Eibarko memoria historikoa (sic)
Azkenaldian oso modan jarri diren berba bi: Memoria Historikoa. Pentsa zein garrantzitsua den gaur egun memoria: legea ere badu. Takian potian entzuten ditugu hitzok, beti gerra zibilaren inguruan hariklatuta, eta herririk herri (1) (2) ari dira bilketa-lanak bultzatzen. Eibarren ere aste honetan aurkeztu da udalaren plangintza. Diario Vascok eman du horren berri eta beheko bideoan ere baduzue laburpen bat (biak gaztelaniaz). Asmoa, labur-labur: 1931-1945 bitartean Eibarren gertatutakoa jasoko da, ondoren herritarrei eta ikasleei erakusteko (errepublika, gerra zibila eta gerra ostea)
Tira, ondo:
- gure historia jasotzea, ezagutzea eta hedatzea garrantzitsua da. Pozten naiz, beraz.
- urteak zeramatzaten honi bueltak ematen, eta azkenean hasiko omen dira.
- historia garai horrek berebiziko garrantzia dauka, zer esanik ez Eibarren, eta eskertzekoa da erakundeen lana alderdi horretan.
Tira, ez hain ondo:
- Eibarren urteak daramatzagu memoria historikoa jasotzen. Lagun eta ikerlari asko. Baita erakundeak ere (Ego Ibarra, esate baterako). Kontuan izan da (eta izango da), orain arte egindakoa? Ezagutzen dute orain arte egindako lan guztia?
- Ezertarako erabiliko dira orain arte Eibarren egin ditugun ehundaka elkarrizketa eta grabazioak, lehenengo Eibartarren Ahotan proiekturako eta gero Ahotsak.com egitasmoan? 400 elkarrizketa dira, beste hainbeste gizon-emakume eibartarri egindakoak, gehien-gehienak 1910-1950 urteen arteko gertakizunak (memoria historikoa?) jasotzen dituztenak.
- Kataluniako enpresa eta adituak dira egokienak horrelako lan baterako? Zer leku izango du euskarak guzti honetan? Itzulpen hutsa berriro ere?
- Ez zait gustatzen nola desitxuratu den Memoria Historikoaren kontzeptua. Nik nahiago dut pentsatu hau dela, eta ez hau. Izan ere, memoria historikoa jasotzea, ondare inmateriala aztertzea, guztion ahozko memoria kolektiboa osatzea,... gerra eta politika kontuak gogoratzea baino gehixeago da. Dexente gehiago.