Endogamia
Nik badaukat osaba bat genealogia kontuak izugarri gustatzen zaizkiona. Ez lerro genealogiko hutsak bakarrik; hori baino gehiago, gure aurrekoak nondik datozen jakitea, baserriak, herriak, garai hartako bizimodua...
Osaba Joxeri esker, gure aurreko gehienen ibilerak ezagutzen ditugu familian. Tira, "ibilerak" diot, modu metaforikoan... ibili ibili gutxi ibiltzen baitziren gure aurrekoak. Elkano eta Lope de Agirreren abenturak ezagutzen ditugu, han eta hemen ibili ziren Xabierko Frantzisko eta Loiolako Inazio. Baina euskaldun gehien-gehienak ez ziren larregi mugitzen euren baserri eta jaiotetxetik. Orain dela 40-50 urtera arte, kasu askotan eta askotan, euskaldunak pareko baserritarrarekin ezkondu izan dira.
Nire senideen kasuan, esate baterako, lerro hauek idazten ari naizen etxetik 20 kilometrora bitartean jaio ziren gehienak; 40 kilometrora "kanpotarrena". Gurasoak, biak, eibartarrak izan ditut eta aitxitxa-amamen artean ere, 4tik 3 eibartarrak. Atzeraka egiten badut ere, ez daukat Eibartik larregi urrundu beharrik:
- Aitxitxa Antonio Sarasua Gisasola eibartar petoa zen. Gurasoak eibartarrak, aitxitxa-amama guztiak ere bai, eta aurrerakoak ere eibartarrak edo alboherrietakoak (Elgoibar, Elgeta, Markina eta Soraluze, asko jota). Lerro honetako abizenak, hortaz, Eibarkoak dira edo Eibarren oso ezagun eta aspaldikoak: Gisasola, Abanzabalegi, Iñarrairaegi, Arizaga,... Bergara, Agirrebeña, Guruzeta, Loiola... Saratsu baserria bera ere ez dago oso aparte, Elgoibarko mugan.
- Aitxitxa Koldo Aranberri Mallabiabarrenaren odola ere ezin esan oso urrunekoa zenik. Bere aita (eta aurreko senide guztiak) Elgoibar-Azkoitia bitartekoak ziren (eta hor azaltzen dira Juaristi, Alberdi, Muguruza, Iriondo...) eta ama Mallabikoa (eta hor, Mallabiabarrena, Zengotitabengoa...).
- Amama Aurorita Mendizabal Leteren arbasoak, abizenek adierazten duten moduan, debagoiendarrak izan ziren. Aita bergararra; ama antzuolarra. Abizenak ikusita, ez dago duda handirik: Mendizabal, Antzuola, Narbaiza, Lete, Iribekanpos, Mujika... Familiaren adar txiki bat azkoitiarra zuen, eta hortxe azaltzen zaizkit, berriz ere, Alberdi, Larrañaga, Etxaniz,...
- Salbuespen bakarra amona Jexuxa Areizaga Toledo izan zen. Zarautzen jaioa, aita ere bertakoa zuen. Baina bere ama ere hemen ingurukoa zen, Toledo-Garitano antzuolarra.
Hau da, azken 300 urteak hartu eta nire arbaso ezagun guztien zerrenda aztertuta (60 inguru), birraitona Luis zarauztarra izan ezik (eta ezin esan oso-oso urrunekoa zenik), beste guzti-guztiak Azkoititik Mallabira eta Markinatik Antzuolara bitartean jaio, bizi, ezkondu, ugaldu eta hil ziren. Erdi-erdian Eibar dagoelarik. Hori bai mundua ezagutzea!
Nahi baduzu, hementxe duzu jolas polita: Ahotsak.com webgunera sartu, eta begiratu ea nongoak diren Arantzeta gehienak; edo Etxaniztarrak; edo Etxabetarrak; edo Larrañagatarrak; edo Abarrategitarrak; edo...
Eskerrak nire seme-alabek odolaren erdia, behintzat, zeozertxo garbitu duten ;-)
a) Bertako apelliduak... bertan geldittu diranen seme-alaben artian. Ze... b) kanpora juan ziranen artian, Ameriketara esate baterako, hor apelliduen nahasketa ikaragarrixa izan leike, eta apillidu euskaldun nahikotxo ei dago. c) etorritakuen artian be antzeko egoeria. Europa barrura begira XX. erdixan aurrera hasi zan kontua aldatzen, kanpotik hona etortzen, ordura arte beti edo zan europarrak kanpora juatia (eta asko). Gero ze nahaste izan(go) dan... ba herrialde bakoitzan arabera.
Trebi.