Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Euskal idazleak gaur (J.M. Torrealdai, 1977)

Euskal idazleak gaur (J.M. Torrealdai, 1977)

Asier Sarasua 2011/01/18 08:55
Azkenaldian 1960ko hamarkadako kulturaz eta literaturaz irakurtzen dihardut. Tartean, Torrealdaik 1977an atondu eta argitaratutako liburukote hau ere gainbegiratu dut, "Euskal idazleak gaur". Besteak beste, idazleen artean egindako inkesta baten emaitzak ere azaltzen ditu. Zeintzuk ziren orain dela 35 urte euskal libururik onenak eta idazlerik nabarmenenak? Batzuk hortxe daude oraindik.

Euskal idazleak gaur

1960ko hamarkada oso interesgarria begitandu zait beti, gehienbat alderdi sozial eta kulturaletik: ikastolen sorrera, euskal berzpikundea, euskal jaiak, euskara batuaren jaiotza... Tira, gainera ni neu ere hamarkada horretakoa naiz, juxtu samar bada ere. Azkenaldian garai horren inguruko hainbat kontu egokitu zaizkit parean. Webgune honetan ere utzi ditut zenbait komentario lehenago (Zai zoi bele dokumentala, Satorrak baino lurperago, Eibarko ikastolak 50 urte, lehenengo euskal jaiak, eta abar).

Amaren etxeko liburu zaharren artean begira, Joan Mari Torrealdairen lan handi hau ere aurkitu dut, 1977an argitaratutakoa. Irakurtzea merezi du (tira, gainbegiratzea, 650 orrialde luze dituelako). Sekulako dokumentazio-lana da eta 1960-1975 bitarteko euskal literaturaren azterketa eta disekzioa egiten du:

  • euskal idazleen profila (jatorria, adina, lanbideak, ikasketak,...)
  • idazlearen produkzioa eta hautapenak (hizkuntza, oztopoak, euskara batua...)
  • euskal produkzioa eta edizioa 1970 ingurumari hartan
  • idazlea eta bere lana gizartean


Gainera euskal literaturaren historia txikia ere egiten du, gaztelaniaz, eta euskal liburu guztien katalogo orokorra (1937-1976) ere aurkezten du. Dena estatistikaz eta azalpenez hornituta. Oso ondo dokumentatuta, garai hartan izugarrizko lana izango zen horrelako bilduma egitea. Erreferentzia bilakatu zen; eta erreferentzia da oraindik ere.

Alderdi literarioarekin batera, 1974an eta 1976an euskal idazleen artean egindako galdeketa baten emaitzak ere ematen ditu Torrealdaik. Garai hartan, behintzat, hauexek ziren garaiko Euskal literaturaren lanik onenak eta idazlerik azpimarragarrienak. Onenetik hasita zerrendatuta.

Lanik onenak:

  • Harri eta herri. Gabriel Aresti. Itxaropena, 1964.
  • Idazlan hautatuak. Koldo Mitxelena. Etor, 1972.
  • Hizkuntza, etnia eta marxismoa. Joxe Azurmendi. Euskal Elkargoa, 1971.
  • Huntaz eta hartaz. Jose Luis Alvarez "Txillardegi". Goiztiri, 1965.
  • Elsa Scheelen. Jose Luis Alvarez "Txillardegi". Kriseilu, 1969.
  • Euskal literaturaren historia. Ibon Sarasola. Lur, 1971.
  • Hiru gizon bakarka. Bitoriano Gandiaga. Gero, 1974.
  • Egunero hasten delako. Ramon Saizarbitoria. Lur, 1969.
  • Herriaren lekuko. Rikardo Arregi. Jakin, 1972.
  • Axular-en hiztegia. Aita Luis Villasante. Jakinbide, 1973.


25 euskal idazlerik aipagarrienak:

  • Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi"
  • Koldo Mitxelena
  • Joxe Azurmendi
  • Gabriel Aresti
  • Luis Villasante
  • Xabier Kintana
  • Bitoriano Gandiaga
  • Piarres Lafitte
  • Jose Mari Satrustegi
  • Jon Etxaide
  • Mikel Lasa
  • Angel Lertxundi
  • Ibon Sarasola
  • Xabier Lete
  • Joseba Intxausti
  • Txomin Peillen
  • Piarres Lartzabal
  • Luis Alberto Aranberri "Amatiño"
  • Juan San Martin
  • Ramon Saizarbitoria
  • Joan Mari Torrealdai
  • Jean Diharce "Iratzeder"
  • Jaime Kerexeta
  • Xabier Mendiguren Bereziartu
  • Santi Onaindia

 

Eta? Nola eragin die historiak goiko zerrendei? Sorpresarik?

Esango didazue... ;-)

Luistxo
Luistxo dio:
2011/01/18 12:24

Liburuak izan zuen remake bat: Euskal Kultura Gaur, 1997. Oker ez banago, idazle onenen ranking berrikusia ere bazekarren horrek...

ibon
ibon dio:
2011/01/23 21:19
Kaixo Asier, Luistxok dioenez, bada gaiari buruz Torrealdaik idatzitako beste liburu bat: Euskal kultura gaur: liburuaren mundua. Liburua eta liburugintzari buruzkoa (euskal idazle eta irakurlegoari buruz ziharduena baina baita argitalpengintza, komertzializazioa, itzulpengintza eta bestelako arazoetaz). Liburu mardula hau ere, baina oso interesgarria. Idazleen artean zabaldutako inkestaren arabera, hau litzateke azken 20-25 urteotako 10 euskal obra "hoberenak" (komatxoak liburuarenak dira. Kontuan izan baita ere, liburua 1997an argitaratu zela):
  1. Obabakoak. Bernardo Atxaga
  2. Otto Pette. Anjel Lertxundi
  3. Narrazioak. Joseba Sarrionandia
  4. Hamaika pauso. Ramon Saizarbitoria
  5. Babilonia. Joan Mari Irigoien
  6. Espainolak eta euskaldunak. Joxe Azurmendi
  7. Ehun metro. Ramon Saizarbitoria
  8. Gizona bere bakardadean. Bernardo Atxaga
  9. Ni ez naiz hemengoa. Joseba Sarrionandia
  10. Azukrea belazeetan. Inazio Mujika Iraola
asier
asier dio:
2011/01/25 15:26

Beñat Sarasolak ere egin zuen duela gutxi bere Rankiga, (Hogei liburu funtsezko, hamarkada baterako). Papereko Zuzeu aldizkarian, Durangoko azokako bezperan. 2000-2010 hamarkadako 20 libururik onenak aukeratu ditu (muga batekin: ez du idazlerik errepikatu). Hauxe da:

Saiakera

 

  • Euskal Herri imajinario baten alde, Santi Leone, Elkar, 2008.
  • Subordinazioaren kontra, Imanol Galfarsoro, Pamiela, 2008.
  • Loiolako hegiak, Imanol Murua, Elkar/Berria, 2010.
  • Trilogia, Joxe Azurmendi: Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua, UEU, 2008; Volksgeist-Herri gogoa: Ilustraziotik nazismora, Elkar, 2007; Espainiaren arimaz, Elkar, 2006.
  • Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan, Hasier Etxeberria, Alberdania, 2002.

Poesia

 

  • Bitartean heldu eskutik, Kirmen Uribe, Susa, 2001
  • Gorputzeko humoreak, Angel Erro, Alberdania, 2005.
  • Erlojuen mekanika, Jose Luis Otamendi, Susa, 2007.
  • Souvenir, Castillo Suarez, Elkar, 2008.
  • Jainkoa harrapatzeko tranpa, Jon Gerediaga, Pamiela, 2007.

Ipuinak

 

  • Antologia bat, Iban Zaldua, Erein, 2010.
  • Sua nahi, Mr. Churchill?, Koldo Izagirre, Susa, 2005.
  • Bizia lo, Jokin Muñoz, Alberdania, 2003.
  • Haragia, Eider Rodriguez, Susa, 2007.
  • Neguko zirkua, Harkaitz Cano, Susa, 2005

Eleberriak

 

  • Soinujolearen semea, Bernardo Atxaga, Pamiela, 2003.
  • %100 Basque, Itxaro Borda, Susa, 2001.
  • Larrepetit, Pello Lizarralde, Erein, 2002.
  • Ez obeditu inori, Mikel Peruarena, Susa, 2009.
  • Lagun izoztua, Joseba Sarrionandia, Elkar, 2001.
asier
asier dio:
2011/01/24 11:50

Eskerrik asko Ibon. Benetan interesgarria zure komentarioa. Zerrenda horretan badaude bizpahiru liburu irakurri ez ditudanak. Badut lan gehiago, beraz.

Eta 15 urte igaro direnez, orain XXI. gizaldi hasiera honetako ranking-a egiten hasi beharko dugu ;-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz