Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Hitanoaren arau sozialak malgutu beharra?

Hitanoaren arau sozialak malgutu beharra?

Asier Sarasua 2011/01/17 21:55
Aspaldi darabilt gogoeta buruan. Izan ere, arazo teorikoa baino, praktikoa ere badelako niretzat (eguneroko bizimoduan gertatzen zait). Hitanoak dituen arau sozial zurrunak malgutzeak, zer kalte egingo lioke euskarari? Ala mesedegarri izango litzateke euskararentzat eta, batez ere, hitanoarentzat? Gaur goizean horretaz jardun dugu Eibartarrak posta-zerrendan.


Hitanoa galzorian dago. Hori horrela da. Ez dut uste eztabaida handirik dagoenik. Arrazoi ugari daude, gainera: euskaldunon konplexuak (hika hitz egitea baserritarren kontua izan da hainbat herritan; behe-mailako kontua); erregistro bakarra erabiltzea (zuka) errazagoa edo erosoagoa da bi erregistro erabiltzea baino (zuka + hika); ohitura sozialak ere aldatzen joan dira eta maila sozialak aldatzen/murrizten (gaztelaniaz ere "Usted" desagertzen ari da; euskaraz "hika"). Azken batean, egia esateko, euskararen beraren gainbeheraren ondorioetako bat besterik ez da. Kalte kolateralak.

Hori horrela da eta hitanoari eustea gogorra izango da, azkenaldian sentiberatasun txiki bat badagoen arren eta zenbait egitasmo aipagarri ere badiren arren. Guztiok egin beharko dugu gure lantxoa, norbere eremuan: lagun-artean, etxean, seme-alabekin...

Hitanoa ez da gauza "erraza". Esan gura dut, bere berezko arauak dituela (eta ez gutxi). Noiz, non, nola eta norekin erabili... ez da egun batetik bestera ikasten. Erabat euskaldun diren askorentzat ere alokutiboa ulertezina da. Garai batean umetatik ikasten zen, baina gaur egun transmisio hori galduta dago hainbat eta hainbat eskualdetan.

Arau horien artean, badira arau sozialak ere. Arau sozial zehatz eta zurrunak, gainera, mendez mende garatu eta gorde direnak, baina gaur egungo gizartean, nire ustez, hitanoaren bizi-iraupenean oztopo besterik ez direnak. Bi hauek bai, gutxienez:

  • maila sozialean gorago daudenei ezin zaie hika egin (eta hor sartzen dira, batez ere, gu baino nagusiagoak direnak, baina baita irakasle, ugazaba, nagusi, mediku eta abarrak)
  • hitanoa desberdina da neskei (noka) edo mutilei (toka) egin behar bazaie eta, beraz, talde mistoetan ezin dugu erabili. Berez, zuka neutroa egin beharko genuke.


Bada, hori zentzuzkoa zen orain dela 50 edo 100 urte, gizartea oso hierarkizatuta eta taldekatuta zegoenean, errespetua eta maila sozialak oso nabarmenak zirenean, gizonezko eta emakumezkoak mundu bi zirenean, nahasten ez zirenean... eta hitanoa bizi-bizi zegoenean.

Baina gaur egun, hitanoaren arau sozial zurrun horiek traba handia dira hitanoa naturaltasunez eta egunero erabiltzeko. Gizartea askoz heterogeneoagoa da: nagusi eta gazte, neska eta mutil, ugazaba eta behargin, irakasle eta ikasle... denok elkarrekin gabiz.

Ez da gai erraza, badakit. Gaur goizean ere mezu-truke bizia izan dugu Eibartarrak posta-zerrendan horren inguruan eta ez gara ados jarri. Izan ere, horixe izan da eztabaidaren hasiera: Interneteko posta-zerrendetan, gizon-emakumeak elkarrekin gabiltzanez, erabili dezakegu hitanoa gure mezuetan? Errespetu falta da? Euskararen aurkako arauak urratzen ditugu?

Tira, ez da gai samurra. Nik neuk ere ez daukat erabat garbi. Baina hitanoak dituen arazoak ikusita, eta aurrera atera nahi badugu, uste dut zenbait arau sozial malgutzen hasi behar dugula. Ateak itxi ordez, ireki egin behar dizkiogula.

Nik neuk, behintzat, ez daukat inolako arazorik talde handietan gaudenean noka erabiltzeko; ezta ni baino gazteagoak direnek niri hika egiteko ere, jakina. Hortxe nabil, seme-alabekin lanean...

 

etiketak: euskara, hitanoa, hika
Xabi
Xabi dio:
2011/01/18 14:49

Bai, ados nago zurekin. Ez dut ondo azaldu esan nahi nuena. Noski, ondo iruditzen zait seme-alabekin hitanoa erabiltzea, baina ez "gehiegi" bultzatzea beraiek ere erabil dezaten, gazteek gurasoei kontra egiteko joera izaten dutelako, besterik ez. Oker egon naiteke...

asier
asier dio:
2011/01/19 16:19

bai, ados, Xabi. Seme-alabak txikiak dira oraindik. Saiatu ere ez dira egiten hika egiten, eta esan ere ez diet egiten. Baina gutxienez ea naturaltasunez bizi duten.

asier
asier dio:
2011/01/18 10:30

Eskerrik asko komentarioagatik, Xabi. Zer nahi duzu esatea. Hasteko, garbi daukat etxean hitanoa erabiltzea gauza arrunta dela; horrelaxe egin da Euskal Herriko etxe gehienetan orain gutxira arte (eta horrela egiten da oraindik ere zenbait eskualdetan). Horrela egin dugu gure etxean belaunaldiz belaunaldi, eta normala iruditzen zait horrela jarraitzea. Bestalde, nire seme-alabek ez badute etxean entzuten... non entzungo dute ba?

Xabi
Xabi dio:
2011/01/18 02:03

Ez dakit ba seme-alabekin kontrako efektua ez ote duzun lortuko. Nire amak hika hitz egiten du anai-arrebekin eta auzoko lagunekin eta berak oso garbi dauka noiz eta nola hasi ziren hika hitz egiten: 13-14 urterekin gurasoek eta aiton-amonek errieta gogor egiten zietelako hika hitz egiten entzun ezkero eta eurendako errebeldia modu bat zen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz