Marranta eta mafrundia; hotzeria, katarroa eta burutik beherakoa
Udazken hasierako eguraldi aldaketa zakarrekin, hemen dira berriz eztul, muki, eztarriko min, karkaxa, dindirri eta buruko minak. Hotzeria, alegia. Izen-saltsa ere bai, euskaraz (hotzeria, marranta, burutik beherakoa...) zein gaztelaniaz (catarro, constipado, resfriado...); izen asko ditugulako, funtsean gaixotasun berbera dena izendatzeko. Gutxienez 6 hauek:
- marranta (tradizio zabalekoa, gehienbat Iparraldean)
- burutik beherakoa (Hegoaldean, oro har, erabili izan dena)
- mafrundia (Iparraldeko mailegua, gaskoitik hartua)
- katarroa (Hegoaldean, gaztelaniatik hartua)
- erramazkoa (Bizkaiko inguru batzuetan erabilia, itxuraz hau ere mailegua)
- hotzeria, tradizio gutxikoa, baina gaur egun erabat hedatu dena
Izenak izen, guztiek ere gaixotasun berbera adierazten dute. Errinobirus generoko birusek sortzen duten gaixotasun infekzioso arina izan ohi da. Eritasun arrunta eta, batez ere, eguraldi hotzarekin agertzen dena (eta eguraldi aldaketekin). Goiko arnasbideak kaltetzen ditu, sudurra eta eztarria, eta guztiok ezagutzen ditugun sintomak dakartza: mukiak, doministikuak, eztarriko mina,... Ondoeza, azken batean.
Berez sendatzen da 6-10 egunetara. Bitartean, zaindu!