Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Agur Maritxu

Agur Maritxu

Amatiño 2010/09/15 23:50
Arrate Egunean hil zen, Buenos Airesen, Maritxu Aranberri Villabella. 98 urte zituen eta 70 baino gehiago zeramatzan Argentinan bertan. Euskaraz zein gaztelaniaz hitz egiten jarraitzen zuen sekula Eibartik atera izan ez balitz bezala. Nolabait esateko, hizkuntza batean zein bestean, gaur egungo eibartarrak baino eibartarrago. Begoña alabak esan bezala: “Amatxo beti Eibarren bizi izan zan".
Agur Maritxu

Maritxu Aranberri

Nik baino ia 34 urte gehiago izan arren (azaroan 99 egingo zituen), lehengusina propioa nuen Maritxu. Gu bion aitonak, Domingo Aranberri "Bitor Txiki" (1843-1931)  armagin elgoibartarrak, 18 seme-alaba izan zituen eta Maritxuren aita --Gregorio, nire aita besoetakoa—  semerik zaharrenetakoa izan zen artean,  aita zena –Luis--, berriz, denetarik gazteena, hemezortzigarrena alegia. Horra zergatik Maritxuk eta biok ia bi belaunaldi ezberdinetakoak-edo ginen.

Gure Maritxu Koldo Ormaetxea gudari-komandantearekin ezkondu zen 1934ean eta gerra amaitu aurretik bikoteak atzerrira atera behar izan zuen. 1940rako edo Buenos Airesen ziren eta hantxe hazi zituzten, honezkero bertan aitxitxatu eta amamatutako lau seme-alabak.
 

Gogoan dudanez seme-alabok 1960ko hamarkadan etorri ziren, estreinako, amets zuten Euskadira. Gaztetxoa nintzen arren susmoa dut ez zitzaiela hemen aurkitu zuten giroa lar gustatu. Edo ez zela behintzat Koldo eta Maritxu gurasoei beti entzun izan zien bezain gozoa, gogotsua eta euskalduna. Hain zuzen, nahiz eta besterik itxaro,  euskaraz beraiek baino dezente gutxiago zekiten lehengusu-lehengusina eibartarrak ezagutzeko aukera etsigarria izan zuten: “Es que… ya sabéis… con Franco…”. – “¿Franco? Pero si nosotros hemos tenido que aprender con Perón!”.

Nahiz ama eta seme-alabak hegoaldera etorri, Luis Ormaetxea aitak ez zuen garai hartan sartzerik izan eta Hendaian geratu behar izan zuen. Nire aita zenak berarekin eraman ninduen mugaz beste aldera eta hantxe ezagutu nituen bai komandantea bera eta baita Toribio Etxebarria ere.

Azkenengo bider 1992an izan genuen Maritxu Eibarren baina nik 2003ko azaroan agurtzeko aukera izan nuen. Sao Pauloraino joan behar izan nuen lan-kontuengatik eta aukera hurbil hartaz baliatu nintzen Maritxuri bisita egiteko.   Ordurako 92 urte izan  arren sasoiko zegoen, jarduntsu, pozarren, gauzak txukun samar egin izan dituenaren lasaitasunaz.  Bertan jaiotako hiru belaunaldien amandria euskalduna zen eta bere altzo-inguruan biltzen zituen elkarren arteko ardatzik sendoenak eta behinenak. Hamahiru biloba zituen eta bederatzi birbiloba.

Begoña alabarik gazteenak telefonoz esan didanez, hil zen egunerarte ez zuen konorterik galdu. Atzenengo une arte argi, alai, lasai, buruaren jabe, Eibarko ipi-apa guztiak,  bertan jarraituko balu bezala aipatuz, kontatuz eta gozatuz.

Agur Maritxu, eta zorionak neska. 98 urteren bueltan Arrate Egunian hiltzen asmatzen dauan eibartarra ez don gero edozein.                           

Gregorio-Angela
Ezkerretik eskuinera, goian, Luis Ormaetxea eta Maritxu Aranberri, senar-emazteak. Erdian, amama eta aitxitxa, Angela Villabella eta Gregorio Aranberri, Maritxuren gurasoak. Behean, Gaizka, Maite, Begoña eta Nere seme-alabak. Buenos Aires, 1956
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: