko dizuet, bale?

Ale, bueltara arte! Vive la BD!

(Oharra: Azokako aurtengo kartela Lewis Trondheim-ek egin du, duela gutxi Willyk hemen komentatu zigun OVNI komikiaren gidoigileak)

e-gor 2007/01/25

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Eta blogaren irudirako, superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Azken erantzunak
Sustaturako e-gor, 2008/11/12
kanpaina hasten denean Luistxo, 2008/11/12
oroitzapenak..... lekesan, 2008/10/27
ETB1ekin hazitakoa irati, 2008/10/22
Erantzunen harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Etiketa lainoa
300 30x30 Agence barbare Aitor Arana Alan Moore Alfonso Zapico Alhóndiga Bilbao Aljebra American Splendor Angoulême Anti- liburudenda Arturo Erregea Asterix Astiberri Asus EEE PC Atiza Barakaldoko lehiaketa Bartzelonako komiki-azoka Basaurikomik Batman Bego Montorio Bill Watterson Blogs & beers Bordados Bruselako komikiaren museoa Bécassine CSS Café Budapest Calvin & Hobbes Clara-Tanit Arqué Crash comic DRM DTMLCalendar Dani Fano De rerum natura Donostiako komiki-jardunaldiak Egunkaria El País El jueves Escrivá de Balaguer Euskal Encodings Euskal rock Euskaltel Fanxinoteka Firefox Fontanarrosa Frank Miller Franquin Fructuoso Gaizka Barandiaran Ganorabako Gaston Gazteak Getxoko komiki-azoka Giza eskubideak Goienkaria Gon Google Chrome Guillermo Zubiaga Harriet Hergé Homosexualitatea IEB In the shadow of no towers Inodoro Pereyra Ipurbeltz Irati Iñaki G. Holgado Joanes Joyas literarias juveniles Juan Luis Landa Justin Hiriart Kristalezko hiria La fiesta dibujada Linux Little Nemo Luis Durán Marjane Satrapi Marko Marrazkirri Marvel Max Mis tebeos favoritos Moblogging Motsukora Muraille MythTV Nabarra Napartheid Numenak OLPC Otsobeltz Ovni Patxi Gallego Patxi Lurra Paul Auster Persepolis Peyo Piztia otzanak Pololoak Pottokiak RSS Raquel Alzate Rober Garay Ruben Arozena Sauré Scott McCloud Senez Sherlock Holmes Sin City Snoopy Tanaka Thorgal Tintin Torrentocracy UEU Ubuntu V for vendetta Watchmen X-Men XHTML XO Xabiroi ZX Spectrum Zope bestelakoak e-gorblog gogoetak informatika komikiak
Artikulu aipagarriak
"Pololoak" sorta 2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03
Monoblogoa 2005/01/11
"Watchmen" sorta 2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07
OLPC sorta 2007/12 - 2008/01