Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Asier Illarramendik oso gutxi du guisantetik

Asier Illarramendik oso gutxi du guisantetik

Asier Sarasua 2013/07/14 10:05
Madrilen "El guisante" Illarramendi esaten hasi direla eta.

Atzo jakin nuen, Marca egunkarian argitaratutako albiste honen bidez, Asier Illarramendiri "el guisante" deitzekotan dabiltzala Espainiako hiriburuko prentsa. El Cebolla Rodríguez edo El Conejo Saviola bezala, El guisante Illarra bataiatu nahi dute mutrikuarra, Hegoamerikako jokalarien tradizioaren harira.

Asier "el guisante" Illarra

Alderdi soziolinguistikotik ere mereziko luke komentarioren bat albisteak (inperiokoen betiko leloa: "¿y qué quiere decir tu nombre en castellano?"), baina linguistikotik ekingo diot nik. Izan ere, Illarramendi ez baita monte de guisantes, txilarra hazten den lurra baizik. Txillardegiren pareko, nolabait esateko.

Egia da, bai, ilar hitzaren lehenengo adiera nabarmena dela: erdarazko guisante edo petit pois esan gura du (eta zenbait eskualdetan, baita babarruna ere).

Baina bigarren adiera bat ere badu euskalki eta hizkera batzuetan, OEH-en ere aurki daitekeena: brezo / bruyere. Izan ere, euskara batuan "txilar" darabilgun landareak beste makinatxo bat aldaera ere baditu euskaraz ondo zabaldu eta dokumentatuta, besteak beste, ilar, iñar, kiñar, giñar, killar, txilar... (batzuetan baita -a itsatsiarekin ere, illarria, kiñarria... IllarrAmendi abizenean legez). Ikus Bergarako eta Eibarko adibideak, esate baterako.

Illarramendiren oinarrian ere horixe dagoela esango nuke, txilarra (eta ez ilar lekaria), zalantza gutxirekin. Koldo Mitxelenak ere horrela dakar bere "Apellidos vascos" liburuan, antzeko beste zenbait abizenekin batera (Ilardui, Iraragorri, Ilhardoy, Iñarrairaegi, Ilarregi,...).

Hortaz: Illarramendik ez duela zerikusirik ilarrekin, txilarrarekin baizik.

Resumen en cristiano para lectores de Marca: Illarramendi quiere decir brezal o monte de brezos. Nada que ver con los guisantes. Saludos cordiales.

Serafin
Serafin dio:
2013/07/14 20:17
Oso ondo. Bikain Asier. Bialdu detsak "Marca" fubol aldizkariari?
iturri
iturri dio:
2013/07/14 21:11
Ona, Asier.

Goizean aipamena egin diot @marca ri twitter-en eta oraintxe bertan @oscarbadallo gipuzkoar kazetariari. Bera baita Gipuzkoako korrespontsala.
Iban
Iban dio:
2013/07/15 00:27
Hara, ikasi dugu hau ere! Neuk ere akats bera egingo nukeen itzulpenean...
Ba al dakizue zer iruditzen zaidan benetan lotsagabea? Zubietara joaten hasi arte erderarik apenas zekiela esateak, horregatik tipo xelebre bat edo besteak baino gutxiago bailitzan. Nork esango eta gipuzkoar kazetari elebakar batek! (40 urteren bueltan ibiliko da Badallo, Illarra bere 23 urterekin gutxienez elebidun bada).
agirre
agirre dio:
2013/07/15 10:18
Espainolak konturatu ote dira "guisante" hori guisar egintzarekin loturik dagoela, "ternera" guriarekin, "cordero" sokarekin, "conejo" aluarekin, "melón" eta "melocotón" eztiarekin, "pomelo" eztiarekin, "lenteja" lehiarrarekin, "filete" (labanaren) ahoarekin, "centeno" ehunekin, "cebada" galkatzearekin, etc, etc.?
Ez, jakina: espainolez, frantsesez, ingelesez eta armada duten hizkuntzetan, izenek "ez dute adierazten", ez dute "esan nahi". Hala dira, eta kito.
"Nola duzu izena?", "Asier, Lierni", "Zer esan nahi du horrek?"
"Nola duzu izena?" "León, Segundo, Dolores, Angustias, Sagrario, Amparo, Fidel, Cándido, Rosa, Margarita, Valerio, Lucio...", "Bejondeizula, urte askuan!"
Jon
Jon dio:
2013/07/15 10:21
Bai, guztiz adoz Asier Sarasuarekin.
Arrasateko euskalkian ere
Iderra = guisante (erderaz) eta Illarra = brezo (erderaz), Leniz bailarako baserrietan erratzak egiteko erabilia.
Beraz logika gehiago du Illarramendi = illar landarez betetako mendia izatea
Julen
Julen dio:
2013/07/15 10:51
Ilar 'txilar'-en lehen lekukoetako bat Donemiliagako kartularioan aurki daiteke itxuraz, Arabako herriaren izenean: Hillarrazaha (1025, Reja deituriko agirian).

Eta bai, 'txilar' adierazten duela dirudi.

Bide batez, hillarre eta ilharre aldaerak ere baditu izenak, besteak beste.
Ilharrita-Hilharrieta
Ilharrita-Hilharrieta dio:
2013/07/15 17:14
Okabe mendi kaskoan, Irati gainean, bada cromlech multzo biziki ederra (Euskadiko ederrena diote...). Leku izena Hilarrieta (hil harri-tik) da batzuen arabera, eta besta batzuek Ilharrita erraten dute.
Norbaitek ba al daki bietarik zein den "egiazkoa"?
Martin Kitto
Martin Kitto dio:
2013/07/15 23:00
Nik uste dut saltsa-maltsa hau guztia guk sortu genuela albiste honekin: http://katxonderstan.blogspot.com.es/2013/06/asier-illarramendi-guisantemonte-izango.html
Ibon
Ibon dio:
2013/07/17 13:08
Bai bai, zuk nahi dozun bezala, baina "in the kitchen" dagoenez, a joderse... Orain ez hiztegiari ostikoak eta ematen dizkiotela ta txotxolokerizekaz... Ta bere kuadrilla osoa osaba Florenekin argazkiak atereaz...? Florenen Mutrikuko koadrilla berria...? Auzo lotsa aizu...
ibon
ibon dio:
2013/07/17 13:15
*orain ez hasi
Oker
Oker dio:
2013/07/17 17:51
 
Leunben, Ogoño (Elantxobe) lurmuturreko magalean, be txilarra (Erica sp, Calluna sp edo Daboecia sp)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz