Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / 'Adenocarpus complicatus' isatsa Eibarren

'Adenocarpus complicatus' isatsa Eibarren

Asier Sarasua 2023/07/05 19:10
Sastraka lorehori ugari dago Euskal Herrian. Otea (Ulex europaeus) izango da ziurrenik ezagunena, baina beste mordoxka bat ere badago, besteak beste fabazeoen taldeko dozena bat ordezkari. Horien artean dago 'Adenocarpus complicatus' isatsa. Eibarren aurkitu dugu, Pagola inguruan.

Fabazeoek landare lekadunen familia osatzen dute (hortik datorkie fabazeo izena). Oso familia zabala da, 15.000 espezietik gora ditu munduan eta Euskal Herrian bertan ere dozenaka espezie aurkituko ditugu. Horien artean faboidea azpifamiliakoak diren eta nahiko antzekoak diren 4-5 genero eta hogei bat espezie aurkituko ditugu, lekadun izateaz gain, denak ere zuhaixka edo mulu itxurakoak, askotan arantzadunak eta lorehoriak.

Seguru asko ote zuria (Ulex europaeus) da ordezkari ezagunena Euskal Herrian, baina beste 4-5 espezie ere ohikoak dira eskualde batzuetan, besteak beste, Genista, Cytisus, Retama eta Genistella generokoak. Ezagunenak eta hedapen zabalena dutenak otabera arrunta (Genista hispanica) eta isats arrunta (Cytisus scoparius) dira. Euskarazko izen arrunta duten bakarretakoak ere badira (eta azken horrek izena ere eman dio gure txakurrari, Iats).

Lehengo egunean, Akondiatik behera Usartzara gentozela, talde horretakoa zirudien zuhaixka-taldea ikusi genuen: metro t'erdiko zuhaixka, adarkatua, lorehoria... Otabera edo isatsa izan zitekeelakoan hurreratu ginen, baina ez, kasu honetan Adenocarpus complicatus espeziea zen parean geneukana.

'Adenocarpus complicatus' isatsa, Eibar (02)

Mediterraneo bueltan bizi den espeziea da, besteak beste Aljerian eta Marokon. Frantzia hegoaldean eta Iberiar penintsulan ere bizi da, batez ere lur silizeoa daukaten eremuetan.

'Adenocarpus complicatus' isatsa, Eibar (03)Euskal Herrian ez da ohikoegia, baina Deba ibarrean agertzen da han-hemen, normalean ez dentsitate altuegietan, bere banaketa Gasteizeraino hedatuz.

Euskarazko izenik ba ote? Ez dirudi, ez diot behintzat inon aurkitu (liburu, datu-base, Euskalterm eta hiztegietan behintzat). Tira, larregi arriskatu gabe, esango nuke lasai dei dakiokeela honi ere isats, dagokion espezifikatzailea gehitu beharko zaion arren.

Esan bezala, Akondia mendiaren magalean aurkitu dugu espezie hau, Pagola baserritik 100 metro ingurura, bide bazterrean bertan. Harrezkero berriz ibili gara inguruan eta badirudi ehundik gora ale daudela Pagola alde horretan.

Wikipedian bere orrialdea sortzeko aprobetxatu dut, ondorengo informazioa erantsiz.

Adenocarpus complicatus fabazeoen familiako landare-espeziea da. Zuhaiska arantzagabea da, altueran 2 metro edo gehiagokoa izan daitekeena, nahiz eta gehienetan txikiagoa den. Adar ugari ditu, dibergenteak, luzeak eta zaluak; adarrak txandakatuta eta luzetara ildaskatuta antolatzen dira. Hosto trifoliolatuak eta txortendunak, lantzeolatuak edo obolantzeolatuak, beheko aldean ile zetatsuz estaliak eta goiko aldean ilegabeak edo ile gutxirekin. Leka luzanga dute, barnean 3-6 hazi dituena. Maiatzetik abuztura loratzen da. Sastrakadi, baso-mendel, ezponda eta, oro har, karerik gabeko leku irekietan bizi da.

'Adenocarpus complicatus' isatsa, Eibar (04)

Adenocarpus complicatus, Akondia (Eibar), 2023

'Adenocarpus complicatus' isatsa, Eibar (01)

 

'Adenocarpus complicatus' isatsa, Eibar (05)

 

'Adenocarpus complicatus', leka lehorrak eta haziak irteten

 

'Adenocarpus complicatus' isatsa, Eibar (06)

 

Eta hemen behean gure Isats (Iats, Gisats, Sats) eta Adenocarpus isatsa ;)

'Adenocarpus complicatus' isatsa eta Isats

 

etiketak: flora, isats, natura
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz