Mariaren gurasoak
Larunbat goizean jada nire errutinetan ohikoa bihurtu den paseo bat eman dut: Igeldora igo eta Murgiletik jaitsi. Bi orduko buelta. Bakarrik abiatu naiz eta erabaki dut aste honetako Barruan gaude eta Estamos dentro podkastak eramatea konpainia gisa.
Juan G. Andres hasi da podkastgintza profesionalean eta Elena Caballero, La Basu, rapera elkarrizketatu du aste honetan. Gustura murgildu naiz Etxebarriko abeslariaren munduan.
Halere, gaurko apuntea idazteko hobeto datorkit Aitor Merinok esandako zerbait. Izan ere, Aitor Merinori eginiko elkarrizketa izan da aste honetako Oier Aranzabalen eskaintza. Gehienok Asier ETA biok dokumentaletik ezagutuko duzue. Urteak daramatza Madrilen eta egun Sol atetik 100 metrora bizi da. Neguan grabatu zuten solasaldia, Espainiako hiriburu elurtu batean.
Aitor Merino (@AitorMerino) aktore eta zinemagilearen Madrilgo habian sartu gara.
— Barruan Gaude 🎙️ (@BarruanGaude) May 14, 2021
"Sentsazioa dut azken gudatik, hurrengo gudaraino, erdia baino gehiago pasatu dugula"
etzun 🎧👇https://t.co/cfVLgFWf5a@ulumedia @eitbpodkast
Fantasía izeneko proiektuari buruz mintzo dira, Aitor eta Amaia anai-arrebak gurasoekin eginiko kruzero batean oinarritutako dokumentala. Horretaz ari zirela edo, Merinok kontatu du amonarekin hainbat ordu grabatuak zituela eta pozten zela hori egin izana amona hil aurretik. Familiaren historia eta nondik-norakoak gordetzea zer inportantea den gaineratuz.
Audio hori Igeldoko maldetan gora entzuten nuen bitartean Mariaren gurasoez akordatu naiz.
Erretiroa hartu berritan harrapatu zion Mariari 2020ko martxoko konfinamenduak. 2019ko udan Gijonen bizi zen amaren aldeko izeba bat hil zitzaion Mariari, Tia Encarna, eta berarekin pasatako egun haiek txikitako oroitzapenak berpiztu zizkioten. Egun Katalunian bizi baita nire laguna.
Familiaren nondik-norakoak arakatzen ibili da hainbat lagun eta iturri kontsultatuz.
Eta duela hamar bat egun bidali zidan 135 orrialdeko liburu moduko bat, oraindik zirriborroa, baina jada amaieratik gertu dagoena.
1951eko irailean bikote bat ezkondu zen Oviedon. Ezkontza asko egongo ziren garai hartan, baina hura bezalakoak gutxi: Oviedoko familia on batean (hitz egiteko modu bat da) jaio zen Pepe 1882an eta 69 urte betetzear zen; Rosa Melillan sortua zen 1924an eta gertu zuen 27 kandela pizteko eguna. 42 urteko aldea, beraz.
1953an jaio zen lehen alaba. Amaren izena jarri zioten.
1954ko irailean bigarrena munduratu zen: Maria Jose jarri zioten, baina nik Maria gisa ezagutzen dut.
Mariarentzat gauzak aldatu ziren berak 15 urte zituela aita hil zenean, 1969an.
Hori gertatu aurretik gurasoen etxean hainbat zerbitzari (neskame) zeuden eta hori da hasieran kontatzen duena. Nolakoa zen garai hartako familia burges baten bizimodu lasaia.
Gero, gauzak pittin bat aldrebestu ziren eta amari tokatu zitzaion babak eltzetik ateratzea. Gijonera mugitu ziren, pare bat denda zabaldu zituen eta, azkenik, ezkonaurreko maistra lanetara bueltatu zen.
Aitaren sendia Kuban egona zen eta Espainiatik independizatu aurreko Kuba hartan murgiltzen da Maria kontakizunean.
Tartean, Pepa Cardet ageri da. La Pepa Cardet gisa ezaguna, Espainiarekiko lotura mantentzearen aldekoa zen eta hainbat senide izan zituen bestea aldean, Kubaren independentzia defendatzen, 1868an ekialdean 10 urteko gerra piztu zenean.
Zabaldu parentesia. Peparen historia kontatzen omen du Jose Miguel Abreu Cardet historiagileak La furia de los nietos: guerra y familia en Cuba liburuan. Itxi parentesia.
Mariaren ama, Rosa, militar familia batean jaio zen. Errepublikazaleak izaki, aita 1936ko altxamenduan hil zuten Melillan bertan. Aldez aurretik, Rifeko gudetan egona zen eta horiek ere errepasatzen ditu Mariak liburuan.
Badago tartean oso esaldi borobila: Abd el Krim-ek irabazi izan balu, Francok ez zukeen Guda Zibila irabaziko. Ez dut literalki topatu, baina egilea Maria Rosa de Madariaga da.
Zortzi seme-alabarekin geratu zen Mariaren amona. Horietako bat, esan bezala, Rosa, Mariaren ama. Baldintza zailak baziren ere, lortu zuen tropa hura bideratzea.
Rosak maistra ikasketak amaitu eta Asturias aldera joan zen lanera. Han ezagutu zuen Pepe, lehen esan bezala.
Iparraldera jo aurretik, eta lerro hauek irribarre bat marrazteko anekdota batekin amaitzeko, esan dezadan tratuak izan zituela gerora oso ezaguna izango zen Bartzelona taldeko futbol jokalari batekin. Elkar ezagutu eta jokalariak gutun bat bidali zion, lehena eta bakarra.
Rosak lerro haiek irakurri zituenean, puskatu zuen gutuna eta agur esan zion betirako Antoniri. Akats ortografikoz josia baitzen karta eta hori ezin aguantatu.
Txis pun egin aurretik Ricardo Aldarondo kazetariaren aste honetako Discos Mon Oncle podkast-ean agertzen den Barcelona izeneko kantua doa. Hain da eskaintza zabala podkasgintza ezen bizpahiru putzutan ibiltzen naizen soilik, baina Aldarondoren jakintza erraldoia gozamena da.
Nuevos Horizontes & José y Manuel, Barcelona.
Los padres de Maria, este apunte en castellano.
Txis pun.
Kale edana Donostian
Alarma egoeran geunden eta hiritik barrena ari ginen asteburu batean paseoan. Aurreko egunetan Donostiako Udaltzaingoa kalean ezin zela zurrutean ibili ari zen esaten behin eta berriz. Oker ez banago tabernak itxita zeuden garai hartan.
Donostian indarrean dagoen Gizabideari buruzko ordenantzari erreparatzeko esan zidan lagunak. Hauxe dio 15.4 artikuluan:
«Taldean edatea debekaturik dago baldin eta ekintza horrek beste herritarrei espazio publikoak erabiltzea oztopatzen badie».
Lotura honetan Udaltzaingoak dio, Adingabeen alkohola eta drogen kontsumoari dagokionez, droga-mendetasunen arloko prebentzioari, laguntzari eta gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legean ezarritakoa beteko da.
Ez da ahaztu behar 1/2016 Legea, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzkoa.
33. artikuluak dio, lehen puntuan: «Debekatuta egongo da 18 urtez azpiko pertsonek edari alkoholdunak kontsumitzea».
2. puntuan zehazten du hainbat zerbitzu eskaintzen edo eskaintzeko prest dauden pertsona jakin batzuek ezingo dutela alkoholik kontsumitu (ibilgailuak hartzeko garaian, adibidez).
4/2015 Lege Organikoa, Madrilgo parlamentuak onartua 2015eko martxoaren 30ean, Herritarren Segurtasuna Babestekoa deritzona.
Arau-hauste oso astunak (sic), astunak (sic) eta arinak zehazten ditu.
37. artikuluak dio arau-hauste arina dela, 17. puntuan, «Toki, bide, establezimendu edo garraio publikoetan alkoholdun edariak kontsumitzea, horrek herritarren lasaitasuna modu larrian nahasten duenean».
Atzo goizean hauxe irakurri nuen DVn: El lehendakari avisa de que actuarán contra los botellones: «Está prohibido beber alcohol en la calle».
Kazetariak albistean dio: «El lehendakari aseguró que se van a tomar las medidas habituales a la hora de tratar de evitar los botellones. Al fin y al cabo, consumir alcohol en la calle es algo que ya estaba prohibido antes de la pandemia».
Atzo, larunbata, EHAAn argitaratutako 23/2021 Dekretua irakurri dut, oso gainetik bada ere.
1.2 artikuluak dio: «Osasun-larrialdiak irauten duen bitartean, oro har, pertsonen arteko gutxieneko distantzia 1,5 metrokoa izango da leku publikoetan, eta arreta berezia jarriko da esparru itxietan».
1.3 artikulua xedatzen du musukoen erabilera eta 1.4 puntuak zehazten du zeintzuk ez dauden behartuak maskara erabiltzera.
2.14. puntuaren izenburua hauxe da: Aire zabaleko edo aisialdiko erabilera publikoko parkeak eta kirol-eremuak. Azalerak-eta aipatzen dira bertan.
Xedapen gehigarri bat dago, honela hasten dena: 2021eko udari begira, honako neurri espezifiko hauek ezartzen dira. 5. puntuan hauxe dio:
«Programatu gabeko jaiak eta ospakizunak: bide publikoan zein kanpoko esparruetan alkohola kontsumitzeko debekua berresten da, baita «kale-zurrutak» edo «ez-jaiak» motako bileretan ere».
Berresten da? Udan soilik?
Gaur, igandea, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek osasun-alarman aplikatzeko irizpideak izeneko dokumentua (pdf lotura) ikusi dut Ertzaintzaren webgunean.
Interpretazioak eta aplikatzeko irizpideak izeneko atalean, 5. puntuan, galdera hau egiten da: Kontsumitu al daiteke alkoholik bide publikoan?
Erantzuna: Ez. Alkohola kontsumitzeko debekuari eutsiko zaio, bai bide publikoan, bai kanpoko esparruetan edo "botiloiak" edo "ez-jaiak" bezalako bileretan.
Gustatuko litzaidake jakitea nondik ateratzen duten interpretazio hori, zeren eta goian aipatutako 2016ko Legeari buruz, zera dio euskadi.eus-en dagoen dokumentu honek. Barkatu, baina ez dut testua euskaraz topatu:
Beber alcohol en vía pública
El texto de la ley prohíbe la venta o suministro de bebidas alcohólicas en la vía pública, salvo en terrazas, veladores o actividades y eventos que cuenten con autorización municipal. Es decir, se respeta el ámbito de autonomía municipal.
No se prohíbe el consumo en vía pública, aunque cada ayuntamiento puede regular esta cuestión a través de la correspondiente ordenanza. De hecho, hoy día, hay ordenanzas municipales que prohíben expresamente consumir alcohol en la vida pública.
Laburbilduz, gauzak dauden bezala, nire interpretazioa da Donostian adin nagusikoek kalean alkohola edan dezaketeela espazio publikoaren inoren erabilera oztopatzen ez den bitartean. Bakarrik bazaude eta 1,5 metroko aldea errespetatuz, sindudarikgabe.
Beraz, ez dira egia "kalean alkohola edatea debekatuta dago" bezalako esaldi kategorikoak.
Eta nire interpretazioa ez bada egokia, esan diezadala norbaitek ze lege, dekretu edota ordenantza pasa zaidan, mesedez.
Beber en la calle en San Sebastián, este apunte en castellano.
Hamabi
2009ko apirilaren 28an, Javierren bihotzak bale esan zuen egunean, Ibarretxe zen lehendakaria, baina egun gutxi falta ziren Patxi López-ek lekukoa hartzeko. 2012aren amaieran iritsi zen Urkullu Ajuria-Eneara.
Hilaren 4an hauteskundeak dituzte Madrilen Komunitate Autonomoko presidentea hautatzeko. Aguirre zen ordukoa. González, Cifuentes, Garrido, Rollán eta Ayuso etorri ziren ondoren. Batzuek oso denbora gutxi egin zuten karguan.
Valentziako Generalitateko presidentea Camps zen. Honen lekukoa Fabrak hartu zuen eta egun Puig da.
Moncloan Zapatero zegoen. Atzetik joan ziren Rajoy eta Sánchez.
Obama izendatu berria zuten AEBetako presidente. Trump-en erauntsia iritsi zen 2017ko hasieran eta berriro Alderdi Demokratako hautagai batek, Biden-ek, hartu du Etxe Zuriko aginte-makila.
Jarraitu nezake begiratzen nor zegoen aginte postuetan politikarien artean, baina hementxe utziko dut, Javierren baso eta zelaietako zein Mendebaldeko sheriff-ak birpasatuz.
Zelaiak jarri ditut gaurko argazkian eta zelaian jokatzen da futbola. Javier realsocialista zen.
Espainiako Bigarren Mailan zegoen gizonezkoen Reala 2009ko apirilean, erakundearen lehen mendeurrena betetzeko pronto. Aperribai presidentea izendatu berria zen eta laster igo zen taldea Lehen Mailara. Lillo, Lasarte, Montanier, Arrasate, Santana (behin-behinekoa), Moyes, Eusebio, Imanol, Garitano (Asier) eta berriro Imanol. Espainiako Kopa irabazi du duela hilabete.
Emakumezkoen taldea Lehen Mailan zegoen jada. Garmendia zen orduko entrenatzailea eta ondoren, Etxabe, Gazpio, San Miguel, Arregi, Arconada eta Arroyo eseri dira aulkian.
Ireki parentesia. Publizitate tartea. Gogoan dut da Aritz Galarragaren liburu berria. Itxi parentesia eta publizitate tartea.
Gogoan dut Espainiako Kopa 2019ko maiatzaren 11n irabazi zutela (hirutan altxatu dute Euskal Herriko garaikurra azken hamabi urte hauetan). 2-1 Atletico Madrilen kontra Nahikari Garcia eta Kiana Palaciosen golei esker. Zabaldu publizitate tartea. Ortizen artikuluen antologia liburua aurkeztu berri genuen bezperan Donostian eta egun horretan torturari buruzko jardunaldia izan genuen Egia Kultur Etxean. Itxi publizitate tartea. Horregatik gogoratzen dut ondo non nengoen.
Gogoan dut Nahikariren gola ikusi nuela taberna batean eta Hondarribiko Quiñones atezainaren jarrerari erreparatu niola. Norbaiti esan nion, edo agian nire baitan pentsatu, atezain haren atzean familia, lagunak eta herri osoa zegoela eta ez ziotela golik sartuko. Hala gertatu zen, baina ez da beti gertatzen.
Askotan etorri izan zait (zaigu) Ortiz gogora egungo giro negargarri honetan. Zer esango luke honi buruz? Zer idatziko hartaz?
Ez dakigu eta jada ez dugu inoiz jakingo. Tamalez.
Javierren testuak eta figura ahazten ez badut, konforme geratuko naiz.
Merezi dituztenei muxu kargamentu bat. Bai, arraro geratzen da, baina hartu zuek behar duzuena.
Publizitate gehiago. Jesús Carrascoren Llévame a casa liburua. Min ematen du, baina baita kontsolagarri suertatu ere.
Doce, estas líneas en castellano.
Efemerideak
Asteburu honetan bazkaldu dugu aurten lehen aldiz etxeko balkoian. Udaberria aurreratu samar dabilenaren seinale, baina orain euria datorrela diote eta ikusiko dugu zer gertatzen den datozen egunetan.
Duela hiru aste irabazi zuen Realeko gizonezkoen lehen taldeak Kopa. Handik hamabost egunetara Bartzelona garaile.
Lerro hauek idatzi eta aurreko etxeko laugarren pisuan bizi den txakurrak zaunka egin du. Ozen eta grabe. Ez zaio gustatu? Balkoiko barrote artean muturra erakusten dit.
Sentsazioa daukat egun batzuk baino, asteak edo hilabeteak igaro direla. Hain azkar doa dena ezen Superliga bat sortzeko hordagoa bota baitzuen Florentinoren koadrilak eta 48 orduko epean atzera egin zuten. Ikusiko dugu noiz arte.
Gazte batzuk auto batetik jaitsi dira. Pozik daude. Ozen ari dira hizketan. Ez dirudi igande arratsaldea denik.
Madrilen hauteskundeak dituzte maiatzaren 4an. Apenas jarraitu dudan bertan gertatzen ari dena, baina toki guztietan ari dira komentatzen Iglesias, Marlaska eta Gamezi bidali dizkieten bala-zorroak.
Ez dakit zer gertatuko den hauteskunde horietan, baina urduri sumatzen ditut faxistak eta enparauak. Luis de la Cruz-ek dioen bezala, ez da dena maiatzaren 4an amaituko eta gero jarraitu beharko da.
1974ko apirilaren 25ean pikutara bidali zuen Portugalgo diktadura Krabelinen Iraultzak. Franco ohean hil zen eta garbiketa handirik egin gabe aldatu zuten alkandora edo dena delakoa askok. Estatuaren muina apenas ukitu zen. A zer paraderoa!
Pareko etxean, bigarren pisuan lau gazte eseri dira balkoian.
Gaur, berriz, apirilak 26 ditu. Aurrekoan Ander Izagirrek txio hau bota zuen.
Zamoraren gola, Gernikako bonbardaketa, Txernobilgo leherketa eta Josetxoren heriotzaren eguna.
— Ander Izagirre (@anderiza) April 16, 2021
1937, Gernikako bonbardaketa. 84 urte.
1981, Zamorak sartutako golari esker Realaren lehen liga Xixonen. 40 urte.
1986, Txernobilgo hondamendia. 35 urte.
2017, Uliako zaintzaile izandako Josetxo Mayorren heriotza. 4 urte.
Josetxori buruz hainbat aldiz idatzi dut hemen (begiratu Josetxo Mayor etiketa). Bereziki maite dut 2014ko apirilaren 13an, Ulian egin zioten omenaldi egunean Ander Izagirrerekin batera ateratako argazki hau. Ez da ondo ikusten Ander, baina asko gustatzen zait haren keinua eta Josetxoren poza.
Horietako batek biolina atera eta pieza bat jo du etxeko egongelatik balkoira begira. Besteek adi begiratzen diote. Gaua musikaz bete da.
Ez dakit noiz zehatz-mehatz, baina datozen urteetan gogoratuko den efemeride bat pasa berri da: Euskal Herriratu da Sarri.
Haren lagun baten hitz batzuekin amaitu nahi dut testua. Jimu Iturralde da egilea:
Erabaki genuen, gainera, guretzat, lagunontzat, ziklo oso bat ixten zela, zorionez eta modu onean, 44 urteko aroa amaitu ondoren. Eta txinatarrek diotena egia bada, ziklo bat itxi orduko hasiera ematen zaiola ziklo berri bati; beste aukera bat, alegia, aurrera egiteko.
Efémerides, este apunte en castellano.
Gezurretan
Batzuetan horrelako gezurrak esan behar dizkiot amari. Ez duelako molestiarik sortu nahi eta abar. Dioossss.
Biderako disko bat aukeratu dut: Planes de fuga, Berriok Derivarekin duela hogeita bi urte grabatutako diskoa.
Ez dut autoan gogoratu beheko istorio hau, baina orain ondo geratzen da esatea autoan gogoratu naizela.
Duela 40 bat urteko arratsalde bat. Eguraldi ona. Aita fabrikatik etxeratu da. Arratsaldeko lauretan etortzen zen.
Arropak aldatzen ari da. Umorez dago eta dantza egiten du galtzontzilotan. Inguruan gauden guztiok, etxekook, barrez gaude, irribarrez bai behintzat.
Etxeko atarian gortina bat dago, tiraduna, garai bateko arrandegietan eta dendetan euliak ez sartzeko jartzen zituzten horietakoa.
Esku batzuk gortina baztertu eta etxeko sotoan agertzen zaigu gizon bat. Ez dugu ezagutzen.
Hasierako sorpresa gainditu eta barre algaraka hasten gara.
Uste dut saltzaile bat zela. Txakurrak ez zuen zaunka egin edo behintzat ez genuen entzun. Seguruenik ez zen enteratu erdi lo egongo zelako.
Amari kontatu diot istorioa. Ez du gogoratzen.
Aldiz, fabrikako komeriak eta aitaren beste komeria batzuk kontatzen dizkit.
«Ama», mozten diot, «nik oroitzapen on bat kontatu nahi nizun».
Ez dago modurik.
Txarrerako joera hori.
«Muchos esperan el día después e imaginan un momento cinematográfico en el que regresaremos a las calles sin mascarillas, sudaremos en recitales y nos apretujaremos en salas de teatro. Sospecho que será muy diferente.»
— Mikel Iturria (😷) (@iturri) April 18, 2021
La vida que tenemos, Leila Guerrierohttps://t.co/IDWXMw1MF3
Leila Guerriero entzun dut gaur goizean irratian, Del Pinorenean. Besteak beste 85 urteko tango abeslari argentinar baten berri eman dit Guerrierok.
Zuekin, Susana Rinaldi: «El día que me quieras».
Mintiendo, este apunte en castellano.
Jende isila eta jende isildua
Emakume (artista) askok ez dute behar duten tokia gure oroimenean, egindako lana ez baita aintzat hartu. Bi hitzetan Leire Narbaizak aste honetako Gipuzkoako Hitzan argitaratu duen Lourdes, Maite, Estitxu, Amaia… zutabean dioena.
«Gizonak izan balira, ahaztuta leudeke? Kantatzeari lagako zion Lourdesek? Abandonatu egingo zuten Estitxu?»
Lourdes Iriondo, Maite Idirin, Estitxu Robles-Arangiz eta Amaia Zubiria dira lerroburuan aipatutako lauak.
Aurreko batean entzun nuen Lizardiren baratza saioan Lourdes Iriondori buruz Jose Luis Padronek egindako programa. Sakatu eta entzun, mesedez.
Urte amaieran Izar eta ezin erreportaje luzea eskaini zion Amagoia Gurrutxagak Iriondoren ibilbideari Berrian, haren heriotzaren hamabosgarren urteurrena betetzen zela aprobetxatuz.
Aste honetan diskrezioz, zuhurtziaz, erdi ezkutuan (ibil)bidea egiten duen jendea agertu egin zait behin baino gehiagotan. Batzuk beraien erabakiz, besteak guk geuk isilarazi ditugunak.
Ricardo Aldarondoren txio hau adibide.
Iñaki Pemán siguió a Rafael Berrio como fotógrafo y amigo durante casi 40 años, y el espectacular resultado de esa relación está en la exposición que se ha inaugurado hoy en su ‘templo’, el bar @LeBukowski , con fotos desde UHF, con un Berrio de 18 años, a sus últimos conciertos. pic.twitter.com/9OWCCzHimO
— Ricardo Aldarondo (@raldarondo) April 8, 2021
Juan González Andrések aipatu zidan txiolandian bertan Berrioren hainbat argazki zahar zeudela Ipernityn, asko Pemanenak. Horietako bat hartu eta lerro hauek ilustratzeko ipini dut. 1981ekoa da, UHF taldearen garaikoa.
Aldarondok eta González Andrés kazetariek dioten bezala, 40 urtez jarraitu zuen Rafa Berrio laguna Iñaki Pemánek argazki kamera beti prest.
Duela hamar bat urte ezagutu nuen eta hain da zuhurra gizona (eta ni despistatua) ezen abizena bera ahaztu egin zitzaidala.
Astean zehar inauguratu dira Berrioren argazkiekin egindako erakusketa. Bi tokitan dago: Bukowskin eta Egiako La Tabernan.
Gustatuko litzaidake egunen batan erakusketa ederra egin ahal izatea oraindik etxean gorderik duen materialarekin. Merezi du.
Diskrezioa dela eta, Andrés Porterok Don Inorrez proiektuari buruz egindako beste hau irakurri nuen astean zehar: «Imanol Ubeda: La sombra de Bide Ertzean es muy alargada».
Galdera Porterok: Le acompaña Arancegui. ¿Mano derecha y puede que el mejor batería vasco?
Erantzuna Ubedak: Más que eso, es imprescindible en este proyecto, como en Bide Ertzean. Su aportación va más allá de la batería. Podría ser un gran productor si no fuera tan tímido y humilde. Tiene un sentido musical que va más allá de lo rítmico.
Primerako ekoizle izan zitekeen hain lotsati eta umila izango ez balitz.
Karlosen nortasunaren beste adibide bat, duela urtebete zabaldu du profila Instagram sarean Karlos Arancegui-k.
Ez dira kasu bakarrak. Jende asko dago horrelakoa isilpean lanean ari dena. Batzuk nahita, beste batzuk ezinean.
Ez baita gauza bera jende isila eta jende isildua, isilarazia.
Gente silenciosa y gente silenciada, este apunte en castellano.
Markak
Rafa(el) Berrio
Martxoaren 31n urtebete egin zuen Rafa Berrio hil zela. Aitzakia horrekin lagun talde batek eta Donostia Kulturak hainbat ekitaldi antolatu dituzte mimo handiz:
- «Yo ya me entiendo, Rafael Berrioren paradoxak» izeneko erakusketa Ernest Lluch Kultur Etxean. Hauxe da zikloaren ardatza eta berau muntatu ahal izateko lan bikaina egin du Cheli Lanzagortaren gidaritzapean talde batek. Oso gainetik ikusi nuen asteartean, baina behin baino gehiagotan bueltatu beharko dut dena behar den bezala ikusteko.
- Kultur etxean bertan hainbat ekitaldi antolatu dira. Apirilaren 15ean hasiko da zikloa Harkaitz Cano eta Rafa Ruedak egingo duten hitzaldiarekin: «Abesti baten anatomia». Adi, zazpi egun lehenagotik hartu baitaiteke tokia. Informazio guztia albiste honetan dago: Rafael Berrioren omenezko erakusketa eta zikloa Ernest Lluch Kultur Etxean.
- Maiatzaren 19an eta 20an «Rafa in memoriam» kontzertua izango dugu. Gorriz markatua daukat agendan. Joserra Senperenaren gidaritzapean hainbat musikari igoko dira Victoria Eugeniako eszenatokira.
- Instituzioen kanal ofizialetik kanpo, Rafaren alde gaixtoena omenduko dute hiriko hainbat tabernatan: «El hijo ingobernable de la luz del sol». Sarrerak salgai jarri ziren apirilaren 1ean eta arin ibili beharko da.
Mañana jueves 1 de abril salen a la venta las entradas del circuito ''El hijo ingobernable de la luz del sol' en homenaje al gran Rafael Berrio (aforo: 50/60 personas). A la venta en @LeBukowski y @DabadabaSS . ¡Viva Rafa! pic.twitter.com/PaZQ1TahWs
— Pavlyuchenko (@LosBracco) March 31, 2021
Reala txapeldun
Ia dena esanda dago eta ezer gutxi gehituko dut nik.
Lehen aldia zen Realak eta Athleticek goi mailako Erregearen Kopako finala jokatzen zutela (Generalisimoaren garaian ere ez zuten jokatu). Covid-agatik inoizko finalik luzeena eta hutsena izan da, urtebeteko atzerapenarekin eta harmailetan zalerik gabe aritu baitira bi taldeak.
Gizonezkoen Athletic berpiztu zuen Marcelinok urtarrila-otsailean zehar eta horrek Superkopa irabaztea eta bigarren urtez jarraian finalera iristea ekarri zuen.
#realsocialismo pic.twitter.com/awmP2h2K2H
— Mikel Iturria (😷) (@iturri) April 3, 2021
Baina gizonezko txuri-urdinek segida eman diote 2019ko maiatzaren 11n neskek lortutako Kopari. Granadan orduan, Sevillan orain.
1981eko eta 1982ko apirilean irabazi zituen talde txuri-urdinak lehen ligak eta oraingoan ere probetxuzkoa izan da hilabetea.
Beste kointzidentzia bat. Mutilek bigarren mailako titulua irabazi zutenean 2010ean, Xabi Prieto kapitaina herrenka ikusi genuen zelaian; orain makuluen laguntzarekin ibili dena Illarra izan da.
Ea asteazkenean irabazten jarraitzen dugun Anoetan eta Imanolen gidaritzapean maiatzean Europarako sailkatzen garen.
Marcas, este apunte en castellano
quién puso fin
— Mikel Iturria (😷) (@iturri) April 4, 2021
la noche puso fin
el día puso fin
el viento puso fin
la calma puso fin
la lluvia puso fin
todo puso fin
y todo era nada#rafaberrioinmemoriam https://t.co/f7TKLzIycI
Juan Carlos Perez udaberrian
Amarekin telefonoz hizketan abiatu nintzen ostiral arratsaldean Igeldorantz. Arnasestuka maldan gora, 50 bat minutuz egon nintzen berbetan.
Amaitu nuenean, telefonoan nituen audioei erreparatu nien. Lizardiren baratza saioan ikusia nuen Padronek Itoizeko liderrari dedikatutako saioa.
Sarrera hauxe:
«Udaberriaren etorrera irratsaio berezi batekin ospatu dugu: Juan Carlos Perezen musika bitala eta istorio zoragarriak».
Hasi nintzen ba saioa entzuten eta hamaikagarren minutuaren bueltan Juan Carlos bera entzuteko parada izan nuen Itoizen agurrari buruz (gogoratu 1978an hasi eta 1988an amaitu zela XX. mendeko euskal musikaren erreferente den taldearen ibilbidea; bide batez, Kortatu ere urte horretan bukatu zen). Ordukoa, 1988koa, da bi minutu eskaseko audioa.
«Bueno nik esango nuke honaino ailegatuz gero, ezin dugu(la) musika utzi. Esate baterako, akordatzen naiz gure lehenengo diskoa grabatu genuenean, justu atera zela diskoa eta taldea desegin zen. Orduan ez betirako, porlovisto, gero hasi baikinen berriz Ezekielekin eta. Baina orain bai, orain ia 30 urterekin jada ezin dugu utzi musika, baina bakoitzak hartu behar du bere bidea eta, batez ere, arnasa hartu Itoizen rollotik; ez da izan hainbesterako luzea, baina izan dira bederatzi urte nahikoa intentsuak, beti hor, intentsitate horrekin, jotzen eta ematen du bizi osoa daramagula jotzen. Foisis, esate baterako, oso enrollatuta dago kontrabaxuarekin eta musika klasikoarekin; ni ere pianoarekin eta beste lan txiki batzuekin ari naiz, pentsatuz urte hau de maniobra izango dela, ez? Gero ikusteko zer egiten den. Jimmyk ere bateriarekin jarraitzen du jotzen hortik. Dena dela, badakigu jada ezin dugula utzi musika eta barruan sartuta geldituko garela. Zorionez edo zoritxarrez. Ez dakigu.»
Ez nuen inoiz zuzenean ikusi Itoiz, baina gogoan dut Juan Carlos Perezek Hiriko istorioak diskoaren biran Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan emandako kontzertua laukote edo boskote formatuan.
Goiko aldean badu aretoak balkoi edo palko moduko bat eta hantxe jarri nintzen, seguruenik berandu iritsi nintzelako.
Kontzertuarekin gozatzen ari nintzen bakar-bakarrik. Halako batean, atea zabaldu eta gizon bat sartu zen. Aldamenean jarri zitzaidan. Mikel Laboa zen gizon hura.
Mikelek entzundako lehen kanta amaitu eta komentatu zidan: «Oso grabe entzuten da. Oso grabe». Nik buruarekin baietz esan nion. Beste behin ere antzeko komentario bat egin zidan. Lehen eta azken aldia izan zen Laboak zerbait esaten zidala bere bizitza osoan.
Handik pare bat urtera, 2008an, tamalez hil egin zen eta nik Mikel Laboa palkoa jarri nion balkoi hari. Esan zidaten ohikoa zela gustuko kontzertuetan sartzea eta toki hartan esertzea.
Udaberrian zazpi urte beteko ditu Dabadaba aretoak. Makina bat kontzertu antolatu dituzte bertan. Ospakizunen artean, atzo eta gaur, martxoak 27 eta 28, hiru pase egingo ditu Chill Mafiak. Badakizue mixtape-a argitaratu berri duela Iruñeko bandak eta horrek astindu egin duela euskal eszena. Reggae, punk, trap, euskal kantagintza tradizionala, autotune-a.
Atzo eguerdian ikusi nituen eta arrakasta lortuko dutela uste dut: ezagutza badute, lana ere badago atzean eta jarrera soberan.
Chill Mafia Dabadaban. Ezagutza, lana eta jarrera dute. Arazo teknikoak egon badira ere, lehen showa zuten, publikoarekin konektatu dute hasiera-hasieratik. Jende gazte asko, neskak eta mutilak. Urte arraroa da, baina dena dute arrakasta lortzeko.
— Mikel Iturria (😷) (@iturri) March 27, 2021
Urteurren tristea orain. Datorren astean, hilaren 31n, beteko da Rafa Berrioren heriotzaren lehen urteurrena. Ernest Lluch Kultur Etxean erakusketa bat antolatu da (Yo ya me entiendo. Rafael Berrioren paradoxak) eta hainbat ekitaldi osagarriren berri ere emango da (jada aurreratu zen bi kontzertu egongo direla Victoria Eugenian maiatzaren 19 eta 20an: Rafa in memoriam).
Amaitzeko, Juan Carlosen hitzak errepikatuko ditut «badakigu jada ezin dugula utzi musika eta barruan sartuta geldituko garela. Zorionez edo zoritxarrez».
Padronek zorionez dio irratsaioan. Amen.
Juan Carlos Pérez en primavera, este apunte en castellano.
Rambal, transformista bat Xixongo imajinarioan
Rambal, un transformista en el imaginario gijonés, este apunte en castellano.
Goiko deskribapena gaztelaniazko Wikipediatik hartu eta egokitu dut.
2020ko irailean entzun nuen goiz batez Espainiako Radio 3 irratian Rambalen istorioa. Ez nuen ezagutzen.
Duela gutxi pasadizo harekin gogoratu naiz Rodrigo Cuevasen Rambalín kanta entzun dudanean.
Manual de Cortejo izeneko albumean plazaratu zuen 2019ko abenduan Cuevasek Raül Refree-k ekoitzitako diskoan. Abestian Coro Minero de Turón-ek hartzen du parte, baita La Tarabica izeneko pertsona batek ere. Azken honen kasuan kontakizun bat da, AFOHSA-tik hartua; hots, Asturiaseko Historia Sozialerako Ahots Iturrien Artxibotik.
Esan bezala, Alberto Alonso Blanco (Rambal) izeneko profila dago Wikipedian, gaztelaniaz zein asturieraz. Lehena bigarrena baino osatuago dago une honetan bertan.
1928ko maiatzaren 29an jaio zen Xixonen eta bere bizitza Cimavilla auzoari lotuta pasa zuen. Arrantzale giroko auzoa, baina baita prostituzio eremu ere, goizetan auzoko emakumeak laguntzen zituen eta gauez transformista gisa aritzen zen. Homosexuala izaki, aktibista gisa ere ezaguna zela diote.
1976ko apirilaren 19an hil zuten, 47 urte zituela, malamaneran, etxean bertan. Hura hil ondoren, su eman zioten etxebizitzari. Suhiltzaileek botatako urak zein poliziaren garai hartako metodo eta tresna eskasek krimena argitu gabe utzi zuten. Egun berdin jarraitzen du.
Xixongo imajinarioan oso presente dago oraindik ere. Wikipediako orriari errepaso bat ematea besterik ez dago:
- 1986an, Vicente García Oliva idazleak L'aire de les castañes liburuan jorratu zuen Rambalen bizitza eta erailketa.
- 1999an, Eva Lesmes gidoigileak gidoi onenaren Pilar Miró saria irabazi zuen García Olivaren liburuaren egokitzapena egiteagatik. A simple vista zen gidoiaren izena, baina ez dut topatu filma gauzatu zenik.
- 2016an, Miguel Barrero idazle eta kazetariak gauza bera egin zuen La tinta del calamar. Tragedia y mito de Rambal liburuan. Elkarrizketa hau irakurri, nahi baduzue.
- 2018an, Pilar Sánchez Vicente idazle eta historiagileak Rambal aipatu zuen Mujeres Errantes liburuan.
- 2019an, Diego Medrano idazleak El raro crimen de Rambal nobela argitaratu zuen.
- 2019an, Pablo und Destruktion-ek Rambal aipatu zuen Gijón kantan. Zalantza daukat orain ez ote zen musikari hauxe bera Radio 3-n entzun nuena pasa den irailean.
- 2019an bertan, José Fernández Riveiro zinemagileak Si yo hablara dokumentala egin zuen. 20 minutu irauten ditu eta Filminen dago ikusgai (Rambal izenarekin topatuko duzue).
- 2020an, hilketaren urteurrenean, Rodrigo Cuevasek Rambalín en cuarentena jarri zuen sarean. Mapi Quintana, Rubén Bada, Tino Cuesta eta Juanjo Díaz musikariekin batera grabatu zuen, bakoitza bere etxetik (itxialdi beteko garaia zen).
- Bertsio hau entzun aurretik, esan dezadan 2020an zehar Asturiasko kultur munduko hainbat izen esanguratsuk eskatu zutela Xixongo La Tabacalera guneari Rambal izena jartzea. 2023an da zabaltzekoa.
Eta honaino Rambal gogoratzeko idatzi nahi nuena. Gugan bego!
Eskatzea libre baita
Martxoak 12, ostirala.
Gaur urtebete hartu nuen taberna batean (Artikutzan) azken zerbeza (zuritoa, oker ez banago) itxialdiaren aurretik.
13:45. Irungo txertodromoa. Amak hitzordua du lehen dosia hartzeko Elizatxoko auzo elkartean.
Etxetik oinez joan gara. Hainbat kontu aipatu dizkit: etxe honetakoak honelaxe, hango haiek halaxe, hirugarren bat halakoxe... Jende asko ezagutzen du.
Iritsi gara txertodromora. Toki umela da eta haizea dabil, gainera.
Sartu aurretik hiru aste barruko hitzordua eman digute. Ondoren, ama barrura eta ni beste aldera bidali naute, itxoitera.
Ordu laurden egin dut zain. Bera bezala txertoa hartu duen hainbat lagun eserita dago denbora-tarte hori noiz pasa.
Hamabost minutu pasa ondoren, eta sintomarik ezean, bakoitza etorritako bidetik abiatzen da. Berriro oinez etxera.
Martxoak 13, larunbata.
Rüdiger ikustera Dokara. 60 lagunentzako tokia du orain kafe antzokiak. Denak eserita. Ez dago trago bat hartzeko aukerarik.
Felix Buff bateria-jotzailea bakarkako lehen diskoa aurkeztera dator. Johannes anaiarekin grabatu du etxean. Instrumentu guztiak Felixek jotzen ditu. Zuzenean gitarra akustikoa soinean, alboan Joseba Irazoki duela. Kontzertu laburra eskaini dute. Doinu lasaiak, melodiak, zarata gutxi... Dena oso minimalista. Azken kantarako beste bi musikarik ahotsak egin dituzte. 30 segundo grabatu ditut.
Rüdiger-en bukaera. 50 minutu @DokaAntzokia-n. Abesti lasaiak, melodiak, ahotsak, gitarrak. Aldamenean @JIrazoki. Azken kantan bi ahots gehiago (barka, baina ez naiz izenekin geratu). Felixek berak egin du gaurko traola: #alegríaypandemia pic.twitter.com/quc7V5zidm
— Mikel Iturria (😷) (@iturri) March 13, 2021
Felixek aipatu du gauzak ondo bidean aukera egongo dela laster diskoa zuzenean bandarekin aurkezteko.
Kontzertuaren ondoren bi hitz gurutzatu ditut beraiekin. Irazokik aipatu du diskoa grabatzen ari dela lagunekin (Joseba Irazoki eta lagunak). Agian kanturen bat kaleratuko du uda aurretik, baina seguruenik lan luzea udazkenean plazaratuko du.
Aspaldi ez nituela Ion Martinez Txiki eta Jon Iraundegi ikusten. Pena taberna itxita egotea, baina soilik kontzerturako zabaldu dute aretoa. Udalaren laguntza txiki bat dago, Dkluba zirkuitua medio, baina ondo etorriko litzaiguke AHTan (alferrik?) gastatzen den diruaren zati bat horrelako zirkuituak ongi hornituak egoteko.
Eskatzea libre baita.
Martxoak 14, igandea.
Goizeko 7:00ak pasata esnatu naiz. Aldamenean dudan irratia piztu eta SER katean La hora extra izeneko saioarekin egin dut topo. Marta García Miranda da aurkezlea eta ezagutzen ez dudan Angélica Liddell antzerkigilea elkarrizketatua.
Aquí tenéis la entrevista a Angélica Liddell en #LaHoraExtra, una conversación emocionante sobre escritura, orfandad, el trabajo como consagración, su visión del feminismo y sus nuevos proyectos, uno de ellos con otro grande, Rodrigo García.https://t.co/OtsORsm8w3 vía @La_SER
— marta garcía miranda (@guapapasea) March 14, 2021
Marta gutxitan entzun dut. Angélica ez dakit nor den.
Elkarrizketan zehar jakingo dugu ia bost urte pasa dituela adierazpenik egin gabe eta entzuten ari garena aurrez aurre egindako lehena dela (El País egunkarirako egin baitu beste bat, baina bertan bidalitako galderak idatziz erantzun ditu).
Aspaldi erabaki zuen Frantziara joatea, baina ez dago garbi zergatia. Han askoz ere gehiago errespetatzen dutela sortzaile gisa.
Gurasoak hil zitzaizkion duela pare bat urte eta dolua gogorra izan omen da. Alaba bakarra, aita militarra, harremana ez zela oso ona, baina asko kolpatu duela bien heriotzak.
Transgresorea da hainbat planteamendutan: sinestuna, Mee To mugimendua ez zaio gustatzen, antzerki munduarekiko ere erreparoak ditu...
Tira. Nahi baduzue entzun goian dagoen lotura edo irakurri El Paísekoa.
Bestela behean itsatsi dudan Rüdiger-en Medication entzun eta listo.
Pedir es libre, este apunte en castellano.