Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Eibarko elkarte eta taldeak udaletxean

Eibarko elkarte eta taldeak udaletxean

Asier Sarasua 2013/04/29 22:15
Azken urteotako ohiturari jarraituz, aurten ere Eibarko udaletxean elkartu gara herriko elkarte eta talde gehienak. Eibarko Udalarekin dauzkagun urteroko lan-hitzarmenak eta diru-laguntzak berritu ditugu. Aurten 186.000 euro banatuko ditu udalak, 39 elkarteren artean 46 proiektu gauzatzeko.

Dagoeneko "tradizio" bihurtu da udaberriroko topaketa. 2010ean eredu honi hasiera eman zitzaionetik, urtero-urtero udaletxean elkartzen gara Eibarko elkarte, talde eta batzorde gehienak, Udalak deituta. Kultura, euskara eta kirol jarduerak bultzatzeko ematen dituen diru-laguntzen harira elkartzen gara, sinadura-ekitaldi guztiok elkarrekin egin, eta "bisibilitate" gehiago emateko. Aurten ere hantxe egotea egokitu zait, Badihardugu Elkartearen eta Ahotsak proiektuaren izenean.

Eibarko Udalarekin hitzarmena

Aurrekoren batean ere aipatu nuen: uste dut ideia ona izan dela hitzarmenak izenpetzeko ekitaldi hauena. Elkarte guztiak batu, talde-argazkia atera, herritarren artean ere hemen gaude aldarrikatu... Udalak ere etekina ateratzen dio, jakina, ekitaldi "bistosoa" da-eta.

Kexaren bat? Pentsatuko duzuen moduan, krisia eta diru-murrizketak izugarri nabaritzen direla. 2009. urtean 400.000 euro banatu zituzten; 2010ean 330.000... aurten 186.000 euro (egia da, hala ere, urtero aldaketak daudela diru-partidetan, eta deialdiak/hartzaileak ere aldatu egiten direla urtero; beharbada ez dira konparagarriak). Euskalgintzari dagokionez, hala ere, ezin gara kexatu: iazko diru-kopuru berbera edo gehixeago daukagu aurtengoan (guk geuk 4.000 euro jaso ditugu Ahotsak Ikasgelan proiektua indartzeko).

186.000 euro kultura, euskara eta kirola sustatzeko

Esan bezala, aurten 186.000 euro banatuko ditu udalak, 39 elkarteren artean eta 46 proiektu gauzatzeko. Arloka banatuta:

  • 82.000 euro euskara elkarteentzat (4 talde; 7 proiektu)
  • 46.000 euro kultur elkarteentzat (12 talde; 13 proiektu)
  • 36.000 euro jai batzordeetarako (12 talde; 12 proiektu)
  • 21.000 euro kirol elkarteentzat (10 talde; 13 proiektu)
  • 1.000 euro gazteria atalean (talde eta proiektu bakarra, Musikari Gazteen Elkartea)

Diru-laguntza hauei esker, Eibarren euskara sustatzen da, bertsolaritza, dozenaka kultur jarduera (dantza, musika, argazkilaritza, antzerkia, filatelia, zinema...), sariketak eta erakusketak antolatzen dira, kirol ekitaldiak bideratzen dituzte (Gimnasia erritmikoa, txirrindularitza, judoa, triatloia...), auzoetako jaiak antolatzen,... Udalarentzat, hortaz, gastua baino inbertsioa dira 186.000 euro hauek.

Animo, beraz, talde, elkarte eta eragile guztiei! Indarra gurekin izan dezagula 2013ko ekitaldietan barrena!

Oier A.
Oier A. dio:
2013/04/30 10:13
Ez dut ikusi Deportiboko ordezkaria argazkian, eta pena, Euskal Jaia antolatzen duen Kultura batzordea, Argazkilaritza talde dinamikoa, Kezka dantza taldea eta hainbat kiroletako batzordeak dituen elkartea baita.

Baina aurten zerbait aipatzeko badago, nire ustez Udalak azken asteotan emandako urrats oker, injusto eta desegokiak dira. 186.000 euro 39 elkarte eta 46 proiektutarako. Orain 3 urte baino 144.000 euro gutxiago. Krisia? Bai, hori esaten digute. Baina pasa den astean jakin dugu Udal berak eta krisi kontestu berean, 125.000 euro jarriko dituela futbol zelai baten belarra aldatzeko.

Inork ez al zuen kontu hau azaleratu familia argazki irripartsu horretan? Ez nekien atzo egitekoa zenik ekitaldi hau, baina zin dagizut jakin izan banu bertara agertu eta bereak eta bi esango nizkiela Alkate, Kultura zinegotzi eta Kirol zinegotziei.
Mikel Larreategi
Mikel Larreategi dio:
2013/04/30 12:32
Ba konbokatu ere ez gintuzten egin. Ostegunean Argazkilaritza Maiatzean-eko prentsaurrekoan Estherrek pasadaz esan zuen "ah, astelehenean Udaletxean ikusiko gara ezta?" "zer dago ba?" esan nion, eta orduan esan zuen sinadura ekitaldia zegoela.

Ba guri ez digute abisatu eta joan ere ez nintzen egin.
Asier
Asier dio:
2013/05/02 08:25
Guztiz ados diñozuenakin: kontu batzuetarako dirutzak gastatzen dira, eta beste batzuetarako ez dago xemeikorik. Ipuruako kontu hori aittatu dozue, baina zoritxarrez holako milaka adibide dagoz; Eibarren ez ezik Euskal Herri osuan. Ni be harrittuta geldittu nitzan, hemerotekara jo eta azkenengo 3-4 urtietako murrizketia ikusi nebanian. Goixan idatzi neban moduan, ez dakit partida berberak diran, eta datuak konparatzeko modokuak ete diran, baina adierazgarrixa da 400.000 eurotik 186.000 eurora jaistia 4 urtian. Ez dakit alderdi guztietan bardin jaitsi dan (euskera, jaixak, kultura, kirola...); guk aurreko urtietako antzera jasotzen dogu, eta euskerako partidan ez da egon murrizketarik iaztik. Biharbada jaixetatik kendu dabe, edo partida haundi oso bat kendu dabe... Tira, diru-laguntzetan ixa 40 elkarte eta talde gaoz; indar pixkat eitteko gauza be izan biharko giñake, biharbada.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz