Markinako ur parkea
Joan zen barikuan Manexek 5 urte bete zituen. Lehengusuekin elkartu eta merendola moduko bat egin behar genuenez, Ixura joateko asmoa genuen. Baina ai! Ixuan sutea eta beste plan bat pentsatu behar. Eta nire arrebak: "zergaittik ez goiaz Markinara? Bidegorri onduan itturri moduko batzuk ipini dittue parke batian eta umiendako ondo dago". Eta haraxe joan ginen guztiok, Markinako Aquaparkera.
Txikitxoa da; 10-15 iturri edo txorrot besterik ez dira. Kiroldegi ondoan, igerilekuko ur soberakina aprobetxatuta. Txikia, bai, baina haurrentzat oso aproposa da. Parkea eta bidegorria ditu alboan, ondo antolatuta dago, oso giro lasaia (12 urtetik beherako umeak bakarrik sar daitezke) eta ume txikientzat oso egokia da.
Ideia originala iruditu zitzaidan. Lea-Artibaiko Hitzan datu gehiago.
Urte guztia "ez busti itturrixan" esaten ibili ostean, Markinan: "Sartu eta busti!"