Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Juan Carlos Perez udaberrian

Juan Carlos Perez udaberrian

Mikel Iturria 2021/03/28 08:30
Gero eta gutxiago entzuten dut irratia betiko formatuan, baina bai egiten diedala kasu podcast-ei. Horrek ematen dit aukera, besteak beste, Jose Luis Padronek Euskadi Irratian gidatzen duen «Lizardiren baratza» jarraitzeko.

Amarekin telefonoz hizketan abiatu nintzen ostiral arratsaldean Igeldorantz. Arnasestuka maldan gora, 50 bat minutuz egon nintzen berbetan.

Amaitu nuenean, telefonoan nituen audioei erreparatu nien. Lizardiren baratza saioan ikusia nuen Padronek Itoizeko liderrari dedikatutako saioa.

Sarrera hauxe:

«Udaberriaren etorrera irratsaio berezi batekin ospatu dugu: Juan Carlos Perezen musika bitala eta istorio zoragarriak».

Hasi nintzen ba saioa entzuten eta hamaikagarren minutuaren bueltan Juan Carlos bera entzuteko parada izan nuen Itoizen agurrari buruz (gogoratu 1978an hasi eta 1988an amaitu zela XX. mendeko euskal musikaren erreferente den taldearen ibilbidea; bide batez, Kortatu ere urte horretan bukatu zen). Ordukoa, 1988koa, da bi minutu eskaseko audioa.

«Bueno nik esango nuke honaino ailegatuz gero, ezin dugu(la) musika utzi. Esate baterako, akordatzen naiz gure lehenengo diskoa grabatu genuenean, justu atera zela diskoa eta taldea desegin zen. Orduan ez betirako, porlovisto, gero hasi baikinen berriz Ezekielekin eta. Baina orain bai, orain ia 30 urterekin jada ezin dugu utzi musika, baina bakoitzak hartu behar du bere bidea eta, batez ere, arnasa hartu Itoizen rollotik; ez da izan hainbesterako luzea, baina izan dira bederatzi urte nahikoa intentsuak, beti hor, intentsitate horrekin, jotzen eta ematen du bizi osoa daramagula jotzen. Foisis, esate baterako, oso enrollatuta dago kontrabaxuarekin eta musika klasikoarekin; ni ere pianoarekin eta beste lan txiki batzuekin ari naiz, pentsatuz urte hau de maniobra izango dela, ez? Gero ikusteko zer egiten den. Jimmyk ere bateriarekin jarraitzen du jotzen hortik. Dena dela, badakigu jada ezin dugula utzi musika eta barruan sartuta geldituko garela. Zorionez edo zoritxarrez. Ez dakigu.»

Ez nuen inoiz zuzenean ikusi Itoiz, baina gogoan dut Juan Carlos Perezek Hiriko istorioak diskoaren biran Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan emandako kontzertua laukote edo boskote formatuan.

Goiko aldean badu aretoak balkoi edo palko moduko bat eta hantxe jarri nintzen, seguruenik berandu iritsi nintzelako.

Kontzertuarekin gozatzen ari nintzen bakar-bakarrik. Halako batean, atea zabaldu eta gizon bat sartu zen. Aldamenean jarri zitzaidan. Mikel Laboa zen gizon hura.

Mikelek entzundako lehen kanta amaitu eta komentatu zidan: «Oso grabe entzuten da. Oso grabe». Nik buruarekin baietz esan nion. Beste behin ere antzeko komentario bat egin zidan. Lehen eta azken aldia izan zen Laboak zerbait esaten zidala bere bizitza osoan.

Handik pare bat urtera, 2008an, tamalez hil egin zen eta nik Mikel Laboa palkoa jarri nion balkoi hari. Esan zidaten ohikoa zela gustuko kontzertuetan sartzea eta toki hartan esertzea.

Udaberrian zazpi urte beteko ditu Dabadaba aretoak. Makina bat kontzertu antolatu dituzte bertan. Ospakizunen artean, atzo eta gaur, martxoak 27 eta 28, hiru pase egingo ditu Chill Mafiak. Badakizue mixtape-a argitaratu berri duela Iruñeko bandak eta horrek astindu egin duela euskal eszena. Reggae, punk, trap, euskal kantagintza tradizionala, autotune-a.

Atzo eguerdian ikusi nituen eta arrakasta lortuko dutela uste dut: ezagutza badute, lana ere badago atzean eta jarrera soberan.

Chill Mafia Dabadaban. Ezagutza, lana eta jarrera dute. Arazo teknikoak egon badira ere, lehen showa zuten, publikoarekin konektatu dute hasiera-hasieratik. Jende gazte asko, neskak eta mutilak. Urte arraroa da, baina dena dute arrakasta lortzeko.

— Mikel Iturria (😷) (@iturri) March 27, 2021

 

Urteurren tristea orain. Datorren astean, hilaren 31n, beteko da Rafa Berrioren heriotzaren lehen urteurrena. Ernest Lluch Kultur Etxean erakusketa bat antolatu da (Yo ya me entiendo. Rafael Berrioren paradoxak) eta hainbat ekitaldi osagarriren berri ere emango da (jada aurreratu zen bi kontzertu egongo direla Victoria Eugenian maiatzaren 19 eta 20an: Rafa in memoriam).

Amaitzeko, Juan Carlosen hitzak errepikatuko ditut «badakigu jada ezin dugula utzi musika eta barruan sartuta geldituko garela. Zorionez edo zoritxarrez».

Padronek zorionez dio irratsaioan. Amen.

Juan Carlos Pérez en primavera, este apunte en castellano.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter