Asteburua Lindus-Aezkoa inguruan
Aurreko mezuan esan nuen moduan, orain dela pare bat aste Lindux (edo Lindus) ingurura joan ginen hegaztien migrazioa ikustera. Udaberrian eta udan Europa iparraldean bizi izan diren hegazti harrapakari askok hegoalderantz migratzen dute abuztua eta iraila bitartean (gehienak Espainia eta Afrika alderantz). Pirinioak igarotzeko gunerik egokienatako bat Lindus-Ibañeta inguruan aurkitzen dute (Orreaga-Luzaide ondoan) eta hantxe pilatzen dira urtero hainbat eta hainbat ornitologo eta txorizale, batzuk zaletasun hutsez eta beste asko hegaztiak ikertu eta zenbatzera.
Gu ere hantxe izan ginen. Larunbat goiz batean igo ginen, batez ere, giroa ezagutzeko eta umeak pixkat zaletzeko gogoz. Ez zen oso egun ona izan pase aldetik, baina bai nahikoa giroa ezagutzeko eta zenbait harrapakari ondo-ondo ikusteko: zapelatza (Buteo buteo), miru gorria (Milvus milvus), zapelatz liztorjalea (Pernis apivorus), arrano sugezalea (Circaetus gallicus), arrano arrantzalea (Pandion haliaetus), zingira mirotza (Circus aeroginosus), gabiraia (Accipiter nissus)...
Asteburu polita izan zen. Txori kontuak aitzakia izan ziren, baina gehienbat ingurua ezagutzeko gogoz geunden. Urrobi kanpineko aterpetxean egon ginen (garbia, harrera jatorra, prezio egokia, leku polita, taberna balekoa); Urrobi ibaian ere bainatu ginen (edo saiatu, izoztuta zegoelako); Aezkoa ere ezagutu genuen (Orbaitzeta, Aribe, Aria, Garralda...), baita Zaraitzura saltotxoa egin ere (Otsagin jaiak ziren). Gainera Aezkoako Eguna ospatzen ari ziren Garaioan eta jaia, musika eta taloak aurkitu genituen bertan (baita bertako herritarrak gari-jotea nolakoa zen erakusten ere).
Laburbilduz: ederto pasatu genuela eta izugarri gustatu zitzaigula ingurua. Errepikatuko dugu, duda barik!
Urrobi ibaia, Aurizberri (Erroibar, Nafarroa)
Garaia Hiriberrin (Aezkoa, Nafarroa)
Orduko argazki gehiago hemen eta hemen.