Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Satorrak baino lurperago (Pedro Alberdi, 2000)

Satorrak baino lurperago (Pedro Alberdi, 2000)

Asier Sarasua 2010/10/11 09:26
Atzeratuta ditudan liburuak berreskuratzeko ahaleginetan jarraitzen dut. Oraingoan 2000. urteko lan bat izan da, Pedro Alberdi eibartarrak idatzitako saiakera liburua: Satorrak baino lurperago.

Satorrak baino lurperago

60ko eta 70eko urteen kronika kulturala, politikoa eta sentimentala egiten du idazleak. Abiapuntu Hamaika pauso eleberriko bi pertsonaia nagusiak ditu. Alegiazko pertsonaien ibilerak aitzakia hartuta, 1960tik 1975era bitarteko gorabeherak kontatzen ditu Pedro Alberdik, hainbat alderditik. Pertsonaiak eta euren arteko tirabirak: Txillardegi, Saizarbitoria, Kintana, Aresti, Rikardo Arregi... Laboa, Lete, Iriondo, Irigarai... Bikila, Etxebarrieta, Txapel, Pertur... Zeruko Argia, Anaitasuna, Kriseilu, Lur, Ez dok amairu...

Interes handiz irakurri dut. Baita malenkoniaz ere, ni garai hartan oraindik jaio barik banengoen ere. Aingeru Epaltzak esan bezala: "Neke da gaur egungo euskal kultura eta politikagintza ulertzea 60 eta 70eko hamarkadak ekarri zigun iraulketarik gabe. Orduan erein haziek ekarri dizkigute gaurko fruituak. Orduko txinpartek oraingo sua. Urte zalapartatsu eta aldi berean miraritsu horiexen kronika bizkaitar-gipuzkoarra egin digu Pedro Alberdi eibartarrak".

Liburuaren kontrazalean onartzen duten moduan, saltoka egindako kronika da, kronologiari eta gertakizunei hari jakinik ezarri gabe. Horrek bizitasuna ematen dio eta gustatu zait, baina egia da amaierarako joan-etorri larregi dagoela eta azkenen anekdotario huts bilakatzen dela. Ematen du, bizkarrezurra falta zaiola eta gertakarien saltsa lotugabea besterik ez dela. Zergatik ez duen idazleak ibilbide kronologikoagoa aukeratu? Hobea litzatekeen kontakizun linealagoa? Ez dakit.

Hala ere, gustura irakurri dut eta gomendagarria pentsatzen zait. Estilo bizi, arin eta ulergarrian idatzia; ondo dokumentatua; erritmo eta prosa erakargarriarekin.

Eibarrek eta eibartarrok, gainera, leku handi samarra hartzen dugu liburuan. Ez idazlea bertakoa dugulako, Eibar sasoi hartan "puntu neuralgikoa" zelako baizik. Ez ahaztu, Euskal Herriko herririk dinamikoenetarikoa zela, ekonomia aldetik punta-puntakoa, eta euskaldun kopuru hazikoa. Donostia eta Bilbo alde batera utzita, Eibar izango da liburuan gehien aipatzen den herrietako bat.

Horrela, Imanol Laspiur eta Juan San Martin agertuko dira. Amatiño Zeruko Argian. Mario Onaindia, Mitxel Sarasketa, Josu Ibargutxi eta Jon Etxabe. Grebak, bonba-leherketak eta bahiketak. Roberto Perezen hilketa. Hitzaldiak, Kulturala eta mugimendu politiko-soziokulturala. Eibarren gertatutakoen zati txikitxo bat besterik ez, baina Euskal Herriko irudi orokorragoan ondo txertatuta.

Ba, horixe. Gomendagarria. Satorrak baino lurperago.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz