Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / ETAren bideoa ere gaztelaniaz

ETAren bideoa ere gaztelaniaz

Asier Sarasua 2011/01/11 00:29
Gaur ETAk bere komunikatuaren bideoa erdaraz igorri du. Euskaraz ere bai, badakit. Baina erdaraz ere bai. Gaztelaniaz, hain zuzen ere. Eta ez da lehenengo aldia horrelakoak gertatzen direna. Ni neu, behintzat, higuinduta nago ustezko abertzale euskaltzale zenbaitzuren (gehienen?) jarrera hipokrita horrekin.

Bai. Badakit gaur analisi politikoetarako eguna dela eta txanpana (edo kriantzatxo bat) irekitzekoa. Nire ondorengo lerroak fribolotzat ere joko dituzte. Gainera, egia esateko, hurrengo lerroak orain dela 3 hilabete ere idatzi nituen, antzera, blog honetan bertan. Errepikatu egingo naiz, beraz (zer egingo diogu).

Bai, bai, euskaldunak, libreak, independenteak, gora Euskadi eta behera estatu zapaltzaileak, ... baina egun handietarako, laguna, jo dezagun erdara zaldunera! Unai Morazak ezin hobeto tuiteatu du: euskara ez da hizkuntza osoa ETArentzat. Horixe da koxka.

Ez ETAk bakarrik, jakina. Ezta euren burua euskaltzaletzat duten askorentzat ere. Izan ere, ez da lehenengo aldia, eta ezta azkena ere. Gernikako Akordioa izan zenean ere berdintsu. Euskal alderdi abertzale(en)ak elkartu ondoren, agiria gaztelaniaz eta frantsesez irakurri zuten. Hortxe duzue, GARAn, bideoa español ederrean.

ETAren kasu honetan ere batzuk aipatuko dute, ulergarritasuna, oihartzuna... Agiriaren kasuan, eta gaizki-ulertuak uxatzeko (permanente, general, incondicional..), agian ulergarria da beste hizkuntza batzuk ere erabiltzea (ingelesez ere eman dute). Dena dela, hor ere, frantsesa ez dute, bada, sartu... Española bai, jakina. Viva España!

Eta bideoa? Nondik, zergatik eta zertarako gaztelaniarekiko menpekotasun eta miresmen hori? Gainera, gaur egun, Youtube eta GoogleTranslateren garaian, edozein bideo euskara hutsean sareratuta ere, ti-ta izango duzu munduko beste 40 hizkuntzatan (hementxe, Ruperren bideo bat, nahi baduzu bulgarieraz).

Ba ez. Euskara ez da nahikoa. Administrazioan bezala. EHAA eta GAOa elebidun sareratzen diren bezalatsu. Ustezko abertzale ustel-euskaltzaleek ere, gaztelaniaren eta itzulpenen premia dute. Euskara ez da ez hizkuntza osoa. Ez ETArentzat, ez euskal alderdi abertzaleentzat... ezta ustezko hainbat euskaltzalerentzat ere (euskal tuiterlarien mundu zoragarria beste baterako utziko dugu).

Zer nahi duzue esatea. Ez dut imajinatzen ERC (edo beste edozein eragile, alderdi, sindikatu...) katalan, bere agiriak españolez ere kaleratzen. Españolez kaleratzeko premiarekin.

Ni neu, behintzat, higuinduta nago ustezko euskaltzaleen jarrera hipokrita horrekin.

ramon
ramon dio:
2011/01/12 23:58

Filosofo edo pentsadore hark esan zueen hitzetan dago askatasunaren gakoa "Nere gorputza gartzelan lotuko dozue bainan ene ideiak ez" ba lurraldetasuna eta kulturarekin ,izkuntza barne noski, berdin berdina gertatzen da askatasun ,erreal edo hipotetikoaren bidean, balizko edo litekeenarenean.

oier g
oier g dio:
2011/01/11 23:30

Horixe berori pentsau juat, komunikauan hizkuntzena jakin dotenian. Iraingarrixa begittandu jatak.

Serafin Basauri
Serafin Basauri dio:
2011/01/12 00:16

Errazoi guztia daukak. Alderdirik euskaltzalienak be ez jakek euskeriaganako begiramen apurrik.

oier g
oier g dio:
2011/01/12 12:41

Ñabardura moduan: iraingarrixa begittandu jatana, zehazki, frantsesez ez egittia dok. Batetik zazpi lurraldien ez-dakitt-zer aldarrikatu, ¿¿¿eta bestetik hori???? Honek ondo erakusten jok Iparraldeko lagunen benetako garrantzixa eurendako.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz