Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Maddiren hiztegia

Asier Sarasua 2005/03/13 10:30

Maddik 21 hilabete bete dittu juan zan astian. Koskortzen hasitta dago, eta honezkero txaplata hutsa da. Hortxe dabil, egun guztia, marmarrian edo txilixoka, baina barriketan jo-ta-sua.

Orain dala hile batzuk arte ume-berbetako berbatxo batzuk besterik ez zittuan ahoskatzen (apapa, lolo, nanan, txitxi, apatxi, pa...). Oindiokan holakuak be erabiltzen dittu, baina honezkero hasi da beran hiztegitxua sortzen, eta ume-berbetia baztartzen. Esate baterako, “pupu” laga dau, eta “mina” esaten hasi da.

Gezurra dirudi, baina azkenian beran zarata eta sasiberbetara ohittu eitten zara, eta 21 hilabeteko kakaumia edozer esateko gauza dala esango neuke. Aitzen emoteko, barrena.

Azkenengo egunotan berak esaten dittuan berbak batzen jardun dot. Hauxe da Maddin hiztegixa :

Abaia: baloia
Agui: agur
Ama
Amama
Amen: hemen
An
Anaña, alaña: arraina
Apattu: harrapatu
Apupu: apurtu
Alosa: arroza
Atia
Attatto
Attona
Attu: hartu
Atua: autoa
Atza: hartza
Aunixa: haundia
Bai
Battitta: pilota (pelotita)
Bayuyu: zabaldu
Bete: bete(ta)
Bi
Bilix: berriz
Bilixa
Bitta: bainera, bitsa
Bo: bost
Bota: botak, oinetakoak
Botta, batta: bota
Butti: busti
Ddeddela: zerealak (Corn Flakes)
Dduttu: lotu
Dduxau: gehiago (geixau)
Epini: ipini
Eua: beroa
Ex
Ipini
Itti: itxi
Itxia: etxea
Lau
Mina: min
Minina: laranja ura (mandarina)
Mon: eman
Ninia: biberoia, esnia
Ogixa
Ona: hona, etorri
Oneni: honekin
Onia: ume txikia (bera baino txikiagoa)
Ono: ondo
Otta: hotza
Pittina: piszina
Pupuma: motorra
Pupumomo: hipopotamoa
Puria
Pututa: apurtuta
Tena: trena
Ttatta: kaka
Ttittina: zikina
Ttixa: pixa
Ttuddixa: txoria
Ttuttu: kuku
Uda, uba: ura
Uniña: urdina
Utti: hutsik
Uttisi: ikusi
Yo: jamon york
Yusi: jausi

Familiako gehixenon izenak be esaten dittu:

Mimi: Maddi
Abane: Abarne
Ainana: Ainara
Ane
Ané: Aner
Anoa: Ainhoa
Atie: Asier
Attó: Aitor
Baitte: Maite
Balen: Malen
Batto: Pablo
Eddu: Edu
Eyi: Erdi
Garara: Garoa
Pittel: Mikel
Yeye: Leire
Yon
Yoyone: Jaione

Laster Luis be ikasi biharko dau.

Aipagarririk?

Azkar, azkar, eta gainetik begiratuta, pare bat kontu garbi ikusten dira. Pentsatzen dot ume gehixenetan antzera izango dala, hizkuntzak eta euskalkixak edozein izanda be. Azken baten, sinplifikaziñuak dira danak:

  • ez dau kontsonante talderik erabiltzen (bost : bo; trena : tena; apurtu : aputtu...)
  • dardarkarixak (r) ez dittu ahoskatzen; igurzkarixak (f, j) ezta.
  • herskarixen artian be (b, d, g, p, t, k), ezpainbikarixak bakarrik erabiltzen dittu: b eta p. Bestiak, bai horzkarixak (d, t), bai belareak (g, k), sabaikari bihurtzen dittu: dd, tt.
  • Sudurkarixen artian be, ezpainbikarixa gehixago darabil (m n baino gehixago)
  • soinu asko palatalizatu edo busti eitten dittu: t ixa beti (apattu, aittatto...); tz be bardin ahoskatzen dau (hotza : otta; bitsa : bitta...)
  • eta hitz hasierako z be palatalizatu eitten dau: ddedelak (zerealak), ttittina (zikiña)
  • Sudurkarixa (n), ostera, gehixenetan ez dau bustitzen: ttittina (zikiña), mina (miña)
  • azken baten, 5 kontsonantekin eitten dau ixa dana: tt, dd, b, m eta p.

Eta nahikua eta sobra daka.

Kutunegieta baserriak eta San Andres parrokia, monumento izendatzeko bidean

Asier Sarasua 2005/03/11 13:15

KutunegietagoenengoaEgo Ibarra batzordearen webgunean irakurri dut. Eibarko San Andres eliza, parrokia nagusia, eta Kutunegieta baserriak monumento izendatuko dituzte.

San Andres parrokiak honezkero jaso du izendapena: Kutunegieta baserrien kasuan, oraintxe hasi da izendapenerako prozesua.

Informazio gehiago, txosten eta guzti, Ego Ibarraren webgunean:

Blog bat zergatik eta zertarako?

Asier Sarasua 2005/03/10 14:25

Bloga zergatik eta zertarako

Josu Azpillagaren bitartez helbide honetatik jasota: http://tira.escomposlinux.org/

Txantxetakoa dirudi, baina azken hilabeteotan euskarazko Interneteko munduan besterik ez da entzuten: blogak, blogak eta blogak.

Blogari izan, edo ezer ez izan, horra hor koxka.

Hau da presiña.... jeseus...

"Eibarko mapa" aurkeztu dogu

Asier Sarasua 2005/03/10 11:45

Gaur eguardixan aurkeztu da Eibarko udaletxian "Eibarko Mapa". Izen hori ipini detse, baina benetan, Eibarko mapa toponimikoa da. Jatorrizko helburua, edo helburu nagusixa behintzat, Eibarko landa eremuko toponimuak, jaso, aztertu eta erakustia izan da.

2003an hasi genduan lan hau, eta azkenian aurkeztu da! Ez da lan gogorra izan, baina bai luuuuuzia! Itziar Alberdik eta bixok jardun dogu lan horretan, artxibuan eta ahoz toponimuak eta leku-izenak jasotzen, eta behin Euskaltzaindian onespena eta estandarizaziño biharrak amaittuta, aste honetan aurkeztu dau Eibarko Udalak, Egoibarra batzordian eskutik. 

Holako prentsaurrekuetan sarri gertatzen dan moduan, hizlarixak entzuliak baino gehixago izan gara ixa. Eibarko udaleko ordezkarixekin batera, Euskaltzaindiko ordezkarixa egon da, Patxi Gale, eta pare bat lora bota dittu. Euren artian, Eibarren erabilittako metodologixia ez dabela orain arte beste herrixetan erabili. Eredugarri izan leikiala, eta pentsatzen diharduela horixe izan leikiala hamendik aurrera herrixetako toponimia batzeko modurik egokixena.

Oharra:

  • Argazkixak Iker Aranberrik atara dittu. Eskerrik asko Iker.
  • Goiko argazkixan, ezkerretik eskumara: ni neu, Patxi Galé (Euskaltzaindia), Carmen Retenaga (Ego Ibarraburua), Itziar Alberdi eta Miguel de los Toyos (Hirigintza zinegotzia).

Eibar toponimia mapa

 

Eibar toponimia mapa

 

Eibar toponimia mapa

 

Eibar toponimia mapa

Lehenengo euskal BeSeTea Elgetan

Asier Sarasua 2005/03/09 11:55

Elgetako Espaloiak egin du deialdia. Ingelesez B&B deitzen zaio blogarien artean topaketak egiteari: Blogs&Beer. Interneteko elkarren arteko ezagutza birtualaz gain, taberna batean geratu eta elkar ezagutzeari.

Elgetako Espaloiak egin du euskal blogosferako lehenengo deialdia, eta eguna ere jarri dute. Egun egokia, gainera: apirilak 17, igandea, arratsaldeko 19.30etan. Hauteskunde eguna.

Wifi sarea, Internetera konexioa, telebistako datuak ikusteko pantailla erraldoia... eta blogarien batzarra.

Ni neu, behintzat, hantxe egongo naiz.

Izenaren inguruan daukat nik zalantza. Kanpoko hitzak hartu eta geureganatzearen aldekoa izaten naiz gehienetan. Baina euskaldunok hitz eta esamolde berriak sortzeko dugun gabezia ikusita, Eibarko blogari batzuek bota zuten proposamena egokia iruditzen zait. B&B beharrean, antolatu dezagun BST bat (edo BeSeTe bat): Blogak, sagardoa eta txakolina.

Ni izen horren alde.

abendu, abendua // arrai, arraixa

Asier Sarasua 2005/03/07 22:20

Abendua, Buteo buteo abendu ratonero (Buteo buteo); UZ: zapelatz. • Sin. txitxalapur. Ik. arrai, arrano, gabillara. • Abendua ugarittu ein dok azkenaldi honetan. Bai! nik uste juat baietz! (Jose Gisasola, "Sosola").

arrai rapaz, ave de presa. • Sin. txitxalapur. • Gabillarak, miruak, abenduak... horrek guztiok arraixak dittuk, txitxalapurrak. / Juan zan astian eruan jeskuan arrai batek txitxia basarri-ataittik (Juan Manuel Jaio).

Santa Kurutz polit-polit

Asier Sarasua 2005/03/06 23:51

Eibartarrak ez zarienendako: Santa Kurutz Eibartik Arratera bidian dagon ingurua da. Ermitta txiki polit bat dago bertan. Mandiola eta Gorosta balladen arteko mugia da, eta inguruko basarrittarren topaleku izan da urtietan. Oindiokan be bada, neurri baten. Jaitxo bat eitten da urtero maietzan 3an.

Santa Kurutz, Eibar

Gaur ederra zeguan; politt-politta. Jendez jositta egongo zalakuan, baina ez, inor ez zebilen inguruan. Bake santua. Abendua txistuka, marti-zozuak sasikartian dantzan, eta Itturruako txakurrak zaunka; ez zan besterik entzutzen.

Argazki batzuk sartu gehittu dittut hemen.

Santa Kurutz, Eibar

Santa Kurutz, Eibar

Santa Kurutz, Eibar

Santa Kurutz, Eibar

Premiñia sortu bihar juagu, Asier! Premiñia!

Asier Sarasua 2005/03/03 08:17

Holaxen esaten zestan beti Imanol Laspiurrek. "Premiñia sortu bihar juagu, Asier! Premiñia! Premiñarik ez bajuagu sortzen, amaittu dok euskeria."

Badirudi, gaur egun, premiñazko bakarra erderia dala. Badirudi ez; hola da.

Gabonetatik beste etxe baten bizi naiz. Etxe-aldaketen betiko gora-beherak bizi bihar izan dittut egunotan: ura dala, gasa dala, Telefonica, Euskaltel, altak, bajak... Juan zan astetik ...eta kitto aldizkarixa be jasotzen dot etxeko buzoian, Eibarko euskera elkartiaren astekarixa.

Honezkero bizilagun konpletua naizela esan neike.

Etxe barrixa danez, ...eta kitto!k papel bat ipini dau pegoran: "etxebizitza honetako harpidedunen datuak jasotzeko, eta gure datu-basia eguneratzeko, bete zure datuak beheko laukitxoan". Holako zeozer diño.

Eta hara nun! Aldamenian, bardin-bardina, erdera eder eta komunikatibuan.

Euskera elkarte baten euskal aldizkariko arduradun euskaldunak euren harpidedun euskalduneri, eskutitz elebiduna bialdu!!

Kasu horretan be erderia biharrezkua dala pentsau badabe, garbi dago premiñak nun dagozen.

Agur Eltzartza (II)

Asier Sarasua 2005/03/01 23:55

Hauxe dakar Eibarko Basarrixak (1998) liburuak:

Azkenengo sei urtietan hutsik egon da eta ordura arte errenteruak egon ziran bertan.

1601ekua da basarri honetaz ezagutzen dan lehelengo aittamena. Badirudi, sortu zanian, Unzueta jauregiko (gaur egun La Salle ikastetxia dana) zerbitzarixentzat egindako etxia zala.

Jauregixan inguruan herritxo bat sortu zan. Herri txiki moduko hori, jauregixak Unzuetatarren torria, ermittiak (Azitaingo Andra Mariaren Jasokundearen ermittia), errotiak, (Apalategiko errotia), zerbitzarixen etxiak (Eltzartza) eta inguruko basarrixak osatzen zeben.

Gizaldi honetan Azpiritarrena izan da. 1925. urteko basarri zerrendan agertzen danez, sasoi horretan Kandido Azpiri zan ugazaba eta azken urtiotan aurrekuan ondorengua dan Juan Basilio Azpirirena izan da. Orain dala 20 urtera arte errenteruak bizi izan dira bertan, baiña gaur egun hutsik dago. Bi etxebizitza zeren bertan. Oingo jabia, Jose Agustin Alonso da.

Eguzkixak gehixen joten zeban basarrixa zala esaten daben esaeria be badago.

Eltzartzaga baserria, Eibarko basarrixak

Agur Eltzartza (I)

Asier Sarasua 2005/02/28 12:30

Barixakuan izan zan, itxuria. Nik zapatuan ikusi neban, eta pare bat erretrato etara netsazen. Edo hobeto esanda, geldittu dan zuluari etara netsazen erretratuak.

Eltzartza basarrixa zeguan hor, Azitaingo bidegurutzian, La Salle ikastetxe parian. Hotel bat egin bihar ei dabe bertan.

Eltzartzaga

Etxe zahar bat bota eta hotel barrixa egin, esango dabe batzuk. Etorkizuna. Eibar aurrera doia.

Ondo.

Baina munduko zein lekutan botatzen dabe XVII gizaldiko etxe bat, gainian beste bat eitteko? Noruegan egingo leukie? Alemanian? edo Bergaran?

Eibarren bai.

Eltzartza jausten zeguan. Ez zan sekulako eraikina. Interes historiko eta artistiko apartekorik ez zekan. Baina kontua da, Eibarren oso elemento historiko gitxi dakaguzela, eta ezer ez dagon lekuan bi aukera dagozela:

  • ez dakagu ixa ezer. Zaindu daigun gelditzen jakun apur hori.
  • ez dakagu ixa ezer. Orduan, zertarako zaindu? Tapau daigun dana porlanez, eta kitto. Gastu, traba eta buruhauste gitxiago.

Garbi dago zein dan Eibarko udaletxian jarreria. Eibarko edozeinek daki. Holaxe ikusi dogu Markeskua barriztu danian, Muzategiko Gargolen kasuan, Azitaingo zubixakin egindako ridikuluan, Urkiko kurutzian kasuan...

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz