Makaon tximeleta (Papilio machaon): gure zelaietako harribitxi hegalaria 🦋
Gaur goizean Egozkue ingurura joan gara mendira, Anue ibarrean, eta Oiartzabal mendi tontorrean geundela hantxe azaldu zaigu Euskal Herrian dugun tximeletarik ederrenetako bat, makaona.
Hara-hona etengabean, kosta zaigu geldirik harrapatu eta ganorazko irudirik ateratzea, baina azkenean lortu dugu zeozertxo. Eskumako hegoaren zati bat falta zitzaiola konturatzeko balio izan digute irudiok. Gehienetan argiagoak izan ohi dira, baina gaurko ale hau hori kolorekoa zen.
Makaon tximeleta (Papilio machaon) Papilionidae familiako intsektu handi eta ikusgarria da. Euskal Herriko eskualde gehienetan ikus dezakegu, baina ez da ugariegia ere. Mundu mailan, klima epeleko lurraldeak maite ditu (Europa, Ipar Afrika, Ipar Amerika eta Japoniaraino), 2.000 metroko garaiera arteko belardietan.
Ederra da oso, eta orotara 37 azpiespezie ezberdin ditu munduan zehar barreiatuta!
Makaon tximeletaren (Papilio machaon) ezaugarri nagusiak
- Tamaina handia: Emeek zein arrek 32-55 mm artean neurtzen dute orokorrean, eta aurreko hegoak 3,4 cm-koak izatera irits daitezke.
- Kolore biziko hegoak: Hori eta beltza dira kolore nagusiak. Beheko hegoen ertzetan gune urdinak ditu, eta atzeko "isatsen" ondoan bi puntu gorri. Arren kasuan, hegoen azpialdean ere urdin eta gorri horiek agertzen dira.
- Anatomia berezia: Beheko hegaletako luzapen edo "isats" horiek bere familiaren (papilionidoen) ezaugarri nagusia dira. Horrez gain, aurreko hankak oso iletsuak dira eta orrazi modura erabiltzen ditu.
- Egoera: Ez dago sartuta ez EAEko ez Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoetan, gure lurralde osoko belardietan nahiko ohikoa baita (ez dakit zein den bere egoera legala Ipar Euskal Herrian).
Nolakoa da bere bizimodua?
Udan nahiko ohikoa da zelai eta belardietan. Hegalari azkar eta nekaezina da, lorez lore ibiltzen dena. Bereziki unbeliferoak eta errutazeoak xurgatzea maite du, hala nola, anisa, mihilua eta erruda. Askotan, eguzkitan atseden hartzen ikus daiteke, bere hego ikusgarriak erabat zabalduta dituela. Halaxe harrapatu dugu guk ;)
Eklipseak marisorgina ekarri digu afaltzera.
Ba, bai. Eklipsea ikustetik bueltan, hantxe jarri zaigu marisorgina mahai gainean, afaritan. Ohiko berdearen ordez arrea, baina beti bezain magikoa.
Marisorgina intsektu harrapari bakartia da. 180° mugitu dezakeen buru triangeluarra dauka eta "otoitz egiteko" jarrera ezaguna (hortik bere izen zientifikoa, Mantis religiosa).
Geldi-geldi paratzen da landare artean, ondo kamuflatuta, eta han itxaroten die bere harrapakin diren mamorro txikiei.
Bere kanibalismo sexuala ere berezia da (emeak arra jan ohi du ernalketaren ostean, arrautzak garatzeko elikagai aberats eta erraza).
Eta kamuflajearen kontua ere deigarria da, espeziearen mimetismo eta egokitzapen gaitasunaren froga. Hazte-prozesuan zehar (muda bakoitzean), inguruneko hezetasunak, argi-mailak eta tenperaturak zehazten dute azken pigmentazioa: ingurumari heze eta berdeetan mantisak berdeak dira, hostoen artean aise mimetizatzeko; giro lehorragoetan, ostera, pigmentu marroiak garatzen ditu, adar edo belar horituen artean guztiz kamuflatzeko.
Aurtengo lehortearekin, Euskal Herrian ohiko diren mantis berdeak arre bihurtu zaizkigu.
Betoz mantis berdeak lehen baino lehen!
Eretza (Sodupe, 887 m), Kadagua ibarreko zaindaria #100mendi
Euskal Herriko mendien artean toki esanguratsua dauka Enkarterrietan dagoen Eretzak (887 m). Inguruko garaienetakoa, Mendizale Federazioak bere 100 mendi garrantzitsuenen zerrendan gehitu du eta Eibarko Klub Deportiboak Euskal Herriko 100 mendi ederrenen artean. Tira, ez da gutxi!
Sodupe eta Gueñes artean dago Eretza eta haraxe jo dugu asteburuan, Sodupera. Beti etortzekotan, baina badakizue zein urrun dagoen Kamerun gipuzkoarrentzat. Eta mendi erraz-erraza ere ez da Eretza, altuegia ez den arren. Malda exijenteak ditu eta aukeran errazera joten dugu guk.
Baina tira, logistika aldetik goizean goiz Bilbon egon beharra geneukala aprobetxatuta, hango kontuak amaitu eta goizeko 8.30 ingururako Sodupeko Iorgiko auzoan geunden, Eretzarako igoera egiteko hasiera-puntu ohikoena eta Grazal PR-aren abiapuntua.
Sodupe - Grazal - Eretza (PR BI 105)
Eretzara igo eta jaisteko 2 bide nagusi daude Sodupetik eta normalean ibilbide zirkularra egin ohi da (ikus Wikiloken), batetik igo eta bestetik jaitsi. Igoera zuzenenak 5 km ditu, malda gogorrekin; Grazal erreka jarraituz egiten bada igoera, ibilbidea luzexeagoa da (7 km), baina maldak apur bat lasaiagoak (ez asko). Erreka jarraituz igotzeko asmoa geneukan guk, baina despistatu samar gindoazen eta lehenengo gurutzebidean eskuinetik jo genuen, zuzenean gorantz. Eta behin hasita... segi! Tira, ibilbidea antzekoa da bide bietatik. Malda gogorra bietan! ;)
Iorgi auzotik irten eta hauxe da lehenengo gurutzebidea. Eskuinetik igo eta ezkerretik itzuli ginen. Bide guztia garbia da, nahiko ondo seinalizatuta eta aise jarraitzen da bidea.
Hasiera zatarra da, eukaliptu artean. Ixiltasuna nagusi. Hemen ez da ez zomorrorik, ez mamarrurik eta ez moxorririk. Are gutxiago txoririk. Eukaliptuen basamortu hila.
Lehenengo zati luze bat eukalipto artean egiten da. Behin horiek pasata, pago eta haritz bakan batzuk ere azalduko zaizkigu, baina gorago ere exotikoak dira nagusi, pinuak zein altzifreak. Hala ere, erditik aurrera pixkat irekiagoa da bista, apur bat politagoa ingurua.
Igoeraren azkenengo zatia, berriz, mendiaren ertzetik egingo dugu, Kadagua ibarrera ematen duen labarraren ertzetik.
Azkenengo zati honetan ere zuhaitz exotikoen landaketak nagusi, baina zati hau ederragoa da. Han goian ikusiko dugu Eretza, bidea garbia da.
Azken 300 metroetan ikuspegia erabat irekiko da mendizalearen begien aurrean. Belardi zabala eta Sodupe han behean. Bista ederra dago goi-goitik, Ordunte mendilerroa hegoaldean eta Ganekogorta sortaldean, Kadagua ibarraren beste aldean. Ganekogorta eta Eretza, nor baino nor, ea nork aginduko Kadagua ibarraren paraje hauetan.
Esfortzu pixkatekin, pare bat orduan tontorrean gaude, berdantza horien eta belatxinga mokogorrien kalapita artean. Begiratoki honetan gaudela ulertzen dugun zergatik den Eretza ingurumari honetako tontorrik ezagun eta igoena. Horren lekuko gailurrean aurkitu ditugun mendizale guztiak, dozenatik gora.
Han behean Sodupe.
Tontor inguruan belardiak nagusi, ira eta ote gutxi batzuekin batera. Ez dugu ia ganadurik ikusi, halere.
Han goitik itsasoa ikusten da.
Eretzako postontzi zaharra.
Eretza, tontorra (887 m).
Beherako bidea egiteko Grazal errekarantz jo dugu. Oraingoan ere malda pikarrean behera. Tontorretik 20 minutu ingurura Eretzako aterpetxea dago (itxita zegoen). Itxura txukuna dauka eta onena: iturria ere badu. Garrantzitsua, batez ere hegoiak agintzen duen horrelako egun erreetan.
Bideak zuzen-zuzen egiten du aterpetxetik errekazuloraino, beste ordu erdi inguruan, oraindik ere malda dexenterekin. Behin erreka bazterrera heltzean, bideak askoz itxura atseginagoa hartzen du, freskoagoa, naturalagoa. Pagoak, haritza, arteak... eta erreka bazterrean batez ere haltzak eta hurritzak. Errekatxoaren kantuari jarraituz egin ditugu azkenengo 3-4 kilometroak, txiri-txiri, Iorgi auzoko aparkalekuraino.
Eretzako aterpetxea.
Grazal erreka eta PR Bi-105 ibilbidea. Natura 2000 sareko Meatzaldeko Paisaia Natural Babestuan dago sartuta.
Sodupen bueltan. Han goian Eretza.
Eta hortxe amaitu dugu gaurko abentura, Sodupe ezagutzen, garagardo fresko baten laguntzarekin. Ezin esan Euskal Herriko nire mendi faboritoen artean sartuko dudanik Eretza, baina merezi izan du, zalantzarik ez! Azken batean, 100 mendien lehiaketaren filosofia gustatzen zaigulako: hara-hona joatea, Euskal herriko mendi, paraje, eskualde, haran eta herri berriak ezagutzera.
Doluerdi tximeletak (Melanargia sp.) Toloño mendilerroan
Seguru asko 'doluerdi arruntak' izango dira (Melanargia galathea), Euskal Herrian daukagun tximeleta espezierik arruntenetakoa, baina 'doluerdi nafarrak' ere izan daitezke (Melanargia lachesis), Toloño mendilerroan bi espezieak bizi direlako (eta bien arteko hibridazioa ere dokumentatuta dagoelako).
Bata izan zein bestea, espektakulu polita izan zen talde handi bat zelai bateko loreen artean elikatzen ikustea, bertatik bertara.
Urtean belaunaldi bakarra daukate eta ekaina-abuztu bitartean ikus daitezke. Gramineoz betetako eremu irekiak gustatzen zaizkio eta garaiera ertaineko mendiak. Pipaon eta Cervera artean ikusi genituen guk, Toloño mendilerroan (Araba), 500 metro inguruko garaieran.
*Gaztetxoentzat azalpena: gertuko norbaiten heriotzean ohikoa zen garai batean dolua egitea eta beltzez janztea, baita bizi osorako ere. Dolu hori nolabait "arintzen" zenean, edo hildakoa ez zenean senide zuzen-zuzena, dolu-erdia egiteko aukera zegoen, beltzarekin batera arropa zuriak eta grisak ere jantziz. Euskal Herrian ditugun bost Melanargia espezieak zuri-beltzak direnez, horregatik bataiatu dira "doluerdi" izenagaz.
"The Most Perfect Thing", hegaztien arrautza, gauza perfektu hori (T. Birkhead, 2016)
Afaltzeko, zer? Tortilla bat? Bota ditut arrautza biak plater sakonera eta hantxe agertu zaizkit bizitzan lehenengoz txalazak, blastodermoa, barne-mintza, aire-ganbera... Bizi guztian izan ditut begien aurrean, baina orain arte ez diet jaramon handirik egin. Gaur arte. Birkheaden liburuak begiak ireki dizkidan arte.
Lehenago ere izan dugu hizpide Birkhead blog honetan (Los sentidos de la aves). Ornitologo eta ekologo britainiarra da, hegaztien portaeran eta bilakaeran munduko aditu nagusietakoa. Horrez gainera, zientzia dibulgazioan daukagun idazlerik borobilena ere bada, eta bere lanen artean aipagarrienetakoa da irakurri berri dudan The Most Perfect Thing: Inside (and Outside) a Bird's Egg. 2016an idatzi zuen eta zenbait sari jaso ere bai; gaztelaniaz ere badago, Una sutil perfección izenburupean (Libros del Jata, 2018).
Egileak goitik behera miatzen ditu arrautzaren ezaugarri, egitura eta lorratz ebolutibo guztiak. Izugarri ondo dokumentatuta eta ehunka datu tekniko emanez, baina betiere modu ulergarri eta erakargarrian. Izan ere, horixe da Birkheaden gaitasuna, xehetasunik txikienera ere iristen dela, baina betiere testu irakurgarri eta erakargarriak onduz. XIX. mendeko pottorroen arrautzen bilduma batetik abiatuta, hamaika espezieren inguruko xehetasunak aurkituko ditugu liburuan barrena, baita dinosauroen aipamenen bat ere.
Arrautza: bizitza berri bat lurreko baldintza gogorrenetan babesteko eta garatzeko diseinatutako mekanismo miragarria
Liburuaren muinean galdera garrantzitsu bat dago: nola izan daiteke hain objektu "arrunta" benetan horren konplexua? Birkhead-ek arrautzaren bizitza-zikloa aztertzen du, sorreratik eta ernalkuntzatik txitaldiraino. Galdera askori erantzuten die: Non eta noiz sortzen dira gorringoa eta zuringoa hegaztiaren barruan? Noiz eta nola gogortzen da arrautzaren oskola? Eta nola sortzen dira maskorraren koloreak eta ereduak, hainbeste forma eta itxura desberdinekin? Arrautzaren zein mutur ateratzen da lehenbizi errutean: mutur borobila ala punta zorrotza? Nola moldatzen da arrautza ingurumen-baldintza anitz eta muturrenetan bizirauteko? Noiz eta nola apurtuko du txorikumeak oskola?
Eta 'nola' galdera bakoitzaren ostean, 'zergatik' galderari erantzuten ere ahalegintzen da egilea, nahiz eta batzuetan erantzuna oraindik ezezaguna edo irekia izan zientziarentzat.
Horrela, 200 orrialdeetan zehar, arrautzaren zatiak ezagutzen joango gara:
- Oskola: kanpoko estalki gogorra, kaltzio karbonatoz egina. Porotsua da, enbrioiak arnasa hartu ahal izateko (oxigenoa sartu eta karbono dioxidoa atera), baina aldi berean bakterien sarrera oztopatzen du.
- Mintzak (kanpokoa eta barnekoa): Oskolaren azpian dauden bi geruza finak, arrautz gogorra zuritzean aurkituko duguna. Hezetasuna eutsi eta bakterioen sarrera oztopatzeko bigarren geruza bat dira. Oskolaren aurretik sortzen da, arrautzaren lehenengo forma eta estalkia bihurtuz.
- Aire-ganbera: arrautzaren mutur borobilean egoten den hutsunea da. Txitoak arrautza puskatu aurretik behar duen oxigeno gehigarriaren iturria. Hau ere, arrautz gogorra zuritzean nabarmena.
- Zuringoa (albumina): enbrioiarentzako ur eta proteina iturria. Kolpeak xurgatzeko eta enbrioia babesteko ere balio du. Eta, gainera, mikrobioei aurre egiteko hainbat osagai ere baditu. Arrautza hegaztiaren barruan sortzen hasten denean, geruza txiki bat besterik ez da, baina ondoren hidratatu eta hazi egiten da. Espezie bakoitzaren bizitokiaren eta jatorri ebolutiboaren arabera, arrautzaren zati handiagoa edo txikiagoa hartuko du.
- Gorringoa (biteloa) koipez eta proteinaz osatutako elikagai biltegia; hauxe da enbrioiarentzako elikagai-iturri nagusia da.
- Disko germinala (blastodermoa): gorringoaren gainazalean dagoen orban zuri txikia. Ernalduta badago, hortik abiatuko da enbrioiaren garapena.
- Txalazak: zuringoan dauden bi kiribil txiki dira, eta euren lana da gorringoa arrautzaren erdian esekita mantentzea, oskolaren kontra jo ez dezan. Tortila bat egitean ere erraz ikus litezke, firu zuritxo batzuk dira, bata bestea baino luzexeagoa.
Tira, laburbilduz, izugarri liburu ona dela Birkheaden "Gauzarik perfektuena" hau. Animalien fisiologia, zoologia eta zientzia gogoko duten frikientzat bakarrik? Baliteke. Baina esango nuke naturazale orok ere erraz eta interesez irakurtzeko moduko liburua dela. Ezinbesteko lana naturan dagoen mekanismorik garrantzitsuenetako bat ezagutzeko.
Amaitzeko, AAri galdetu diot zer ote den arrautza bat, definitu dezala. Halaxe egin du: Arrautza bat eboluzioak sortutako kapsula organiko autosufiziente bat da; bizitza berri bat lurreko baldintza gogorrenetan babesteko eta garatzeko diseinatutako mekanismo miragarria. Ba, horixe.
- zuringoa
- gorringoa
- disko germinala
- txalazak
Pratinkola eurasiarrak (Glareola pratincola) alberdanian, eta gure begien pare-parean
Ezertan hasi aurretik, baina, galdera honi erantzun beharko diogu: zer dira izen berezi hori duten pratinkolak? Bada, ezaugarri bitxi samarrak dituzten hegaztiak dira pratinkolak. Izen hori hartzen dute Glareola generoko 8 espezieek eta horien artean dago pratinkola eurasiarra (Glareola pratincola), Euskal Herrian (eta Europa mendebaldean) oro har ikus daitekeen espezie bakarra.
Glareolidae familiako kideak dira, intsektujaleak eta leku idor eta irekietan bizitzera egokitutakoak. Askotan hezegune edo ibaien inguruetan, baina ez haiei hertsiki lotuta, zankaluze gehienak bezala. Itxuraz ere talde desberdinen arteko ezaugarriak dituzte: limikoloen ezaugarriren bat badute ere, enaren hegakera daukate eta, itxuraz ere, hankarinen antz handiagoa dute limikoloena baino.
Gure pratinkolari dagokionez (pratinkola eurasiarra, Glareola pratincola), neurriz txiki samarra da, eta halaxe ditu hankak zein mokoa, horiek ere labur samarrak. Hegalak, aldiz, bere neurrirako luzeak, eta formaz zorrotzak; buztana, bestalde, guraize itxurakoa. Horri esker, hegalari aparta da, zeruan akrobazia harrigarriak egiten iaioa. Halaxe ehizatzen ditu bere elikagai nagusia diren intsektu hegalariak.
Bizkarralde arrea du, sabela argia, eta eztarri inguruan krema koloreko esparru dotore bat, marra beltz batez inguratua. Horri guztiari mokoaren oinarri gorria gehitzen badiozu, ikusiko duzu pratinkola eurasiarra nekez nahas daitekeela beste ezein txorirekin.
Bidaiari nekaezina: Noiz eta non ikus dezakegu?
Pratinkola eurasiarra espezie migratzaile transahararra da. Negua Afrikan igaro ondoren (Saharaz azpiko eremuetan), udaberrian gure latitudeetara jotzen du ugaltzeko. Europako hegoaldera (batez ere Iberiar penintsulara, Frantziako Camarguera eta Italiara) apirila amaieran eta maiatzean iristen da. Euskal Herrian oso gutxitan ikus daiteke eta, ia beti, hego-hego muturrean.
Ebroren Delta bezalako inguruneak maite ditu: gatzagak, landaredi gutxiko buztinezko lursail lehorrak, hondartzak eta, batzuetan, arroz-sailen inguruak.
Ugalketa: maiatzeko zirriak eta kopula
Maiatza da pratinkolen ugalketa-sasoia. Habia lurrean bertan egiten dute, zulo txiki bat aprobetxatuz eta, askotan, batere materialik erantsi gabe.
Behin habiarena bideratuta, gorteiatzea hasiko da. Arrak eta emeak elkarri aurre egiten diote, buztana altxatuz eta hegoak zabalduz, erritual dotore batean. Sarritan, arrak intsekturen bat eskaintzen dio emeari opari gisa. Emeak onartzen duenean, kopula lurrean gertatzen da, oso azkar, eta argazkietan ikus daitekeen bezala, arrak emearen gainean orekari eusten dio hegoak zabalik dituen bitartean.
Eta halaxe aurkitu nituen hiruzpalau pratinkola Deltako hondartza batean, elkarri segika eta zirri-jolasean. Gizakiari ez diote beldur handirik eta ni han nengoela jakin arren, olgetan jarraitu zuten, niri jaramonik egin gabe eta 15-20 metroko distantziara (tarteka baita gutxiago ere).
Emea, arra erakarriz.
Kopula edo estaltzea.
Hurrengo asteetan, 2 edo 3 arrautza errun eta bi gurasoek txandaka inkubatuko dituzte. Txorikumeak nidifugoak dira; hau da, jaio eta gutxira habiatik kanpo korrika egiteko gai dira, harrapariengandik ihes egiteko.
Une hori begien aurrean bizi ahal izatea ederra izan zen. Maiatzeko egun lasai bat, hareatza bakarti batean, pratinkola bikotea alberdanian lasai-lasai... tira, betirako hortxe gordeta izango dudan unea.
Eibarko hegazti habiagileen urteroko jarraipena, SACRE 2026
Aurten ere ekin diogu udaberriroko hegazti-jarraipenari. SEOk antolatzen duen SACRE programaz ari naiz. Eibar inguruan udaberrian kumaldian beha daitezkeen hegaztiak aurkitu eta zenbatzean datza erronka.
Metodologia, inoiz aipatu bezala, erraza da. Behatzaile bakoitzak aurrez zehaztutako 10*10 km-ko lauki bat aukeratu behar du (nire kasuan Gipuzkoako mugako WN4080 laukia, Eibar-Elgoibar-Etxebarri hartzen dituena) eta 20 behaketa-puntu zehaztu behar dira (irizpide zientifiko eta metodologiko batzuk jarraituz). Ondoren, urtero ibilbide berdina egin behar da, 20 puntu horietan 5 minutu geratuz eta ikusten eta entzuten diren hegazti guztiak zenbatuz (espezieak eta kopuruak). Metodologia eta datu zehatzagoak aurreko urteetak postetan, hemen adibidez, 2018, 2019 eta 2023 urteetako laburpenetan eta 2015-2025 bilakaeraren laburpena aurkeztu nuen sarreran.
Aurtengo ezusteko nabarmenenak, SACRE barruan lehenbizikoz ikusi ditudan 2 espezie: sai zuria eta galeper eurasiarra. Sai zuria urria baina ohikoa da Eibar inguruko zenbait tokitan, besteak beste Markinaldean eta Udalatx aldean; SACRE barruan Etxebarrin ikusi dut aurten lehenengoz. Galeperra, berriz, erabat arraroa da Eibar aldean. Santa Kurutzen ikusi dugu gaur eta poz berezia eman dit, besteak beste, nire ohiko txoritokian ikusi dudalako, Mandiolaballean.
Guztira, 10 urtean, 73 espezie ezberdin zenbat ditugu SACRE programan.
Sai arrea (Gyps fulvus). Eibarren kumatu ez arren, Urkiola aldeko aleak sarri-sarri ikusten dira gure inguruan.
| 2015 | 2016 | 2017 | 2018 | 2019 | 2022 | 2023 | 2024* | 2025 | 2026 | TOTAL | |
| Koartza hauskara | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 3 | 1 | 1 | 0 | 6 |
| Ahate musketaduna | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 2 | 0 | 0 | 1 | 4 |
| Basahatea | 34 | 41 | 74 | 55 | 34 | 49 | 78 | 26 | 58 | 75 | 524 |
| Liztorjale eurasiarra | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 1 |
| Miru beltza | 0 | 0 | 2 | 0 | 0 | 0 | 2 | 0 | 2 | 3 | 9 |
| Miru gorria | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 1 |
| Sai zuria | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 1 |
| Sai arrea | 8 | 3 | 6 | 10 | 5 | 15 | 4 | 0 | 21 | 14 | 86 |
| Gabiraia | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 |
| Zapelatza | 2 | 3 | 3 | 3 | 5 | 2 | 4 | 1 | 2 | 4 | 29 |
| Arrano txikia | 0 | 0 | 0 | 2 | 0 | 1 | 0 | 0 | 2 | 0 | 5 |
| Belatz gorria | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 1 | 0 | 2 |
| Zuhaitz-belatza | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 1 |
| Galeper eurasiarra | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 1 |
| Uroiloa | 3 | 4 | 3 | 2 | 1 | 1 | 5 | 3 | 1 | 2 | 25 |
| Kuliska txikia | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 1 |
| Kaio hankahoria | 1 | 0 | 6 | 2 | 0 | 1 | 1 | 0 | 1 | 5 | 17 |
| Etxe-usoa | 26 | 69 | 32 | 45 | 39 | 42 | 26 | 6 | 21 | 68 | 374 |
| Pagausoa | 3 | 0 | 0 | 4 | 3 | 2 | 12 | 0 | 5 | 5 | 34 |
| Usapal turkiarra | 6 | 10 | 8 | 7 | 7 | 2 | 3 | 0 | 1 | 1 | 45 |
| Kuku eurasiarra | 4 | 2 | 3 | 2 | 3 | 0 | 2 | 0 | 0 | 2 | 18 |
| Sorbeltz arrunta | 87 | 191 | 105 | 121 | 155 | 89 | 244 | 38 | 182 | 77 | 1289 |
| Lepitzulia | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 1 |
| Okil berde iberiarra | 3 | 2 | 5 | 4 | 3 | 7 | 3 | 1 | 1 | 5 | 34 |
| Okil beltza | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 1 | 2 |
| Okil handia | 1 | 0 | 1 | 0 | 2 | 2 | 0 | 0 | 1 | 1 | 8 |
| Uhalde-enara | 0 | 31 | 20 | 12 | 28 | 25 | 42 | 4 | 27 | 36 | 225 |
| Haitz-enara | 3 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 1 | 6 | 11 |
| Enara arrunta | 4 | 5 | 7 | 0 | 9 | 13 | 2 | 5 | 14 | 8 | 67 |
| Enara ipurtzuria | 14 | 19 | 16 | 24 | 15 | 17 | 23 | 10 | 26 | 26 | 190 |
| Uda-txirta | 6 | 5 | 1 | 1 | 0 | 1 | 1 | 0 | 3 | 5 | 23 |
| Buztanikara horia | 4 | 7 | 6 | 2 | 4 | 17 | 9 | 6 | 7 | 16 | 78 |
| Buztanikara zuria | 10 | 7 | 6 | 5 | 4 | 9 | 16 | 6 | 9 | 4 | 76 |
| Ur-zozoa | 0 | 2 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 3 |
| Txepetxa | 29 | 38 | 38 | 46 | 39 | 38 | 35 | 16 | 30 | 47 | 356 |
| Tuntun arrunta | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 1 |
| Txantxangorria | 18 | 18 | 17 | 30 | 25 | 22 | 19 | 17 | 33 | 28 | 227 |
| Buztangorri iluna | 8 | 7 | 5 | 19 | 15 | 12 | 13 | 9 | 12 | 20 | 120 |
| Pitxartxar nabarra | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 1 |
| Pitxartxar burubeltza | 0 | 4 | 5 | 3 | 3 | 0 | 6 | 1 | 5 | 3 | 30 |
| Zozoa | 45 | 37 | 37 | 49 | 35 | 53 | 68 | 15 | 59 | 38 | 436 |
| Birigarroa | 9 | 8 | 13 | 5 | 12 | 19 | 8 | 5 | 12 | 9 | 100 |
| Garraztarroa | 0 | 1 | 1 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 3 |
| Errekatxindorra | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 | 0 | 2 | 2 | 0 | 1 | 7 |
| Sasi-txoria | 3 | 0 | 1 | 3 | 3 | 1 | 1 | 1 | 1 | 1 | 15 |
| Txinbo kaskabeltza | 0 | 19 | 18 | 6 | 13 | 24 | 30 | 12 | 30 | 50 | 202 |
| Txio arrunta | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 2 |
| Txio iberiarra | 14 | 16 | 11 | 13 | 15 | 9 | 13 | 1 | 9 | 12 | 113 |
| Erregetxo bekainzuria | 3 | 5 | 5 | 5 | 2 | 11 | 7 | 1 | 10 | 8 | 57 |
| Euli-txori grisa | 2 | 1 | 1 | 0 | 2 | 1 | 0 | 0 | 3 | 1 | 11 |
| Euli-txori beltza | 0 | 2 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 |
| Buztanluzea | 0 | 3 | 2 | 2 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 6 | 13 |
| Kaskabeltz txikia | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 |
| Amilotx mottoduna | 3 | 2 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 5 |
| Pinu-kaskabeltza | 1 | 1 | 2 | 1 | 1 | 1 | 0 | 1 | 1 | 0 | 9 |
| Amilotx urdina | 0 | 2 | 0 | 1 | 0 | 1 | 0 | 0 | 5 | 1 | 10 |
| Kaskabeltz handia | 13 | 18 | 17 | 25 | 11 | 13 | 11 | 5 | 12 | 14 | 139 |
| Garrapoa | 1 | 0 | 0 | 0 | 1 | 3 | 0 | 0 | 3 | 0 | 8 |
| Gerri-txoria | 4 | 5 | 3 | 4 | 5 | 4 | 7 | 2 | 7 | 0 | 41 |
| Antzandobi arrunta | 1 | 3 | 0 | 3 | 1 | 1 | 2 | 2 | 0 | 2 | 15 |
| Eskinosoa | 2 | 2 | 0 | 2 | 2 | 0 | 4 | 0 | 1 | 1 | 14 |
| Mika | 0 | 0 | 0 | 1 | 2 | 3 | 1 | 1 | 9 | 1 | 18 |
| Belabeltza | 31 | 32 | 41 | 26 | 36 | 36 | 27 | 12 | 34 | 22 | 297 |
| Erroia | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 | 4 | 7 |
| Arabazozo pikarta | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 |
| Etxe-txolarrea | 29 | 39 | 43 | 29 | 60 | 103 | 110 | 76 | 144 | 146 | 779 |
| Txonta | 36 | 37 | 42 | 39 | 48 | 23 | 43 | 12 | 20 | 40 | 340 |
| Txirriskila | 21 | 10 | 8 | 5 | 11 | 17 | 4 | 4 | 2 | 8 | 90 |
| Txorrua | 0 | 0 | 1 | 3 | 2 | 4 | 12 | 2 | 8 | 0 | 32 |
| Kardantxiloa | 18 | 25 | 23 | 12 | 22 | 33 | 19 | 4 | 12 | 14 | 182 |
| Txoka | 0 | 3 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 4 |
| Gailupa | 2 | 0 | 3 | 1 | 1 | 1 | 1 | 0 | 2 | 1 | 12 |
| Hesi-berdantza | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 1 | 1 | 3 |
| ALE KOPURUA | 512 | 739 | 643 | 635 | 688 | 736 | 930 | 309 | 856 | 849 | 6897 |
| SP. KOPURUA | 40 | 42 | 43 | 44 | 45 | 48 | 48 | 35 | 51 | 53 | 73 |
* 2024an bisitaldi bakarra egin ahal izan nuen.
Miru beltza (Milvus migrans).
Uroilo arrunta (Gallinula chloropus). Oso ugaria izan barik, ohiko espeziea da uroilo arrunta Ego, Artibai eta Deba ibaietan.
Usapal turkiarra (Streptopelia decaocto). Euskal Herrian gero eta hedatuagoa dagoen arren, ez da espezie ugariegia WN4080 laukian eta ezohikoa da Eibarren.
Sorbeltz arrunta (Apus apus).
Zimitz marradunak (Graphosomoa lineatum) gure perrexilaren gainean
Eibarren imutxa deitzen ditugun intsektu berezi hauek, zimitzak alegia, Pentatomidae familiako kideak dira. Munduan 900 genero eta 4.700 espezie inguru ezagutzen ditugu, bost kontinenteetan zabalduta.
Horien arteko hainbat aurkituko ditugu Euskal Herrian eta, deigarrienetakoa, eguerdian lorategian aurkitu dudan hau da, Graphosoma lineatum (zimitz marraduna). Bizkarrean dituen marra gorri-beltzei esker intsektu nahastezina da zimitz txiki hau. Sabelaldean, aldiz, marrak baino puntutxo beltzak ditu. Bestela, zimitz guztien itxura pentagonal sendo eta trinkoa dauka.
Europa erdi-hegoaldeko lurralderik gehienetan bizi da zimitz marraduna eta Euskal Herrian ere ohikoa da, batez ere hilabeterik epelenetan (negua erdi-lo igarotzen du).
Kolore bizi horiek ez dira kasualitatea: zimitzek "abisu" gisa erabiltzen dute euren kolore gorri bizia, hegaztiei eta bestelako harrapariei adierazteko zapore txarra dutela eta jan ez ditzaten (aposematismoa deitzen zaio fenomeno biologiko horri). Gizakiontzat, ostera, ez dute inolako arriskurik.
Euskara estandarrerako ZIMITZ hobetsi bazen ere, beste hainbat aldaera ere baditu hizkeraz hizkera, imutxa eta imitxa Eibar inguru honetan, tximintxa ere bai bizkaieran, tximutxa eta abar gipuzkeraz, ximitx eta tximitx Ipar Euskal Herrian zein Nafarroan...
Lehenago ere ikusi izan ditut zimitz edo imutxa marradunak, baina gaur dozenaka eta dozenaka zebiltzan perrexil artean, ehundik gora ere bai, seguru asko. Han-hemen begiratuta, ez omen da arraroa horrelako kontzentrarioak aurkitzea giroa epeltzen denean, gehienbat eurentzat jaki goxoa diren landareetan, perrexila, mihilua edo azenarioa, adibidez. Landare horien zukua eta, batez ere, haziak jaten dituzte.
Elikatzeko ez ezik, ugaltzeko ere aprobetxatzen dituzte horrelako kontzentrazioak. Tira, ba, argazki batzuk atera eta hantxe utzi ditut berriz, jardunean.
Adi mendia (1.457 m): Kintoako behatoki nagusia Urkiagako lepotik
Adi mendia (1.457 m) Nafarroako Pirinioen atarian dago kokatuta, Erroibar udalerrian, Kintoa mendigune ezagunaren bihotzean. Eskualdeko gailurrik garaiena eta ikonikoena da eta bere tontor belartsu eta biribilduak mugarri garrantzitsua osatzen du paisaian.
Horrekin batera, inguruak balio ekologiko handia ere badu, batez ere gailurra inguratzen duten pagadi zabalengatik eta Sorogain aldeko larre ederrengatik.
Horri guztiorri gehitzen badiogu tontorretik dagoen bista panoramiko bikaina (Kantauri itsasotik hasi eta Pirinioetako gailur garaienetaraino, Orhi, Hiru Erregeen Mahaia, Anie, eta abar), ulergarria da Euskal Herriko mendizaleontzat tontor handia izatea, eta guretzat ere aspaldiko asmoa izatea Erroibarko tontor nagusia den Adi igotzea, 100 mendien lehiaketaren barruan.
Eta azkenean egin dugu, Aste Santuko oporrak aprobetxatuta.
Urkiagako lepotik Adi tontorrera, GR-11 jarraituta
Gailuerrera heltzeko biderik ohiko eta samurrena Urkiagako mendatetik abiatzen dena da, pagadi arteko igoera atsegina eskaintzen duena (nahiz eta amaieran malda pikarra izan). Sorogaineko haranetik edota Zilbetitik ere igo daiteke, bide luzeagoak erabilita.
Guk errezetik jo genuen, Urkiagako lepotik, alegia. Puntu garrantzitsua da Kintoako lepo hau, Banka (NB) eta Erroibar (NG) arteko mendate ezaguna.
GR-11 eta GR-12 ibilbideak bertatik igarotzeaz gain, Kintoan barrena ibilbideko puntu garrantzitsua ere bada.
Urkiagako lepoa, informazio-kartelak
Mendizaleentzat puntu estrategikoa izanda, Adirako igoera guztia oso garbia da eta zalantzarik gabe dago seinalizatuta. Kontuan izan GR-11 (Transpirenaika) ibilbidean zehar mundu osoko mendizaleak pasatzen direla hemendik, Kantauritik Mediterraneorako bidean.
Kintoa eta pagadiak
Kintoa (Quinto Real) Nafarroako baso-eremu zabal eta aberatsenetako bat da, Erroibar, Esteribar, Baztan eta Aldude artean kokatua. Bere izena Erdi Aroko "kintoaren" zergatik dator (erregeari ematen zitzaion bazka-baliabideen 'bostena'), eta gaur egun kudeaketa bereziko parajea da, mugako itunek arautua. Pagadi amaigabeak dira nagusi bertan, eta fauna aldetik balio handiko tokia da; bereziki ezaguna da udazkenean oreinen marrualdia (arrak orroka hasten diren garaia) entzuteko eta ikusteko eskaintzen duen aukeragatik.
Paisaia berde eta hezea, erreka garbiak eta historiaz beteriko bideak dira Kintoaren nortasun-ikur nagusiak eta hegaztiak behatzeko ere eremu paregabea da, batez ere okilak ikusi nahi badituzu, okil beltza, handia, berdea, txikia... eta Euskal Herrian hain urria den okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos) behatzeko leku onenetakoa delako Kintoa.
Kintoako basoek ez dute Iratikoek adina izen eta oihartzunik, baina naturaz gozatu nahi duenari behar duen guztia eskainiko dio Kintoak, Iratik adina bai bederen.
Urkiagatik abiatzen den ibilbideak ere pagadian barrena egiten ditu hasierako kilometroak, zelan ez. Hegaztiei dagokienez, espezie forestalak nagusitzen dira hasiera honetan: garrapoak, gerri-txori edo katanarrak, txontak, kaskabeltz eta amilotxak, okilak, zozo-birigarroak, eta abar.
Kintoako pagadia
Bioletak
Bizpahiru kilometro egin ostean, Gorosti bizkarra edo Adiko soroa izeneko parajera helduko zara (1200 metro inguruko garaiera). Handik aurrera, pagoak desagertu egiten dira eta goi-larreek hartzen dute haien lekua. Hegaztiak ere aldatu egiten dira, mendi inguruneetara hobeto egokitutako espezieak agertzen baitira: hegatxabalak, mendi-txirtak, garraztarroak, miru gorriak... ugatz bat ere ikusi ahal izan genuen.
Betiko moduan, ikusi-entzundako espezieen zerrenda eBird-era igo genuen.
Ikuspegia ireki egiten da eta Nafarroa Behereko haran eta mendiak agertzen dira gure begien aurrean.
Hortik gorako igoera gogortzen hasten da. Malda pikarra, izterrak berotzen hasteko aproposak!
Ahaleginak beti merezi du. Tontorretik ikuspegi bikaina daukagu eta txorixo-ogibitartekoak ez dauka preziorik. Mendebalderantz Aralar, Aiako harriak, Mendaur, Larhun eta Kantauri itsasoa. Ekialderantz, Iparla, Baigura, Ortzantzurieta... eta barrenean Pirinioak zuri-zuri. Auritz aldea ere ber-bertan ikusten da.
Beheranzkoan Adatungo mendatera jaitsi gara (ekialderantz), hau ere GR-11 eta GR-12 ibilbideen puntu estrategikoa, eta handik bueltan-bueltan itzuli gara igotzeko erabili dugun puntu berera.
Adatungo mendatea (1200 m)
Aztarna arkeologikoak eta historikoak
Ibilbidean zehar hainbat aztarna arkeologiko ikusi daitezke, Adiko soroko tumuluak, adibidez, eta gerra zibilak hutsitako markak ere nabari-nabariak dira Urkiagako mendatean bertan eta igoeraren lehen zatian, hormigoizko bunkerrak ikusiko dituzulako. Pirineoetako Lerroaren (P Lerroa) parte dira, Francoren diktadurak 40ko hamarkadan eraiki zituen, aliatuen balizko inbasio bati aurre egiteko. Gaur egun berdeak erdi estali dituen arren, oraindik ere gure historiako garai beltz baten oroigarri garbiak dira.
Frankismoak eraikitako bunkerra Urkiagako lepoan
Datu teknikoak
- Distantzia: 9 km inguru (joan-etorria).
- Desnibela: 550 metro inguru.
- Iraupena (igoera): 1,5 - 2 ordu inguru.
- Zailtasuna: ez du zailtasun teknikorik, baina azken aldapa, Adiko lepotik tontorrera, pikoa da.
- Seinaleztapena: Oso ona (GR-11 eta GR-12, marka zuri eta gorri garbiak).
Abraku / Argañeta (1.005 m), Beartzun auzotik Bankara bidean #100mendi
Baztanek eta Bankak bat egiten duten tokian dago Abraku mendia (1.005 metro). Alboan daukan Hauza handiak (1.304 m) itzal egiten dio eta, beharbada horregatik, ixil eta gorde geratzen da mendizale askorentzat. Hala ere, erabat gomendagarri eta gozagarri suertatuko zaio bertaratzen den mendizaleari.
Igoera Elizondoko Beartzun auzotik hasi genuen. Leku ederra da Beartzun, lurrez Elizondo izan arren, mendi arteko aran txiki polit askoan paratua. Auzunearen barrenetik goiti egin genuen, Basagar leporantz. Bidea garbia da, tarterik handienean mendi-bide zabala, batez ere hasieran. Ondoren, pagadian zehar egiten du bideak, Pagozelaiko leporaino.
Azkenengo zatiak ez du zalantzarik, parez pare aurkituko dugulako Abraku mendiaren tontor garbia.
Beartzun auzoa (Elizondo).
Beartzundik goiti bidea nahiko garbia da, zati handi batean pagadian barrena.
Abraku / Argañeta (1.005 m).
Abraku eta, atzean, Hauza.
Ekialdera begira, Banka eta Aldudeko lurrak eta, barrenean, Pirinioak zuri.
