"Zai zoi bele" dokumentala
Orain dela pare bat urte izan nuen lehenbizikoz proiektu honen berri. Orio Produkziotik deitu zidaten. "Eriz Zapirain naiz, Orio Produkziokoa. 60ko hamarkadako musikaz dokumental bat egin behar dugu eta Interneten zure bideo zahar interesgarri batzuk ikusi ditugu. Dokumentalean sartzeko baimenik emango zeniguke?"
Nire amak eta aitxitxak ateratako bideo batzuez ziharduen. Eibarko Euskal Jaia azaltzen da, 1965-1969 bitartean, eta irudien artean "Ez dok amairu" izeneko karroza bat. Horretxen bila zebilen Eriz: Ez dok amairu musika taldearen inguruko dokumental bat egiten ari ziren.
Orain dela aste gutxi Erizen eskutitza jaso nuen lanean. Eskerrak ematen zizkidan eta dokumentalaren kopia bat bidaltzen zidan DVDan. Egun batzuetan mahai gainean ahaztuta izan ostean, azken egunotan osorik ikusi dut, goitik behera. Ikusi eta gozatu.
1960ko hamarkada erdialdean euskal kantagintzak izugarrizko iraultza bizi izan zuen: Ez Dok Amairu taldearen sorrera. Gaur egun hain ezagunak ditugun hainbat artista bildu zituen taldeak (Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Julen Lekuona, Joxean Artze edota Joxe Anjel Irigarai, besteak beste) eta Frankismoaren sasoi ilun hartan arnasa berria ekarri zion Euskal Herriari, kantagintzari ez ezik, baita euskal nortasun berari ere.
Lau urte jardun du Orio Produkzioak ekoiztetxeak Eriz Zapirain zuzendariaren ardurapean dokumental sorta honetan lanean. Dokumental sorta honen asmoa garai hura ezagutzera ematea izan da, belaunaldi berriek jakin dezaten zeintzuk diren, nola eta zergatik hasi ziren eta, batez ere, zer ekarpen egin dioten euskal kulturari. Izan ere, esango nuke gehienok ezer gutxi dakigula "Ez dok amairu" taldeaz.
Dokumental-sortaren bidea ez da samurra izan. Lau urtetik gora behar izan dituzte burutzeko (Argiako albiste honetan prozesu guztia egileen ahotan). Hasieran 30 elkarrizketa inguru egin zituzten. Ondoren gidoia, muntaia... etorri ziren. Nola antolatu hori guztiori? Dokumentala 6 ataletan banatzea erabaki zuten, bidaia baten itxuran antolatuta. Amets Arzallus izango da gidaria. Sei eguneko bidaia bat egingo du Euskal Herrian barrena, Donostiatik abiatu eta Donostiara itzultzeko; bidaia espazioan eta denboran. Ibilbidean lekuak, izenak eta gertakizunak kontatuko dizkigu Ametsek, 1965ean Ez dok amairu sortu zen unetik 1972an desegin zen arte. Nola sortu zen taldea? Zer iturritatik edaten zuten? Zer oztopo izan zituzten? Zein zen garai hartako egoera? Eta zergatik desegin zen taldea?
Garai hura ezagutu ez genuenontzat ezinbesteko dokumentala. Eta ezagutu zutenentzat ere bai. Gaur gauetik aurrera, igandero, gaueko 21.30etan ETB1en.
Beharbada egokiagoa da telesaila hasi-ta-amaitu ikustea, ez sei astean zehar (kapitulu batetik bestera erreferentziak daudelako), baina baliteke EITBk laster sarean jartzea, horrela egiten duelako hainbat proiekturekin. Bitartean, telebistan ere ondo.