2007an krisialdia aurreikusi zuten Sorian
Bideoa bolo-bolo zabaldu da azken orduotan sare sozialetan. Benetan ere ikustekoa. Oso ona da. "Si la economía es muy fácil. La economia no hace falta estudiarla. Si ganas 5 y gastas 6... Esto va a terminar mu mal."
'Se veía venir...', dos abuelos de Soria predicen la crisis en 2007 from ShowU on Vimeo.
Solasaldi interesgarria Armeria Eskolan datorren astean
Mahai-inguru edo solasaldiaren izenburua ondorengoa izango da: "Gure Herri honen asmo, erronka eta itxaropen bideei buruzko gogoeta saioa eta solasaldia".
Armeria Eskolak antolatuta dago, bere 100. urteurrenaren ospakizunen barruan, eta aipatutako 4 hizlariak bilduko ditu: Iñaki Dorronsoro (Eusko Ikaskuntzako presidentea), Andoni Egaña (idazle eta bertsolaria), Jon sarasua (irakasle eta kultur eragilea), eta Garbiñe Biurrun (epailea eta irakaslea). Moderatzaile lanetan Odile kruzeta kazetari eibartarrak jardungo du.
- Lekua: Armeria Eskola, Eibar
- Eguna: Azaroaren 15ean
- Ordua: 18.30
Gerald Durrell
Gaztaroan irakurritako liburuak gogora ekartzen ditudan bakoitzean, badira beti ate-joka azaltzen diren hainbat, memorian erabat iltzatuta geratu zaizkidanak. Batzuk klasiko tipikoak (La conjura de los necios, El guardián entre el centeno, Egunero hasten delako, Obabakoak, Babilonia, El señor de los anillos, Pelham uno, dos, tres,...); beste batzuk ez hain ezagunak (Rebelión en Milagro, adibidez, bikain-bikaina iruditu zitzaidan orain dela 20-25 urte); beste asko, Best Sellerren kategorian sartuko genituzkenak, Frederick Forsyth eta Ken Follet lagun (El cuarto protocolo, La isla de las tormentas, El valle de los leones...). Ez dakit orain ere horren ederrak izango liratekeen, berriz irakurriz gero, baina garai hartan, behintzat, erreferentzia izan ziren niretako.
Eta guzti horiekin batera, idazle nahiko ezezagun baten lanak ere agertzen zaizkit, Gerald Durrell naturalista eta idazle britainiarrarenak. Gerald "Gerry" Durrell Indian jaio zen 1925ean. Gurasoak ere bertan jaioak ziren, baina aita berehala hil eta familia osoa Ingalaterrara joan zen bizi izatera. 10-15 urte bitartean Corfu uhartean (Grezia) bizi izan zen. Hantxe, natura borbor zegoen lurralde berri hartan, hasi zen Durrell naturaz arduratzen eta bere sekretuak ikasten. Bere lan askotan ere erreferentzia garbia izango dira Corfun egindako urte haiek.
Naturzalea, zientzia dibulgatzailea, telebistako dokumental egilea... hainbat idazlan ere utzi zituen, dibulgaziozkoak zein fikziozkoak. Bere anaia ere idazle ospetsua izan zen, Lawrence Durrell. Oso gazte hasi zen Britania Handiko zoologikoentzat lanean eta espedizioak egiten, gehienbat Afrikara, animaliak harrapatu eta Europara ekartzeko. Baina zoologiko klasikoen eredua gaitzetsita, 1958an lur-eremu handi bat erosi zuen (Jersey-ko Channel Island delakoan) eta bere zoologikoa sortu zuen eta, ondoren, Durrell Wildlife Conservation Trust fundazioa. Helburua, desagertzeko arriskuan dauden espezien ugalketa, gero berriz ere jatorrizko lurraldeetan askatzeko.
Naturzalea eta idazlea... 15-20 urte nituen garai hartan bere 8-10 liburu irakurriko nituen, barrena. Denetarik idatzi zuen, baina batez ere: bere espedizioetako gora-beherak azaltzen zituztenak (Tres billetes hacia la aventura, Los sabuesos de Bafut, Un zoo en mi equipaje, Atrápame ese mono...); bere gaztaroa gogoratzen duten liburu autobiografikoak (Mi familia y otros animales bikaina, edo Bichos y demás parientes, esate baterako), eta gazte literatura, naturara babestu beharraren mezua oinarri dutenak (zelako onak, esate baterako, El pájaro burlón edo Los secuestradores de burros).
Eibarko XIV. Jardunaldi Mikologikoak
Urtero moduan, aurten be Jardunaldi Mikologikuak antolatu dittu Eibarko Deporrak. Aranzadikin eta Eibarko Udalakin elkarlanian antolatzen dira eta aurtengua XIV. ekitaldixa izan da.
Zapatu-domeka euritsua perretxiko artian pasau dogu, hartara. Zapatu goizian Eibarko eskoletako umiak (eta guraso batzuk) Araba aldera juan ziran perretxiko bila. Euri zaparrak gaindittu eta otarra bete-betiak ekarri zittuen. Arratsaldian be etxeko lanak euki genduzen. Jasotako guztia antolatu, garbittu, txukun-txukun ipini, eta Klub Deportibora eruan.
Deporrian lanian zebizen Aranzadikuak, jasotako guztia katalogatzen eta erakusketarako gertatzen.
Eta gaur goizian ekitaldi nagusixa Untzagan (eurixa zala-ta, Toribio Etxebarriatik udaletxeko arkupera eruan dabe). Perretxiko-erakusketia, perretxiko azokia, perretxiko dastaketia... Umiendako herri kirolak be egon dira, Eibarko Euskal Jokoak taldian eskutik (Kortina eta Bihurri), eta eskoletako haurrak gustora ibili dira harri-jasotzen, trontzan eta kaskara-batzen.
Amaitzeko, sari-banaketia.
Behin eskatzen hasitta:
- euskeriari lehentasuna emotia (kartel "normal" elebidun hori, Eibarko deporrak antolatuta, eta Eibarko umiendako, ba, ez; Kortina erderaz azalpenak emoten entzutzia Untzagan Eibarko umieri be, ba, ez).
- informaziño apur bat Deporran webgunian?
Datorren urtian gehixago.
Eibarko euskararen inguruko ikastaroa
Ikastaroa 10 ordukoa izango da eta azaroko astearteetan (6, 13, 20, 27 eta abenduak 4) emango da, 18:30etatik 20:30era Eibarko Udal Euskaltegiko geletan.
Ikastaroan zehar Eibarko euskararen oinarriak jaso eta praktikatzeko aukera izango da. 16 urtetik gorako Eibar eta inguruetakoei dago zuzendua.
Asmoa ez da 10 orduan Eibarko euskaraz hitz egiten ikastea, baina bai herriko eta inguruko euskararen ezaugarri nagusiak ematea, ikasleen zalantzak argitzen saiatzea, eta ikasleei oinarri batzuk ematea.
Iaz ere antzeko ikastaroa antolatu zuen Badihardugu Elkarteak hitanoaren inguruan. Arrakasta handia izan zuen eta 35 lagunek hartu zuten parte (argazkia alboan). Aurten ere hitanoak bere lekutxoa izango du ikastaroan, nola ez, Eibarko euskararen ezaugarri bereizgarrienetakoa izanda.
Izen-ematea
Izena ematea Badihardugu Euskara elkartean izango da eta epea urriaren 16tik 31ra bitartean (biak barne) egongo da zabalik. Matrikula egiteko orduan edo lehen klase egunean ikastaroa ordaindu beharko da (10€). Partaide kopurua mugatua izango da.
Izena emateko Elkartearekin harremanetan jarri behar da:
- Elkartearen egoitzan: Markeskua jauregia. Otaola hiribidea, 1. Eibar
- Posta elektronikoz: admin@badihardugu.com
- Telefonoz: 943 12 17 75
"Gazta zati bat", eguaztena 19.00 Coliseoan
Oraindik ikusi ez dugunok, Coliseoan ikusi ahal izango dugu Jon Maiak zuzendutako filma, Gazta zati bat. Coliseoan izango da, arratsaldeko 7etan (sarrera 2,5 euro).
Eibarko Udalaren urriko kulturgidatik kopiatzen dut ondorengo testua.
Nazioen Munduan ekimenetik abiatzen da filma, eta Euskal Herria eta Eskoziako herritarren erabakitzeko eskubidearen inguruan ari da hein handi batean, herri kirolen truke batetik abiatuta. Zuzendariaren hitzetan: “Dokumental honek euskal gatazka modu berritzaile batean aurkezten du: hainbat gertakizunen inguruko gertuko begirada eskaintzen du, letra txikiz kontatzen du historia, gertutasunetik, intimismotik eta umoretik... Gizatasunaren faktorea azpimarratzen du eta historiaren eta kazetaritza kroniken estereotipoetatik aldentzen da”. Dokumentala Nazioen Munduan kolektiboaren ekimena da eta Pixelek produzitu du. Xabi Solano eta Zigor Lanpre DZ izan dira musika sortzeko ardura izan dutenak.
Munduan bere gaztagatik ezaguna den Euskal Herriko herri txiki batean abiatzen da istorio hau. Herritar xume batzuk, Europako indarkeriazko azken gatazka politikoaren zauri eta banaketa guztien gainetik misio handi bati ekingo diote: munduan zer izan erabaki ahal izatea.
Abentura horrek Europan albiste nagusi bihurtuko diren bi herrien gertakizun historikoen lekuko zuzenak izatera eramango ditu: Eskozia eta Euskal Herria. Letra txikiz idatzitako historia handi bat. Etorkizunari begira jartzen gaituen aro berriko dokumental bat.
- Urtea: 2012.
- Zuzendaria: Jon Maia.
- Ekoizpena: Pixel Produkzioak.
- Gidoia: Jon Maia.
- Argazkilaritza: Juantxo Sardon.
- Musika: Xabier Solano, Zigor Lanpre.
- Edizioa: Eriz Zapirain.
- Iraupena: 99 minutu.
Igande honetan, "Hegaztien Eguna"
Ba bai. Udazkeneko migrazioarekin batera Nazioarteko Hegaztien Eguna ospatzen da urtero urriko lehenengo igandean. Helburua, hegaztien mundua eta naturaren kontserbazioa herritarrei hurbiltzea. Ornitologia Elkarteek hainbat ekitaldi antolatzen dituzte eta Euskal Herrian ere halaxe izaten da (eta izango da aurten ere).
Sasoi honetan milaka eta milaka hegazti igarotzen dira gure zeruetan barrena, Iparraldeko lurrak utzi eta Afrikara bidean. Oso garai egokia da, beraz, urtean zehar ikusten ez diren hamaika espezie ikusteko. Gainera, gure kostaldeko eta barrukaldeko hezeguneak ezagutzeko ere aukera polita da. Hezegune nagusi eta ezagunenetan ornitologoak izango dituzue zain, euren prismatiko eta katalejoekin, hurreratzen garen guztioi hegaztirik ezkutuenak erakusteko eta edozein zalantza argitzeko.
Itsasenara Ornitologia Elkarteko kideak, esate baterako, Txingudin egongo dira. Plaiaundiko parke ekologikoan (Irunen). Goizetik hasita, elkarteko hainbat kide parkeko hainbat puntutan kokatuko dira, teleskopio eta prismatikoekin hegaztien behaketa ahalik eta gehien errazteko bisitariei; halaber, hegaztien ohitura eta biologiari buruzko informazioa azalduko diete. Parkearen sarreran elkartearen stand bat egongo da, eta orain arte egindako argitalpen eta ekintzak azalduko dituzte han. Txepetxa taldekoek eta Izate taldekoek ere antolatu dituzte zenbait ekimen (Boluen eta Garaion lehenengoek, larunbatean; La Arboledan bigarrenek, igandean).
Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere antzeko kontuak aurkituko ditugu, gehienbat hezegune nagusienetan. Lehenago ere aipatu izan ditugu hiru hezegune garrantzitsuenetarikoak blog honetan, Urdaibai, Txingudi zein Salburua. Haurrekin joateko ere, hirurak egokiak, gehienbat azkenengo biak.
Eta domekan honetan Kilometroetara bazoaz, ba, hurrengo asteburuan!
Deporraren "ate irekien" eguna
Eibarko Klub Deportiboak “Ate irekien eguna” ospatu zuen irailaren 29an (ikus albistea Deporeibar.com webgunean). Kirola eta kultura gure herrian sustatzeko asmoz, Klub Deportiboak kalera atera nahi izan zituen bere batzorde eta taldeetan egiten diren kirol eta kultura ekintzak: pilota, bizikleta, mendia, dantza, eskalada, atletismoa, espeleologia, squasha, eta abar.
Egun ederra izan zen; ospakizun parte-hartzaile eta gertukoa. Herritar asko inguruan, antolatutako ekitaldietan parte hartzen, Deporrak kudeatzen dituen kirol guztien berri jasotzen. Zorionak antolatzaileei. Zapatuko jaialdiaren laburpen-bideoa ere egin digute orain, Pello Osoro bazkide gaztearen eskutik (bere alboan egon nintzen Untzagan, altuera jauzia sekulako katxarroarekin grabatzen zuen bitartean).
Eibarko Klub Deportiboa (eibartarrontzat "Deporra") irabazi asmorik gabe sortu zen 1924an eta ordutik hainbat arlo edo komisio sortu dira (gaur egun 13 dira). Kideek, klubean egiten dituzten ekintzak kalean ezagutu eta disfrutatu ditzaten nahi dute, "*kultura, kirola eta aisialdiak bat egingo duen eguna*" izatea, "*klubaren ateak herritarrei irekiz, eta parte hartzeko gonbitea luzatuz*". Horregatik, berauen errepresentazio txiki bat bertatik-bertara ikusteaz gain, norberak probatzeko ere, aukera paregabea izan genuen joan den larunbatean.
Esan dudan moduan, jai polita izan zen. Hurrengoaren zain ;-)
Hiru marisorgin ikusi nituen oso denbora gutxian
Marisorgina Mantodea ordeneko espezierik ezagunetarikoa da. Matxinsalto edo txitxarren lehengusua dirudi, baina erabat deigarria da, bere buru handi, begi borobil eta beso luzeekin. Euskaraz marisorgina du berezko izena; gaztelaniaz santateresa eremu askotan, baina izen zientifikoa da gehienok ezagutu eta erabiltzen duguna Mantis religiosa.
Europa osoa bizi da eta 5-7 cm luzera du. Bakarka bizi dira, ugalketa sasoian izan ezik. Urtebete bizi dira eta urte horretan zehar 5-6 muda izaten dituzte. Berdeak edo arreak izan ohi dira, azken muda egin duen ingurunearen arabera (belarra, lastoa, orbela...).
Mito ugari sortu dira marisorginaren inguruan. Pozoitsua dela, kaltegarria dela (muerte ere deitzen diote Espainiako eskualde batzuetan), emeak arra jaten duela ernalketa ostean... Ez, ez da pozoitsua, eta ezta arriskutsua ere. Kontuz hartzen badugu ez digu ezertxo ere egingo. Eta emeak arra jaten duela ere, gerta daiteke, baina gehienetan ez da horrelakorik gertatzen.
Ez dira ugari-ugariak, baina Euskal Herrian sarri ikusten dira. Batzuetan erraz-erraz ere bai. Ostiral arratsaldean, esate baterako, 3 ikusi nituen. Bata (arrea) Bidebarrieta kaleko denda baten eskaparatean; handik 200 metrora beste bat, elizako horman itsatsita (berdea eta handi-handia); etxera heldu eta hirugarrena kotxearen autoan lasai-lasai errezatzen.
Azoka ekologikoa Urkizun
Bihar, larunbata, Eibarko I. Azoka Ekologikoa izango dugu. Urkizuko parkean izango da, goizeko 9etatik aurrera. Gutxinaka bada ere, produktu ekologikoen ekoizpena goraka doa, eta horrekin batera produktu ekologikoak kontsumitzen ditugunona.
Nekazaritza ekologikoa aste guztian izan da hizpide Eibarren. Debemenek, Biolurrek eta Aza ta Porrua kontsumo-taldeak antolatuta, hitzaldiak eta aurkezpenak izan dira egunotan. Biharkoan azokaren txanda izango da. 30 mahai egongo dira Urkizun. Ogia, barazkiak, gazta, sagardoa... guztiak ere euskal produktu ekologikoak. Ingurumena kaltetzen ez duten prozesuak erabilita.
Azokarekin batera haurrentzat tailerrak ere izango dira (ogigintza eta sukaldaritza ekologikoarena). Gainera, etzi (domeka, irailak 23) mendi-irteera interesgarria ere egingo da, Eibarko naturguneak ezagutzeko, Legarretik hasi eta Urkoraino, Abontza errekan barrena (Arrajola barrenetik gora).
Epe ilun eta luze baten ostean, badirudi gure baserritarren etorkizuna zertxobait argitzen hasi dela. Gazteak berriro hasi direla plazako produktuak erosten eta bertoko produktuak kontsumitzeko gogoa ernetzen ari dela. Ea egia den. Horren adierazle izan daiteke Aza ta porrua kontsumo-taldea. Hemendik aurrera Rialtoko merkatu plazan egongo ei dira, astelehen, eguazten eta barixakuetan. Animo!