Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Eibarko Juan Antonio Mogel Ikastola - 50 urte (1960-2010)

Eibarko Juan Antonio Mogel Ikastola - 50 urte (1960-2010)

Asier Sarasua 2010/03/11 08:20
1960. urtean, Eibarko guraso talde batek ideia zoroa izan zuen: euskarazko eskola bat sortzea Eibarko umeendako. Bidebarrieta kaleko etxe batean gela bat alokatu, akademia bat sortu, eta andereño bat jarri zuten euskaraz irakasten. 1960ko martxoaren 11 zen. Gaur, hortaz, Eibarko Mogel ikastolak 50 urte bete ditu. Zorionak!

Eibarko ikastolak 50. urteurrena ospatzen du aurten eta urte guztian zehar egingo ditu hainbat ospakizun. Baina, berez, gaur betetzen ditu urteak gure Mogel Ikastolak. Hori dela eta, mahai-inguru bat izango da arratsaldeko 7etan Untzagako Zaharren Egoitzan. Eibarko Juan Antonio Mogel Ikastolaren sorrera jasotzen duen bideo bat aurkeztuko da eta ondoren mahai-inguru ireki bat izango da, 50 urte hauetan ikastolan izan garen ikasle, irakasle eta guraso guztien artean. Zu ere etorri!

  • Lekua: Untzagako Zaharren Egoitza
  • Ordua: 19.00

Esan bezala, gaur arratsaldeko ekitaldian bideo txiki bat ikusteko aukera ere izango dugu. Ikastolaren sorreran eta lehenengo urteetan protagonista izandako 8 lagun elkarrizketatu dira eta euren lekukotasuna utzi digute. Nola eta zergatik sortu zen ikastola? zer baliabide zituzten? zenbat ume? zer traba eta kezka gainditu behar izan ziren? zeintzuk izan ziren lehenengo irakasleak?

Juan Antonio Mogel Ikastola, Zezenbide, 1961

Guraso eta ikasleak Zezenbide kaleko ikastola parean, 1961. urtea

Eta hementxe 50. urteurrenaren inguruan sortu dugun bideoa, Untzagan erakutsi duguna eta Youtuben ere ikusgai egongo dena Mogeleko ikasle, ikasle ohi, senide eta irakasle guztientzat.


Juan Antonio Mogel Ikastolaren sorrera

Bideo hori egiten jardun dugunok gidoi txiki bat jarraitu dugu gure lanean. Hauxe da, labur-labur, Ikastolaren sorreraren historia txikia.

Sorrera, zergatik eta zelan

Euskarak leku txikia zeukan orduko gizartean eta guraso talde batek pentsatu zuen bazela ordua euskarari toki handiagoa emateko: irakaskuntzan ere bere txokoa emateko. Baina zelan hasi? zein guraso zegoen prest bere haurra horrelako ikastola batera eramateko? legeztatu gabeko ikastetxe batera eramateko? eta irakas kalitaterik izango ote zuten? eta euskaraz irakasteko gai zen andereñorik? eta non ipini? Hasierako gurasoak, inguruko lagun eta senideentzat,  zoro hutsak ziren. Nola eraman zitezkeen seme-alabak horrelako eskola batera?

Oztopo horien gainetik, euskaltzale batzuek ikastola bultzatzea erabaki zuten. Bost izen nabarmentzen dira besteen gainetik: Imanol Laspiur, Juan San Martin, Andoni Idoiaga, Jose Garmendia eta Luis Aranberri. Nolabait esateko, eta asko laburbilduz, Imanol eta San Martin ideologoak ziren, euskalgintzatik eta kultura mundutik zetoztenak; Garmendia eta Aranberri, berriz, enpresagizon eta guraso euskaltzale amorratuak eta dirua ipini zutenak; eta Idoiaga legegizona, lege kontu guztiak bideratu zituena. 1959-1960 bitartean hainbat batzar egin zituzten Aranberriren Margola lantegian, proiektuaz hitz egiteko eta oinarriak jartzeko.

Jose Antonio Amilibiaren bitartez sortu zuten ikastola. Amilibiak Bergaran eta Elgoibarren ere sortu zituen ikastolak. Prokuradorea zen eta Bergaran bizi zen. Izatez ez zen benetako eskola bat, Amilibiaren jabetzako akademia pribatu bat baizik eta hasierako izena ez zen Mogel, "Escuela Urko" baizik. Eskolaren jabetza, berez, Jose Antonio Amilibiarena zen, 1968. urtean guraso elkarteak bere esku hartu arte.

Bi ikastola izan zituzten eredu, bai hezkuntza-sistemarako eredu, bai lege aldetik ikastola sortzeko egin beharreko urratsak argitzeko: Bergaran sortu berria zena, eta urte batzuk lehenagotik Elbira Zipitriak Donostian gidatzen zuena. Andereño euskaldun larregirik ez zegoen garai hartan, baina Mari Tere Munduate eskoriatzarra Eibarrera ekartzea lortu zuten.

Euskaltzaletasunak eta abertzaletasunak bultzatutako proiektua da.

Ikastolako haurrak andereñorekin Zezenbide kanpoan. 1960ko hamarkadan.

Haur taldea andereñorekin jolasean Zezenbiden, 1960. hamarkada erdialdean.

Lehenengo gela eta taldea

Ikastolaren lehenengo klasea 1960ko martxoaren 11an izan zen. Bidebarrieta 44. etxean egon zen Ikastola lehenengo urte eta erdian. Mari Tere bertan bizi izan zen, apopilo, familia batekin, eta etxe berean gela pare bat atondu zituzten eskolak emateko. Ikastola ireki bezperan ere igeltseroak berandu arte ibili ziren lanean.

Euskarazko liburu bakarrak: Martin Txilibitu eta Xabiertxo ziren. Ez zegoen beste baliabiderik, Mari Terek berak sortutako materiala eta imajinazioa besterik ez. 3-5 urte bitarteko umeak ziren eta Luis Aranberriren lantegiko furgoneta erabiltzen zen goizetan umeak etxerik etxe jaso eta ikastolara eramateko.

Lehenengo taldean 20 ume inguruk eman zuten izena, baina lehenengo eskola egunean 8 besterik ez ziren agertu. Lehenengo taldeko umeak ondorengoak izan ziren: Xabier Aranberri, Arrate Zumeaga, Izaskun Garate, Maria Jesus Garmendia, Bittor Urrutibeaskoa, Andoni Arrieta, Marivi Arrieta, eta Ana Etxeberria.

Gutxinaka-gutxinaka, baina, taldea ugaritzen joan zen, baita larregi handitu ere. Hasierako 20 umeko talde hori berehala handitu zen, gutxinaka baina etengabe, urtetik urtera kopurua bikoiztuz. 1960-1961 ikasturtean 20tik gora dira; 1961-1962 ikasturtean 46; 1962-1963 ikasturtean 85.

Juan Antonio Mogel Ikastola, 50 urte 50 bide (Bidebarrieta)

Bidebarrieta 44 zenbakian egon zen Ikastolaren lehenengo gela.

Zezenbidera, 1961-1970

Bidebarrietako gela txiki geratu zenez, 1961-1962 ikasturtean bi lokal erosi zituzten gurasoek Zezenbiden. Hantxe egongo da ikastola 1970 ingurura arte.

Garai honetan gurasoen lana izugarria izan zen, eta eurek atera zuten aurrera hasierako proiektua. Dirua bilduz, euren lan-orduak eskainiz, edozein kontutan lagunduz. Zuzendaritzan zeuden, besteak beste: Andoni Idoiaga, Serafin Basauri, Ramon Sarasua, Javier Sologaistua, Jesus Mari Iriondo, Juan Saban, Jose Moina eta Jose Mari Kruzeta. Lanaren ardura nagusia Serafin Basaurik hartuko du 1965-1972 bitartean. Bera izan zen Ikastolaren gidaritza eraman zuena eta Ikastolari lan-ordu gehien eskaini zizkiona.

Irakasleei dagokienez, Mari Tere Munduate irakasleak bakar-bakarrik egin zituen pare bat urte (zenbait hilabetez Marisa Arizaga plazentziarra ere kontratatu bazuten ere). 1963ko otsailean Marisol Aranzeta ere sartuko da. 1967an Amaia Aseginolaza sartuko da Mari Tereren ordez (familia izan nahi du eta 1974an itzuliko da ikastolara) eta handik gutxira, Margarita Murgizu, Marian Martiartu, Esther Onaindia eta Imanol Larrañaga (Marisol eta Amaiaren ordez).

Ikastolako haurrak andereñorekin Zezenbide kanpoan. 1960ko hamarkadan.

Ikastolako haurrak andereñorekin Zezenbide kanpoan. 1960ko hamarkadan.

Zenzebideko 2 gela, 1960. hamarkadan. Bidebarrietako lehenengo urteen ostean, Zezenbidekoa izan zen Eibarko Ikastolak izan zuen aurreneko ganorazko eskola.

Aro berria: 1970-1974

1970. urtea klabea da eta hortik aurrera ikastolaren aro berria hasiko da, zabalkunde eta hazkundearena. Haurrak gero eta gehiago, lokalak ere bai, ofizializazioa, Iturburu eraikitzeko proiektua... Erdi-klandestinitatetik ofizialtasunerako bidea.

Hasteko, 1970. urtean "Juan Antonio Mogel" izena jarri zion Ikastolari guraso elkarteak (nahiz eta izena, berez, 1975ko apirilaren 19an ofizialdu zen). Gainera, 1970. urtetik aurrera, ikasle kopurua dela eta, Zezenbideko eskola txiki geratzen da eta Eibarko hainbat tokitan hasiko da Ikastola zabaltzen, hasiera batean, batez ere, elizak lagatako lokaletan: Karmelitetan, San Andresen, Amañan, Urkin, Markeskuan... eta baita udalak lagatako lokaletan ere (Pagei kalean, Udaletxean, eta abar). Gurasoek "Inmobiliaria Cultural Eibar" sortu zuten, egoitzak erosi eta ikasgelak jarri ahal izateko.

1973ko uztailaren 23an baimena lortzen du OHO (Oinarrizko Hezkuntza Orokorra) irakaskuntza emateko.

1968tik 1974ra bitartean, ikasleak 150etik 500era igotzen dira, eta irakasleak 3-4 irakasle izatetik 16 izatera igaroko dira (horien artean, lehen aipatutakoez gain, Libe Sarasua, Kontxi Berriozabal, Juan Mari Perez, Lourdes Ardanza, eta abar).

Hasierako andereñoetako batzuk.

Hasierako urteetako andereño taldea, 1970. hamarkadan.

1974ko zuzendaritza: Andoni Idoiaga (presidentea), Imanol Laspiur (ordea), Imanol Larrañaga (idazkaria), Jose Moina (diruzaina), Martin Ugarteburu, Jose Mari elkoro, Manu Cabrera, Javier Iturriagagoitia, Jose Angel Agirre eta Jaime Lejardi. Eta aipatzekoak dira garai beretsuan ere zuzendaritzan izandako beste zenbait izen, adibidez: Julen Ereñaga, Javier Zubiaurre eta Delio Olabe.

1974. urtean Iturburuko ikastetxea eraikitzeko proiektuari ekin zitzaion (lanak 1976an hasi eta 1978an amaitu ziren).

Eta hortik aurrerako kontuak ezagunagoak dira. 

Ikastolako umeak 1974 inguruan V-ko etxean, Bidebarrietan.

Ikastolako ikasle taldea V-ko etxeko behekaldean, 1974. urtean. Urte gutxian izugarri hazi zen Ikastolako ikasle kopurua eta ikasgelan hainbat etxe eta lokaletan zabaldu behar izan ziren, Pagei kalean, Orbeaneko dorreetan, elizaren lokaletan...

Iturburu eraikitzen, 1977

Iturburu ikastola eraikitzeko lanak 1977ko neguan.

Ikastolaren taberna, Ifarkalean, 1977 inguruan.

Ikastolaren taberna, Ifarkalean, 1977 inguruan. Iturburu ikastola eraikitzeko dirutza behar izan zen eta gurasoek taberna ipini zuten dirua lortu ahal izateko.

etiketak: historia, eibar, ikastola, mogel
Amatiño
Amatiño dio:
2010/03/12 17:40

Politta gero informaziño-bilketa hori. Hasiera-hasierako gauza batzuk ez najekixazen. Beti ikasten dok zeozer. Zorionak.

Roberto Alberdi
Roberto Alberdi dio:
2019/09/13 10:26
Hortxe ibili nintzen ni, 1967.tik 1978.arte, EGBa amaitu nebanian. Ikastolan EGB osoa egindako lehengo promozioa izan giñen: Iñaki Basauri (hemen ikusi dozue bere aita Serafin), Unai San Martin, Patxi Anitua, Aitor Aiarza, Iñigo Arregi, Ane Kareaga, Elena Elkoro, Itziar Zenarruzabeitia, eta beste lagun mordo bat. Urtero klaseak leku berri baten ziran. Eibarko lokal askotan egon giñen Iturburu amaitu arte: Zezenbiden, Urkiko elizan, Karmeliten elizan, kanposantu inguruko lokal baten ere... nahiko klandestino moduan. Ez dakit nola "Graduado Escolar" titulua eman seskuen!
Serafin
Serafin dio:
2019/09/13 13:43
Aspaldiko kontu intersgarrixak, Roberto Alberdi...! Bizi haiz eta. Nundik nora habil?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz