Euskal blogosfera heltzeke?
Hauteskunde eguna eta blogarien batzarra Elgetan. Azken hileotan behin eta berriz aipatu dugu blogen kontua: 2004. urtean bloge urtea izan dela, blogak perretxikoak baino ugariago bihurtu direla, eta euskal blogosferak sekulako aurrerakada egin duela oso denbora laburrean. Gaur Elgetan elkartuko gara euskal blogari asko eta asko, eta euskal blogosfera osasuntsu dagoela esango dugu. Ondo.
Baina horrela da? Hauteskundeak dira gaur. Azken hilabeteotan eguneroko albiste bihurtu dira hauteskundeak, eta kanpainako azken 15 egunotan zer esanik ez. Eta zein izan da euskal blogosferak horren aurrean izan duen erantzuna? Hutsa, aizuek. Edo hutsaren hurrengokoa, bederen. Egin dezagun osteratxo bat, hauteskunde kanpaina honek zer eman duen laburtuz.
Internet pilpilean
Hauteskunde kanpaina honen inguruan Internetek eta blogek sekulako zeresana izan dute. Sekula baino handiagoa. Hautagai guztiek euren webgunea izan dute, eta kasu batzuetan landuak eta onak; orain dela 4 urteko panoramarekin alderatuta, sekulako aurrerakada. Alderdi eta hautagaiek, nire ustez lehen aldiz, serio hartu dute Internet.
Komunikabideetan ere Internetek zeresan berezia izan du. Hau ere uste dut primizia dela. Komunikabide nagusi guztiek euren webgunean hauteskundeei buruzko atal bereziak sortzea, eta dinamikoak izatea, gainera (blogak, elkarrizketak online, eta abar).
Euskarazko hedabide nagusiek egin dute horrela: Berriak, Argiak, edo EITBk
Eta gaztelaniazko gehienek ere bai, jakina: Garak, Deiak, Diario Vascok, Correo Espanolek, El Mundok, Tele5 telebista kateak, eta abar.
Blogen mundua ere pilpilean. Blogen mundua ezin geratu atzean. Hemen ere berrikuntzak eta aukera zabala. Hasteko, hauteskundeetarako apropos sortutako blog bi badaude, gutxienez: Elecciones Vascas eta Euskadi elecciones 2005. Horiez gainera, Ibarretxek eta San Gilek ere izan dute eurena. Diario Vascok politikoei ere tarte bat eman die: Elecciones, Cuaderno de Bitacora.
Gaztelaniako blogosferan ere etengabekoak izan dira hauteskunde honi buruzko aipamenak. Batzuetan iritzi politikoa plazaratuz (batez ere eskuindarren artean): Bye bye Spain, Asinosonlascosas.com, Como ser de derechas, El liberal vascongado, Ser de derechas. Bloglinesen "ibarretxe" bilatu eta ehundaka erreferentzia aurkituko dituzu.
Beste gai batzuk lantzen dituzten blogetan ere, erreferentzia mordoa. Alderdien eta hautetsien webguneen analisiak, diseinuaz eta alderdi teknikoaz iritziak, eta abar. Esate baterako:
- Las webs de los candidatos a las elecciones Euskadi 2005
- Elecciones vascas en la red
- Ibarretxe.com gana a patxilopez.com
- La guerra de los Blogs
- Ibarretxe.com, accesible
Eta euskal blogosfera? Euskal blogosfera lo
Erdal blogosfera beti bezain azkar mugitu den bitartean, blogen kontua puri-purian dagoen sasoi honetan, esango nuke euskal blogosfera oso gutxi mugitu dela. Gaztelaniaz gutxi, eta euskaraz bat ere ez. Aipamen txikiren bat blogen batean edo bestean, kanpaina oso zeharka aipatuz, baina ez iritzirik, ez kritikarik, ez hautagaien webguneen azterketa teknikorik, ez ezer.
Euskal blogosfera mutu euskal hauteskundeen aurrean. Politika gure eguneroko bizimoduan hain sartuta dugun gizarte honetan, harritzekoa. Ala ez?
Horixe da niri geratu zaidan pena edo kezka. Azken urtean euskal blogosfera asko indartu eta aberastu da, harrotasun puntu batekin hitzegin dugu horretaz, baina hauteskundeak bezalako garai batean ez badu ezer esateko, heldutasuna falta dela esango nuke. Hau da, oraindik ez dugula pentsatzen genuena bezain blogosfera indartsua edo zabala.
Hautagaien eta alderdien webguneen azterketa.
Internetez, diseinuaz eta politikaz nik baino askoz gehiago dakiten blogariak baditugu inguruan, baina ezjakintasunak ematen duen ausardia baliatuz, nik neuk nire iritzia botako dut.
Juan Jose Ibarretxe. Ibarretxe.com
Diseinu ona eta webgunea ondo antolatuta dago. Baita sarrera orria ere. Arina eta azkarra da. Eduki gehien duen webgunea. Albistegia eta bloga. Teknikoki onak, eduki aldetik zainduak. "Lehendakariari galdetu" atala ere badu. RSSak eskaintzen ditu, estandarrak betetzen ditu, eta HTMLa balidatzen duen webgune bakarra. Euskararekiko jarrera ona, kalitatean zein kantitatean.
Alderdi negatiboei dagokienez, portada astunegia du. Headerrak 50 Kb ditu, eta modem normal batean kosta egiten da kargatzea. Gainontzeko guztia erraz kargatzen da. Googlen ez da agertzen, eta hori hankasartzen izugarria da.
Maria San Gil. Msangil.com
Diseinua ona da, eta webgunea ondo antolatuta dago. Baita sarrera orria ere. Webgunea arina eta azkarra da. Googlen oso ondo posizionatu dute. Eduki aldetik nahiko ondo dago.Partehartzea sustatzen dute: foroa, bloga eta "San Gili galdetu" atala.
Alderdi negatiboak: Euskara: Atal finkoak itzultzaile bati eman dizkiote, eta horrela, Patxi Lopezen agertzen diren hankasartzeak sahiestu dituzte, baina atal dinamiko guztiak gaztelania hutsez daude. Ez ditu Interneteko estandarrak betetzen, eta ez du RSSrik ematen. Blog txarra dute, eduki aldetik, zein alderdi teknologikotik. Mezu gutxi eta erantzunen kalitatea kaskarra. Alderdi teknikotik, ez da benetako bloga: ez du RSSrik, ez da erantzun kopurua ikusten...
Patxi Lopez: Patxilopez.com
Ezin alderdi positiborik azpimarratu. Webgune kaskarra. Alderdi negatiboak dexente. Euskara aldetik negargarria. Webgunea egin dion enpresakoren batek B ereduan ikasi zuen, eta ahal duena egin du. Hala ere, hobetzen joan da kanpainan zehar. Praktika, badakizue. Ez du ez blogik, ez benetako albistegirik. Agenda ere oso kaskarra. Eduki aldetik gutxi, gaizki egituratua, eta eguneratu barik. Programa bera aurkitzea ere ez da erraza. Googlen ez da azaltzen.
Javier Madrazo: Javiermadrazo.com
Denen artean txarrena. Azkenak izan dira. Eduki aldetik gutxi, gaizki egituratuta, eta gehiena PDFetan. Estandarrak betetzen dituela dio, baina ez da egia. Erdara hutsean dago; harrigarria, Atxaga izanik euren defendatzaile nagusia.
Alderdi gehienek euren webguneak berritu dituzte, baina oraindik maila kaskarra
Azken urteetako webgune zaharkitu eta eskasekin alderatuta, aurtengo hauteskundeetarako ahalegin txiki bat egin dute alderdi gehienek. Hala ere, emaitza guztiak ez dira berdinak izan, ezta hurrik emanik ere.
- EAJ-PNV azken asteotan berritu dute; nahiko itxurosoa, RSSak ditu, euskara maila egokia...
- EA hau ere berriki berritu dute; beharbada teknikoki onena, baina ez dugu ulertzen albistegia gaztelaniaz bakarrik izatea. Negargarria. Eta fondoko kolore arroxa hori...
- PPvasco.com Txarra. Kanpainan Maria San Gilen webgunea bakarrik landu dute, eta alderdiarena lotsagarri geratu da. Informaziorik ez, eguneraketarik ez... Eta gaztelania hutsean, jakina.
- PSE-EE-PSOE Teknikoki oso kaskarra, baina kanpainan dagoela igartzen da: kanpainako irudia, eduki ugari, albiste batzuk... Ziurrenik beraien hautagaiaren webgunea baino hobea. Hau ere gaztelania huts-hutsean.
- Orain.info Hauek ere berrikuntza txiki bat egin diote webguneari. Eduki aldetik eskas, baina RSSak eskaintzen dituzte eta euskara txukunean dago idatzita. Askoz gehiago ezin eskatu.
- Ezker Batua - Berdeak Nire ustez, denen artean kaskarrena. Teknikoki txarra, oso astuna, geldoa... Euskarari dagokionez ere penagarria.
- Aralar Hauek ere azken orduan berriztu dute webgunea. Kolorea... nekagarria. Teknikoki txukuna eta modernoa. Eduki aldetik ondo, material dexente eta eguneraketa ugari.
- EHAK EHAK alderdiak ez du webgunerik. Blog ez-ofizial bat azaldu da duela egun batzuk. Hainbat mezu eta iritzi biltzen ditu; elebiduna da.
Muy buenas. Me gustaría ejercer una pequeña protesta ya que ni me considero de derechas ni considero que mi blog lo sea. Quizá me han juzgado por un sólo mensaje, y ni siquiera sé cuál, en lugar de leer habitualmente el blog.
Me interesan los motivos, no sé por qué estoy junto a esos otros blogs, metido en un saco que no me gusta nada. Supongo que, en fin, me podrían explicar a qué se debe. Es pura curiosidad, que yo respeto su opinión, y si ustedes piensan que soy de derechas quizá lo sea :D