Flickr berritu dute
Gaur egun, gutako asko sareak identifikatzen gaitu. Ni nor naizen azaldu beharko banu, adibidez, nahikoa litzateke sareko hiruzpalau lotura ematea: Twitter kontua, bloglines-eko jarioak, delicious, eta hau blogau, jakina. Beharbada, beste bizpahiru lotura ere eman beharko nituzke: EibarOrg, Codesyntax, Ahotsak...
Baina guztien artean bat aukeratu beharko banu, Flickr-eko nire kontua litzateke. Uste dut Flickr dela azken 5 urteotan gehien erabili dudan sareko tresna; etengabe, astero, plazer handiz. Eta gehien identifikatzen nauena; hantxe daude nire ibilerak, lanak, zaletasunak, lagunak, familia... 2000 argazki inguru.
2005eko uztailean deskubritu nuen, Gari Araolazaren bitartez, eta bost urte hauetan nire bidaia-lagun izan da. Denbora luze honetan ia-ia ez da aldatu. Aldaketa nabarmenena, bideoak igotzeko aukera gehitu zutela (nik neuk ez dut ia erabili). Bestela, hasieran bezalaxe funtzionatu du. Ondo. Zertarako aldatu.
Asteburu honetan, baina, aldaketa handi samarra egin dute. Hasteko, 1280 pixeleko zabalera eman diote webguneari. Horrek nabarmen hobetu ditu portadak eta argazki bakoitzaren bistak. Gainera, argazki bakoitzaren orrialdea ere aldatu dute. Menu nagusia batere ukitu gabe, baina argazki bakoitzaren inguruko informazio guztia (izenburu eta deskripzioak, datu teknikoak, kokapena, lizentzien kontua...) den-dena aldatu dute. Hoberako, nire ustez.
Oraingoz, logeatuta egon behar da itxura berria ikusteko, baina laster aireratuko omen dute.