Maritxu Aranberri, gure lehengusina, argentinar euskaldunen bideoan
Aste honetan han eta hemen ikusi dugu albistea, tartean Sustatun. Nuria Villalta gazte nafarrak urtebete inguru igaro du Argentinan eta bertako euskal komunitatearen inguruko dokumentala egin nahi du. Informazio gehiago Gaur8 aldizkarian. Hantxe kontatzen da dokumentalaren istorioa eta nola sareratu den dokumentalaren aurrerapena Vimeon (besteak beste, diru-iturriak lortzeko).
Eta bideo hori ikusten ari nintzela, hantxe, bideoa hasi eta segundu gutxira (45. segundu inguruan), aurpegi ezagun bat Buenos Airestik eibartarrez hitz egiten: Maritxu Aranberri.
Nire amaren familia izugarri handia da. Aitxitxa-eta 18 anai-arreba ziren eta amak dozenaka lehengusu-lehengusina ditu munduan zehar. Gainera, aitxitxak horrenbeste anai-arreba izanda, adinean ere alde handia izan zuten euren artean eta nire amaren lehengusu asko 30-40 urte nagusiagoak ziren. Lehengusu dexente ez ditut sekula ikusi ere egin.
Horien artekoa zen Maritxu Aranberri, nire amaren lehengusina bat. Koldo Ormaetxea gudari-komandantearekin ezkonduta, gerran alde egin behar izan zuten eta 1940. urte inguruan Buenos Airesera heldu ziren. Hantxe bizi izan da harrezkero, 70 urtez, 4 seme-alaba, 13 iloba eta beste hainbat birbilobarekin batera. Baina sekula ez zituen ahaztu ez Eibar, ez bere familia eibartarra, ezta Eibarko euskara ere. Orain hilabete hil zen, Arrate egunean bertan, nola ez.
Uste dut Maritxu behin bakarrik ikusi nuela, orain dela 20 urte inguru egindako bisitaldi batean, baina beti izan dut gertuko. Aitxitxa-amamei lehenengo eta ama-osabei gero, askotan entzun dizkiet Maritxuren istorioak. Batez ere, bere jatortasuna, zelako maitagarria zen, eta zein harro zegoen euskalduna eta eibartarra izateaz. Azken egunera arte jarraitu du horrela.
Bideoaren aurrerapen honetan 5 berba besterik ez dizkiogu entzun, baina zain nago ea Nuriak noiz bukatzen duen dokumentala. Berriro ere Maritxu gure artean sentitzeko.
Guk, documental from GUK on Vimeo.