Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

El pulgar del panda (S.J. Gould, 1980)

Asier Sarasua 2010/12/20 08:37
Izugarri disfrutatu dut liburu hau irakurtzen. Stephen Jay Gould zientzialari ezagunaren lana. Eboluzioa eta bizitza ditu hizpide. Erabat gomendagarria, dagoeneko 30 urte dituen arren.

El pulgar del panda (The panda's thumb, 1980)
Drakontos, 2006


Azken urteotako zientzia dibulgatzailerik onenetakoa da Stephen Jay Gould (New York, 1941-2002). Natur zientzien alderditik bai, behintzat. Paleontologoa ikasketaz eta Harvard Unibertsitateko irakaslea, eboluzioaz eta horren inguruko beste hamaika kontutaz idatzi izan du. Sakon eta arin, adibide egokiak eta pista ederrak emanda, natura eta planeta beste begi batzuekin ikusten erakutsiz.

Hauxe da, beharbada, bere libururik ezagunenetakoa. 1980. urtean kaleratuta (The Panda's Thumb), aurreko bizpahiru urteetan kaleratutako hainbat artikuluren bilduma da. Hala ere, liburua ez da artikulu-sorta hutsa. Artikuluak elkarren artean ondo josita daude eta hasieratik hasi eta amaierara bitartean, Gould-ek eboluzioaz eta naturaz hitz egingo digu. Darwinismoaz eta eboluzioaz, hautespen naturalaz, gradualismoaz, saltazionismoaz, lamarckismoaz, genetikaz, kanbrikoko eztandaz, tertziarioko suntsipenaz, gene berekoiaz, munstro itxaropentsuaz, taxonomiaz, bizitzaren sorreraz... eta bide horretan hainbat lagun izango ditu bidaide: Golschmidt, Darwin, Huxley, Haeckel, Leakey,... Cromagnonak, belakiak, monerak, bakterioak, dinosauroak, hegaztiak, moluskoak... eta panda hartza, jakina.

Tira, orain dela 20 urtetik irakurtzekotan nengoen liburu bat. Sekula ez omen da berandu. Ez naiz damu, bistan da. Liburu tekniko eta sakon samarra, tarteka, baina natur zientziak (eta, bereziki eboluzioa) gustatzen zaizkizuenontzat, erabat-erabat gomendagarria. 30 urte dituen arren (eta zenbait galdera/erantzun une honetan beste modu batean ikusten diren arren).

Urdaibain

Asier Sarasua 2010/12/19 22:07
Aspaldiko partez, pare bat ordu egin ditut Urdaibain, txoritan. Zoragarri zegoen.

Asteburu aldrebes samarra izan dugu, hainbat kontugatik. Hala ere, goizean pare bat ordu atera ditut Urdaibaira osteratxo bat egiteko. Eguna argitu orduko San Krisobalen (Busturia) nengoen eta gero Axpe auzora ere joan naiz. Goiz garbi bezain hotza, Urdaibai eder-eder zegoen. Lasai, ikusgarri, paketsu, argitsu.

Urdaibai

Txori aldetik ez da izan espeziala, baina txarra ere ez: makinatxo bat kuliska ikusi ditut, urmakinista bat (martin arrantzalea) berbertan, buztanluze-taldetxo kaskarin bat jolasean, mokozabal gazte bat lasai eta harro 20 metrora gosaltzen,... eta zingira berdantz (Emberiza schoeniclus) eme bat ere bai (ez dut larregitan ikusi).

Tira, joan-etorria besterik ez da izan, pare bat orduko kontua, baina merezi izan du Urdaibaiko koloreez berriro ere gozatzeko. Leku ederra da, benetan.

Hona hemen ikusitako hegaztiak:

  • belatz gorria
  • mokozabala
  • koartza zuriak
  • koartza hauskara
  • ubarroiak
  • kaio arruntak
  • kaio ilunak
  • antxetak
  • kurlinta bekaindunak
  • kuliska bernagorriak
  • kuliska zuriak
  • kuliska gorriak
  • urmakinista
  • buztanluzeak
  • zingira berdantza (eme bat)
  • txitxi eta buztanikarak
  • buztangorri, zozo, birigarro eta txantxangorriak
  • txepetxak
  • beleak eta mikak (ugari!)

 

Txingudiko padurak eta Plaiaundiko naturgunea

Asier Sarasua 2010/12/08 12:32
Atzo, abenduak 7, Plaiaundira joan ginen. Txingudiko paduretan dagoen naturgunea da Plaiaundikoa. Polita, ondo egokitua eta umeekin joateko aproposa. Hegaztiak behatzeko Euskal Herriko tokirik onenetarikoa; onena ez bada.

Bezperako txori-jana oraindik gogoan, atzo goizean berriro katalejoak hartuta kaleratu ginen. Gure lagunekin elkartu eta Txingudiko padurarantz abiatu ginen.

Plaiaundi (Txingudi, Irun)

Txingudiko badia Euskal Herriko padura eredurik onenetarikoa da. Bidasoa ibaiaren muturrean, eta hiru herriren arteak kokatuta (Irun, Hondarribia eta Hendaia), hezegune berezi eta baliotsua da, balio ekologiko izugarria duena. Hegazti espezie askoren migrazio-bidean kokatuta dago eta itsas hegaztientzat ere babesgune egokia da. Hori dela eta, gure herrian hegaztiak behatzeko tokirik onenetarikoa da.

Inguruneak gizakiaren presio izugarria jasan du mendeetan zehar eta jatorrizko paduraren zatitxo bat besterik ez da geratzen. Geratzen den horrek, gainera, naturgunea eta babesgunea izan arren, oraindik ere presio izugarria jasaten du (3 herri handi inguruan, aireportua, trena, kirolguneak...), eta ez dirudi agintariek aintzat hartzen dutenik. Hala ere, bere potentziala izugarria da eta azken urteotan 250 hegazti espezie baino gehiago ikusi ahal izan dira bertan, eta anfibio eta arrainentzat ere leku garrantzitsua da.

Ba, horixe: atzo goizean, katalejoak hartu eta Txingudira joan ginela; Plaiaundira, zehatz esateko. Irunen dagoen naturgunera. Horixe da Txingudiko hegaztiak behatzeko lekurik onena (edo errazena, behintzat). Bisitarientzako harreragunea ere hantxe dago eta umeekin joateko horixe da tokirik egokiena.

Oso egun polita izan zen. Azken egunetako hotzak direla eta, hezegunea topera zegoen eta dozenaka hegazti ezberdin ikusi genituen, bertatik bertara, gainera: txirriak, itsas-enarak, kuliskak, ahateak, murgilariak, koartzak, antzarak... (beherago zerrenda osoa).

Gomendatzekoa.

Plaiaundi (Txingudi, Irun)

 

Atzo ikusitako zenbait hegazti:

  • ubarroiak
  • koartza hauskarak
  • koartza txikiak
  • mokozabalak
  • antzarak
  • basahateak
  • ipar ahateak
  • ahate txistulariak
  • ahate mokozabalak
  • tarroak
  • ahatebeltza (1)
  • ahate txikiak (zertzetak)
  • uroiloak
  • kopetazuriak
  • murgil lepagorriak
  • txilinporta lepabeltzak
  • txilinporta arruntak
  • hegaberak
  • txirritxo txikiak
  • txirri arruntak
  • txirri grisak (eta urre-txirriren bat?)
  • kuliska buztanbeltzak
  • kuliska gorriak
  • kuliska txikiak
  • kuliska zuriak
  • bernagorriak
  • kurlinta handiak (eta bekaindunen bat?)
  • harri-iraulariak
  • abozetak
  • atalarra (1)
  • itsasenara beltza (1)
  • antxetak
  • kaioak
  • urmakinistak (martin arrantzaleak)
  • eta basoan: tarinak, buztanluzeak, kaskabeltzak, parandak, txantxangorriak, zozoak...

Txingudiko hegaztien inguruko informazioa, ekoetxearen blogean.

 

Milioi bat negu txonta (F. montifringilla) Gorbeialdean

Asier Sarasua 2010/12/08 00:59
Azken egunotan ez da ia beste albisterik izan euskal ornitologoen artean: milioi bat negu txonta etorri dira Europa Iparraldetik Euskal Herrira (Gorbeia ingurura) negua igarotzera, guztiz ezohikoa dena. Atzo bertan izan ginen. Naturak bakarrik eskaini dezakeen ikuskizun miragarriaz gozatzen.

Azaroaren azken egunotan eman zuten berria: milioi bat negu txonta elkartu dira Gorbeialdean negua igarotzeko asmotan. Ikuskizun berezia Euskal Herrian.

Negu txontak

Negu txonta edo paseko paranda (Fringilla montifringilla) txori ezaguna da Euskal Herrian. Fringillidoen taldekoa, Euskal Herriko txonta arruntaren ahaidea, txolarre edo hormatxoriaren neurrikoa, hazijalea, eta polita (sabelalde zuria, papar laranja, buru beltza, buztan zuri-beltza). Neguan etortzen da gure artera, Europa iparraldeko hotzetik ihesi, baina beti talde txikietan. Orain arte sekula ez da horrelako txori aldrarik ikusi Pirinioetatik hegoaldera. Talde txiki edo handixeagoak, baina inoiz ere ez aurten Gorbeialdean bildu den modukorik.

Adituak ez dute oraindik zenbaki zehatzik eman, baina milioi bat ale baino gehiago bildu omen dira (2 milioi izan daitezkeela ere irakurri dugu). Hori dela eta, ornitologo guztiak ur-bitsetan eta prentsa ere ornitologiaz berbetan (bideoa EITBn, 23. minututik aurrera).

Gu geu atzo arratsaldean joan ginen bertara. Arratsaldeko 4.30ak inguruan iritsi ginen. Txontak sakabanatuta ibiltzen dira egunean zehar, elikatzen, baina gaua igarotzeko leku bakarra aukeratzen dute guztiek; egunero berbera. Lotegia edo etzalekua esaten zaie horrelako lekuei. Iluntzen hasi orduko, gero eta talde handiagoak ikusten genituen bertaratzen. Hasieran talde txiki samarrak (100-200 ale); gero handiagoak; handik gutxira, zerua beltz, zuhaitzak zuri. Zarata ere izugarria. Erreka edo ur-jauzi handi batek egingo lukeen soinua. Baina ez da ura. Txontak dira kantuan. Milioi bat txonta elkarri "gabon" esaten. Ikusgarria.

Natura (eta hegaztiak) gustatzen zaizkion edonorentzat, ikuskizun kontaezina. Irudi eta bideoren batzuk igo ditut Flickr-era, baina ez dute garbi adierazten zer den hura. Ezta hurrik eman ere. Joan eta ikusi, hemen dauden bitartean (inork ez dakielako noiz arte egongo diren gure artean).

 

Nabigatu euskaraz

Asier Sarasua 2010/12/03 09:22
Nik be bat egin dot "Nabigatueuskaraz" kanpaina barrixakin. Euskalduna bazara, Interneten be lehenengo hitza euskeraz!

Nabigatueuskaraz.com sareko ekimen bat da. Tontokerixia dirudi, baina oso garrantzitsua da nabigazio-hizkuntzia ondo konfiguratzia eta euskeraz ipintzia. Azken baten, horrexekin esaten detsagu munduari euskaldunak garala, existitzen garala.

Interneten be, lehenengo berbia euskeraz!

(Euren webgunetik hartuta):

Zure nabigatzaileak Lehenengo hitza euskaraz egin dezan bultzatzeko kanpaina da. Zure nabigatzaileak (menuak edozein hizkuntzatan egon arren), zure hizkuntza hobespenei buruzko informazioa ere ematen du. Hau da, zuk zein hizkuntza nahiago duzun esaten du webgune batera sartzerakoan.

Sarritan entzun izan dugu lehenengo hitza euskaraz esaera. Izan ere, askotan gertatzen da bi euskaldunek elkarren artean erdaraz jardutea biak euskaldunak direla jakin gabe. Interneten zabiltzanean ere, komeni da zure nabigatzailea zuzen konfiguratzea lehenengo hitz edo byte hori euskaraz egin dezan.

Eta zertarako?

  • Euskararen pisu espezifikoa Interneten handitzeko (zure nabigatzaileak esaten baitio munduari zein den zure Interneteko ama hizkuntza). Euskara Interneteko hizkuntzarik erabilienen artean jarri behar dugu. Web garatzaileei, Robotei eta Interneteko enpresa handiei erakutsi behar diegu euskaldunok ere existitzen garela; Interneten bagaudela.
  • Webgune eleanitzetan, zuzenean euskarazko bertsioa jaso dezazun.
  • Programa bat deskargatzeko orduan, zuzenean euskarazko bertsioa jaso dezazun (baldin badago).

 

EibarREKO Eroski?

Asier Sarasua 2010/11/30 22:35
Azken egunotan Eroski berria (edo berritua) ireki digute Eibarren. Handiagoa, berriagoa,... eta akats txiki erraldoi batekin.

Azken egunotan azken ikutuak ematen dihardute Eibarko Eroski berriari. Saltokia handitu dute (bikoiztu, gutxienez), merkatalgune berria ere ireki dute, zenbait denda eta tabernarekin, eta aparkalekua ere askoz handiagoa da.

Baina, ai! baina. Bekatu mortala egin dute: Eibarko herriari ez diote ba "Eibarreko" esaten??

Eibarreko Udala???

EibarOrg eta Eibartarrak zerrendako gai errekurrente horietako batera itzultzen gaitu (1, 2 eta 3): Eibarko BAI; Eibarreko EZZZ.

Ez esan, gero, Eibarko herritarroi, Eibarrekoak garenik! Damutuko zaizue!

San Mamesen

Asier Sarasua 2010/11/29 00:05
Gaur arratsaldean San Mamesen egon naiz. Nire lehengusuak lagatako bazkide-txartelari esker, Athletican partida ikusten egon naiz aspaldiko partez. Zelako berezia den San Mames! Azkenengo minutuan irabaziz gero, zer esanik ez!

Umetan sarritan joaten nintzen, aitarekin edo aitxitxarekin, San Mamesera. Azken urteotan, oso tarteka besterik ez. Urtean behin, asko jota (lehengusuak karneta lagatzen didanean), eta berezia egiten zait beti. San Mames katedrala da. Ez dago dudarik. Kolorea, giroa, ukitu zaharkitu hori,... Futbol eta historia usaina dario.

San Mames Barria berriagoa izango da, baina ez hobea. Ezin. Tira, beharbada 50 urte barru. Oraingoz, horixe da futbolaren katedrala.

San Mames

Eta futbolari dagokionez? Tira, gaur gauza gutxi. Osasuna bai, ondo, txukun, gehiago merezi zuen, zalantza barik. Athletica, berriz, pattal. Ez indarrik, ez jokorik, ez sendotasunik. Erdi-lo zelairatu dira eta, lehen zatiko azken minutuetan izan ezik, txarto jokatu dute. Muniain eta Javi Martinez salbatu dira, beharbada. Iraizotz ere bai. Gurpegiren eta Tokeroren gogoa, agian. Hortik kanpo, ezer ere ez. Taldeak Llorente-dependentzia izugarria dauka; eta Llorente ez badabil fin (eta gaur ez da ibili), izugarri igartzen da. 

Hala ere, aurten ondo ikusten dut taldea. Gaizki jokatuta ere irabazi egin du; orain 15 egun 9 jokalarirekin gainditu zuen Almeria. Etxean sendo dabil eta kanpoan ere itxuroso. Caparrosek taldea osatu du. Sendoa atzean (Amorebietaren zorakeriak gora-behera); indartsua erdian; azken urteotan baino teknika gehiagorekin eta Llorenterekin. Ligako talde garrantzitsu guztien aurka jokatu du dagoeneko eta datozen 6 partidak ez dira guztiz zailak (konplikatuena, beharbada, datorren astean Realaren aurka). Gaurko garaipena garrantzitsua zen; liga bitan zatitu da, eta lehenengo 10en artean gaude. Eta gora begira.

Tigrea

Asier Sarasua 2010/11/24 21:18
Azken egunotan bizpahiru aldiz izan ditut tigreak esku artean. Tigreen inguruko informazioa, alegia. Telebistan, prentsan, Interneten... parean egokitu zait tigreen inguruko aipamenen bat. Animalia zoragarria da. Desagertzekotan dagoena.

Archivo:Panthera tigris cropped.jpgTigrea (Panthera tigris). Panteren taldean dauden 4 espezietako bat eta munduko felinorik handiena. Alerik handienak (Siberia aldekoak) 2 metrotik gorakoak dira eta 300 kiloak gainditzen dituzte.

Haragijalea da, bakartia, eta baso zein mendietan bizi daiteke. 4000 metroko garaieran ere ikusi izan dira zenbait ale Himalayan. Asian bakarrik bizi da. Garai batean ia kontinente osoan, baina egun ekialdean bakarrik, 13 herrialdetan banatuta, besteak beste, Indian, Txinan, Bangladeshen, Bhutanen, Nepalen, Kanbodian, Tailandian, Laosen, Birmanian, Malasian, Indonesian eta Errusian.

Animalia mitikoa izan arren, hainbat herrialdetan ikur nazional ere badena (Txinan, Bangladeshen, Nepalen...), ezin izan du gainditu gizakiaren jazarpena (bere arerio bakarra). Bi etsai nagusi ditu: habitat galera (gizakiak soro eta landa bihurtu dituen eremuak) eta ehiza, larrua eta hezurrak (sasi-medikuntza tradizionalerako) lortzeko.

Jazarpen horren ondorioz, tigrea desagertzekotan dago. Azken datuen arabera, 3000-3500 ale besterik ez dira geratzen libre. Azken 100 urteotan populazioaren %95 desagertu da (akabatu ditugu, alegia), eta 4 subespezie desagertu dira (beste 3 ere arrisku bizian daude). Garai baten izan zuen eremu geografikoa erabat murriztu da eta, gaur egun, Indian bakarrik dauka populazio hazi samarra (1500 ale inguru). Azken 10 urteotan ere, populazioak behera jarraitu du, tigrea babesteko programak egon arren (5000 aletik 3000ra jaitsi da azken 10-15 urteotan munduko populazio orokorra).

Gizakion eskuetan, zirko, zoologiko eta enparauetan, beste 20.000 tigre bizi omen dira. Baina tigreak libre behar du tigre izateko.

Subespezieak eta banaketa

Bost subespezie nagusi ditu:

  • Bengalakoa (India, Nepal, Bangladesh ingurukoa). Munduko tigreen erdiak subespezie honetakoak dira.
  • Indotxinakoa (Laos, Kanbodia, Tailandia...). 1000 ale inguru dira, baina oso sakabanatuta bizi dira, populazio txikietan eta endogamia-maila altuarekin. Bengalakoa baino ilunagoa eta txikiagoa.
  • Siberiakoa (edo Amurrekoa). Errusian eta Txina iparraldean bizi da, Siberian, Amur lurraldean (garai batean baita Mongolian ere). Subespezierik handiena da (300 kg inguru). Beste tigreek baino marra gutxiago eta ile argiagoa dute (Siberiako paisaia eta elurtera hobeto moldatzeko). 500 ale inguruko populazioa dauka, baina badirudi azken urteotan egindako ahaleginak etekinen bat izan duela. Hauxe da azken urteotan jaitsi ez den tigre-populazio bakarra. Egonkor dago eta lurralde batzuetan goraka.
  • Malasiakoa. Malaka ekialdean bizi da, 400-500 ale. Arrisku bizian.
  • Sumatrakoa. Tigre guztien artean txikiena (100 kg inguru). 400 ale bakarrik geratzen dira eta arrisku bizian dago.

Horretaz gainera, beste 4 subespezie desagertu egin dira azken 50 urteotan: Balikoa, Javakoa, Kaspiokoa (Asia mendebaldeko populazio bakarra, Turkia-Irak-Iran-Afganistan inguruan bizi zena) eta Txina hegoaldekoa (ale batzuk geratzen dira zoologikoetan, baina jatorrizko 6 aleren ondorengoak).

Oharra: Argazkia, Wikipedia.

Erdara detektagailua

Asier Sarasua 2010/11/24 07:44
Aste honetan gailu berria daukagu lanean: erdara detektagailu bat. Inguruan gaztelaniaz berbetan entzun bezain azkar, "pi-pi-pi" hasten da.

Gure bulegoan friki samarrak gara eta gailuz josita ditugu mahai gainak. Gurera etorri den azkenengoa erdara-detektagailu bat da.

Azken egunotan UMAPen garapenean murgilduta ibili garenez (eta hizkuntza detekzioan, beraz), oso antzera funtzionatzen duen asmakizuna daukagu bulegoan:

  • inguruan dauden hizlarien frekuentziak arakatzen ditu
  • elkarrizketa guztiak aztertzen eta pilatzen ditu
  • mekanismo konplexu bati esker, hizkuntzen-detekzioa egiten du (UMAPek eta Googlek baino zehaztasun handiagoarekin). Oraingoz, euskara eta gaztelania bakarrik bereizten ditu, baina beste hizkuntza batzuetarako ere balio dezake.
  • gaztelaniazko hitz-segidak detektatu bezain azkar, "pi-pi-pi-pi" automatiko bat jaurtitzen du.

Interfazea Pythonen egin dugu eta erabilera digitala (nire atzaparrak zanpatua, alegia). Mekanismo xinple eta erraza; teknologia baxuko tresna. Baina aizuek, ez dakizue zelako eraginkorra den!

Hemen gure (h)izko-gailua.

hizkogailua

Photo courtesy of Aitzol Naberan

Gaztainerre eguna

Asier Sarasua 2010/11/15 11:10
Gaur gaztainerre eguna Eibarren. Eibarren ez ezik, baita inguruko zenbait herrietan ere. Animen egun osteko 2. astelehenean ospatzen da. Familiak eta lagun-taldeak elkartu eta afarimerienda egiteko ohitura dago. Tradiziozko menua: marraskiloak eta gaztaina erreak.

Gaztainerre eguna ospatuko dugu gaur Eibarren eta eskualdean (Soraluzen, Elgetan...). Beste hainbat herritan eta kulturatan ere bada antzeko ohitura. Izan ere, azaroan gaztainak jatea... ez da oso tradizio originala. Bergaran ere bada antzerako ohitura, baina beste egun batean; Galizian ere bada Magosto izeneko ohitura, eta abar.

Eibarren egun berezia da, dena dela. Animen egun osteko 2. astelehenean ospatzen da. Hau da, gehienetan, azaroko 2. astelehenean, baina aurtengoan 3. astelehenean (animen eguna, azaroaren 2a, martitzena izan baitzen). Ohiturari jarraituta, Eibarko familia mordoa bilduko da gaur etxeetan, eta beste hainbat lagun-talde soziedadeetan, afari-merienda egiteko (info gehiago, bertso batzuk barne, beste post honetan).

Tradizioak agintzen duen menua: marraskiloak eta gaztaina erreak.

Guk ere egin genituen atzo marraskiloak, gaurko afari-meriendarako.

Marraskiloak egiteko orduan, etxeak adina errezeta daude. Gure amak horrela egiten ditu (nik atzo egin nituen lehenengoz, eta ez dakit oso ondo irten zitzaizkidan, baina nire amarenak gozo-gozoak dira). Poteko marraskiloak erabili nituen:

  • urdaiazpikoa takoetan moztu, frejitu eta plater batean laga.
  • tipula xehe-xehe egin eta sutan jarri, poliki-poliki, egin arte.
  • bitartean, arrautza pare bat egosi.
  • ondoren, salda pixkat hartu, arrautzen gorringoa bertan desegin eta piper txorizero apur bat gehitu.
  • tipula eginda dagoenean, salda hori gehitu.
  • marraskiloak eta urdaiazpikoa gehitu.

 

Marraskiloak

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz