Horrelakoak ziren abuztuko oporretarako irteerak 1965ean
Gaur abuztuak 14, opor hasiera askorentzat. Baina gogoratzen dituzue orain dela urte batzuetako abuztuak? Egun batetik bestera, herriak hustu egiten ziren: denda guztiak itxita, tabernaren bat salbu, eta etxe guztiak hutsik, jaitsitako pertsianak lekuko. Ezin ezta egunkaria erosi ere. Basamortua, irailera arte (Eibarren, askotan, Arrate Egunera arte). Gaur egun lan-baldintzak eta gizarte-ohiturak asko aldatu dira, baina guk geuk ere ezagutu ditugu duela gutxira arte herri huts horiek. "Abuztuko Oporrak", horrela, hizki larriz.
Abuztuko oporren lekukotasun adierazgarrienetako bat Eibar Industrial (1966) dokumentalean aurkituko dugu (zelako sortea dugun eibartarrok pelikula historiko hau dugulako!). 1965. urte inguruan grabatutako irudiak. Eibarrera lanera etorritako milaka lagun, galiziar, gaztelar, kantabriar... autobusak hartu eta euren herrirako bidea hartzen; Untzaga eta Txantxazelai autobusez lepo. Exodoa; herrirako itzulera.
Argazki oraindik eta ederragoak ere badaude, baina ez ditut sarean aurkitu, orain egun batzuk txiokatutako hau besterik ez. Ea lortzen ditudan!