Hegaztien nazioarteko eguna
Iraila eta urria oso garai aproposa dira hegaztiak ikusteko. Kumaldia Europan egin duten hegazti asko eta asko hegoalderantz migratzen hasten dira, gehienak Espainia hegoaldera eta Afrikara, negua igarotzera. Eta euren migrazio bidean Euskal Herritik igaroko dira. Gutxi batzuk baita hemen geratu ere.
Hegazti kontuetan hasi nahi duenarentzat oso garai ona da, beraz, udazkena. Tira, negua eta udaberria ere ez dira txarrak, baina udazkeneko pasea (migrazio postnupziala deritzona) ezinhobea da hainbat eta hainbat espezie bertatik bertara ikusteko. Batez ere, espezie migratzaileak pilatzen diren hezegune eta inguruetara gerturatzen bagara. Pirinioa ere ez da txarra (hantxe izan ginen gu orain dela pare bat aste, Lindusen; kontatuko dut beste batean).
Txori batzuk ekaina-uztailan hasten dira migratzen, baina gehien-gehienek abuztuan hasi eta urria bitartean migratzen dute. Txori txikiak, limikola eta zangoluzeak, harrapakari handiak... denetarik igaroko da gure buruen gainetik egunotan.
Migrazio sasoi honekin bat eginez, urria hasieran urtero ospatzen da Hegaztien Eguna munduko hainbat tokitan. Euskal Herrian ere izango ditugu hainbat ekitaldi. Gipuzkoan, esate baterako, Txingudi inguruan izango dira ekitaldi gehienak, besteak beste Ugatza elkarteak eta Itsasenara elkarteak antolatuta: txoriak ikusteko katalejoak izango dituzte guztiontzat jarrita, txori txikiak harrapatuko dira eraztunak jartzeko, umeentzat tailerrak...
Gasteizko Salburua hezegunean egingo diren ekitaldiak oraindik eta zabalagoak izango dira, bertako harrera-etxeak antolatuta. Ume, nagusi, gazte eta zaharrentzat ekitaldiak, igande goizean, 10etatik 14etara. Hegaztien behaketa gidatuak, diggiscoping tailerra, umeentzat jolasak eta lehiaketak, eraztunketak, eta abar eta abar.
Horietaz gainera, Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere izango duzue antzeko ekimenik, herri eta lurralde mailako natur taldeek eta ornitologoek antolatuta (adibidez, Zarauzko Arkamurka elkarteak ere irteera berezia egingo du Getariara). Asteburu honetan, beraz, ez dago aitzakiarik hegaztiak behatzera joateko.
Benga, hartu prismatikoak eta irten mendira.
Eta asteburu honetan Kilometroetara bazoaz, ba, datorren asteburuan. Izan ere, edozein egun da polita txori artean ibiltzeko.