Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Nola transkribatu ahozko euskara?

Nola transkribatu ahozko euskara?

Asier Sarasua 2005/04/19 09:50

ZarautzHerri bateko hizkera jaso eta aztertzeko orduan, arazo handienetako bat transkripzioak egitea da. Orain dela urte batzuk arte transkripzio ertsi-ertsiak egiten ziren, laburdura eta kontrakzio guztiekin. Ttranskripzioak ziren hizkerak jasotzeko eta ikertzeko aukera bakarra. Gaur egun, herrietako hizkerak Minidisc, DVD eta DCRom-etan gordetzen dira. Transkripzioak, beraz, hizkera aztertzeko erabili beharrean, dibulgaziorako erabiltzen dira gehienbat.

Herri bakoitzak bere hizkera du, eta hizkera bakoitzak bere ezaugarriak. Eibarren aspaldi zehaztu genituen zenbait irizpide. Orain Zarautzen ere badihardugu lanean, eta Zarautzerako beste batzuk moldatu behar. Oinarri berekoak (Euskal Herri osoan hainbat lanetan finkatutakoak), baina Zarauzko hizkeraren ezaugarrietara moldatuta.

Kontuan izan ez direla transkribapen filologiko edo fonetikoak; tesi linguistiko baterako ez lukete balioko, jakina. Baina helburua dibulgazioa denean (bai aldizkari batean pasarte batzuk argitaratzea, bai Interneten zerbait kaleratzea, bai CD batean bildutako grabazioen lagungarri izatea) ulergarritasuna ere kontuan izan behar dela uste dut. Alderdi filologiko hutsa baino, irakurlea da garrantzitsuena niretzat. Irakurleak testua irakurri ahal izatea, ulertzea, gozatzea, eta identifikatuta sentitzea.

Hona hemen irizpide nagusien laburpena:

  • Arau orokor bezala, ahal dela hitzak osorik eta banatuta adieraziko dira. Atal dibulgatiborako den heinean baturako hurbilpena egingo da ulermena ahalbidetzeko, baina Zarauzko euskararen ezaugarri nagusiak gordez, morfologian eta hitz barruko fonetikan. Ez horrenbeste hitzen arteko loturetan.
  • "H" erabiliko da.
  • Z/S eta TZ/TS bereizi egingo dira.
  • Bustidurak adierazi egingo dira, hiztunak hala erabiltzen baditu. Eta bustidura sortzen duen bokala idatzi egingo da. –iñ / -ill / -itt
  • Deklinabide kasuan hiztunak esaten dituen bezala adieraziko dira, esate baterako, genitiboan: "Santo kriston eskia".
  • Azentua bereizgarria denean, jarri egingo dugu. Adibidez / sémian (pl).
  • Mugatzailearekin sortzen diren aldaketa fonetikoak ere adieraziko dira: etxia, txikiya, ensayua…
  • Bokalarteko –r- galtzen denean, ez da idatziko: zea, bea, etxea...
  • Bokalarteko –g- galtzen denean ere ez da idatziko: eiteko, ezautu... Dena den, azken kasu hau zailagoa da, kasu askotan –g- leundu egiten delako guztiz galdu gabe (gogorra, sagarra…). Horrelakoetan, hiztunak dioena errespetatuko da.
  • d»r bilakaera. Hiztunak dioena gordeko da: trenbirian
  • Gainontzeko aldaketa fonetiko guztiak ere, hiztunak esaten dituen bezala emango dira: ebiya (ez euriya), iyo (ez igo)...
  • ETA / TA / DA. Lehenengo bi kasuetan, hiztunak dioena erabiliko da. "DA" idaztea nahasgarria da, aditzarekin nahasten delako. Beraz, ez da horrela idatziko, baina oharretan adierazi egingo da. Azterketa linguistikoan, aldiz, adieraziko da Zarautzen noiz erabiltzen den bata eta noiz bestea.
  • ERE: hiztunak dioena idatziko da: ERE / RE / E. Azken bi kasuetan hitzari loturik, baina apostrofe batekin adieraziko da: horiŽre / haiekŽe bai...
  • Aditzak: hiztunak erabiltzen dituen formak erabiliko dira inolako aldaketarik gabe: "haiek eiten zuen" (eta ez zuten).
  • Aldiz, aditzen loturen ondorioz sortzen diren aldaketak ez dira adieraziko, ez aditz nagusiak galtzen dituen kontsonanteak ezta aditz laguntzaileetan sor daitezkeen aldaketa fonetiko puntualak ere: etzan etorri»ez zan etorri / esate zun»esaten zun.
  • Gaztelaniazko hitzak:
    a) Hitz solteak direnean, hiztunak beregain hartutakoak euskal grafiaz adieraziko dira.
    b) Gaztelaniazko esaldiak direnean, berriz, erdal grafiaz eta kakots artean hizki etzanaz azalduko dira.
  • Hizlariak beste inoren aipamena egiten duenean, esandako hori kakots artean eta hizki etzanaz emango da.
  • Ulertzen ez diren hitzak kortxete artean adieraziko dira, zalantzazko hitza bera agertuz edo hitzaren ordez hiru puntu jarriaz: [...]

Hona hemen adibide bat. Uste dut irakurtzeko nahiko erraza dela, eta hala ere, Zarauzko hizkeraren ezaugarri nagusiak gordetzen dituela. Ez dago zalantzarik berriketan dabilena Zarautz ingurukoa dela.

Benita Eizagirre, Zarautz

  • Eta, zenbat anai-arreba ziñaten baserriyan?
  • Gu, hamar izan ta zortzi hazi, bi txikitan jayo ta berehala hillak.
  • Zenbat neska eta zenbat mutil?
  • Ba...bizi giñan lau neska ta lau mutil, zortzi.
  • Eta zein gehio bizi zan baserriyan zuekin ?
  • Pues, amona eta aita-amak.
  • Eta, gogoratzen dituzu txikitan, zure txikitako urte haiek baserrikuak? Ze ite zenuten ta?
  • Ba, eskolan hasi nitzan kumuniyo txikiya ein ta seituan, eta zortzi urte nitunian jun zan maistra, bakaziyuak hartu zitun, ta gehio ez zan etorri. Hurrena etorri zan hamaika urte nitunian, ta orduan ere, ez zitun harek, zenbat ingo zitun, ba? Urte pare bat edo. Albisturkua zan gañea, ta berriz e alde in zun, ta geo, aitona zahar bat bazan, hola, eskian ez baña, zea, Parrokiko Santo Kriston eskia, ta Urtetako San Sebastianen eskia, bi, neguan bi txandetan ibiltzen zan. Zeakua zan, hor, Lasartetikan, Añorgaldeako horkua, zea, etorrita, ta sei duro entregatzen zitun Urtetan. Ez dakit beak, gizajuak, zenbat irabaziko zun! Ta hua're tartietan, hillabetian bat eta, zean, baserri batian ta, besten ta, ta guri eskola ematen jardutzen zan, baiña ez zekiyan zean, dotriña erakusten ziun, baiña kuentetan ez zekiyan beak, eta... hola zeatu giñan. Eta geo, nik zenbat urte nitun?... Hamahiru, hamabost urte o. Mugika maistra etorri zan, azkoitiarra bea izatez. Gizona Bergarakua zun, eta pintoria, ta Ameriketa junda ta ibiltze zitzayon. Harek in zitun bastante urte, harek ingo zitun dozena erdi bat urte, bai. Ta, geo, aldi batian beste maestrik ez zan izan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz