Mundiala
Lanean porra egin dugu. Etiam eta Mendicute izan dira kakati bakarrak; besteok hortxe dihardugu, jo-ta-sua, Paraguai, Ghana eta Eslovakia bezalako selekzioak animatzen.
Uste dut porra horri esker inoiz baino sutsuago dihardudala mundiala jarraitzen. Bestela ere jarraituko nuke, jakina (futboleko mundialak, atletismokoak, saski-baloikoak edo joko olinpikoak... berdin zait :-) ). Baina porrak beste zer bat ematen dio lehiari.
Porran 11 talde hartu behar genituen bakoitzak (32 dira guztira), baina 4 taldetan banatuta (faboritoak, talderik onenak, ez hain onak, eta txarrak). Dena hartzen da kontuan: garaipenak, fasea pasatzea, aldeko eta aurkako golak... Kasu bakoitzean hainbat puntu. Lehia bizia daukagu!
Porrari egindako gainbegiratuarekin errepasoa emango diot mundialaren lehenengo zatiari. Hauek izan dira nire aukerak:
Faborito nagusiak (1 hartzeko): Brasil edo Espainia.
- Nik Espainia hartu dut. Mundiala irabazten badu, gutxienez puntu batzuk emango dizkit. Gaitzerdi.
Faboritoak (3 hartzeko): Argentina, Holanda, Portugal, Alemania, Frantzia, Ingalaterra, Italia.
- Alemania. Talde gazte eta kalitatekoa dauka. Dena normal joanda Argentina izango zuen finalerdietan (hala dirudi) eta Maradonak ez dit konfidantzarik ematen. Alemania hartu eta Argentina utzi nuen.
- Holanda. Sailkapen-talde erraza zeukan (Danimarka, Japonia eta Kamerun). Finalerako bidean Brasilen koadro berean dago, baina itxaropena neukan (eta daukat). Egia da azken urteotan ez direla fin-fin ibili, baina kalitatea daukate, talde orekatua, eta gola.
- Ingalaterra. Sailkapen-talde erraza zeukan eta koadro erraza finalerako bidean (Frantzia-Uruguai-Mexiko-Serbia-Ghana... izan zitekeen bere arerio finalerako bidean). Ia-ia finalista ikusten nuen. Baina sailkapen faseko bigarren geratu, Algeriaren aurka berdinduta, eta kaka. Dagoeneko kalean da. Hortxe galdu dut porra.
- Italia eta Frantzia ez nituen ondo ikusten. Eta Portugal Brasilen taldean zegoen eta Espainiarekin gurutzatuko zela zirudien (hala izan da).
Tartekoak (3 hartzeko): Serbia, Uruguai, Kamerun, AEB, Mexiko, Suitza, Nigeria, Txile, Paraguai, Grezia.
- Ez zitzaidan kostatu hiru aukeratzea: Paraguai, AEB eta Serbia. Lehenengo fasea aise gaindituko zutela pentsatzen nuen. Aukera asko zituztela. Batez ere, Paraguaik, Italiak sekula ez duelako lehenengo fase ona egiten. AEB ere bere mailan ibili da. Baina Serbiak huts egin dit. Azken partidako azken minutuan penaltia izan zuen sailkatzeko... eta kale! Kauen! AEB ere kanpoan da honezkero, baina Paraguai ondo ikusten dut. Zorte pixka batekin, finalerdietan. :-)
- Txile ere ondo ikusten nuen, baina Brasilen aurka gurutzatzen zen zortzirenetan. Hor jai daukala uste dut (Ameriketako sailkapen fasean erraz irabazi zion arren).
- Uruguai edo Mexiko aukeratzekotan ere izan nintzen, baina talde hori ez nuen batere garbi ikusten (Frantzia eta Hegoafrika ere hortxe zeuden). Zein sailkatuko zen? Zein ez? Zalantza larregi. Gaizki egin nuen, garbi dago. Uruguaik egundoko puntu extra pila emango ditu porran.
Eskasak (4 hartzeko): Boli Kosta, Algeria, Ghana, Japonia, Danimarka, Hegoafrika, Australia, Hego Korea, Eslovenia, Eslovakia, Zeelanda Berria, Honduras, Ipar Korea.
- Hego Korea sailkatuko zela iruditzen zitzaidan. Puntutxo batzuk eman dizkit.
- Hegoafrika ere hartu beharra zegoen. Herrialde antolatzaileak beti sailkatu izan dira bigarren faserako. Aurten izan ezik, jakina. Kaka.
- Eta beste biak? Ez zegoen aukera handirik. Zeelanda Berria hartu nuen, Italiaren taldean egonda punturen bat lortuko zuelakoan. Halaxe izan da. Eta Danimarkari ere aukeraren bat ikusten nion; bere taldean Japonia baino hobea zelakoan. Baina Japoniak ezustekoa eman zuen.
Ezusteko gutxi
Orain arte ez dirudi Mundialak ezusteko handirik eman duenik. Faboritoen artean ez, behintzat. Frantzia eta Italiaren porrota lehendik ere iragarrita zegoen. Brasil, Alemania eta Argentinaren nagusitasuna ere bai. Espainiak lehenengo partidan huts egin zuen, baina sailkapena ondo bideratu du. Eta ez dauka koadro zaila finalera bidean. Nekatuta daude, eta txisparik gabe. Xavi ez da Xavi. Eta Espainia (Barça bezala), Xavi da. Hala ere, uste dut hurrengo partidetan hobera egingo dutela. Oraindik ere faboritoen artean ikusten dut.
Uruguaik ez du beste munduko ezer egin, baina biderik zailena egin du. Ghana gaindituz gero, finalerdietan. Holanda erraz sailkatu da, baina benetako partida batean ikusteko gogoz nago. Bihar Eslovakia izango du parean; gainditzen badu, Brasil. Ea noraino heltzen den.
Japonia edo Ghana ere hortxe daude, nolabaiteko ezustekoa emanda. Baina ez dut uste askoz urrunago helduko direnik.
Egia esateko, mundiala oraintxe hasi da. Final zortzirenetan eta laurdenetan ikusiko da zein dagoen ondo eta zein ez horrenbeste. Alemania, Argentina, Brasil, Holanda, Espainia? Zein moldatuko da ondoen hil-ala-biziko partidetan? Zortea eta arbitroak ere lagun izan beharko dituzte.
Orain arte Alemania bakarrik ikusi dugu. Erraz-erraz gainditu du Ingalaterra. Gauean Argentina-Mexiko; Maradonaren taldeak lan egin beharko du. Eta bihar Brasil; eta Holanda; eta etzi Espainia-Portugal...
Puf! Disfrutatzeko!
Dantzari eguna, Kezka (eta beste)
Dantzari eguna
Joan zen ostiralean Dantzari Eguna izan genuen Eibarren. Kezka Dantza Taldeak antolatzen du urtero eta, nolabait esateko, ikasturte amaierako jaialdia da. Urte guztian zehar Kezkako umeek (eta baita nagusiek ere) ikasitako dantzak plazaratzen dituzte Untzagan.
Aurten lehenengo pertsonan bizi izan dugu, gainera. Maddik 6 urte bete ditu eta Kezkan hasi da ikasturte honetan. Esango nuke, oro har, oso gustura ibili dela Kezkan dantzan ikasten. Egia da azken asteotan nekatuta ere bazegoela (ikasturte amaieretan ume gehienei gertatzen zaie), baina ostiralean poz-pozik irten zen plazara (hor, argazkian, andereñoren azken orduko argibideak jasotzen).
Ekitaldi polita izan zen. Talde bakoitzak dantza bat edo bi egin zituen eta ikusleok (gehienbat guraso eta aittitta-amamok) asko disfrutatu genuen. Onenak, zelan ez, lehenengo mailakoak :-)
Hementxe dantzan:
Argazki gutxi batzuk ere igo ditut Flickr-era.
Esango nuke Dantzari Eguna oso egun aproposa dela umeentzat. Urte guztian zehar ikasi dutena plazan erakutsi, jende aurrean dantzan egin, lotsa eta harrotasun puntu batekin... Umeak pozarren zeuden bariku gauean!
Euskal jaia
Dantzari eguna, jakina, ez da Kezkak antolatzen duen ekitaldi bakarra. Orain dela 3 aste, Kezkak antolatutako beste jai bat Eibarren: Eibarko Euskal Jaia (argazki batzuk Flickren).
Hor ere ederto pasatu genuen: goizeko dantzaldian, herri-bazkarian, eta arratsaldeko erromerian. Umeentzat, ostera, Dantzari Eguna hobea izan zen. Askoz gehiago disfrutatu zuten. Euskal Jaiko dantzaldietan oraindik galduta sentitzen dira eta ikuskizunak luzeegiak egiten zaizkie.
Euskal jaian Ezpalak ikuskizuna ere izan zen (Kezkaren webgunean informazio ugari: programa, kronika eta oihartzuna).
Kezkan dantzan ikasten
Aurten, gainera, lotura estuagoa izan dut Kezkarekin. Erromerietan-eta sarri astindu izan ditut oinak, baina ezin esan dantzan egiten dakidanik, ezta hurrik eman ere. Aspaldi ikasteko gogoz, baina astirik ez. Eta aurten, alaba apuntatu dela eta ni ere dantzan ikasten hasi naiz. Eta oso gustura. Merezi du. Jende askori entzun diot eurek ere nahiko luketela. Tira, ba, ez da batere zaila: irailean izena eman eta etorri: arin-arin, fandango... Erdizka eta hiru!
Antxoa "gorritan"
Andoni Sagarnari irakurri diogu gaur gorri bat ikusi duela itsasoan, Donostia parean. Gaur egun inork gutxik jakingo du zer den "gorri" hori; Sagarnak ere halaxe dio. Galdutako hitz, adiera eta lanbideen zerrenda luzearen barne dago jada.
Ahotsak proiekturako Gipuzkoako kostaldean egindako grabazioetan, ordea, sarri aipatu digute arrantzale nagusienek lehen halaxe topatzen zituztela arrain-sardak, sonarrik eta antzekorik ez zenean, begi bistaz: txori ta izurdeei segika, antxoek sortutako gorriuneak eta ardorak bilatuta.
Hona hemen pare bat adibide, biak ere Getarian jasotakoak. Jaxinto Isastik azalduko digu zer den antxoa gorritan egotea. Eta Brigido Iribarrek kontatzen digu zeintzuk ziren antxoa harrapatzeko bide nagusiak: majua eta ardora.
"Antxoa gorritan" zeri deitzen zitzaion
Kanpoko igarilekua prest
Atzo bertan ataratako erretratua. Lanak amaittuta eta bedarra berde-berde.

Urtebeteko lanak izan dira, igerileku inguruko berdegunia haunditzeko. Justu-justuan ibili dira, baina badirudi garaiz zabalduko dabela. Denboraldixa joan zan astian hasi bihar zan, baina egualdi txarra aprobetxatuta (eta bedarra oindiok sendotu barik zeguanez), astebeteko atzerapenakin ekingo detse, zapatu honetan.
Aspaldiko eztabaidia da Eibarko igerilekuana. Izan be, nahiko txikixa da Eibar moduko herri baterako. Bai igarilekua bera, bai inguruko berdegunia. Jendia kexaka ibili da behin eta berriz, eta udalak ezetz, igarileku ederra genkagula (delicious). Azkenian haunditzia erabagi dabe. Igarilekua hirukoiztu egingo zebela be saldu zeskuen, baina azkenian berdegunia bakarrik haundittu dabe. Egixa esan, askoz aukera gehixagorik be ez dago.
Baina txiki geratzen da. Aurtengo anpliaziño honekin ikusi bihar...
Hamen igerilekua, lanak egin aurretik:

Marraskilo ederra
Azkoitti eta Azpeitti arteko bidegorrixan topau genduan gure laguna. Patiñen azpixan geldittu jakon Maddiri, "aitatxo, marraskillo bat!".

Euskal Herrixa oso toki ona da molusko lurtarrak topatzeko eta aztertzeko. Oso leku aberatsa marraskillo kontuetan. Marraskillo, barraskilo, barakuilu, barakurkuilu eta baitta karakol kontuetan be.
Badira hainbat espezie ezagun (hainbat arrazoigaittik). Esate baterako, Helix aspersa, betiko marraskillua, gaztaiñerretan afaltzen doguna; edo Rumina decollata, marraskillo buztanbakua (oskola "apurtuta" dakala dirudi); edo Pomatias elegans, molusko lurtarren artian operkulua daukan bakarretakua; edo Cepea nemoralis eta bere taldekuak, bide baztar eta hesoletan dozenaka topatzen dogun marraskillo marraduna...
Baina Azkoittiko laguna ez neban ezagutzen. Neurriz haundixa. Gorputz baltz distiratsua, luzia. Oskol gorri-pinttua, zapala. Izakeraz, ausarta, antenak beti tente.
Ederra marraskillua!

Pomatia elegans
Rumina decollata
Cepea nemoralis
Nola birziklatu
Euskal Herrian birziklatzea ez da lan erraza. Lehenago ere aipatu izan dugu Eibarren ditugun arazoak, eta herririk gehienetan antzera gertatzen da: erakundeen inplikazio eza, arazo logistikoak, birziklapenaren etekin txikia...
Hala ere, gaur egun birziklatzen ez duena... lotsatuta egon beharko litzateke. Zakarrontzira botako nuke, zuzenean. Buru pixkat duen edonor birziklatzen hasita dagoela pentsatu nahi dut; eta erakundeak ere hasi dira, euren erritmo makalean bada ere, gauzak hobetzen.
Kontzientziazio-fasea igarota, beraz, ondo birziklatzeko garaira ere heldu gara. Birziklatzea ez da nahikoa: ondo birziklatu behar dugu. Zer eta nola birziklatu behar dugu? Izan ere, askotan edozein paper, plastiko eta kristal botatzen dugu zakarrontzietara, baina horietako asko ezin dira birziklatu eta birziklatze-prozesua zaildu eta garestitu besterik ez dute egiten.
Hona hemen aholku txiki batzuk:
Paperak
- Ez birziklatu: paper zikinak, klinexak, erabilitako sukaldeko papera, paper parafinatu eta plastifikatuak, haur-oihalak, kartoizko plater eta ontziak, faxetako paper termikoak, pegatinak...
- Nola: paperak ez zimurtu eta kartoiak tolestu.
Ontziak
- Ez birziklatu: jostailuak, biberoiak, sukaldeko tresnak eta ontziak, CDak, gomazko guanteak...
- Nola: birziklatzera bota aurretik, tapak kendu, ontziak garbitu eta zapaldu (toki gutxiago har dezaten).
Kristalak
- Ez birziklatu: zeramikazko ontziak, portzelanak, bonbillak, fluoreszenteak, ispiluak, eta auto eta leihoetako kristalak (hori guztiori garbiguneetara eraman behar da).
- Nola: ontziei tapak kendu.
Informazio gehiago:
84 Charing Cross Road (Helene Hanff, 1970)

Liburu epistolarra, idazle baten korrespondentziarekin osatutakoa. Helene Hanff idazleak eta Londresko liburu-denda bateko langileek 20 urtean zehar izandako eskutitz-trukea da 84 Charing Cross Road.
1949. urtea. Mundu-gerra amaitu berri. Helene Hanff idazlea New Yorken bizi da. Bakartia, kultura handikoa, diruz urri baina liburuak erosteko gosez. Ameriketan dirua dago, baina liburu merke eta ganorabakoak besterik ez. Ozeanoaren beste aldean, Frank Doel, Londresko Charing Cross kaleko Marks & Co liburu-denda zaharreko langilea. Ingalaterran oraindik ere gerraren aztarnak gain-gainean dituzte eta ez dago ez janaririk, ez dirudik ezertarako. Bai, baina, liburu ederrak eta literatura maite duten lagunak.
Bien artean izandako eskutitzak biltzen ditu eleberri honek. Liburuak, literatura eta liburu-denda bat. Dena goxotasun, umore eta benetakotasun printza batzuekin hornituta. Horixe da liburu hau. Kultu-liburu ere bilakatu da askorentzat. Antzezlanak eta filmak ere ekarri zituen bere sasoian.
Ondo dago. 100 orrialde eskas, siesta sasoian irakurtzeko modukoa, gustura, liburu artean.
Eibarko igerilekua handitzen
Urte guztian lanean jardun ostean, badirudi ekainerako amaituta izango dituztela Ipuruako igerilekuko lanak.
Hauxe da joan zen astean ateratako argazkia. Eraikuntza eta handitze lanak amaituta daudela ematen du. Orain, azkenengo fasea: belarra erein... eta hazi dadila.
Ekainerako dena prest? Hortxe-hortxe ibiliko gara.
Argazkiak.org | Eibarko igerilekua berrizten © cc-by-sa: asarasua
Udalak eta hedabideek saldu digutenez, Ipuruako kanpoko igerilekuaren neurria hirukoiztu egingo omen da. Tira, ez da horrela. Izan ere, berdegunea da handituko den bakarra. Beste guztia berdin-berdin geratuko da. Hala ere, berdegunea handitzea (eta kerizpe txiki batzuk gehitzea) ez da albiste txarra. Eibarko igerilekua txiki-txiki geratu da eta.
"Ventos de saudade", Fado portugesak Soraluzetik
Atzo gauean Soraluzen izan ginen. "Ventos de saudade" taldearen kontzertua zegoen eta haraxe joan ginen, fadoen Saudadeaz eta Arianneren ahots ederraz gozatzera.
Soraluzeko lau lagunek osatzen dute taldea: Jon Basaurik (gitarra), Domentx Uzinek (gitarra portugaldarra), Ane Ugaldek (flauta) eta Arianne Unamunok (ahotsa). Nolatan hasi ote ziren lau plaentxiar fadotan? Auskalo, kasualitatez-edo, baina pozten naiz.
Ez dute kontzertu larregirik ematen, tantaka banatzen dute euren goxotasuna. Eta inguruko guztiak zain geunden. Noizko hurrengo kontzertua? Soraluzeko zinema gainezka zegoen atzokoan; adin guztietako jendea, nagusi eta gazte.
Fadoak izugarri gustatzen zaizkit. Gaztetatik. Beharbada, 16 urterekin Lisboara egindako bidaiarengatik; edo portugaldarrak gustuko ditudalako; edo Portugalen 4-5 aldiz izan naizelako eta herri atsegin bezain abegitsua delako... Fadoak hain dira tristeak, hain alaiak, hain barnera sartzen zaizkizunak...
Eta Arianneren ahotsa baldin badago tartean, zer esanik ez. Ai ama! Zer ondo abesten duen plaentxiarrak. Goxo, sakon, sarkor eta erregistro izugarri zabalean. Oraindik ere oilasko ipurdia gainetik kendu ezinda gaudela!
Arantzabali galdetu beharko diogu ea noiz antolatzen duen hurrengoa Espaloian. Zain nago.
Argazkiak.org | Ventos de saudade © cc-by-sa: asarasua
"Eibar atzo eta gaur" argazki-bilduma
Gipuzkoako Aldundixak bultzatutako proiektua da: Guregipuzkoa.net. Gipuzkoako argazkixak batzen dittu, bai bilduma publikuak eta bai pribatuak. Publikuen artian, Eibarko bilduma haundi bi: Indalecio Ojanguren eta Juan San Martin. Eta dana CC-BY-SA lizentziapian banatzen dabe.
Eibarko bildumak aprobetxatuta, "jolasian" jardun dabe azken egunotan. Lehenengo, argazki zaharrak hartu eta gaur egungo panoramikak ataratzen (leku eta perspektiba bardiñakin). Hamentxe Plaza Barrixa, esate baterako.
Eta gero, bixak nahastau dittue, esate baterako, 1933ko hauteskundietako argazki historikua gaur egungo eskola berian ipini dabe:
GureGipuzkoa.net | Alderaketa eibartarrak. Hauteskundeak. © CC BY-SA
Lan ederra GureGipuzkoako Xabier Eskisabelek egin dabena. Eta dana lizentzia libre eta Creative Commons kontzeptuen abantailengaittik.
Zer esango dabe Eibarko ordezkari batzuek? Ai ama! Enteratzen badira! Vade retro Satanas!