Irentsitako azken liburuak
-"Galerna" Iratxe Esnaolarena. Liburu hotza, urruna, zelanbait esateko. Atmosfera berezia du, baina distantzia ikaragarria sortzen du irakurle eta istorioaren artean, nire ustez.
-"Aulki-jokoa" Uxue Alberdirena. Planteamendua asko gustatu zitzaidan, zaharrak gazte izan direla azaltze hori, beti ez direla horrelakoak izan. Hala ere, zerbait falta zaiola iruditu zitzaidan. Beharbada, gehixeago sakontzea edo. Ez dakit.
-"Ahaztuen mendekua" Alberto Ladron Aranarena. Nobela beltza, intriga sortzen du, eta irakurlea harrapatu. Historia eta memoria ere nahastuta daudenez, are interesgarriago bihurtzen du trama. Gustura irakurtzen ditut Ladron Aranaren liburuak.
-"Zulo bat uretan" Iñigo Aranberrirena. Liburu bikaina. Historia korapilatsua, oraina eta iragana nahasten duena. Gaur egungo astakeriak (Itoizko urtegia) iraganeko sarraskiekin (gerra zibila). Asko gustatu zait, nahiz eta baztuetan hiztegi zaila (oso zaila) darabilen, preziosistegia, beharbada.
-"Vikingoen sorterria" Xabier Mendiguren. Ipuin luzez edo nobela laburrez; nahi den moduan, osotautako liburua. Oso ondo idatzia, hizkera argi eta onarekin. Istorioak gure inguruko edozein herritan gerta litezke, pertsonaiak ezagut ditzakegu, jende naturala da. Baina hainbatetan gertatzen dena ez da ohiko. Batzuetan aho bete hortz lagatzen gaituzte istorioek. Errealismoa zein gordina izan zitekeen, horratik!
-"Katu jendea" Eider Rodriguezena. Ipuin liburu honetan istorioak arruntak dira egunerokoak, baian denak dute zerbait berezia. Ondo idatzia.
-"Hygiène de l'assasin" Amelie Nothomb-ena. Nothomben lehen liburua, eta zer esan berari buruz? Idazten duen guztia da berezia. Oraingoan Literatura Nobel saridun berezi bat hilzorian dago. Inoiz ez du elkarrizketarik eman, eta hiltzear dagoenez, kazetariek egin diezaiokete elkarrizketa hori. Hala ere, banan banan, etxetik botatzen ditu, galdera desegokiak iritzita. Izan ere, munduan inork ez ditu bere liburuak irakurri, hain estimatua den arren.......Laburra, baina intentsua!
-"La hija del partisano" Louis de Bernières-ena. Pertsona desastre bik topo egiten dute. Neskak gizonari bere bizitza kontatzen dio, zatika, poliki. Baina gaitza da desberdintzea egia eta gezurra. Gustura irakurri dut.
-"La casa de los amores imposibles" Cristina López Barrio-rena. Maitasun liburu bat, ederra, gainera. Badakit maitasun liburuak oso desprestigiatuta daudena, lehen nobela beltza egon zen moduan, bestalde. Poesiaz beteta, familia baten istorioa, emakumeek kontatuta. Eta tartean madarikazio bat. Gaztelan kokatuta, baina Latinoamerikako usainarekin. Asko gustatu zait.
-"Hor hago Kevin?" Kevin Herediarena. Lau zatitan dago banatuta liburua. Lehenengoarekin asko disfrutatu nuen eta promesa asko zekartzala uste nuen. Hurrengo biak nahiko "kortapedos" izan ziren, espero nuena ez zidatelako eskaini. Eta amaierakoa...tira. Hori bai, asko gusttau zitzaidan hainbat katurekin egindako pasarteak. Batzuetan letrak testuan txertatuta, eta beste batzuetan letrak ekintzan sartuta. A! Ustezko Kevin Herediaren argazkia ere oso ondo landua. Mister Euskadi (idazle atala) irabazteko moduan dago :-)
-"Rapsodia gourmet" Muriel Barbery-rena. Liburu originala. Hilzorian dagoen gizon bat bere bizitzari errepasoa egiten dio, eta une bakoitza jaki edo edari konkretu batekin lotzen ditu, baita bere ingurukoa pertsonak ere. Bitxikeria bat gustura irakurtzen dena.
-"Maldito karma" David Safier-ena. Barregarria, dibertigarria, originala. Istorio zoroa, sinesgaitza, baina umorez betea. Une onak pasatzeko burua larregi nekatu barik.
-"La quinta mujer" Henning Mankell-ena. Nobela beltza, Kurt Wallander ikerlariaren sagako beste liburu bat. Interesgarria, kateatzen duena, pertsonaia sinisgarriekin. Eta hori eskertu egiten da. Gustuko dut saga hau, bai horixe!
-"Zazpi etxe Frantzian" Bernardo Atxagarena. Liburu desberdina. Emakumeak urruneko izakiak dira, nahiz eta giltzarri izan istorioan. Istorio tragikoa historia tragikoan. Gustatu zait.
-"Kearen truke" Aritz Gorrotxategirena. Nobela beltza, planteamendu interesgarri batekin: "Gero"-ren bigarren zatiaren bila hainbat hildako azaltzen dira. Erdian edo, indarra galdu, eta zerbait falta du.
-"Los monstruos de Templeton" Lauren Groff-ena. Historia pertsonal batetik AEBetako herritxo baten historia azalduta, era atseginean. Pertsonaia zoro eta bitxi asko. Beharbada, atzera aurrera gehiegi dabiltza, eta pertsonaiekin galtzeko arriskua dago.
-"El libro del aire y de las sombras" Michel Gruber-ena. Gustura irakurri dut, nahiz eta horrelako hamaikatxo egon.
Aupa, ederrok! Mila esker erantzun parea lagatzeagatik. Laztan handi bana! Markos, itzulpenekin "korritu" egiten dutela esaten dugu. Nobeletan plazeraren "coitus interruptus"-ari, "kortapedos" esatea baino ez zitzaidan bururatu. Zer egingo diogu, bada? Jerga falta euskaraz atseginerako!! Literatura liburuetan ikasi beharko dute nerabeek berba hori urte batzuk barru:-) Asier, Ekaiñetik iraillera irakorri dittudan liburuen parte bat dira. Horregatik esan dot "iruntsittako liburuak". Asko irakortzen dot, baiña batez be 400 orriko nobelitak. Denporapasa, neuronarik gastau barik! Gomendatzekotan: "Zulo bat uretan", "Vikingoen sorterria", "La casa de los amores imposibles", "Maldito karma". Aukera rarua izan leike, eta baten batek esan leike libururen bat eskasa dala. Baiña diferentiak dira, eta batzuk umoria dake. Ezaugarri hórrek asko estimatzen dittut denporapasetan. Besarkada haundiza bixori!!!