Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Gosea gaur eta bihar

Mikel Iturria 2021/08/08 11:45
Udako irakurketa arinak: goseari buruzkoak, adibidez. Baina ez kilo batzuk galtzeko dieta mendebaldarrei buruzkoa. Ez, benetako Goseaz ari naiz. Nahasi samarra atera zait apuntea.

El mapa de los incendios activos en este momento provoca auténtico pavor. pic.twitter.com/3Ot7nxTw60

— · Hibai Arbide Aza · (@Hibai_) August 7, 2021

Sarreratxoan aipatutako gaiarekin ez du (ustez) zerikusi zuzenik. Baina hemendik abiatuko naiz. Hibairen txio honen bidez jakin nuen atzo Europako basoetan indarrean dauden suteen berri ematen duen erreminta hau dagoela: European Forest Fire Information System (EFFIS).

Pandemiak ez gintuela askoz hobeak egingo bagenekien. Gutxi ikasi eta ikasketa prozesua mantsoa izango zela.

Denbora galtzen dugu (ni barne) muturren aurrean jartzen dizkiguten behatz zein amuei begira eta ez diogu erreparatzen ia beste ezerri.

Enpin.

Carro de combate blog kolektiboan aritzen da Castro kontsumitzen ditugun produktuen jatorria aztertzen. Ez nituen ezagutzen, ez idazlea, ezta bloga ere.

Liburuak Gran Distribución Moderna (GDM) deritzonaren barrena arakatzen du; hots, hipermerkatu, supermerkatu eta saltegi handien inguruan eraikitako eredua jorratzen du. 

Sarreran argitzen du eredu hori hegemonikoa izan dela orain arte, baina Internetek eta Amazon bezalako erraldoiek hankaz gora jartzen ari direla. Eta ez onerako, preseski.

Goian jarri (eta hemen errepikatzen) dudan loturan azaltzen dira gai nagusiak. Nik horietako bati erreparatu nahi diot oso labur eta zeharka: itsas-ontzien trafikoa.

Rose George kazetari eta idazlearen Noventa por ciento de todo (Guztiaren ehuneko 90a) aipatzen du Castrok liburuaren 129. orrialdean.

Eta datu hauek ematen ditu: 100.000 ontzitzar ari direla nabigatzen munduko itsasoetatik barrena. Handienek 15.000 edukiontzi eramateko gai dira. Hauetako batean 746 milioi platano kabitzen dira. Edo 82 milioi iPad. Edo 36.000 auto.

Maersk enpresak dituen edukiontziak bata bestearen atzean jarriz ia gure planetaren (gure hori ez dakit ba) zirkunferentzia lotzeko gai izango lirateke.

Datu gehiago badira, baina horiek birrinduta utzi ninduten.

Martín Caparrós-ek idatzitako El Hambre (Gosea) ari naiz irakurtzen egun hauetan. 600dik gora orrialde dituen liburua da. «Liburu hau irakurtzeko lana hartzen baduzu, berotzen bazara eta -demagun- liburua zortzi ordutan irakurtzen baduzu...» Zortzi ordutan? Nik ez dut halako gaitasunik, Martin!

Munduan barrena egindako hainbat bidaiaren ondorio da liburutzarra. Horietako herrialde bat India da. Egonaldi bat egin zuen Kalkutan, hain zuzen ere. Eta hemen eta orain Kalkutako Ama Teresari ematen dizkion zaplazteko batzuk nabarmendu nahi ditut (108. orrialdea eta ondorengoak).

Hiru arrazoi aipatuko ditut:

1.- Bakearen Nobel Saria 1979an jaso zuenean abortuaren eta antisorgailuen aurka hitz egin zuen Estokolmon.

2.- Union Carbide lantegia Bhopal-en lehertu zenean, ahazteko eta barkatzeko eskatu zien kaltetuei, epaitegietara jo eta kalte-ordainak eskatzera animatu beharrean.

3.- Ez zituen bere enpresaren kontuak inoiz publiko egin, baina bostehun bat komentu eraiki zituen munduko ehunen bat herrialdetan zehar. Kalkutan hilzorian zeuden pobreei gutxieneko duintasunez hiltzeko guneak sortu zituen, baina jasotako dirutik ez zuen ezer bideratu bertan ospitale bat egiteko.

Biraul-i eskainitako kapituluan nago orain, 119. orrialdean hasten dena. Biraul Bihar estatuko probintzia da eta 100 milioi biztanle ditu. Lur aberatsak bai, baina baita pobre asko.

Gaur eta bihar horrekin hitz joko bat egin nahi nuen. Gaur han gertatzen dena ez ote den bihar hemen ere gertatuko.

Ez naiz batere baikorra ikusirik mundua nola suntsitzen ari garen.

Beno, isil nadi eta goazen denok Messik esan behar dituenak entzutera.

El Hambre hoy y mañana, este apunte en castellano.

Irati Goikoetxea eta Maria Jauregi

Mikel Iturria 2021/08/01 21:48
Jon O. Urain kazetariak Maria Jauregi eta Irati Goikoetxea jarri ditu solasean. Emaitza gaurko Berrian. Argazkia egunkariarena da.

(...)

Maria Jauregi: Gertatu zitzaidan lankide batekin; atentatu bat gertatu zen, eta gosaltzera joan ginen. Esan zuen: «Putaseme hauek, haiei berdin egin beharko litzaieke». Nik esan nion ezetz, bestela haiek bezala jokatzea litzatekeela, eta berak erantzun zidan: «Hori esan senitartekoei». Esan nion: «Ez daukat esan beharrik, nire aita ETAk erail zuelako». Barkamena eskatu zidan, eta esan nion ez zuela eskatu beharrik; bakoitzak bere pentsamendua daukala, eta sentitzen duen bezala jokatzen duela. Kanpoan zaudenean, ni Maria naiz, Maria gisa egiten dut bizimodua; ez noa nire historia kontatzen. Pertsona batekin konfiantza badut, eztabaidak horretara badarama, bai, baina bestela ez dut kontatzen.

Jon O. Urain: Lau urteren eta bi herriren arteko aldea daukazue. Bera izan dituzue giro bat eta garai bat. Nola oroitzen duzue zuen gaztaroko giro politikoa?

Maria Jauregi: Guk kuadrillan bagenekien bakoitza nondik zihoan, eta ez dugu asko eztabaidatu; ez da gaia ateratzen. Beti errespetatu izan dugu elkar, eta ondo eraman izan dugu. Ez dut inoiz arazorik eduki.

Irati Goikoetxea: Nik neuk, oso koloretsua eta ederra. Baina gaiari lotuta, oso garai itoa oroitzen dut; biolentoa, grisa. Festara joatea zen istiluak sortzeko arriskua. Eta ez ulertze asko; nik ez dut inoiz irainik zuzenean jaso, baina inguruan ikusi, bai: zinegotzi mehatxatuak, bizkartzainak ez eramatea erabakitzea... Aitak, eta gero guk gure kabuz, oso txikitatik jarri gintuen Bakearen Aldeko Koordinakundearen (BAK) pankartaren atzean.

Maria Jauregi: Gurasoekin joanda nago ni ere BAKen manifestazioetara.

(...)

Jon O. Urain: Nagusiki gizonak izan dira gatazkako protagonistak, baina batez ere emakumeak ari dira memoria lan horretan. Nabari duzue aldagai hori?

Irati Goikoetxea: Indarkeriak eta terrorismoak alargun asko utzi ditu, eta alargun horiek memoria bakarrik ez, sekulako transmisio lana egin dute. Emakume horiek hezi dituzte umezurtz geratu diren haurrak, eta kasu gehienetan, oso ondo kudeatu da gorrotorik gabeko transmisio hori. Mendeku goserik gabe.

Maria Jauregi: Ni ez naiz kontziente lan hori egiten ari garenik. Nire ikuspuntua plazaratzen dut, uste dudalako hori dela bidea.

Irati Goikoetxea: Egia da egon direla saiakerak, garai gogorretan gainera: Ahotsak. Emakume talde bat, gai zena elkartzeko. Hor ere bazeuden alderdiak, pentsatzeko moduak, baina bazegoen ahalegin bat hori gainditu eta erdigunean jartzeko jarri behar dena: sufrimendua, begirada humanoa. Emakumeak ziren.

Maria Jauregi: Beste ekimen oso garrantzitsu bat izan zen Glencree. Zein garrantzitsua den fokuetatik kanpo egiten den lana. Urteak eman zituzten lanean, eta, erabat sendo zegoenean, emaitza bat lortu zutenean plazaratu zuten prozesu guztia. Lehen bileran, bakoitzak ez zekien aldamenean zegoena zein zen. Hori oso aberasgarria izan zen. Konfiantza espazioak sortu behar dira hitz egiteko, eroso sentitu behar zara aldamenekoarekin.

(...)

Jon O. Urain: Nola irudikatzen duzue herri hau hamar urte barru?

Maria Jauregi: Baikorra naiz. Aurrera egingo dugu; jarraituko dugu balioak landuz, enpatiaren bitartez, elkarri entzunez. Gutxi entzuten dugu. Eraikiko dugu herri hau, pertsona guztiak hartzen dituen herri bat eraikiz. Bidean goaz.

Irati Goikoetxea: Ni ere baikor naiz, aktibotasunez; gauzak ez dira berez etorriko. Inaktibitate handia egon da, aktibatu behar dugu. Orain da momentua, denborari heldu behar diogu: gauzek aurrera egingo dute egiten badugu gauzek aurrera egin dezaten. Belaunaldi bat dator honen guztiaren oso kontziente izan behar duena.

Maria Jauregi: Belaunaldi horri ezin diogu ardura hori utzi. Erakundeen aldetik emateko dauden pauso asko eman behar dira.

Elkarrizketa osoa: Oihanaren minak hezurmamitzen.

He traducido algunos extractos aquí: Irati Goikoetxea y Maria Jauregi.

Pedro Rodriguez jostunari buruzko erakusketa

Mikel Iturria 2021/07/25 09:40
Pentsatuko duzue: «Iturrik gaur goi mailako jostun bati buruz idatzi behar du? Honek ez daki ezer eta modari buruz!» Ba bai, hala da: modari buruz ez dakit ezer, baina ondorengo lerroak Donostian irailaren 21a arte ikusgai egongo den erakusketa bati buruzkoak dira.

Ostiralean moda erakusketa baten aurkezpena izan genuen eta hari sostengu ematea tokatu zitzaidan.

Ireki parentesia. Iturri Enea ez da nirea. Itxi parentesia. ;-)

Goizeko 11:30etan hitzordua Okendo Kultur Etxean. Erakusketaren izenburua: Frantzia pasealekua 2. zenbakia. Pedro Rodríguez.

Kultur etxeko zuzendari lanetan ari den Izaskun Aranaz gain, komisarioa (Pedro Usabiaga) eta hiru lagatzaile (Lydia García, Carlos Milla eta Jesús Velarde Florencio).

Gaur egungo prentsaurrekoetan gero eta zailagoa da komunikabideak erakartzea. Are gehiago, garai berean Jazzaldia bezalako jaialdi bat dagoenean.

Ostiralean ondorengo hauek bertaratu ziren: Euskadi Irratia eta Radio Euskadirentzat Marijo Uria, Noticias de Gipuzkoako Carolina Alonso kazetaria eta Ruben Plaza argazkilaria, Donostitik agerkariarentzat Eva Recio kazetaria eta Santiago Farizano argazkilaria eta Diario Vascorentzat Pedro Martínez foteroa.

Telefonoz, pare bat elkarrizketa egin zituen Onda Ceroko Eduardo Yáñez-ek, Usabiaga eta Millarekin. Alberto Moyanok Lydia García elkarrizketatu zuen.

Mahai baten bueltan egiten den prentsaurrekoa baino agerraldia bisita baten moduan planteatu eta hala gauzatu zen.

Ongi etorri hitzak eta komisarioa zein lagatzaileak aurkeztu ondoren, Pedro Usabiagak gidatu zuen ekitaldia, hiru lagatzaileei jokoa eman eta txandak ondo banatuz.

Kultur etxeko teknikari den Ernesto Ibarluzeari galdetu nion atarian: Zer moduz joan da muntaia? Eta Ernestok: Oso erraza izan da Usabiagarekin lan egitea.

Usabiagak botatako hiru ideia hauek azpimarratuko ditut:

1.- Haur eta gaztetxo garaian Lizeo Frantsesetik etxerako bidean liluratuta begiratzen ziola Frantzia pasealekuko 2. zenbakian zegoen Pedro Rodríguez-en letreroari.

2.- XX. mendeko  urte haietan goi mailako bi jostun zeudela Gipuzkoan: Cristobal Balentziaga eta Pedro Rodríguez. Eta azken hau itzalpean gelditu zela.

3.- Erakusketan Pedro Rodriguezen Donostiako etxean lan egindako hainbat modistaren lana gogoratu nahi izan du, izen handi horien atzean beti emakume langile asko daudela nabarmenduz.

Egidazue kasu eta segi udan erakusketa ikustera. Ez dakit bisita gidatu gehiago egingo ote diren (ostiral arratsaldean egin ziren pare bat).

Ordutegia:

Astelehenetik ostiralera, 10:00-14:00 / 16:00-20:30.

Larunbatetan, 10:00 – 14:00 / 16:30 – 20:00.

Igandetan eta jaiegunetan itxita. Salbuespen gisa, erakusketa irailaren 19an ere zabalduko da. Igande horrek Zinemaldiarekin kointziditzen du eta zerbait berezia egongo da.

Hona hemen hainbat lotura informazio gehiagorekin:

Pedro Rodríguezen Donostiako joskintza etxeari eginiko omenaldia (Donostia Kultura).

Aquellas puntadas de alta costura eta Lydia García (coleccionista de moda): «Estamos hartos de tanto feísmo» (Diario Vasco).

Donostia: Okendo se viste de Pedro Rodríguez (Noticias de Gipuzkoa).

Paseo de Francia, nº 2. Pedro Rodríguez (Donostitik).

Exposición sobre Pedro Rodríguez, un diseñador coétaneo de Balenciaga, este apunte en castellano.

Berrikusi, berrirakurri

Mikel Iturria 2021/07/17 20:18
Oskar Alegriaren «Zumiriki» filma proiektatu zuen ostiralean Tabakaleran Euskadiko Filmategiak. Bihar, igandea, Bilboko Arte Ederren Museoan botako dute.

2019ko uztailaren 28an, duela ia bi urte, idatzi nuen lehen aldiz hemen pelikula honetaz: Oskar Alegriaren zumirikia.

Garai hartan eman baitzen ezagutzera Veneziako zinema jaialdiak Orizzonti sailean proiektatuko zuela filma.

Elkarrizketa ederra egin zion orduan Amagoia Gurrutxagak Berrian: «Arbolak imitatzea da gure erronka».

Zortzi hilabete pasa ziren 2020ko martxoaren 7an Iruñeko Ikuspegi jaialdian egin zen Zumiriki egunera arte. 150 bat lagun elkartu ginen Geltoki jatetxean eta handik manifestazio baketsua egin genuen Baluartera.

Hura izan zen Covid-aren eraginez ezarritako itxialdi estuaren aurreko nire azken ekitaldi jendetsua.

Orduan idatzita utzi nuen ondokoa:

«Horiek buruan iltzatuta geratu zaizkidan film honetako hainbat irudi. Baina askok egin zidaten ihes eta berriro ikusi nahiko nuke, zinema areto batean ahal dela; etxean bestela, Filmin edo antzeko plataforma batean filma ikusgai paratzen dutenean

«Sartu bainaiz jada gauzak behin baino gehiagotan ikusi edo irakurtzen den edade horretan eta Oskarrek filmatzea bitan bizitzea dela esan zuen Iruñeko aurkezpenean.»

«Gogoratzea recordar da gaztelaniaz eta latinez recordis bihotzetik berriro pasatzea da. Tira, hori lortu du Oskarrek: gure bihotzean geratzeko egina baitago pelikula hau.»

Hamasei hilabete ondoren ostiralean izan nuen, esan bezala, artefaktua bigarren aldiz ikusteko parada.

Apenas gogoratzen nuen ezer. Askotan gertatzen zait eta ernegatu egiten naiz horregatik. Baina ez du erremediorik.

Gozamena da berriro ikustea laurogeitaka urteko Pirinioetako artzainen azken gaua. Adibidez.

Hasieran esan zuen Oskarrek aitak zazpi bat aldiz ikusi duela filma jada eta orain esan diola ulertzen duela pelikula. Oskarrek dio, aldiz, ez duela oraindik ulertu, hogeitaka aldiz ikusi badu ere.

Tira, ulertzea da gutxienekoa. Berrirakurri eta berrikusten dugun bitartean gozatzea da gehien inporta zaidana.

Volver a ver, releer, este apunte en castellano.

Duin bizi, duin hil

Mikel Iturria 2021/07/10 10:25
Aurreko batean Donostiako Antigua auzotik Usurbilera abiatu nintzen oinez. Etxetik atera aurretik Wifia erabiliz hainbat audio eta podcast jaitsi nituen patrikako telefonora.

Kalean jada, Oier Aranzabalek Iñaki Peña medikuarekin «Barruan gaude» podcastean izandako solasaldia aukeratu nuen bidaide.

Google Podcast plataforman ere entzun dezakezu @BarruanGaude. Harpidetu eta adi plataformari!https://t.co/YRYeNXOCGu

Bihar Iñaki Peña (@PatxiLurra) zinemagile eta mediku paliatibistaren etxean sartuko gara.

🎧👇 pic.twitter.com/hghCJ4mmIX

— Barruan Gaude 🎙️ (@BarruanGaude) July 1, 2021

Paseoa baino egun batzuk lehenago, gertuko pertsona batek esan zidan norberak bere buruarekin aritzeko bakardadea behar duela, ez duela interferentziarik behar. Ados nago, baina ez erabat.

Ez daukat ohitura handirik oinez ezer entzun gabe joateko. Nahiago zerbait entzutea,  Chirbesek zioen bezala, nire barne bizitzak ostra batek baino gehiago aspertzen bainau.

Beraz, podcasta entzuten nuen bitartean egin nituen kilometro batzuk. Eta pizgarri suertatu zitzaidan, iradokitzailea.

Iñaki Peña medikuaren lana ez da samurra: norbait sendatu ezinik badabil, berak modu duinean hiltzen laguntzen baitu pertsona hori. Hau da, zaintza aringarrietako medikua da.

Une honetan etorri zait burura Oierren galdera bat. Ea heriotza duinik ba ote dagoen. Baietz dio Peñak, gure gizartean ohikoena dela pertsona era duinean hiltzea, horretarako tresnak baditugula.

Bigarren galdera bat egin zion Oierrek: zer ote den modu duinean hiltzea. Memoriaz ari naiz, ez audioa entzun berritan, heriotza duina bizitza duinaren amaiera dela, zure balioen arabera hiltzea.

Peñak heriotza ez duinaren adibide gisa jarri zuen mundu guztiak ikusi ahal izan zuen Muammar al Kadafi-ren hilketa. Eta modu duinean hiltzea Augusto Pinochet-ena.

Peña doktoreak heriotza duina ez du soilik identifikatzen eutanasiarekin edota suizidio lagunduarekin. Hori aukera bat da, zorionez berriki onartu duena hegoaldean Espainiako Parlamentuak (03/2021 legea).

1.- La vida humana es el mayor derroche económico de la naturaleza... #chirbes #enlaorilla

— Mikel Iturria (@iturri) December 11, 2015

Chirbes aipatu dut eta berak zioen pertsonen bizitza naturaren xahutze ekonomiko handiena zela. Dakizunari etekina ateratzeko moduan zaudenean, hil egiten zara eta atzetik datozenak zerotik hasi behar berriro. Hala izaten da maiz, bai.

Hiru dokumental eginak ditu gaiari buruz Peñak. Horietatik lehena Aulki hutsak da. Bertan, hasieran, Berri Txarrak taldearen Min hau kanta agertzen da. Behean Gorka Urbizuk Katamalo taldean eginiko bertsioa jarriko dut.

Pasa asteburu ona!

Vivir dignamente, morir dignamente, este apunte en castellano

Gu sortu ginen enbor beretik...

Mikel Iturria 2021/06/27 11:03
...sortuko dira besteak.

Egun hauetan atentzioa eman dit Espainiako Radio 3eko hiru kazetariri zuzendaritzak bidalitako agur gutun burokratikoak sortutako olatuak. Ez olatuak berak, baizik eta gutxienez bi (jubilatzeko adinean) publikoki agertu direla esanez lanean jarraitu nahi zutela.

Ez ditut Radio 3eko komeriak ondo ezagutzen. 1980ko hamarkada bukaeran eta 1990eko hamarkadan, batez ere, bai jarraitzen nuela emisora, baina gero pixkana joan nintzen handik apartatzen.

Min eman zidan Diego A. Manrique erditik kentzeko egindako jokaldia, baina hori jada XXI. mendean gertatu zen. Asko gustatzen zitzaidan, adibidez, bukaeran aurkezten zuen El Ambigú irratsaioa.

Julio Ruiz ez da erreferente bat izan niretzat, baina bai gertuko hainbatentzat. José Miguel López 1990eko hamarkadaren bueltan bai entzuten nuela, gustura gainera. Javier Tolentino ez dut jarraitu.

Batez ere lehenengo biek zabaldu dute ez direla konforme zuzendaritzak hartutako erabakiarekin. Hau da, 67-68 urterekin prest zeudela lanean jarraitzeko, asko gozatzen zutelako irratsaioarekin.

Lanpostu publikoetan, Administrazioaren menpekoak, uste dut nahikoa dela langa hori agur esateko. Hortik aurrera baten batek jarraitu nahi balu, utz dezala eremu publikoa eta joan dadila pribatura.

Alde batetik kulturak, bestetik kazetaritzak, bakoitzak bere aldetik nahikoa arazo dituzte. Biak batera elkartuz gero, areagotu egiten dira problemak. Eta horrela dago kultur kazetaritza Espainian oraintxe bertan.

Premio Nacional de Periodismo Cultural... en paro. Así está el sector.https://t.co/iWuVvdxFwR

— Álvaro Colomer (@AlvaroColomer) June 21, 2021

Radio 3k arazo asko dituela dirudi, eta, seguruenik, Tomás Fernando Flores zuzendaria da handienetakoa: ez dut niretzat fidagarri den inor berari buruz ongi esaka entzun.

Jarraitu nahi dutela lanean? Ondo. Podkastak bogan dauden unean, erraza dute. Eta ez zaizkie faltako antenak eta tribunak.

Aldaketa garai bete-betean gaude hainbat alorretan eta irratigintzan, kazetaritzan, kulturgintzan ere bai.

Argiago esango dut: gazteei, gazteagoei eman behar zaizkie aukerak baldintza onetan lan egiteko. Baita eremu publikoan ere. Bestela jai dugu.

Eskertu egindako lana, nola ez!, hiru hauei eta aste honetan bertan Radio Euskadiko antenari agur esan dioten Kike Martín eta Félix Linares bikoteari. Mila esker!

Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak.

Enborretik Rodrigo Cuevas sortu den bezala. Asturiarra ostiralean egon zen Victoria Eugenian bere kabareta, talentua, LGTBI eta langile klasearen harrotasunarekin.. baita musikarekin, nola ez ba.

Del mismo tronco del que nacimos nosotros..., este apunte en castellano.

Ana Zubiaga: «Zientzialari izatea artista izatea da»

Mikel Iturria 2021/06/20 08:45
Pasa den igandean Zihara Jainaga Larrinagak Ana Zubiagari eginiko elkarrizketa Berrian.
Ana Zubiaga: «Zientzialari izatea artista izatea da»

Argazkia: Marisol Ramirez (Foku). Berria

Zihara Jainaga Larrinaga kazetariak Ana Zubiaga Elordieta zientzilariari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen Berriak pasa den igandean: Ana Zubiaga: «Helburua minbiziaren hilkortasuna saihestea da».

Donostian neguko egun euritsu batean eguzkiaren izpiak bezainbeste egiten dute dir-dir nire ezagupen zientifikoek, baina eskuak burura eraman nituen ez nuelako Ana Zubiaga ezagutzen.

Elkarrizketa irakurri eta gorde egin nuen. Asmoa astean zehar berrirakurri eta hura gaztelaniara itzultzea zen.

Larunbat arratsaldea aprobetxatu dut horretarako eta emaitza hemen dago: Ana Zubiaga: «Ser científica es ser artista».

Minbiziari buruz ari da bertan, puntako ikertzailea baita alor horretan, baina apunte honen titulurako erabili dudan esaldi modukoak ere oparitzen ditu: «Zientzialari izatea artista izatea da».

Soinu banda Anarirena da, Epilogoa.

Alde batetik, aste honetan bi kontzertu eman ditu Anarik Donostiako Antzoki Zaharrean. Berak meritua kentzen dio bere buruari, bete egin duelako bietan, baina soilik edukiera erdizka daude oraindik gure kultur guneak. Hala eta guztiz ere, 500 lagun bi egunetan.

Bestetik, Zubiagak dio elkarrizketan «Baserriko alaba naiz». Eta Anariren bideo hau baserri batean dago grabatua.

Gainera, profetiko samarra ere bada. Erreparatu letrari.

Epilogoa

Ihes egiteko era guztien artean, gutako bakoitzak aukeratua du berea, eta zuk zeurea.


Oharkabe, erabaki duzu bizitzeran gorritik metro bat atzera bizitzea, bidean seinaleak: zaindu segurtasun tartea.


Badakizu, garrantzirik ez duten gauzen artean, garrantzi gehien dutenak, bihurtzen dituzula garrantzizkoenak,
Eta trenak euri tanten kontra lehertzen hasten direnean,
Hutsuneak azpimarratuz
Zeure burua ikusten duzu kotxeen argien itzal bustian
Telefonoz deitzen duen
animalia izu eta hipokondriakoa


Eta tristuraren industriak zuretzat sortuak dituen
antsiolitiko eta kantuak, makrobiotika eta liburuak,
konstelazio eta terapiak, sare sozialak eta farmaziak,
zure melankoli burgesa bezatzen dutenak


dena duzu
dena duzu galtzeko
dena duzu galtzeko beldurra

Proust-en piperra

Mikel Iturria 2021/06/13 19:30
Etxetik kanpo ari ginen bazkaltzen. Piper berde luze bat atera ziguten, erreta, lehen platera laguntzeko.

Solasean ari ginela gogoratu nintzen aitak berrogeitaka urte zituenean ultzera bat izan zuela; ospitaleratuta egon zen ia hilabetez. Amaren bertsioaren arabera, medikuek esan zioten egunero jaten zituen pipermin txiki haiek eragin ziotela ultzera hura, ultzera haiek.

Garai hartan bi behi genituen etxean. Ez dut gogoratzen zenbat urte nituen, baina 10 baino gutxiago.

Aita ospitalean zegoela, nork gobernatzen zituen aziendak? Amak eta inguruko baserritarrek.

Behien kontuak eraman gintuen beste arlo batera.

Gerora albaitaria etortzen zen behiak susara zeudenean, eta ernaltzen zituen, baina gogoan dut urte batzuk lehenago bizpahiru aldiz lagundu nuela aita behi bat eramaten, oinez, inguruko baserrietara.

Etxetik gertuen zegoen hartan, arbola zegoen etxeko atarian. Aitak ni han ezkutatzeko esan zidan. Beste baserrian, berriz, belar meten atzean jartzen nintzen.

Zezen puska aterarazten zuten baserriko ukuilutik. Kabitu ezinik animalia. Niri beldurra ematen zidan, baina behin behia estali ondoren lasaitu egiten zen. Edo hori gorde dut kaskoan.

Baserri indartsua zen, mendi lur asko zituena. Bi seme-alaba izan zituen etxeko bikoteak. Alaba gaztea zenean gaixotu eta hil egin zen. Amak ez zion kolpe latz hari buelta eman. Aitak ere nahikoa lan.

Baserria zimeltzen hasi zen. Gu joaten ginenerako kosta egiten zen ulertzea nola bizi zitekeen han familia bat.

Semeak etxeko behien esnea partitzen jarraitu zuen etxez etxe hiriko kaleetan barrena. Ohitura hau debekatu zuten arte. Ez nuen beste lanetan ezagutu.

Gurasoak hil ziren eta berak hirian bertan zuten etxebizitza batera joan zen.

Gaur egun 70 urte inguru izango ditu eta, kontatu didatenez, baserria berritu eta hantxe bizi da.

Magdalena ez nuen gertu, baina bai piperra.

P.S.

-Irakurri duzu Marcel Proust-en Denbora galduaren bila?

-Ba ez, ez dut irakurri.

-Ba aprobetxatu uda! Hemen 7 liburuak, 2700 orrialde (debalde, domeinu publikoan, gaztelaniaz). Bestela atera kartera eta ordaindu 60 euro estutxe honengatik (gaztelaniaz). Lehena bakarrik dago euskaraz, Swann-enetik; lehen orrietan jasotzen da magdalenarena.

Oharra: irudia Wikimediatik jasoa.

El pimiento de Proust, este apunte en castellano.

Musika -GAILU-ren kontura: Baserritar bati entzun ondoren.

Korrespontsal autonomo baten komeriak

Mikel Iturria 2021/06/06 20:00
Hiri batera joateko sua piztu izana da kronika liburu bati buruz esan daitekeen gauzarik onenetariko bat. Ander Izagirre, Mikel Ayestaran, Manu Leguineche, Ana Malagon, Ana Alba eta Enrique Morente.

Ander Izagirrereren Cómo ganar el Giro bebiendo sangre de buey liburua irakurri dut gizonezkoen aurtengo Giroa jokatzen zen bitartean eta ez dut etapa bakar bat ikusi telebista aurrean. Giroaren bukaera hurbiltzen ari zela enteratu nintzen Egan Bernal zela lider.

XX. mende hasieratik XXI. mende hasiera honetara ekartzen gaitu Izagirrek. Eta berdin du ziklismoa gustuko izatea, faxismoa, komunismoa, bi mundu gerrak, eliza, feminismoa eta gai asko agertzen baitira gizon zein emakume batzuk pedalei eragiten dieten bitartean.

Baina gaur Mikel Ayestaranen liburu berriari buruz egin nahi nuen berba, zeharka bada ere: Jerusalén, santa y cautiva.

2015eko urtarrileko egun hotz batean sartu ziren Jesuralemgo Musrara auzoko etxe batean Aloña, Ane, Telmo eta Mikel berak osatzen duten familia.

Ez da merke korrespontsal izatea. Inoiz ez da izan. Eta enpresa edo erakunde batek pagatzen ez badu, norberak egin behar aurre hainbat konturi. Eta Ayestaran autonomoa da, freelance, nahiz eta Vocento eta EITB taldeentzat aritu lanean modu erregularrean.

33. orrialdean dio: «entre el piso y la escuela internacional, otro tema fundamental para un expatriado con hijos, comienzo cada mes con una losa en la espalda, una losa desconocida para la mayor parte de los expatriados que me rodean a quienes sus empresas les pagan los gastos».

Apunte honen irudian Enric Gonzálezek, El Pais egunkariaren korrespontsala zenean, New Yorken bizitako pasarte bat ageri da, Historias de Nueva York liburutik Ayestaranek hartua. 50.000 dolar jarri behar izan zituen egunkariak urtebeteko alokairua aurreratzeko.

Josefa Gutierrez egunkariko administratzailearen moduko figurarik gertu ez izatea botatzen du faltan Ayestaranek, Manhattan-eko etxebizitza prezioak eta atzerriko unibertsitate batean adina ordaindu behar baitu Jerusalemen ostatu hartu eta seme-alaben lehen hezkuntzagatik.

Badago Ayestaran bezalako kazetarien maisu (El camino más corto liburua askotan aipatu izan du Mikelek) izandako Manu Leguinecheren esaera bat jasoa liburuan. Azken honek dio bera bezalako erreportariak hiru d-dunak zirela: dipsomanoak (zurruteroak), dibortziatuak eta depresiboak. Gernikarra athleticzalea ere bada. Aldiz, Ayestaranek ez du lau ezaugarri horietatik bakar bat ere betetzen: ez da zurruteroa, ezkonduta dago, depresio zorionez urrun du eta realzale porrokatua da.

Hiri Santuko lau auzoetatik barrena eramaten gaitu liburuak, bertako hainbat auzotar ilustre eta ez hain ilustreren ahotsen laguntzaz. 38.000 biztanle ditu Hiri Zaharrak, bertako parte zaharrak. Metraileta eta arma kopurua zein den ez dakit, baina mundu mailako markatik gertu ibiliko da.

Bost komunitate desberdintzen ditu idazleak: musulmanak, judutarrak, kristauak, armeniarrak eta nazioarteko komunitate aldakorra osatzen duten diplomatikoak, kooperanteak eta bera bezalako kazetariak.

Zilborrari begira bizi garen euskaldun askok uste dugu gu bakarrik gaudela hiperzatituta. Liburu hau irakurtzea besterik ez dago jakiteko Jerusalemen dagoen banaketa Champions League mailakoa dela.

Bi besarkada berezi daude liburuan, bietan Mikel eta Aloña senar-emazteak dira protagonista. Lehena estrainekoz famili osoa etxera sartu eta umeak oheratu ondoren ematen diote elkarri, 2015eko urtarrilean. Bigarrena, berriz, bost urte beranduago Ana Alba kazetari kataluniarraren heriotzaren berri izandakoan.

Beste Ana batek, Malagon abizenekoak, Ez dakit zertaz ari zaren ipuin bilduma kaleratu du maiatz amaieran. Mantso ari naiz irakurtzen, horrela irakurri behar omen dira ipuin liburuak (Iban Zaldua dixit). Bigarren ipuineko protagonista emaztea minbiziagatik galdu duen gizonezko bat da, alargundutako aita. Haurrak bakarrik haztea tokatuko zaio, beraz. Eta, zer nahi duzue esatea, zirraragarria izan da egun berean Ayestaranen epilogoa (Ana Albari eskainia) eta Malagonen ipuina irakurtzea.

Musika pixka bat jar dezagun, umoretik bukatzeko apuntea. 192. orrialdean Ayestaranek kontatzen du pasadizo bat non Enrique Morentek Lorcaren poeman oinarritutako kanta hau azaltzen den. Ez dut gehiago kontatuko.

Txintxuak izan, edo ez. Irakurri liburu onak eta txarrak. Eta pozik bizi!

Las vicisitudes de un corresponsal autónomo, este apunte en castellano.

Gogoan dut Rafa Berrio

Mikel Iturria 2021/05/24 18:10
Aritz Galarragak erabilitako formulatik tiraka, Berrio tartean dela hainbat oroitzapen bildu ditut. Kontsultatu egin behar izan dut hainbatetan. Ez baitira alferrik urteak pasa.

Me acuerdo de Rafa Berrio, este apunte en castellano.

Gogoan dut 1990eko hamarkadan ikusi nuela kasualitatez Amor a Traición Antzoki Zaharrean. Antzoki Zaharreko ostegunak / Los jueves del Principal. Taldearen lehen diskoa aurkezteko kontzertua izango zen. Nik zalantzak nituen, baina Cruz Larrañetak esan zidan Antonio Vegaren aurretik jo zutela egun hartan... Eta David Ketarik eguna eman dit: 1994ko maiatzaren 5a. Hona Iñaki Zarataren kronika DVn.

5 de mayo de 1994 pic.twitter.com/JY8R1vcN4u

— ketari (@ketari) May 24, 2021

Gogoan dut Harresilanda diskoa zenbat gustatu zitzaidan. Diskoa "amablea" letrari erreparatzen ez badiozu, Rafaren hitzetan.

Gogoan dut Bronca, Julia Cristinarekin.

Gogoan dut Rafa disko hori jotzen Groseko Muro tabernako beheko aldean. 30-40 bat lagun. 10 euro sarrera eta diskoa. 2005eko martxoa, neguaren hondarrean. Xabier Cañasekin joan nintzen.

Gogoan dut beste bi disko erosi nizkiola horren ondoren. Korreo elektroniko bat idatzi eta paketea bidali zidan. Tira: ez nuen oso ondo gogoratzen.

Gogoan dut Rafa kontatzen Santi Ugarteri Maria Cristina Hotelean eginiko bisita bat.

Gogoan dut Berrio disko bera aurkezten 2005eko ekainean-edo Ernest Lluch Kultur Etxean 100 lagunen aurrean. Ostiral batean, oker ez banago.

Gogoan dut Berrio gozatzen Iban del Camporen Un tal Eusebi dokumentala ikusten eta ondoren. Jende artetik mahaian ziren Iban eta Concetta Probanzari esanez ze ondo abesten zuen Eusebik ingelesez. Handik gutxira, 26an, gure iloba Oier jaio zen.

Gogoan dut Berrio Dirty Martini dokumentala, Del Camporen beste bat, programatzen Donostiako Círculo Riojanon.

Gogoan dut Berrio barrez lehertzen mugimendu espasmodikoak egiten zituen bitartean.

Gogoan dut Rafa esaten histrioi samarra nintzela. Batzuetan. Gero eta gutxiago, Rafa. Tamalez.

Gogoan dut Ultravioleta. Ez nuen data gogoratzen: 2007ko martxoan.

Gogoan dut Bassmattiren kontzertu bat Pentagrama liburu dendan. Prim kalean. Aldamenean ardotegi bat zegoen. Handik atera zen Berrio Porto botila bat edo birekin. 2007ko uztaila.

Gogoan dut Gainsbourg Gainbegiratuz, Juancar Landa Jocanok bultzatutako proiektua. Rafa Berrio euskaraz kantatzen!

Gogoan dut 2008ko urtarrilean, Julia Cristinak Noventa grados aretoan paratu zuen erakusketaren inaugurazioan egon ondoren, Parte Zaharrean ibili ginela. A ze barreak gau hartan Rafarekin eta beste hainbat kiderekin. Besteak beste, Iñaki Peman argazkilaria ezagutu nuen. Cruz Larrañetak gogoratu dizkit egun hartako xehetasunak. Blogean irakurri dut ostegun bat zela.

Gogoan dut garai hartan Xabi Strubellen emanaldi batean egon zela Rafa. Kordoba abestu zuen euskaraz Strubellek, Lorca gogoan. Eta gustatu zitzaion Berriori. Kordoban gala bat zuela eta euskaraz abestuko zuela agindu zion. Realak ere Kordoban jokatu zuen garai hartan, Bigarren Mailan.

Gogoan dut Rafa Mikel Erentxunen kontzertu batean atera zela kantari Victoria Eugenian. Amaieran "I love Erentxun" zioen elastikoa erakutsi zuen. Erentxunek keinua bueltatu egin zion 2021eko maiatzaren 20an.

Gogoan dut Rafak kontatu zuela kamerinoan bakar-bakarrik zegoela, eszenatokira ateratzeko txandaren zain, roadie bat sartzen zela noizean behin eta musikarientzako zegoen whiski edo dena delako botilari biaje politak ematen zizkiola. Eta Rafa haserre Erentxunek eta besteek pentsatuko zutelako bera zela falta zen likidoaren erruduna.

Gogoan dut Rafa Berrio Javier Vizcainok eginiko elkarrizketa batean Obra da garrantzitsuena esaten.

Gogoan dut Tom Waits-en kontzertuaren ondoren Senperena eta biok Groseko Desy tabernara joan ginela. Bassmatti-k boloa izana zuen bertan. Rafa Lento txakurrarekin agertu zen. Halako batean, gitarra hartu zuen. Ez zen gala bat, Mursegok gogorarazi bezala, baina magia egon zen egun hartan. Oker ez banago Koldo Almandozek idatzi zuen zerbait Entzun webgunean. Ezin izan dut irakurri, baina hemen uzten dut lotura. Badaezpada. Berpiztea otutzen bazaio.

Gogoan dut Soledad Giménez abeslariarentzat kanta bat egin zuela Rafak. 2008ko urrian jo zuen Victoria Eugenian Solek.

Gogoan dut kontzertu hartan ama gonbidatu zuela Rafak eta andre hark (lehen aldiz Victoria Eugenian?) ez ziola begirik kentzen eszenatokian gertatzen zenari.

Gogoan dut Berrioren bidez ezagutu nuela Seminarioko areto nagusia. Pintore gisa ezagutu zuen berak. Han grabatu zuen bideo bat? Esango nuke baietz.

Gogoan dut Diego Vasallo eta Joserra Senperena hizketan Rafarekin egin beharreko proiektuei buruz.

Gogoan dut Rafa Bide Ertzeanen Leidor Sessions zuzeneko kontzertuaren grabazioan. Gero Mescal tabernan egon ginen. 2009ko urtarrilak 16. Handik ordu gutxira, 17an jada, gure iloba Uxue jaio zen.

Gogoan dut Lieder Arteko galerian.

Gogoan dut udaberri hartan (2009ko apirila) Erroman egon nintzela. Lieder Erromako Trastevereko galeria batean zen programatua handik hilabete batzuetara. Rafak eskatu zidan argazkiak egin eta bidaltzeko. Barrura ezin izan nuen sartu, baina bai egin nuela kanpotik baten bat.

Gogoan dut Rafa «De cabeza. Para qué sirve un psiquiatra» liburuaren aurkezpenean egon zela. Hobe esateko: gogoan dut Xanti tabernan elkartu ginela Vizcaíno, Querejeta, Jabier (Muguruza)... eta tartean zela Berrio. Ez nuen gogoratzen Xantiko mahai haren bueltan izan genuela Joxean Arbelaizen heriotzaren berri.

Gogoan dut Amor a Traición elkartu zela 2010eko martxoan.

Gogoan dut Berriok zabaldu zuela Nacho Vegasen kontzertua Tolosako Leidorren. Juan Luis Etxeberriak idatzitako kronikak dio Iñaki de Lucasekin batera atera zela 2010eko maiatzaren 7an.

Gogoan dut 1971 eta Diarios diskoetan Senperena maisuak egindako lana.

Gogoan dut, korreoaren historikoan ikusi dudalako, Rafak gonbidatu ninduela Komplot-en 2011ko urrian eman zuen errezitalera. Urriko egun haiek idatzi zuen Ana Malagonek. Maite Mursegok irakurri beharko luke berak dakien bezala:

«Mikel, ¿qué tal va? Para comunicarte que el próximo 21 octubre hago un recital en Komplot. A las 21:00h. Será con mesas y sillas y a la luz de las velas, según Marga, la patrona del local. Pues eso, invitaros y de paso, por si quieres difundir por esos canales. Espero que nos veamos un día de estos. Abrazos. Rb».

Gogoan dut Rafa eta Rosa Martí La Buena Vida taldearen Guillermine abesten Pedro San Martín zenaren omenez.

Gogoan dut Pio Barojaren La busca erosi nuela Madrilgo La Buena Vida liburu-dendan.

Gogoan dut, beste behin agendari esker, Joserra Senperena Trio Victoria Eugenia Cluben. 2013ko otsailaren 1ean.

Gogoan dut Moto Cluben egon ginela, askotan bezala.

Gogoan dut Rafa eta Gema. Gema eta Rafa.

Gogoan dut begiratu dudalako Phantasma egin zutela Mursegok eta Berriok Kafe Antzokiko goiko aldean. Nik ez nuen gogoratzen zein izan zen emanaldia, bai Rafa ikusi nuela. 2013ko otsailaren 7a. HC, Susana, Sorkun...

Gogoan dut Iñaki Uriarte Rafa agurtzen egun hartan.

Gogoan dut Zazpi Kaleetan geratu ginela lotan.

Gogoan dut Berrio esaten Bilbon Donostian baino gehiago maite zutela. Donostiarrak zirikatzeko kabroia. Kar kar kar.

Gogoan dut solasaldi bat izan zuela Rafak Radio Euskadin Jabier Muguruzarekin. Diarios diskoa kaleratu ondoren izan zen. Aitaren aldetik ijito familia zirela, amaren ahizpa guztiak Parisen geratu zirela, aitak erakutsi ziola gitarra jotzen (Cuarteto Ondas izeneko taldea zuten aitak eta Amarako lagun batzuk, Los Panchosen jarraitzaileak), UHF ondorengo basamortua (kantautoreak eta RRV-a: : "el RRV nos dejó como un tonto en mitad del camino"), kantagile ofizioa...

Gogoan dut Rafaren kontzertua Bukowskin 2013ko uztailaren 5ean. Hemen agertzen diren beste hainbat kontu bezala, agendan irakurri dudalako gogoratzen dut... Eta gaztelaniazko blogean Marietak aipatu dit nirekin eta Mrekin egon zela.

Gogoan dut Rafa Virginia Pinarekin Muro Tabernan. Bideo kaskar hau egin nuen. 2014ko martxoaren 5ekoa dela dio Youtubek.

Gogoan dut bere izena Rafael zela esanez, haserre, tematuta, baina baita rafaberrio puntu com.

Gogoan dut Rafa aguri (sic) esaten despedida moduan.

Gogoan dut Angel Aldarondok Mis ayeres muertos kantarekin Antzoki Zaharrean eginiko bideoa. «Todo lo he visto / de todo me acuerdo».

Gogoan dut Berrio gustuko tabernetan. Gogoan dut Berriorekin gustuko tabernetan.

Gogoan dut Barojari buruzko bere irakurketa KMn (bideoa loturan ikusgai). Berrirakurtzen zikloa, Jon Benito eta Beñat Sarasola zirikatzaile. 2015eko apirilaren 23an.

Gogoan dut Rafa entzun nuela behin esanez Santa Helena irlara joan nahi zuela. Napoleon miresten zuen eta hura bidaiaren arrazoia. Frantziako iparraldetik ibilbidea egiten zuela ontzi batek, hilabete-edo itsasoan. Ezin zela abioian joan bertara.

Gogoan dut BNVrekin (horrela deitzen nioen nik Lenoir, Neira, Rueda, Buff bandari) denak taula gainean gozatzen. 2015eko irail hasieran Dabadaban (apunte honen argazkia egun hartakoa da) eta 2015eko urriaren 1ean, oker ez banago Donostikluba jaialdian, Eraul-ekin batera Egia Kultur Etxean. Askotan bezala, lehen lerroan zen egun hartan ere Juan Glez @foteropanico argazki kamerarekin.

Gogoan dut Nerea Lizarraldek bideo labur bat egin eta igo zuela sarera.

Gogoan dut BNVren zati batekin Paperezko kontzertu batean. 2015eko San Tomas egunaren bezperan, abenduaren 20an. Zabaletako kantaria Zabaletan jotzen. Ricardo Aldarondo haria maneiatu eta jokoa banatzen. Rafa bezperan Oier Aranzabalen kirioak dantzan jartzen musika ekipoa zela eta ez zela. Kar kar kar egiten dut nik barre orain. Oierrek ere bai. Orduan ez zuen egiten. Norbaitek bideoa masterizatu egin du.

Gogoan dut PochXBerrio Ernest Lluch-en 2016ko apirilaren 15ean. Kamerinora joan nintzen Rafa agurtu eta zoriontzera. Haserre zegoen pertsona batekin. Oso. Edo hori esaten zuen. Eta Iñaki Gabarain Berrio baretzen.

Gogoan dut Berrioren beste kontzertu bat Bukosen. Sarean ikusi dut kanta hori behin baino gehiagotan. Jabi Haspirengatik dakit 2016ko apirilaren 23an izan zela. DVk ere gauza bera dio. Nire agendan ez dago apuntatua. Ni konbentzituta nago han egon nintzela, baina nire agendak dio Santanderren nengoela. Nolakoa den memoria batzuetan, e? Sortzailea gure mesederako.

Gogoan dut 2017ko ekainaren 25ean Adiós a la bohemia zarzuela Victoria Eugenian. Aste batzuk lehenago aurkeztu zuten Berako Itzean, Barojaren etxean.

Gogoan dut Senperena proiektu harekin sufritzen.

Gogoan dut emanaldiaren ondoren eMeCe kritikoa Victoria Eugeniako eskailerak jaisten. Gaizki esaka. eMeCe: ez zen zuretzako, amigo. Nik espero dut hemendik urte batzuetara hura ulertzeko gaitasunen bat izatea.

Gogoan dut Gema. Gogoan dut Gloria.

Gogoan dut Rafa gaixo zegoela jakin nuen eguna.

Gogoan dut ez nekiela zer esan. Deitzekotan nengoen, baina...

Gogoan dut egun batean ikusi nuela Dabadaban. Agurtu ginen, zurito bat atera nion. Ez zuen ardoa nahi.

Gogoan dut taula gainean despeditzen 2019ko urrian Antzoki Zaharrean.

Gogoan dut 2019ko abenduan iragarria zegoela emanaldia Ernest Lluch Kultur Etxean. Bertan behera geratu zen.

Gogoan dut lagun batek esan zidala oso gaizki zegoela.

Gogoan dut beste lagun batek esan zidala hil egin zela. Gaizki ulertu bat.

Gogoan dut 2020ko martxoaren 31n jakin nuela, konfinatuta denak bezala, orduan baietz, orduan hil egin zela Egiako abeslaria.

Gogoan dut Absolución liburuaren aurkezpena Tabakaleran handik sei hilabetera, 2020ko urriaren 31n. Gutxitan zabaldu ditut liburuaren orrialdeak. Aldiz, asko entzun ditut kantak. Denbora beharko dut liburua zabaltzeko.

Gogoan dut Yo ya me entiendo erakusketa lehen aldiz ikusi nuela 2021eko martxoaren 30ean. Lagun batzuek eta Donostia Kulturak antolatutako zikloa.

Gogoan dut Abesti baten anatomia.

Gogoan dut El increíble legado artístico de una personalidad nihilista.

Gogoan dut Diálogos de músicos.

Gogoan dut De "Arcadia en flor" a "Absolución": mi relación con Rafa Berrio.

Gogoan dut ez nuela aguantatzen beste inork kantatzea Rafaren kantak eta horregatik ez nintzela joan tabernetako eta Llucheko musika emanaldiak ikustera.

Gogoan dut Rafa in memoriam. Kontzertutzarra Victoria Eugenian. 2021eko maiatzaren 20an.

Gogoan dut larunbatean esan niola agur Rafari. Beste behin bisitatu nuen erakusketa, azken egunean. Tanatorioan norbaiti agur esaten zaion bezala despeditu nintzen. 2021eko maiatzaren 22a.

Gogoan dut Rafa artista zela eta obra geratu zaigula. Eskerrak.

Gogoan dut Rafa(el) Berrio.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter