Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Calella de Palafrugell, Empordá

Calella de Palafrugell, Empordá

Asier Sarasua 2010/06/30 23:56
Gehienok udako oporrak antolatzen dihardugun bitartean, ni aurreko abuztukoetaz gogoratu naiz, eta konturatu naiz oraindik ez dudala lerrorik idatzi Girona aldean gozatutakoaz. Gozagarria baita beti Girona.

Gironako kostaldea oso leku ederra da oporretarako. Pare bat aldiz lagunekin egon ondoren, 2006. urtean, Ainhoa, Maddi eta Manex txiki-txikia izan ginen bertan. Orduan L'Escalan izan ginen. Zoragarri pasatu genuen eta Alt Empordá eskualdea ezagutzeko aukera izan genuen: Ampuries, Cadaqués, L'Escala... eta baita hegoalderagoko Begur ingurua ere. Iazkoan, berriz, hegoalderago joan ginen, Baix Empordá delakora. Calella de Palafrugellera.

Garaiaren arabera jende lartxo ere aurkitu daiteke Gironan, egia da, baina ez dago masifikazio ikaragarririk. Abuztu erdi-erdian ere, nahiko ondo moldatu daiteke tokirik gehienetan. Beharbada, Rosas eta Lloret bezalako herri handi batean ez, jakina, baina herritxoetan eta hondartza txikietan nahiko lasai ibili daiteke. Zarautzen, Lekeition edo Deban baino nasaiago, behintzat. :-)

Eguraldi ederra ziurtatuta daukazu, kostaldea eta hondartza primerakoak, eta jende jatorra, gehienetan. Itsaso urdinarekin batera, gainera, beste makina bat jarduera egiteko aukera eskaintzen du; horretarako prestatuta dago. Ez da bertako gauzarik ezagunena, baina mendi-bizikletaz ibiltzeko dozenaka ibilbide daude, eta oinez ere kostalde gehiena dago markatuta, Camís de Ronda delakoen bidez. Piraguaz ibiltzeko aukerak ere nonahi, herri ederrak bisitatu daitezke (Pals, Peratallada, Girona bera...) eta ekitaldi kulturalak ere egunero eta edonon.

Iaz Calellako La Siesta Campingean izan ginen: oso leku aproposa, batez ere umeekin joateko. Camping lasaia, ederra, kanpaleku zabalekin, gerizpetsua, igerileku handiarekin eta zerbitzu guzti-guztiak. Herria ere polita da, oso. Txiki-txikia, baina egun batzuetarako oso aproposa. Guri asko gustatzen zaigu, behintzat.

Aurtengoan Korsika egokitu zaigu, baina badakit Girona aldera itzuliko garela noizbait.

Hementxe, guri gehien gustatu zaizkigun zenbait leku:

Calella Palafrugell

Herri polita da. Parte zaharra txikia eta oso turistikoa, baina potxoloa. Giro ederra dago eta gauerdian bere kaleetan firin-faran ibiltzea, izozkia eskuetan, estresaren aurkako terapia ederra da. Gainera, oso ondo kokatuta dago: 10-15 kilometroko tartean hainbat herrixka, hondartza eta kala dituzu 20 egun eder igarotzeko. Herrian bertan 4-5 hondartza txiki daude (El Canadell, Port Bo, San Roc...) . Oso politak dira, baina ez oso erosoak: harrizkoak dira, txikiak eta jendez gainezka egoten dira. Hala ere, goizean goiz edo arratsaldean erdi-hutsik egiten dira eta bainu bat merezi dute. Hondartzarik politena, El Golfet, herritik 1.5 km-ra dago, hegoalderantz. Oinez joan daiteke, ondo markatutako bide batetik eta oso ederra da (hobeto goizez, arratsaldez eguzkia ezkututa egiten baita). Ederrena goizean goiz bertaraino oinez joan eta inor heldu aurretik murgil egitea. Paregabea.

Calella de Palafrugell (Girona)

 Calella Palafrugell

El golfet i Cap Roig (Calella de Palafrugell, Girona)

 El Golfet, egun sentian.

Port Pelegrí (Calella de Palafrugell, Girona)

Port Pelegri, Calella Palafrugell

Llafranch eta Tamariu / Aiguaxelida

Calella, berez, Palafrugell-eko auzo bat besterik ez da. Eta Calella inguruan beste bi hondartza/auzo ezagun ere badira: Llafranch eta Tamariu. Hondartza zabalak eta arezkoak; umeekin joateko aproposak. Llafranch hurrago dago, oinez ere joan daiteke (1.5 km Calellatik) eta nire gustorako politagoa. Aukeran, dena dela, askoz ikusgarriagoa da Aiguaxelida aldea, Tamariu baino iparralderago dagoena. Zoragarria da. Hori bai, kala txikiak eta harrizkoak. 

Aigua Xelida (Palafrugell, Girona)

 

Aigua Xelida (Palafrugell, Girona)

Aiguaxelida

Pals eta Begur eta euren hondartzak: Aiguablava, Fonda eta Begur

Calellatik iparraldera joten badugu, Pals eta Begur aurkituko ditugu. Herri ederrak, harresi eta gazteludunak. Pals "artifizialagoa" neurri batean. Begur gehiago gustatzen zait, benetakoagoa. Giro bizikoa eta kala txiki urdinez inguratua. Ederrenak, gure ustez: Aiguablava (arezkoa, zabal samarra, umeekin joateko egokia), Platja Fonda (zerbitzurik ez, biderik ere ez ia-ia; ederra baina umeekin zaila), Sa Tuna eta Sa Riera (txiki-txikiak eta harrizkoak, baina bisita merezi dute). Iparralderago Illa Roja polita dago. Guztietan ere, aparkatzea zail-zaila izaten da. Garaiz mugitu behar da.

Sa Tuna (Begur, Girona)

Sa Tuna

Aiguablava (Begur, Girona)

Aiguablava

Platja Illa Roja (Begur, Girona)

Illa roja

Castells - Cala Estreta eta inguruak

Calellatik hegoaldera, berriz, Palamoseraino, kostalde ikusgarria daukagu. Castells hondartza da Palamoseko lehenengoa. Arezkoa, zabala, parking handiarekin. Castells bera ere ez da txarra, baina ederrena Castellsetik Calellarainoko parajea da (4-5 kilometro inguru). Kalaz eta amildegiz betetako ingurua. Oinez edo txalupaz bakarrik joan daiteke, ez dago errepiderik, eta horrek xarma (eta lasaitasun) berezia ematen dio. Ez pentsa abuztuan bakarrik egongo zarenik, baina lasai antzean ibili ahalko zara. Canyers, Saniá, Corbs, ... eta ederrena, guretako, Cala Estreta. Azken hori, gainera, arezkoa da. Umeekin egunpasa joateko primerakoa. Izenak dioen moduan, estreta-estreta da, estu-estua, alegia, baina Mediterraneoan marea ez da igotzen, hortaz... Aukera izanez gero, piraguaz joatea merezi du. Edo bi taldetan banatuta, piraguaz joan eta oinez itzultzeko (eta alderantziz).

Castells (Palamós, Girona)

Castells

Cala Canyers, Cala Estretara bidean

Cala Canyers

Cala Corbs (Palamós, Girona)

Cala Corbs

Bide amaiera: Cala Estreta

Cala Estreta

Camí de Ronda: Castells - Cap Roig

Camí de Ronda, Castells-Cap Roig

Cala Estreta (Palamós, Girona)

Cala Estreta

Camís de Ronda

Empordako kostalde guztia Camís de Ronda izeneko ibilbidez beteta dago. Kostaldeko ibilbideak, hondartza eta herriak batzen dituzten mendi-bide ikusgarriak, beti itsas ertzetik, batzuetan tuneletan barrena. Ibiltzea gustatzen zaionarentzat aukera paregabea, ibili ahala kalak eta hondartzak ezagutu, bainu freskagarriak hartu eta snorkel pixkat egiteko. Guk (zatika) egin genituenak, denak politak: Aiguaxelida ingurukoa, Aiguafredakoa (gogorragoa), Calella-Golfet bitartekoa, eta Castells-Cala Estreta batzen dituena. Gomendagarriak, guztiz. Hori bai, Gironan abuztuan bero egiten du eta bidean ez dago iturririk. Ura derrigorrezkoa. Edo goizean goiz ibili.

Camí de Ronda (Calella de Palafrugell, Girona)

Camí de Ronda, Llafranch-El Golfet

Camí de ronda: Castells - Cap Roig

Camí de Ronda, Castells-Cap Roig

Camí de Ronda (Calella de Palafrugell)

Camí de Ronda, Llafranch-El Golfet

Girona

Girona bera, hiriburua, urrun samar dago Calellatik (ordubete inguru), baina eguna pasatzeko ez da leku txarra. Alderdi berriek ez daukate ezer, baina alde zaharra oso ederra da.

Girona

 

Pont de les Peixeteries Velles (Girona)

 

etiketak: turismoa, oporrak, girona
Mikel
Mikel dio:
2010/07/01 18:19

Bikotearekin egindako lehen opor-bidaia Gironako kostaldera egin genuen, Aste Santuan, ezer erreserbatu gabe. Oroitzapen ederra daukat, batez ere Sa Tunako hostalean egondako bi egunak. Goizean gu bakarrik hondartza gainean gosaltzen... bai ondo!

Nagore
Nagore dio:
2010/07/05 13:31

Atzo bertan itzuli ginen gu S´Agarótik. Ekainaren bukaera garai paregabea hara joateko, astetartean oso jende gutxi dabilelako oraindik eta giroa zoragarria. Inguruak merezi du.

Naia A.
Naia A. dio:
2010/07/01 19:51

Girona leku ederra da. Udan jende asko, baina hori beste edonon ere gertatzen da. Gu ere iaz joan giñen. Euskaldunak ere asko. Kronika polita!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz