Hondarrazpiko edo xabiroiak, hareatzetako arrain ziztalariak
#UmetakoBerba horietako bat. Zarauzko hondartzan, eta "Kontuz! Hondarrapikuak dagozela esan deskue!". Umetako animalia "beldurgarri" horietakoa; sekula ikusi ez arren, denok ezagutzen genuen haren ziztada minbera.
Hondarrazpikoa edo xabiroia (ez nahastu komikiarekin, e?) arrain txiki talde bat da, trakinidoen familiakoa. Atlantikoan zein Mediterraneoan bizi dira, gehienetan harea edo lohi azpian ezkutatuta, zelatan, begiak bakarrik bistan. Ezkutaleku horretatik ehizatzen dituzte euren harrapakinak: ganbak, arrain txikiak... eta gure oinak!
Euren ezaugarri nagusia bizkar-hegatsa da. Eraldatuta dute eta ezten pozoitsuz beteta. Normalean ur pixkat sakonagoetan bizi dira, hondartzetatik urruti-edo, baina tarteka itsas bazter eta hareatzetara ere hurreratzen dira eta, orduan, euren bizkarra zapaltzen dugunean, dzast!! ziztada oin azpian.
Izenari dagokionez, salbaidxo deritzo Bizkaiko hainbat herritan eta xabiroi Gipuzkoako beste hainbatean. Gainera, saburdin, hondarrazpiko eta hondarpeko izenak ere jaso izan ditugu Lekeitiotik Zumaiarako tartean. Salbera ere erabiltzen da han-hemen, gaztelaniaz bezala (salvera; salvariego ere bai). Denek ere jatorri bereko izenak dirudite. Gainera, liburuetan ur-armiarma, armiarma-arrain edo dragoi-txiki ere aurkituko ditugu, gaztelaniazkoen kalko hutsak (espainolez araña edo dragón ere deitzen zaie talde honetako espezie batzuei), kostaldeko herrietan nekez entzungo ditugunak.
Bi dira gure uretan bizi diren espezieak: xabiroi zuria (Trachinus draco) eta xabiroi txikia (Echiichthys vipera). Azken hori izan ohi da hondartzetara hurreratzen dena. Aurten ere ugari samar ei dabiltza. Dzast!!! Baina tira, lasai e? Hasierako ziztadaren ondoren nahiko erraz joaten da mina, kasurik gehienetan.