Barraskilo arrunta, 'Cornu aspersum' (sin. Helix aspersa)
Seguru asko hauxe da Euskal Herrian dugun barraskilorik ugari eta arruntena, izenak iradokitzen duen moduan: barraskilo arrunta. Gure ortuetan gehien ikusten duguna izateaz gain, gure sukaldaritzako elementu garrantzitsu ere izan da azken belaunaldietan (tira, belaunaldi gazteagoek horrelako gutiziak baztertzen hasi diren arte, behintzat).
Ohiko den guztia bezalaxe, halaxe gertatzen zaigu animaliarik arruntenekin ere, euren xarma eta edertasuna ez dugula behar bezala apreziatzen (beharbada, ezta "ikusten" ere, ohikotasunak ezkutatuta).
Gaur goizean gure kalendulak jaten zebilen barekurkuilu eder honi begira ibili naiz. Izan ere, barraskiloak hipnotikoak dira, euren antena-erro mugikor horiek, oin gihartsu sendo eta ibilera kaotiko hori, aho txikitxo karraskari hori... Hipnotikoak! Ornitologoa ez banintz, malakologoa nintzateke ;)
Euskarazko izenei dagokionez, hiru forma nagusi daude Euskal Herrian molusku hauek izendatzeko:
- barraskilo (barraskil, marraskilo, marrakilo, marrakulu...)
- barekurkuilu (barakuilu, barakorkoil, barekukula...)
- karakol (karakoil, kakol, karkoil, kurkuil...)
Barraskilo arrunta, Cornu aspersum
Helicidae familiako moluskua da barraskilo arrunta; Gastropodoen klasekoa (oskol bakarra daukaten moluskuen taldekoa, alegia). Gure ikasketa garaian Helix aspersa deitzen zen, baina duela pare bat urte, azterketa genetikoei esker, ikerlariak konturatu dira ez dela Helix generokoa eta izena moldatu diote, Cornu aspersum da orain.
Europan bada oso-oso antzekoa den beste espezie bat, Helix pomatia, baina Euskal Herrian ohikoagoa da Cornu aspersum. Esango nuke argazkikoa horixe dela, Cornu aspersum barraskilo arrunta.
Europa osoan bizi da eta Euskal Herrian ere ohikoa da eskualderik gehienetan, Nafarroa hegoaldeko lekurik idorrenetan izan ezik.
Barraskilo arruntaren ezaugarri nagusiak
Barraskilo arruntaren ezaugarri nagusiak hauexek dira (ingelesezko Wikipediatik jaso eta euskarazko Wikipediara igo ditugu).
Helduek 25-40 mm-ko diametroa duten oskol gogorra dute, lau edo bost kiribil dituena. Oskola marroi iluna izan ohi da, gaztain koloreko ikutuekin eta lerro eta orbanekin. Ahoa handia dute, ertz zurixka eta tolestua duena. Oskola ia beti eskuinera kiribilkatuta dago, eta ezaugari taxonomikoa da, baina ezkerraldeko adibide arraroak ere ezagutzen dira.
Gorputz bigun eta mukitsua du, marroi-grisa; oskolaren barruan erabat ezkutatu dezake. Erasotzen dutenean, muki sendo bat jariatzen du erasotzaileak uxatzeko. Ez du operkulurik, baina tenperatura baxuetan edo lehorrean epifragma deritzon mukizko mintz mehe lehorra sortzen du oskolaren ahoa itxi eta babesteko.
Udako bero eta lehorraldian estibazio izeneko lo-egoeran sartzen da eta neguan, berriz, hibernatu egiten du. Gainera, deshidratazioa kontrolatzeko mekanismoak ditu.
Buruan lau erro edo "antena" ditu: goikoak handiagoak dira eta argi-sentsoreak dituzte (begiak); behekoak ukimen eta usaimen-organoak dira. Ahoa buruaren azpiko aldean dago, aurrean, eta erradula izeneko kitinazko egitura dauka janaria marraskatzeko (hortz txikiak dituen mihi sendo baten antzeko egitura).