Armañongo Parke Naturala, Enkarterrietan: Armañon, Jorrios eta Kotobasero, Karrantza, Turtzioz eta Lanestosa artean
2006. urtean izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak Armañongo Parke Naturala, Ranero eta Armañon mendilerro inguruko 3.000 hektarea, Karrantza eta Turtzioz artean banatuta, Enkarterrietan.
Paisaia ederra, nekazal ingurune oraindik nahiko zaindua, Pozalaguako haitzuloa eta Torca del Carlista famatuak, eta Raneroko mendilerroko hainbat gailur eder. Armañongo Parke Naturalak merezi du bisita bat, bizpahiru ez badira. Beti joatekotan eta oporraldi hau aprobetxatu dugu ingurua ezagutzeko.
Enkarterrietako zenbait herri bisitatzeaz aparte, besteak beste merezi duten Karrantza, Turtzioz eta Lanestosa, batez ere mendi aldean ibili gara, 100 mendien lehiaketak ematen digun bizigarriari esker. Oraingo honetan Armañon, Los Jorrios eta Cotobasero igo ditugu, ez altuegiak baina igoera polita dutenak eta ikuspegi ederra eskaintzen dutenak, Enkarterriak, Kantauri Itsasoa eta Cantabria aldeko mendiak parez pare.
Armañon eta Los Jorrios egun berean igo genituen, Cueto auzotik (Turtzioz) abiatuta. Lehenengo kilometroak porlanezko pista batetik egiten dira, nahi bada autoz gainditu daitezkeenak. Ondoren, Armañonek eta Jorriosek, bakoitzak bere izaera erakutsiko dizkizu: leun eta atsegina lehenbizikoa, mole kalkareo ia gaindiezina bigarrena. Bideak ondo markatuta daude eta begi bistakoak dira, oro har. Hori bai, Armañonera bideratzen diren bide-zidor batzuk oteak eta txilarreak itxita aurkitu genituen; Jorriosen kasuan, kareharrizko hormak gainditu eta tontorrera heltzeko, ezinbestekoa da bidea markatzen duten harri-meta txikien aztarna ez galtzea. Lau orduko buelta izan zen, lasai-lasai eginda, bazkaltzeko tartea hartuta.
Cotobasero oso desberdina da. Karrantzako Aldeacuevas auzunetik hasi genuen igoera eta ez dauka inolako zailtasunik, ez bada behi, zezen eta mastinak ondo gobernatzea (estuasun txikiren bat izan genuen). Cotobaserok oso ikuspegi ederra eskaintzen du Karrantza aldeko auzo guztien erdigunetik.
Itzuliko gara, duda barik.
Armañon (856 m), Ranero mendilerroan (Karrantza).
Txilarreak hesiak hartu ditu Armañongo maldan.
Armañongo gailurra (856 m), Ranero mendilerroan (Karrantza). Alboan du Parapetos tontor txikia eta, iparralderago, argazkiak ikusten den Los Jorrios (839 m).
Karrantza aldeko lurrak. Pozalagua eta Ranero inguruak erdi-erdian; atzerago Ason inguruko mendi garaiagoak (Cantabrian).
Los Jorrios (839 m) Armañon tontorretik.
Armañon abegikorraren alboan, Los Jorriosek gotorleku gaindiezina ematen du azpitik. Ezinbestekoa da bidetxindorraren hasiera ondo hartzea eta harri-metak begiz ez galtzea.
Kantauri itsasoa Los Jorrios tontorretik (839 m), Turtzioz.
Los Jorrios (839 m), Turtzioz (Enkarterriak).
Ganadua eta mastinak ugariak dira Armañongo Parke Naturalean. Ezinbestekoa da oinarrizko segurtasun arauak jarraitzea.
Pomatias elegans barraskiloa, Euskal Herriko lehorreko gasteropodoen artean operkulua daukan bakarretakoa. Nahiko ohikoa da Europa hegoaldeko ingurune kalkareoetan eta zenbait ale aurkitu genituen Los Jorrios magalean.
Turtziozeko Romaña auzoko San Pedro eliza eta zezen-plaza. Turtziozeko lau auzoetan izan dute zezen-plaza bana. Romañakoa XVIII. mendekoa zen, baina 1957an bota eta Gaztelako estiloko beste hau eraiki zuten.
Cotobasero (829 m). Karrantzak dituen 47 auzuneetako asko eta asko ikus daitezke ingurune honetatik.
Lanestosa, bisita merezi duen herri ederra.