Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

"Hamaseigarrenean, aidanez", Anjel Lertxundi (Erein, 1983)

Asier Sarasua 2013/01/02 16:45
Dagoeneko 30 urte bete ditu euskal literaturako "klasiko" bihurtu den eleberriak. Andu Lertxundiren lanik onentsuena, 80. hamarkadako eleberri aipagarrienen artean sar daitekeena. Gaur egun ere, guztiz gomendagarria.

Beti irakurtzekotan (Institutuan ez zitzaidan egokitu), eta azkenean heldu zait ordua. Esan bezala, 80. hamarkadako libururik aipagarrienetakoa dugu Anjel Lertxundiren hau, Lertxundiren lan oparoaren artean ez ezik, euskal literaturaren historian ere lekutxoa duena. Oriotarraren lehenengo eleberria (edo), ipuinak nagusi izan omen ziren hamarkadan argitaratua (Narrazioak, Dudular, Obabakoak, Azukrea belazeetan...).

Eleberri laburra, argumentu xinple samarra duena, baina oso ondo egituratuta eta kontatuta dagoena. Ahots eta narratzaile ugari, egituraketa eta teknika narratiboa bikain erabiliak...

Goiz euritsu batean, Martzelinak presagioa dauka: "senarra gaur hilko zait". Hortik abiatuta, Martzelinaren istorioa kontatuko zaigu. 30 urte lehenago herrira iritsia, ezer gabe, herritarrek harrera hotz samarra (leun esatearren) eman zioten. Txutxumutxuak nagusi (irakurleari ez zaio garbi geratuko benetan zer eta zergatik), herriko gehienek ateak itxi zizkioten. Gizona aukeratzeko orduan ere ez zuen egokiena aukeratu, Domingo, zurrutero jokozalea. Ondoren ere ez zaizkio gauzak asko hobetuko: haurra galduko du, amaginarreba hil egingo da,... Martzelinaren drama pertsonalaren eskutik herriko giroa eta garaiko bizimodua ezagutuko ditugu (garai bateko euskal herri txiki bateko giro itxia), eta jokoaren zama azpimarratuko ("jokoa ez da errenta").

Kontalari nagusia idazlea da. Domingo protagonistaren senide bat, gertatutakoaren kronika modukoa egin nahi duena. Horretarako lekukoei emango die hitza, ahots eta ikuspegi kaleidoskopikoa iradokiz. Orain lehenengo pertsonan, orain hirugarrenean; orain idazlearen hitzetan, orain lekukoenean zuzenean. Hasieran lekukoak bakarrik agertuko zaizkigu, bakoitza bere bertsioa emanez; gero, narratzailea nagusitzen joango da.

Gabriel García Márquezen Crónica de una muerte anunciada gogoratzen digu hasieratik. Lehenengo parrafotik dakigu Domingo hil egingo dela, eta gertakizunen kronika modukoa emango zaigu. Ikuspegi ezberdinetatik, egia borobilik ez dagoelako; ez oso modu harilkatuan, gehiago adabakiz jositako errelatoa eginez. Baina azkenean collage horrek margolan osoa erakutsiko digu, eszena osoa irudikatuko (nahiz eta hari asko irakurlearen esku ere uzten dituen idazleak).

Artelan gogor bezain ederra.

Hasi urtia euskeraz... eta kitto! (1993-2013)

Asier Sarasua 2013/01/01 22:55
Urte Barri on, eta hori guztiori. Hara zer topau doten erretrato zaharren artian: mendigoizale paria Urko tontorrian oin dala 20 urte. "Hasi urtia euskeraz... eta kitto!!"

Urte Barri egunian Urkora igotzen dogu eibartarrok. Horixe da ohittura zaharra (tira, oin dala urte batzuetatik honakua, behintzat). Azkenaldixan, gaiñera, ...eta kitto! euskera elkartiak txorixua eta saldia be banatzen dau Ixuan, Urte Barri egunian Urkora igotzen dogun eibartarron artian.

Aste honetan, argazki zaharren artian, hara zer topau doten: 1993. urteko kartela eta erretratua. Esango neuke horixe izan zala ...eta kitto! elkartiak antolatutako lehenengo igoeria. Elkartia bera be jaixobarri (1992an), hauxe izan zan antolatu genduan lehenengo kontuetako bat.

Eta hantxe, Urko tontorrian, eibartar ausart bi, oxigeno barik (meritua, goizeko 8ak ziralako, gaupasa gogorran ostian).

20 urtera be, aldarri berbera: "Hasi urtia euskeraz ...eta kitto!"

Urte Barri egunian, Urkora (1993)

 

Urte Barri egunian, Urkora (1993)

"El reloj de Mr. Darwin" (Juan Luis Arsuaga, 2009)

Asier Sarasua 2012/12/30 18:35
2009. urtean "Darwin urtea" ospatu zen mundu osoan (bere jaiotzaren 200. urteurrena eta "On the Origin of Species" liburuaren 150. urteurrena). Data horren harira, Juan Luis Arsuaga paleontologo ezagunak liburu interesgarria argitaratu zuen Darwinen bizitzaz. Darwin gogoan baina, gehienbat, eboluzioa hizpide.

Charles Darwin (1809-1882) artista hutsa izan zen, genio bat. Zientziak tarteka-marteka ematen dituen izen handietako bat, historia aldatzen duten horietakoa, Galileo, Newton edo Einstein, adibidez. 1859. urtean argitaratutako "On the Origin of Species" liburuak mundua aldatu zuen, gure espezieaz eta bizitzaz ordura arte genuen ikuspuntua irauliz.

Alde batetik eboluzioaren kontzeptua erabat errotu eta finkatu zuen (lehenago ere gai hori zientzilarien artean aipatu izan zen arren); bestalde, eboluzio hori eman zedin beharrezko mekanismoa adierazi zigun: hautespen naturala (bere liburuak, izan ere, horixe du benetako izenburu: "On the Origin of Species by Means of Natural Selection"). Baina hori baino askoz gehiago ere egin zuen Darwinek. Espezieen eboluzioaz gain (berak espezieen transmutazioa deitzen dio) eta gizakiaren jatorria mahai gainean jartzeaz gain, beste hainbat gai eta lan ere plazaratu zituen eta diziplina mordoa landu, besteak beste, botanika, etologia, geologia, paleontologia... Betiere zehaztasun eta metodo zientifiko paregabearekin.

Juan Luis Arsuagak (Madril, 1954) ondo azaltzen ditu horiek guztiak 2009ko lan honetan (Darwinen jaiotzaren 200. urteurrenean argitaratua). Bere bizitza eta lana azaltzen ditu; modu dibulgatiboan, baina oinarri eta zehaztasun zientifiko egokiarekin. Egia da liburua batzuetan ez dagoela ondoegi egituratuta, eta kontzeptu batzuk errepikatu egiten direla, baina hala ere lan gomendagarria da, oso gustura irakurtzen dena eta eboluzioaren gaia eta Darwinen joan-etorriak ezagutzeko aukera ona eskaintzen duena. Izan ere, Arsuaga bera ere dibulgatzaile bikaina da (gaztelaniaz eta gai hauetaz onentsuenetakoa, nik uste); hor daude, besteak beste, El collar del Neandertal eta beste hainbat lan, edo Atapuercako aurkikuntzen inguruan idatzi dituen hainbat liburu dibulgatibo. Gogoan izan bera dela Atapuercako aztarnategiko zuzendaria, paleontologoa eta giza eboluzioan espezialista handia.

Charles Darwinen bizitza kontatu ahala (non, noiz eta nola bizi izan zen), batez ere haren lana eta pentsaera azaltzen dira liburu honetan (kasu honetan, gainera, neurri batean berdinak dira lana eta pentsaera, karga ideologiko handiko liburuak izan zirelako garai hartarako). Zientzilariaren argitalpenen zerrenda izugarri luzea da, baina 4 lan dira oinarrizkoak eta Arsuagaren lan honetan azpimarratzen direnak: The Voyage of the Beagle (1839), On the Origins of Species (1859), The Descent of Man (1871) eta Autobiography of Charles Darwin (1887).

Horrela, eboluzioaren ideiaren sorreraz eta garapenaz mintzatuko zaigu Arsuaga, Darwinen hitzen bidez, gehienetan. XIX. mendean zehar nola joan zen pizten eta zabaltzen eboluzioaren inguruko ideia, Darwinen aurretik nola aipatu izan zuten gaia, Darwinen ekarpena (eboluzioaren kontzeptua finkatzeaz gain, eboluzioa gidatzen duen mekanismoa adieraziz, hautespen naturala eta baliabideengatik bizidunek egin beharreko borroka Malthusen ideiak oinarri), eta era berean, harrezkero eta XX. mendean zehar, nola irakurri eta moldatu den Darwinen teoria (teoria sintetikoa, neodarwinistak, eta abar).

Bide horretan, izen asko azalduko zaizkigu euren ekarpena egiten, bai XIX. gizaldikoak (Cuvier, Malthus, Lyell, Lamarck, Wallace, Huxley...), zein XX.ekoak (Lorenz, Mayr, Dobzhansky, Goldschmidt, Dawkins, Gould...). Zein da bakoitzaren ekarpena? Nola uztartzen dira euren ideiak Darwinen ideiekin? Nola ikusi eta ulertu behar dugu Darwin XXI. mendean?

Amaitzeko, gaur egungo ideia eta zalantza nagusiak ere aztertzen ditu. Oraindik ere, eta gezurra badirudi ere, asko-asko dago ezagutzeko eboluzioaz eta eboluzio hori gidatzen duten mekanismoez. Geneen erregulazio-mekanismoak, isolamendu reproduktiboa nola gertatzen den, espeziazio sinpatrikoaren koxka, karaktere ez adaptatiboen inguruko zalantzak, hautespen sexualaren papera, deriba genetikoaren garrantzi maila, saltazionismoa eta oreka puntuatua (bai? ez? zer mailatan?), Kanbrikoko eztandaren arrazoiak (eta harrezkero fillum berririk azaldu ez izana), anagenesia vs. kladogenesia, eta abar.

Laburbilduz, eboluzioaren inguruko oinarrizko ikuspegia izateko liburu polita. Eta baita Darwinen figura hobeto ezagutzeko eta aldarrikatzeko ere. Oinarri zientifiko sakonekoa, baina nahiko modu errazean kontatua.

Esan bezala, Darwinen ideiek mundua aldatu zuten; mundua eta gizakia ikusteko modua aldatu zuten. Darwinik gabe ere, beste norbaitek ekarriko zuen eboluzioaren ideia mahai gainera, seguru (izan ere, beste ahalegin batzuk ere izan ziren garai beretsuan). Baina Darwin izan zen ideia horiek ongien jaso, aztertu, landu eta plazaratu zituena. Gainera, horretarako garai egokiegia ez zenean:

  1. erlijioak zuen zama izugarriarengatik,
  2. data paleontologikoak oraindik oso urriak zirelako (gaur ere ez dira izugarriak, baina atera kontuak duela 175 urte),
  3. eta karaktereen transmisio genetikoa ezezaguna zelako (garai hartan ziharduen Gregor Mendelek bere probak eta teoriak garatzen, baina bere lana ez zen ezaguna).

Lana pazientziaz egin zuen. Datu-kopuru izugarria batuz eta hari guztiak ondo lotuz (jakin bai bazekien gizartearen zatirik handiena kontra izango zuela). 1838 ingururako bere ideia nagusiak prest zituen, baina gutxinaka joan zen, hariak ondo lotuz eta ideiak gutxinaka plazaratuz eta kontrastatuz. "On the Origin of Species" liburuaren lehenengo bertsioa 1844an idatzi zuen, baina 1859ra arte ez zuen argitaratu, badaezpada (dena lotu arte); eta lan horretan animalien eboluzioa (etengabeko aldaketak) aipatzen den arren, gizakiaren eboluzioaz ez dio larregi (zeharka ez bada). Gizakiaren jatorriaz 12 urte beranduago hitz egin zuen ("The descent of man", 1871), eboluzioaren gaia ordurako nahiko onartuta zegoenean.

Bai, gizakia ere animalia da, beste forma guztiak bezala, jatorrizko aitzindari baten aldaketaz eta eboluzioz sortutakoa; eta seniderik hurbilenak tximinoak ditu. Are gehiago (Darwinek zehaztu zuen moduan): gizakia ez dator tximinotik, beste tximino bat besterik ez da.

"Idazten ari dela idazten duen idazlea" Iban Zaldua (Elkar, 2012)

Asier Sarasua 2012/12/07 19:35
Iban Zalduaren azkenengo liburua izan dut esku artean egunotan. Literatura hizpide duten 22 ipuin laburrez osatutako bilduma erakargarria. Gomendagarria, esate baterako, Durangon egingo duzu osteratxo horretan zureganatzeko.

Idazten ari dela idazten duen idazlea
Iban Zaldua
Elkar, 2012

Iban Zalduak ipuin-liburua argitaratu du duela aste batzuk, Idazten ari dela idazten duen idazlea.

Ni ere, Aritz Galarraga bezala, Zalduaren fana naiz aspalditik (Gezurren eta Traizioen sasoitik). Gustatzen zait, irakurlea nola erabiltzen duen, hara eta hona, haizeak orbela bezala, ezustekoak eta txiribueltak emanda (batzuetan larregi, egia da; derrigortuta bezala, bukaeran beti triplemortala ematera). Gustatzen zait,  ipuinak sukaldatzen dituenean, nola botatzen dizkien beti korailakada bat fantasia eta pare bat kilo ironia.

Zalduak harrapatu egiten gaitu, gainera, gu moduko batek kontatutako ipuinak direlako; gure istorioak direlako. Kasu honetan, esate baterako, Carrefourrera garamatza, edo Irakurle Klubaren berri ematen, edo Ikastolako gurasoen artean kokatzen... eta euskaldunon eguneroko burukominak, inkoherentziak eta moral bikoitza islatzen dizkigu, berriro. Hori bai, konplexu eta dramarik gabe. Are gehiago, askotan galtzailearen edo antiheroiaren figura baliatuz.

22 ipuin bildu ditu ipuin-liburu (ezen ez ipuin-bilduma) honetan. Betiko estiloan, baina literatura ardatz nagusi eta ia bakar hartuta. Idazleak, itzultzaileak, irakurlea... dira protagonista. Eta sariketak, kritikak, argitaletxeak, liburu-dendak eta irakurle klubak eszenario nagusi. Gustura, erraz eta irribarrearekin irakurtzeko 22 ipuin. Gehien gustatu zaizkidan batzuk aipatzearren, beharbada, Potroak, Bazkaria, Liburu denda perfektua, Izozki denda, Miraria...

Orain aste batzuk E.A. Poe-ren Kontakizunak irakurri nuen. Gustatu zitzaidan, baina orduan ere aipatu nuen euskal idazleen artean ere ipuin-bilduma gomendagarriagorik aurkituko nukeela. Boutade txiki bat, nahi baduzue. Baina egia da. Poe baino, nik neuk lehenago gomendatuko nioke nire inguruko ia edozeini Zalduaren azken hau. Durangoko osteratxorako, esate baterako.

Murakami gustatzen zaion irakurle baten aholkua eta iritzia onartzen baduzue, behintzat. Glups!

Irakurle kluba Eibarko liburutegian

Asier Sarasua 2012/12/06 10:40
Ez da bene-benetako Irakurle Kluba izango, baina oso antzerako ekimena antolatu du Eibarko Udal Liburutegiak datozen hilabeteetarako. Euskal Idazleen Elkarteak antolatzen duen programa bati helduz, "Idazlearekin berbetan" jarri du abian. Urtarriletik apirilera 4 liburu irakurri, aztertu eta komentatuko dira, idazleekin eurekin batera.

Orain arte gaztelaniaz bakarrik zegoen Irakurle Kluba liburutegian. Euskarazko antzeko zerbait ere egiten du ...eta kitto! elkarteak.

Oraingoan, EIE elkartearekin laguntzarekin, udal liburutegian euskarazko liburuak ere irakurri eta komentatu ahal izango ditugu. Hurrengo lauretan, behintzat, idazlea bera ere bertan egongo da. Liburutegiak liburua ere lagatzen dizu, nahi baduzu.

Atzo eman nuen izena eta dagoeneko Twist (Harkaitz Cano, 2011) ere etxean daukat. Horixe da-ta urtarrilaren 8rako irakurri beharreko liburua. Aspaldi liburutegian hartzekotan, baina beti "hurrengorako" laga izan dut. Oraingoan ezin ihes egin.

Canoren ostean beste hiru etorriko dira, hurrengo beste 3 hilabeteetan:

  • Otsailak 5: Joseba Lozano, Argiaren erreinua
  • Martxoak 5: Hasier Etxeberria, Eulien bazka
  • Apirilak 9: Jon Arretxe, Tangerko ametsak

Behin udako geldialdiaren ostean, udazkenean beste lau liburu/idazle izango omen ditugu. Saio guztiak, hileko lehenengo martitzenean, arratsaldeko 7etan.

Ea ba nola irteten duen. Banuen bai, aspalditik, horrelako esperientzia batean parte hartzeko gogoa. Izan ere, liburuaren irakurketa ez delako azkenengo orrialdean amaitzen, hurrengo hausnarketa, ondorio eta zirri-borroetan baizik. Eta hori beste irakurle batzuekin eta idazlearekin berarekin eginez gero, are aberasgarriagoa izango da.

Info gehiago Eibarko Udal Liburutegiaren webgunean. Ez denok apuntatu, e? 30 plaza besterik ez daude eta gehiago apuntatuz gero zozketa egin beharko dute ;-(

Bartolo Arriola hil da (1912-2012)

Asier Sarasua 2012/11/25 10:12
Zoritxarrez aste honetan juan jaku, 100 urte betetzeko egun batzuk besterik ez jakozenian falta. Sekulako penia sentidu dot. Eta poza, Bartolo ezagutzeko aukeria euki dotelako. Bartolokin batera belaunaldi oso bat juan jaku, gure aitxitxa-amamen belaunaldixa. Umezurtz geldittu gara.
Bartolo Arriola hil da (1912-2012)

Bartolo Arriola Garate

Oin dala 3-4 aste ikusiko neban azkenengoz Bartolo, betiko moduan, euzkixa hartzen Julian Etxebarria kale inguruan. Beti bezain jator, gorputza arin eta burua gazte. 100 urte bete bihar zittuala kontau zestan (banekixan, jakiña, bera ikusitta sinistu ezin bazan be), eta nere aitxitxan kontuak be erabili genduzen (kinttuak ziran bixak, 1912an jaixotakuak). Betiko kontuak. Beti bezain jator, beti bezain maittagarri.

Izan be, azkenengo 20 urtiotan dozenaka (ehundaka) gizon-emakume elkarrizketatu dittut Euskal Herrixan zihar, baina badira batzuk barren-barrenian sartuta gelditzen jatzuzenak. Eta horren artian zeguan Bartolo. Pertsona jatorra, apala, autu-kontalarixa,... eta sekulako burua zekana.

Antxiñako Eibarren inguruko zalantzaren bat banekan, banekixan Zatixa soziedadera juan, eta hantxe egongo zirala Bartolo eta Agustin, edozer argitzeko prest (eta ni baiño lehenago, badakit Imanol Laspiur eta Antxon Narbaizantzat be informaziño-itturri izugarrixa izan zirana Zatixako barriketaldixak). Bartolo ez zan Eibarren jaixo, Mendaron baizik, baina 7 urte besterik ez zekazela etorri zan Eibarrera bere familixa guztiakin batera, eta gerra aurreko kontuak oso ondo gogoratzen zittuan. Informante aparta zan; berezi-berezixen taldekua. Hauxe notatxuau dakagu Ahotsak.com proiektuko datu-basian: "Oso-oso hizlari ona. 90 urtetik gora egin zaizkio elkarrizketak (azkenak 95 urterekin) eta oso azalpen zehatzak ematen ditu, arin eta bizi, haria galdu gabe eta euskara alai eta bikainean. Ahoskera ere garbi-garbia dauka. Primerako lekukoa eta pertsona hurbila".

Bazirudixan Bartolo betirako eukiko genduala hor, gure kezkak belaunaldiz belaunaldi argitzeko. Baina ez. Iñor ez da betirako, ez. Eta egun batetik bestera umezurtz geldittu gara. Bartolo ez ezik, belaunaldi oso bat juan jaku. Gure aitxitxa-amamen belaunaldiko azkenengo lekukuak. 1910-1915 inguruan jaixo eta Gerra aurreko Euskal Herrixa ezagutu zeban giza taldia. Bartolo, Luziana, Antonio, Pazita, Candido...

Oin arte, zalantzaren bat genkagunian, eurengana joten genduan. "Zelan zan zera...? Eta zelan esaten dozue euskeraz...?".

Eta oin? Oin zer demontre egin bihar dogu?

Makaleko faenia egin deskuzue.

 


Eibarko igerilekuak: Matsaria, Barrenazarra, Maltzaga, Areatza...

Euskerian egunian, Toribio Etxebarria hizpide Eibarren

Asier Sarasua 2012/11/18 15:55
Azken urtiotako ohitturiakin jarraittuta, aurten be Euskerian Eguna ospatuko dogu Eibarren. Aurtenguan Toribio Etxebarria izango da izarra, idazlia jaixo zala 125 urte bete diralako, eta omenaldixa egin nahi jakolako.

Azkenengo urtietan moduan, aurten be Euskerian Eguna ospatuko da Eibarren, ...eta kitto! euskera elkartiak eta Eibarko Udalak antolatuta (aurreko urtietako info apurra: 2009, 2011). Oinguan Toribio Etxebarria izango dogu hizpide. Izan be, aurten 125 urte bete dira idazle eta politikarixa jaixo zanetik (1887an jaixo zan Txirixo kalian), eta omenaldi txikixa eitteko aprobetxauko da.

Abenduaren 3ko ekitaldi nagusixak, horretara, Toribiokin lotuta egongo dira.

  • Azaruan zihar "Toribio Etxebarria lehiaketa" egingo da Eibarko liburutegixan. Idazlian lanen eta biografixian inguruko galdera-jokua, haurrendako eta helduendako.
  • Abenduaren 3an bertan, Udalak plakia ipiniko dau Toribion jaixotetxian, Txirixo kaleko 6. pegoran. "Toribio Etxebarria Ibarbia, Eibar 1887 - Caracas 1968. «Nere txoko maittia, mendi eder biren erdian jarria!»."
  • Egun guztian zihar, Toribion lanik ezagunena irakorriko da udaletxian, lexikoia ("Lexicón del euskera dialectal de Eibar"). Azkenengo urtietan indarra hartu daben ekitaldixa da, irakurketa publiko jarraixa eittiana. 2009an be Eibarko euskerazko lan ezagunak irakorri genduzen (Juanito San Martinen Zirikadak eta Eztenkadak), Eibarko talde, elkarte, eragile eta herrittarren artian. Ekitaldi apala da, baina politta, herriko jende mordua euskerian (Eibarko euskerian) inguruan batuta ikustia, bakotxak liburu baten lerro pare bat irakortzen, euskeraz, Eibarko euskeraz, herri guztian aurrian. Abenduaren 3an izango da, goizeko 9etatik arratsaldeko 7etara. Lan mardula, bidegillia, aitzindarixa... 50 urtera, oindiokan be gogoratzeko modoko biharra.
  • Amaitzeko, abenduaren 3an bertan, eta behin irakortaldixa amaittuta, arratsaldeko 7etan, Toribio Etxebarrian inguruko mahai-inguru edo barriketaldi publikua eukiko dogu udaletxeko areto nagusixan. Serafin Basaurik, Antxon Narbaizak eta hirurok jardungo dogu, idazlian bizitzaz, izakeriaz eta, gehixenbat, lan linguistikuaz. Baina gure jarduna baiño, herriko guztien parte-hartzia nahiko genduke. Guztion artian Eibarko euskerian inguruan berba eittia (edo euskeriak Eibarren dakan eta euki daben lekuaz).

Toribion bizitzaz eta lanaz zeozertxo ezagutu gura dabenandako, hamentxe 2005ian idatzi nittuan lerro batzuk. Etxebarriak idatzittako "Viaje por el país de los recuerdos" liburuan berrargitalpenan hitzaurria izan zan. Beran lana eta bizitza laburtzen ahalegindu giñan. Hortxe dakazu, PDF formatuan, irakorri nahi badozu.

Hiru gizon ilustre, itturri bidetik

Asier Sarasua 2012/11/16 09:10
Eibarko kantu ezaguna. Lehen taberna giroko eta mozkorraldiko doinua. Gaur egun 7 urteko gure seme-alabak Ikastolan ikasten dabena.

Kantu ezaguna Eibarren, Hiru gizon ilustre. XX. mende hasierako doinua, 3 zurruteroren gora-beherak kontatzen dittuana, amaiera ederrakin (behe-behian dakazue letria).

Gure seme Manexek (7 urte) aste honetan ekarri dau letria etxera, San Andresetarako ikasi bihar dabela-ta. Ohittura zaharrak eta betiko kantuak gorde eta ikastian aldekua naiz, jakina; eta ez naiz errezegi eskandalizatzen. Baina kurioso samarra pentsau jata gaur egungo hezkuntza-sistema super-arautu eta politikoki zuzen honetan, Ikastolako jaialdixan holakuak entzungo dirana: "mozkor-mozkor eginda...".

Eta ez da kritikia, gero. Gu pozik gabiz, Manex Aulesti eta Asier Lope, lepotik helduta etxeko karrajuan kantuan. Hori bai, zer bertsiño aukeratuko dabe gure seme-alabak? Asun Angerak eta Jose Sarasuak kantatzen daben bertsiño historikua? Edo mp5 taldian bertsiño histerikua?

Galdera retorikua da, jakiña.

 

 

Hiru gizon ilustre itturri bidetik
Mozkor-mozkor eginda Elgetakaletik,
Aulestik heltzen zion Loperi lepotik
Ez muzturrez aurrera erortziagatik.

La esposa decía Iriagaittikan:
-No le puedo sacarle Tocayonetikan.
Porque le gusta mucho napar beltzetikan
No le gustará tanto Urkuzuko urikan.

Urkuzuko itturrixak baleki berbetan
Zerbaitt esango leuke astelehen goizetan. (bis)

Egillia: Anbrosio Atxa, “Itxaso”

2007an krisialdia aurreikusi zuten Sorian

Asier Sarasua 2012/11/14 09:10
Soriako bi agure. Ekonomiaz eta krisiaz berbetan. Eskolarik gabeak, baina asko ikasitakoak eta zentzu handikoak. 2007an krisiaz eta ekonomiaz hasi ziren berbetan dokumental baterako. Pasarte batzuk berreskuratu dituzte eta sareratu. "¡Esto va a terminar mu mal!" aurreikusi zuten duela 5 urte. FMI, EBZ, eta ekonomista guztiek baino lehenago.

Bideoa bolo-bolo zabaldu da azken orduotan sare sozialetan. Benetan ere ikustekoa. Oso ona da. "Si la economía es muy fácil. La economia no hace falta estudiarla. Si ganas 5 y gastas 6... Esto va a terminar mu mal."

 

'Se veía venir...', dos abuelos de Soria predicen la crisis en 2007 from ShowU on Vimeo.

Solasaldi interesgarria Armeria Eskolan datorren astean

Asier Sarasua 2012/11/08 18:50
Datorren eguen arratsaldean, azaroaren 15ean, hitzaldi edo mahai-inguru interesgarria izango dugu Eibarko Armeria Eskolan. Jon Sarasua, Andoni Egaña, Garbiñe Biurrun eta Iñaki Dorronsoro elkartuko dira, Euskal Herriaren orainaz eta geroaz gogoeta egitera.

Mahai-inguru edo solasaldiaren izenburua ondorengoa izango da: "Gure Herri honen asmo, erronka eta itxaropen bideei buruzko gogoeta saioa eta solasaldia".

Armeria Eskolak antolatuta dago, bere 100. urteurrenaren ospakizunen barruan, eta aipatutako 4 hizlariak bilduko ditu: Iñaki Dorronsoro (Eusko Ikaskuntzako presidentea), Andoni Egaña (idazle eta bertsolaria), Jon sarasua (irakasle eta kultur eragilea), eta Garbiñe Biurrun (epailea eta irakaslea). Moderatzaile lanetan Odile kruzeta kazetari eibartarrak jardungo du.

  • Lekua: Armeria Eskola, Eibar
  • Eguna: Azaroaren 15ean
  • Ordua: 18.30
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz