Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Zenbait dokumental interesgarri

Zenbait dokumental interesgarri

Asier Sarasua 2013/08/26 10:49
Alberto Bolaño, el último maldito (2010), A memoria da lingua (2010), Violeta se fue a los cielos (2011), En busca del primer europeo (2011), Salda badago (2001), La força de babel (2013), Informe Robinson - La pelota vasca (2013), Guk (2012).

Azken asteotan astia aurkitu dut ezohiko gauzak egiteko; besteak beste, "gordeta" nituen zenbait dokumental ikusteko. Han eta hemen entzun izan ditudan izenburuak izan dira, gehienbat Twitter bidez jasotako gomendioak, eta nire egitekoen ToDo-zerrendan aspaldi apuntatuta nituenak. Horien arteko batzuk aipatu nahiko nituzke, interesgarriak iruditu zaizkidalako. Gai aldetik (eta baita kalitate aldetik ere) alde handia dute euren artean, baina nik neuk gustura ikusi ditut guztiak. Hauexek dira: Alberto Bolaño, el último maldito (2010), A memoria da lingua (2010), Violeta se fue a los cielos (2011), En busca del primer europeo (2011), Salda badago (2001), La força de babel (2013), Informe Robinson, la pelota vasca (2013) eta Guk (2012), besteak beste.

Alberto Bolaño, el último maldito (RTVE, 2010)

RTVEko Imprescindibles saioko atala. Saio horrek beste hainbat ere baditu, maila onekoak (esate baterako, Vázquez Montalbán eta Juán Marsé idazleenak ere ikusi ditut, gustura), baina Bolañoren hau iruditu zait borobilena. Mito bihurtu den idazle txiletarraren bizitza eta lana ezagutzeko oso aproposa, pues, pinche cabrón!

 

A memoria da lingua (As Candongas do Quirombo, 2010)

Galizieraren historia soziolinguistikoa laburbiltzen duen dokumental interesgarria, As Candongas do Quirombo kolektiboak egindakoa. Historia hurbilaz ez ezik, orainaz (eta are geroaz) ere mintzo da, bihotzetik. Euskal Herriko egoerarekin dituen alde eta antzekotasunak ere azaleratuko zaizkigu euskal hiztunoi, eta zenbait oinarri soziolinguistiko ere ondo-ondo plazaratzen ditu. Baliabide gutxirekin ere oso gauza interesgarriak egin daitezkeela frogatzen du, gehienbat maitasun handiarekin eginez gero. Hainbat gauza ulertzeko primerakoa.

 

Violeta se fue a los cielos (Andrés Wood, 2011)

Violeta Parra artista txiletarrari buruzko filma (ez da, beraz, dokumentala, baina tira). Polita, askotan hunkigarria, zenbaitsutan latza. Bakarrik gaztetako kanposantuko eszena laburra ikustearren merezi du. Sarean ez dago osorik, baina jaisteko aukera dago. Hemen trailerra.

 

En busca del primer europeo (Turkana Films, 2011)

Azkenaldian erabat engantxatuta nago giza eboluzioaren gaiarekin eta Atapuercako aztarnategiekin (kontu honek beste post bat ekarriko du, ziurrenik). Sarean hainbat bideo daude gaiaren inguruan. Hau ez da onena eta sakonena, beharbada, baina esango nuke oso egokia dela "hasteko", oinarrizko kontzeptu eta datuak jasotzeko. Gainera, mundu mailako aditurik handienetakoaren eskutik, Eudald Carbonell. Urrunago joan nahi duenak, hemen ditu beste zenbait (bat, bi, hiru, lau eta bost).

 

Salda badago (Orio Produkzioak, 2001)

Eriz Zapirainek zuzenduta, 80ko hamarkadako euskal rock mugimenduaren errepasoa da Salda badago. Garai hartan gazte ginenok adurra dariola ikusiko dugu; ondorengo belaunaldikoek are gehiago ;-). RTVEk ere badu antzeko bat (Aquellas movidas: rock radical vasco), Roberto Mosoren gidaritzarekin eta Fermin Etxegoienen gidoiarekin, baina Oriokoen hau hobea iruditu zait. Eta honekin batera, ezin ahaztu Zapirainek berak gero egindako beste lan bat: Zai, zoi, bele. Lehenago ere blog honetan aipatu izan dudana eta biziki gomendatzen dudana.

 

La força de Babel (TV3, 2013)

Eleaniztasunaren aldeko aldarrikapena, hizkuntza bat baino gehiago jakiteak dituen abantailak azpimarratuz, hainbat alderditik (kognitiboak, laboralak, akademikoak...). Axalekoa, baina interesgarria (errefortzurako, besterik ez bada ere). Hona hemen albistea eta bideoa osorik.

 

Informe Robinson - La pelota vasca (C+, 2013)

Espainiako merkatura begira egindako dokumentala da, noski, euskaldunontzat gai "ezagunegia", baina bakarrik Gallastegi eta Atanillo berbetan ikustearren, merezi du. Zati batzuk zirraragarriak dira. Blog honetan grabazioaren inguruko ohar eta azalpen batzuk.

 

Guk (Villalta, 2012)

Argentinako euskaldunen inguruko dokumentala da Guk; Euskal Herritik joandakoen ingurukoa eta, batez ere, bertan jaio eta hazitako ondorengoena. Deserriaz, kulturaz, hizkuntzaz, iruditegi kolektiboaz, politikaz,... Nola bizi da euskaldun izatea, Euskal Herritik 11.000 km-tara? Zerk biltzen ditu Argentinako euskaldunak? Erritmo aldetik mantsoegia, beharbada, baina interesgarria. Are gehiago, lekukoen artean senide bat izanik, protagonisten artean Maritxu Aranberri eibartarra (1912-2010) dagoelako, amaren lehengusina. Opari ordainezina (eta eskerrik asko, Nuria, dokumentala Maritxuri eskaintzearren).

Guk, nosotros. from GUK on Vimeo.

 

Beste batzuk

Beste dokumental batzuk ere ikusi ditut azkenaldian. Esate baterako, Arrhash ikusi dut asteburu honetan bertan. Interesgarria, baina maila apalekoa iruditu zait, alderdi gehienetatik. Corsino "gerrako umearena" ere bai; ez dago txarto. Edo Palestina, hesien zirrikitutik, aspaldikoxea (2006) baina egunerokotasun handikoa palestinarren egoera gordin lotsagarria gogora ekartzeko. Eta Bolivia zutik, indigenek Hego Ameriketan izan duten diskriminazioaz eta Evo Moralesen etorrerak piztutako ilusioaz. Gehiago? Argiaren Multimedia atalean makinatxo bat daude, asko eta asko interesgarriak (Debekatuta dago oroitzea, adibidez); edo aski ezagunak diren eta azken hilabeteetan zehar (ber)ikusi ditudanak eta benetan gomendagarriak (denon ahotan ibili arren, beharbada oraindik egongo da ikusi ez dituenik): Bertsolari filma (Altuna, 2011), Amerikanuak (Reig eta Bilbao, 2009) eta Gazta zati bat (Maia, 2012). Batez ere lehenengo biak; benetan onak, estetika eta produkzio bikain bezain bereziarekin.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz