Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Radar Covid: adibide praktikoa

Mikel Iturria 2020/11/10 20:50
Atzo iluntzean laranja koloreko abisu batek egin zuen salto sakelekoan. Kontaktu arriskutsua izan nuela larunbatean positibo eman zuen pertsona batekin.

Radar Covid: un caso práctico, este apunte en castellano.

Instalatu zenuten #RadarCOVID aplikazioa? Nik bai. Duela ordubete egin dit salto abisuak. Harremanetan jartzeko @osakidetzaEJGV-rekin. Bosgarren deian lortu dut. Agindua: etxean isolatzeko aztarnarien zain. Gehienez 72 ordu barru deituko didatela. pic.twitter.com/kuekntAOWr

— Mikel Iturria (@iturri) November 9, 2020

Etxean egun guztia pasa ondoren, atzo arratsaldean buelta bat ematera atera nintzen. Etxeratu, dutxa bat, patrikako telefonoa hartu eta... Radar Covid aplikazioan abisu laranja piztu zen.

Zein izan zen lehen erreakzioa? Ez dizuet gezurrik esango: ba, ez diot kasurik egingo. Segundo batzuk iraun zuen ideia horrek nire buruan. Behin segundo horiek pasata,  galdera: orduan, zertarako instalatu duzu aplikazioa?

Aplikazioak esaten dizu jartzeko harremanetan zure administrazioaren (EAE) telefono jakin batekin. Bost bat aldiz deitu nuen eta, azkenean, lortu pertsona bat agertzea beste aldean. Oso adeitsua, gainera. Kontatu nion zein izan zen abisua. Kontatu nion ere larunbatean soilik erosketa batzuk egitera atera nintzela etxetik 500 metrora dagoen supermerkatura. 10 minutu erosketak egiten eta 10 minutu ilaran, pagatzeko zain. Gero ordu erdiko buelta laburra eman nuela bakar-bakarrik auzoan zehar. Denbora horretan beti musuko kirurgikoa muturrean.

Galdetu zidan zein zen nire osasun etxea eta gehitu zuen norbait jarriko zela nirekin harremanetan 72 orduko epean. Bitartean, etxean isolatzeko.

Zorionez, etxean baditugu bi komuna eta bi logela. Emaztearekin partitu biak eta kitto. Sukaldekoa gehiago kostatu zitzaidan, baina tira.

Etxetik egin dut lan goizean eta eguerdiko 12:00ak aldera (16 orduko tartea, gutxi gorabehera) jarri da harremanetan aztarnaria. Kontatu diot lankideari bezperan esandakoa.

Lasai egoteko, makinak 2 metroko distantzia hori neurtzen duela, baina musukoa jantzita eta hain denbora laburrean (10 minutu) ez nuela PCR beharrik.

Zergatik aktibatu da aparatua? Bi aukera aipatu dizkit: baga, supermerkatukoa; biga, ez baztertzeko bizilagun bat izatea (paretek ez dute kontatzen distantzia neurtzeko, nahiz babes neurri zorrotza izan).

Hainbat kontu

1.- Twitter-en kontatzea erabaki nuen atzo, inor gutxik uste zuelako aplikazioak bere lana egiten zuenik gurean (nik ere zalantzak nituen). Txiolaria baino blogaria naizenez, hemen dokumentatu nahi izan dut gertatutakoa.

2.- Makinak bere partea bete du, baina baita pertsonok ere gurea. Hau da, positibo eman duenak eta biok instalatu genuen aplikazioa, bluetooth-a aktibatuta mantendu dugu eta berak positiboaren abisuarekin batera komunikatutako kodea partekatu du aplikazioan. Ez dakit zein den bera eta berak ere ez daki nirekin egona dela.

3.- Sistemak funtzionatzen du? Sistemak funtzionatzen du. Orokorrean? Ez dakit, nire kasuan bai. Eta ez da albiste txarra.

4.- Gaur goizean Euskadi Irratiko Faktorian egon dira Jon Abril (aita berriki galdu duena Covid-aren eraginez), Uxua Lazkanotegi erizaina eta Olatz Etxabe Arrasateko egoitza bateko arduraduna. Jone Larrañagak eta Iñaki Guridik gidatutako elkarrizketa samurra entzun dut Ondarretako hondartzara nindoan bitartean gaur iluntzean oinez. Samurra bai tonua, baina gogorra fondoa. Behean uzten dut lotura.

5.- Pertsona zaurgarriak zaindu behar ditugu, baina Jon Abrilek bukaeran dioen bezala baita profesionalak ere. Asko oso egoera zailean ari baitira lanean.

6.- Zientziaz ezer gutxi dakit, baina hainbat lagunez fidatzen naiz eta haiek diotena irakurtzea eta entzutea gustatzen zait: Miren Basaras, Ana Galarraga, Gorka Orive, Ugo Mayor, Juan Ignacio Perez, Felix Zubia... Horietako batzuk txiolandian jarraitzen ditut (Zientzia izeneko zerrenda honetan).

7.- Askatasuna aipatzen da. Ezin dut hau egin, ezin dut bestea egin. Bai, nik ere ezin dut autoa lantoki aurrean aparkatu. Orain kontua ez da askatasuna, baizik eta horren gainetik dagoen osasun publikoa. Gehituko dut ez dudala batere gustuko nola hazi den gure baitan dugun polizia ttikia eta ez dudala ulertzen zergatik galdetu behar zaion Poliziari zer egin daitekeen eta zer ez. Ene munduan hori ez baita poliziaren lana.

8.- Bakoitzak bere ardura du eta noski estutu behar ditugula agintariak, besteak beste baliabide eskasia eta antolaketa falta konpontzeke daudelako. Mediku lagun batek esan bezala, sistemak baino pertsonak (osasun langileak) ez ote diren osasungintza salbatzen ari.

9.- Hortik aurrera, zaindu gaitezen denok eta joka dezagun zuhurtziaz. Ez baitirudi magia eginez desagertu denik gaitza eta badakigu zer egin behar dugun kutsadura arriskua gutxitzeko.

10.- Gaizki esanak barkatu, ondo esanak kontuan hartu.

11.- Propina: badakit pribilegiatu bat naizela eta askok ez dituztela nik eskura ditudan aukerak.

Azaroaren 28ko eguneratzea: atzo bizilagun batekin egin nuen topo igogailuan eta kontatu zidan positibo eman zuela hilaren 9an. Ea #RadarCOVID instalatuta zeukan galdetu nion. Baietz berak. Misterioa agerian.

Antolaketaren beharra

Mikel Iturria 2020/11/08 19:30
Joe Hill: «Ez egin hiletarik. Antolatu zaitezte!»

La necesidad de organizarse, este apunte en castellano

Aspaldian ez nuela Javier Ortizen zutabe bat hona ekartzen eta faltan botatzen nuen maisuaren aipamena. 1997ko maiatzeko zutabea ekarriko dut gaur gogora: «Los otros mártires» izenekoa.

1997ko maiatzaren 1ean hil zen Bo Wilderberg zinemagile suediarra. 66 urte zituen heriotzak harrapatu zuenean.

1970eko hamarkadan Joe Hill sindikalista eta musikari amerikarrari (jatorriz suediarra) buruzko dokumentala egin zuen. Dozenaka abesti konposatu zituen Hillek langileen borroka auspotzeko, gerora Woody Guthrie, Pete Seeger eta hainbat folk singer-ek abestu zituztenak.

Poliziak eta stablisment-ak tranpa jarri eta erori egin zen. Epaiketa-fartsa baten ondorioz exekutatu zuten 1915ean. Goian aipaturiko esaldi hori bota zuen agur modura.

Covid-aren pandemiak areagotu egin ditu hainbat gauza eta gure herri eta hirietako lokalak husten ari dira kaleek itxura fantasmagorikoa hartzen duten bitartean. Irungo (Txingudi eremuko) azken liburu-denda independentea (generalista, Tinta de Cómics gelditzen baita komiki alorrean) abuztuaren bukaeran itxi zuen Ylenia Benitok eta atzo hiru txioz osatutako sorta idatzi zuen Jon Pagolaren Donostiako kronika beltza sarean zabaltzeko.

Así están siendo las cosas y así las cuenta @jonpagola en este estupendo, necesario y triste reportaje.

Aquí antes había una tienda (o un bar). Tour gris por Donostia « Donostitik https://t.co/mjN18VqeL0

— Ylenia Benito (@ylebenito) November 7, 2020

Iruni buruzkoak dira bigarren eta hirugarren txioak. Gogoan dut duela sei edo zazpi urte Irungo kale nagusitik urtarrilaren 1ean amarekin eginiko goizeko paseo bat. Pagolak erreportajean kontatzen duen sentsazio goibelarekin etxeratu nintzen.

Joe Hill-ek hiletak (hilletak  idatzi beharko nuke haren omenez?) alde batera uzteko gomendioa egin zuen zendu aurretik. Antolatu beharra zegoela gehituz.

Todostuslibros

Eta hori egin dute Espainiako estatuko hainbat liburu-denda independentek: todostuslibros.com plataforma sortu dute. Inguruko batzuk badaude behintzat, denak ez badira ere. Espero dezagun hizkuntz bakartasun hori konpontzea, zeren estatuko hizkuntz ofizial guztiek merezi dute eta beren tokia halako egitasmo batean.

Jangou eta Coopcycle

#ostalaritza kinka larrian dagoen honetan egoerari aurre egin ahal izateko alternatiba batzuk jakitera eman nahi genituzke.
👇 HARIA 👇 pic.twitter.com/mwvYSzBPEL

— Teks (@TEKSarea) November 7, 2020

Hegoaldeko hainbat hiriburutan ostalariek antolatutako manifestazio jendetsuak egin ziren atzo arratsaldean eta horien ondoren idatzi zuen TEK sareak txioa.

Bertan aipatzen da Jangou ekimena, ostalariak eskaintza bezeroari hurbiltzeko aplikazioa.

Gainera, Coopcycle-n berri ere ematen da: bizikleta bidezko banaketa kooperatiben federazio bat, mundu mailakoa izateko jaiotako proiektua.

Kate horretako azken txioa da gakoa: «Teknologiak asko erraztu dezake horrelako egoeretan alternatibak sortzea. Gure kontsumo ohiturak eta gure konpromisorik gabe ordea teknologiak ez du ezertarako balio. Has gaitezen komunitatea eraikitzen bertako kideon beharrei modu kolektiboan erantzunaz».

Musika Fermin Muguruzak jarriko du gaur. Atzo haren txio bat ikusi bainuen bideo honekin: Mista Savona (Australia) & Cimafunk (Kuba). Negua pasa behar udaberrira iristeko.

Telefonoz deitzen duen jendea

Mikel Iturria 2020/11/02 20:00
Bi pertsona mota daude: telefonoz deitzen dutenak eta telefonoz deitzen ez dutenak. Ni lehen taldekoa naiz eta uste dut pandemia garai honetan garrantzitsua dela jendearekin hitz egitea, jendea entzutea. Batez ere zaharrak.

Gente que llama por teléfono, este apunte en castellano

Nabaria da pandemiak ohitura aldaketak ekarri dituela. Baten bat ona. Adibide moduan, nire kasuan kilometro gehiago egiten ditut oinez.

Bakarrik ateratzen naizenean hiru plan izaten ditut.

Lehena da inolako aparaturik gabe joatea: hau da, Google etxean uztea.

Bigarrena da podcast-ak entzutea telefonoan.

Eta hirugarrena da gaurko apunte honi izenburua zor diona: lagunei telefonoz deitzea.

Bonus track moduan: badago bi eta hiru aukerak nahastea ere.

Elkarren berri izateko modu asko baldin badaude ere, ez da gauza bera mezu idatzia bidaltzea aplikazio bat erabiliz edo bestearen ahotsa entzutea.

Aurreko batean, gure WhatsApp talde jendetsu batean Atlantikoaren beste aldean dagoen ezagun batek audio-oharra bidali zigun. Minutu bat pasatxo zen, baina batzuk kezkatuta gelditu ginen. Haren ahotsaren tonua ez zen batere baikorra. Eta hori ez genion atzeman idatzizko mezuetan.

Nire kasuan, telefonoz deitzearena amarengandik datorren zerbait da. Haren alde sozialaren zati bat etorri baitzait niri oinordetzan. Ez naiz haren parekoa, ezta gutxiago ere, ama familiako nodo bat baita: asko gustatzen zaio jakitea besteak nola dauden.

Aita ez zen horrelakoa. Gogoan dut biak elkarrekin paseatzera ateratzen zirenean ama jende askorekin gelditzen zela. Aitak, berriz, jendea agurtu bai, baina aurrera jarraitzen zuen... handik 50 metrora gelditu behar bazuen ere, amaren zain.

Gogoan dut telefonoa etxean sartu zenean. 615560 zenbakia etorri zait bat-batean akordura. Esango nuke 1980. hamarkadaren hasieran izan zela.

Garai haiek ezagutu zenituztenok badakizue telefono-deiaren kostua aintzat hartzekoa zela. Zaila da hori esplikatzea deien tarifa planoa dagoen garai hauetan. Baina elkarrizketa bat gehiegi luzatzen zenean, gazteok atzetik genituen gurasoak mozteko keinuak eginez. Dirutza izan zitekeelako.

Ideia hau Rafael Berrioren «Absolución» liburuaren aurkezpenaren ondoren bota nuen bizpahiru lagunen aurrean. Horietako batek jaso zuen eta txio bihurtu.

Y qué alegría veros a todos, joder. Mucha razón, @iturri, hay que llamarse por teléfono, en estas circunstancias no basta el email/rrss. A algunos les intuí bajos también, muy comprensible. En fin, como mejores no vamos a salir tratemos al menos de hacerlo bien mientras dure.

— Eduardo Ranedo (@EduardoRanedo) November 1, 2020

Isolamendura jotzeko joera dagoen garai hauetan, komeni da elkarren berri izatea.

Deitu lagunei, kopon. Eta gurasoei zein aiton-amonei zer esanik ez!

Rafael Berrio aipatu dugunez haren letrak jasotzen dituen «Absolución» liburua aurkeztu zen larunbatean Tabakaleran. Behean itsatsitako txioen artean pare bat bideo daude.

Era berean, bezperan hiru kantez osaturiko EPa kaleratu zen. Hona hemen hiruak bata bestearen atzean.

Datozen hilabeteetan ekitaldi gehiago antolatzeko asmoa dago. Erakusketaren bat, kontzertu majo bat...

Kurduen erresistentzia ahalmena

Mikel Iturria 2020/10/24 19:45
Gaur goizean Aiete Kultur Etxera igo naiz «Exodoa, hondakinak aterpe» erakusketa ikustera. Karlos Zurutuza kazetariak gidatutako bisita bat aprobetxatu dut horretarako.

La capacidad de resistencia del pueblo kurdo, este apunte en castellano

Nekatu samar nago pandemia garaian gehiegi begiratzen diogulako egin ezin ditugun gauzei. Ba beste askorekin konparatuz mordoa egin ditzakegu.

Gaur albo batera utziko dut gehiegi erreparatzen diogula agintarien debekuei. Ez, gizarte sendo eta heldu batek gehiago begiratu beharko lioke bere buruari eta ez hainbeste agintariek baimendu edo debekatzen dituzten gauzei. Arduraz jokatzea da gakoa, nahiz eta batzuetan zaila den. Eta horrek esan nahiko du, noski, hainbat gauza exigitu behar izatea gure erakundeei. Baina ez nuen hortik abiatu nahi gaurkoan.

Tira. Irailaren erdialdean paratu zuten Aiete Kultur Etxean «Exodoa, hondakinak aterpe» erakusketa. Euskal Fondoak ekoiztutakoa, Siriako kurduek pairatzen duten egoera dokumentatzen du. Erakusketaren sinopsitik:

«2019ko urrian, Turkiak azken erasoa egin zuen Siriako kurduen aurka. Aspalditik egiten ari diren garbiketa etnikoaren beste kapitulu bat. Azken biktimak: ehunka hildako eta ihes egin behar izan duten 200.000 lagun».

Horretarako eremu horretan eskarmentu handia duten bi euskal kazetariren lana aprobetxatu dute.

Alde batetik, Andoni Lubaki argazkilariaren 40 irudi. Bestetik, Karlos Zurutuzak zuzendutako Fatma dokumental laburra. Hona hemen dokumentalaren trailerra.

Fatmak 22 urte ditu eta, beste askok bezala, Turkiako estatuko lurraldeetatik Siriako kurduen menpe dagoen eremura (Rojava) egin zuen ihes eta bertan ari da bizimodua ahal bezala aurrera ateratzen. Bideoan ikus dezakezunez kurduek duten unibertsitatean dago Arte Ederrak ikasten. Guztira, 4.000 bat ikasle omen dago bertan.

Sarreratxo baten ondoren, dokumentala ikusteko aukera izan dugu. Laburra da, 10 minutu ez ditu iraungo. Gero, patxadaz esplikatu dizkigu Karlos Zurutuzak irudiak, gutxi gorabehera bakoitzaren atzean dagoen historia kontatuz.

Astebete gehiago duzue erakusketa ikusteko. Hilaren 31 arte egongo baita Aieten. Igandean zabalik duzue, 10:00etatik 14:00etara. Astelehenean, berriz, itxita. Asteartetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era. Larunbatean, goiz eta arratsaldez.

Erakusketa (EAEko) zure herri edo hirian egotea nahi izanez gero, eskatu zure Udalari Euskal Fondoarekin jartzeko harremanetan.

Donostian bizi izanez gero, igo Aieteko parkera (oinez) igande goizean, ikusi erakusketa eta gero atera kanpora, bistak gozatu eta konparatu zure problemak irudietan agertzen direnek bizi dituztenekin.

Reparaz Estatu Batuetako arrakaletan barrena

Mikel Iturria 2020/10/18 08:30
Badira liburuak arkatz batekin irakurri beharrekoak. Badira liburuak arkatzik gabe irakurri beharrekoak. Lehenengoetarikoa da Mikel Reparaz kazetariak idatzitako «Las grietas de América».

Reparaz nos lleva por los Estados Divididos de América, este apunte en castellano

Alberto Pirisen urriko bi apunte azaro hasieran AEBn izango diren hauteskundeei begira daude idatziak. Bertan gertatuko denak ondorioak izango baititu gurean ere.

Estatu Batuetan bost urtez egon zen Mikel Reparaz kazetaria EITBrentzat korrespontsal lanetan. Etxebizitza New York-en izanik ere, AEBak osatzen dituzten 50 estatuak zapaldu zituen Obama eta Trump presidenteek Etxe Zuritik agintzen zuten bitartean.

Euskal Herriratu ondoren, bi urte pasa ditu Las grietas de América liburua idazten. Hori kontatu dio Andoni Urbistondori. Telebistarako piezak laburregi geratu zaizkiola eta atera nahi zituela. Covid-ak atzeratu du argitalpena, hasiera batean udaberrian baitzen ateratzekoa.

Sarreran dio «liburu hau gatazka bati buruzkoa da, esplikatzen duena, zati batean soilik, azken urteetan Estatu Batuetan gertatu dena eta datozenetan gertatuko dena».

Kilometroak korritu ditu Reparazek eta nabari zaio gustura aritu dela. Ilusio hori idatziz transmititzen baitu. Horrelako obra bati buruz esan daitekeen gauzarik onena baita bertara joateko gogoa pizten dizula.

Kilometroak egiteaz aparte, irakurri eta ikasi egin du Reparazek. Guri kontatzeko, besteak beste.

Sarrera labur baten ondoren, Baltimore eta Charlottesville hiriak lotzen dituen 250 kilometroko bidaiaren berri ematen digu egileak,  2019ko udan eginikoa. Bi hirien artean Washington dago.

Ondorioz, obrak hiru zati ditu: Baltimore, Trumpistan eta Charlottesville izenekoak. Guztira 26 kapitulu eta izenburu argigarriko epilogoa: «Continuará» (Jarraipena izango du).

Baltimore: 2015eko udan Freddie Gray hil zuen poliziak furgoi baten barruan. Heriotza horrengatik ez zuten poliziarik epaitu, eta beraz are gutxiago kondenatu. Horrek ekarri zituen protesta handiak eta, besteak beste, Black Lives Matter mugimenduaren indartzea.

Charlottesville-n, berriz, neonazi batek autoz jo zuen antifaxistek antolatutako martxa baten kontra. Heather Heyer izeneko manifestaria hil zuen eta beste hainbat zauritu. Kartzelan dago egilea eta ez da bertatik aterako.

Bi gertakari garrantzitsu horiek, gehi Trump-en 2016ko garaipena, erabiltzen ditu Reparazek herrialdearen historia eta egungo gatazkak esplikatzeko.

Gogotik azpimarratu dut liburua eta saiatu naiz horietako pasarte batzuk hona ekartzen, baina alferrik, gehiegi luzatuko bailukete apunte hau.

Nebraska. 3.600 biztanle dituen herrixka. Paperik gabeko etorkinen aurkako operazio batek nola alda ditzakeen gauzak.
“Without immigrants, who would process potatoes, pick tomatoes and chiles? We do all of the work. They don’t appreciate it.”
https://t.co/TEgAeyEFgc

— Mikel Iturria (@iturri) October 23, 2018

Bai kontatuko dudala anekdota bat. 2018ko urrian ibili ginen AEBetako zati bat korritzen. Goian jarritako txioan ageri den albistea irakurri nuen: etorkinen kontrako legedia aplikatu zutela gordinki Nebraskako herri txiki batean. Polizia bidali zuten paperik gabekoak atxilotzera. Egun batzuen buruan, dozenaka lagun atxilotu zituzten, baina etorkinik gabe akabo produkzioaren katea: uztak jaso gabe, animaliek jatekorik ez eta abar.

Obama ez da guapo ateratzen liburuan (besteak beste, berak kanporatu ditu inork baino pertsona gehiago, paperik ez zutelako) baina orain ere irabazteko aukera handiak dituen Trump-en agintaldiarekin lotuta geratuko den irudia da 4-10 urteko haurrak gurasoengandik banantzea (batzuetan, zientoka kilometroak tarteko) Estatu Batuetan atzeko atetik sartu zirelako.

Obamaren erreakzioa izan zen Trump, Estatu Batuen sormenetik elkarren kontra dauden bi aldeek akzioa-erreakzioa eskema horretan daudelako. Eta armiarmatzarrak ondo baino hobeto menperatzen duelako sistema. Hau da, beltzak, latinoak eta beste gutxiengoak azpiratuak egoteko.

Eta Trump-ek irabazteko aukera du han ez duelako balio AEB mailako inkestarik. Hauteskunde sistema bospasei estatutan jokatzen da: Pennsylvania, Florida, Ipar Carolina, Wisconsin, Michigan, Arizona, Ohio…

Zuri haserretuak mugiarazten baditu berriro, Trump garaile. Zer gertatuko da, baina, datozen urteetan zuriek populazioan duten gehiengoa galtzen dutenean? Auskalo.

Liburua irakurtzea gomendatzen dizuet.

Osagarri gisa bota bistadizo bat ondorengo lotura hauei.

1.- Andoni Urbistondoren elkarrizketa Garako Gaur8 gehigarrian.

2.- Ttap aldizkarirako Juan Kruz Lakastak eginikoa (segapotoan edo tabletan jaitsi beharko duzue).

3.- Iñaki Urdanibiaren erreseina (gaztelaniaz).

4.- Raquel Nogueiraren elkarrizketa (gaztelaniaz).

Amaitzeko, liburuan zehar musika asko ageri da eta Reparazek berak sortu du kantuen zerrenda bat Spotify-n.

Indarkeria gurean

Mikel Iturria 2020/10/11 12:10
Iritsi da berriro «Patria»ri buruz hitz egiteko garaia. Aurrekoan Aramburuk idatzitako liburuaren arrakasta izan zen aitzakia. Orain HBOk estreinatu berri duen seriea. Zeharka hitz egingo dut hemen. Ion Arretxeren testigantza eta Ander Iriartek torturari buruz egindako dokumentala aipagai.

La violencia en nuestra tierra, este apunte en castellano

Aste honetan ez dut egunkarietako artikulu gehiegi irakurri (periodikoetako papera gutxitu dut behin udako oporrak amaitu ondoren). Baina bai leitu nuela pasa den igandeko Noticiasen Jorge Nagoreren Patrias eta bere horretan sinatuko nuke bertan esaten dena.

Ez baitut liburua irakurri (hori bai, Iñaki Rekartek sinatutakoa bai irakurri nuela eta hau egia bada... zati bat konbalidatuta daukat) eta ez dut seriea ikusi. Adinean aurrera egin ahala, gero eta okerrago daramat norbaitek (iritzi publikoa edo publikatua bada, are gehiago) zer egin behar dudan esatea. Agian egunen batean irakurri eta ikusiko ditut biak, bata edo ezer ere ez, baina orain beste lehentasun batzuk ditut.

Halere, pasa den asteburuan gaia atera zen lagunen arteko hitz aspertuan. Gure lagun baten semeak (28 urte, oker ez banago) irakurrita zuen nobela. Gustatu zitzaiola esan zigun, baina astean zehar Tele5 kateak antolatutako mahai-inguruarekin zegoen ernegatuta. Bere esanetan, kapitulu bat emititu ondoren, mahaia muntatu zuten hainbat pertsonarekin. Denak alde batekoak zirelako haserretu zen, ez zegoela inolako orekarik.

Jorge Nagorek Non dago Mikel? dokumentala aipatzen du bere zutabean. Ni ere Mikel Zabaltzarekin gogoratu nintzen. Zehatzago esatearren, operazio berean, duela 35 urte, atxilotutako Ion Arretxeren «Intxaurrondo, la sombra del nogal» liburuarekin. Duela urtebete pasatxo irakurri nuen testigantza latz hura eta hemen idatzi nuen hari buruz Tortura: Ion Arretxeren kontakizuna.

Berriki Ander Iriartek abiatu du Krask soinua dokumentala finantzatzeko kanpaina Goteon. Igande goiz honetan egin dut nire ekarpena. Torturari buruzkoa da eta bideo labur honetan kontatzen digu zein den asmoa.

Biktima guztiek dute nire errespetua. Ez nuke inor iraindu nahi. Sufrimendua latza baita eta horrek ondorioak baititu.

Kontakizun asko behar ditugu eta, zorionez, gero eta gehiago kontatzen ari da.

Lagunaren semeak liburua irakurri eta hitz egitekotan geratu ginen.

Urria

Mikel Iturria 2020/10/03 18:01
Berdin du zenbat egun pasatzen dituzun oporretan. Beti da gutxi, urri.

Ostegunean iritsi nintzen Euskal Herrira Mediterraneoan hainbat egun pasa ondoren. Han honen moduko argazkiak ateratzen nituen.

«Hamen baleo, onozkio Gransolea ailata euan». pic.twitter.com/Xa0fRU7p08

— Mikel Iturria (@iturri) September 25, 2020

Hona iritsi eta akabo hango argia eta argitasuna. Euria, trenka, gordasola, bisera betaurrekoak ez lurrintzeko... zain etxean. Bide batez, optikan musukoak betaurrekoak ez lurruntzeko spray-a erosi dut. Ea zein den emaitza.

Itsasoari begira egon naiz hondartzatik, aldameneko pasealekutik edo terraza batetik.

Irakurri ditut hainbat liburu eta denak gustura. Ez dakit ni naizen edo aukeraketa ona egin ote dudan.

Pare bat lagunekin egin genuen bazkari bat La Vilan. Beniarbeig-era joan nintzen Manolo bisitatzera. Ustez bertan galdu nituen betaurrekoak, baina autoan agertu ziren handik 36 ordura.

Larritu egin ginen gure lagun bat covid-ak ospitaleratu zuela jakin genuenean, baina, bertan egun batzuk pasa ondoren, aste honetan bertan etxeratu da.

Las Provincias egunkarian irakurri nuen pasa den igandean 150 hoteletik soilik 10 daudela zabalik Benidormen. Lagunek esan zidaten joan zirela hango jatetxe batera eta ingurua huts-hutsik zegoela. Gaur egun esaten den bezala, ikuspegi distopiko horietako bat.

Ikusteko dago oraindik zer ekarriko duen honek guztiak, baina adituen esanak kontuan hartuz ez dirudi berehala amaituko denik. Ezta hurrik eman ere. Margarita Del Valek zioen aurreko igandeko Berrian «Pandemiaren urteak» izango direla hauek.

Kulturaren eremuan, Durangoko Plateruenak agur (edo gero arte) esan du eta gaur bertan zendu da Orquesta Mondragon-eko Popocho. Duela hiru urte, hain zuzen ere, hil zen Fidel Vicente teknikaria. Gugan beude guztiak!

Egingo al dugu aurrera? Aurrera egingo dugu.

Octubre, este apunte en castellano.

Victor Coyote bigarren mailako errepidetan barrena

Mikel Iturria 2020/09/26 09:00
Aurreko batean autoa gidatzen ari nintzen irrati emisora gehiegi topatzen ez ziren parajetan barrena. Halako batean “El ojo crítico" saioarekin egin nuen topo, gutxitan entzuten dudan irratsaioa. Esango nuke toki berean agertu zela nire dialean, duela urtebete pasatxo, zonalde honetan bertan.

Aurkezle aldaketa egon da. Lehen gizonezko batek aurkezten zuen eta orain Laura Barrachina kazetariak.

Sorpresa pozgarria izan zen entzutea Victor Coyote elkarrizketatzen ari zela Barrachina. Pista aspaldi galdu nion galiziarrari eta orduantxe jakin nuen bi nobedade dituela aurten: «Días de alarma» komikia eta «Comarcales» diskoa. Liburua alarma egoeran egunero Instagram sarean argitaratutako irudiek osatzen dute eta diskoa pandemia lehertu aurretik plazaratu zuen, baina soilik kontzertu bakarra emateko aukera izan omen du.

Kontzertu bakarra

«Gogorra zen, baina era berean pertsona asko hiltzen ari zen garai hartan. Gaur egun egoerak bere horretan jarraitzen du eta uste dut kontzertuak beste modu batean egin daitezkeela. Hau da, antzokietan antzezlanak taularatzen diren moduan. Publikoa sartu, eseri eta amaieran atera. Edo aire librean. Guk baten bat egin dugu horrela».

Terrazitak

«Terrazek makailoaren antza dute: ona dagoenean, ondo, baina ez dagoenean, ezinezkoa da hura irenstea. Terraza batzuk marabilla dira, baina izkin batean edo autoak dabiltzan kale batean daudenak amesgaizto dira niretzat. Gero diminutiboak erabiltzeko joera hori dago. Grazia egin izan dit beti: terrazita, afaritxoa... Norbaitek afaritxo batera gonbidatzen bazaitu, ondorengo sexua txarra izango da».

Artista izan aurretik langile autonomoa

«Bi ogerlekoren truke edozein joan zitekeenez Berlin edo Amsterdamera, jendeak ez zuen uste langilea zenik. Kardashian ziruditen. Ni langilea naiz lan egiten dudalako. Gero autonomoa naiz Ogasunari pagatu behar diodalako. Hirugarren mailan bada ere, artista naiz, norberak aitortzen badit hori. Artea ezin baita Joku Olinpikoetako 100 metroko lasterketa baten moduan neurtu. Nahiz eta adostasuna dagoen Velazquez, Shakespeare... onak direla esateko ordua.  Baina garaiak eta garaiak daude eta ez da beti berdin».

Reggaetoia

«Garai batean anatema zen Londres, Berlin edo Amsterdamera ez begiratzea. Neurri batean gaur ere gertatzen da. Adibidez reggaetoiarekin, nahiz eta aldatzen ari den. Garai batean kaka zaharra zela zioten, letra matxistak zituela, rockak izango ez balitu bezala. Urte batzuk barru idazle famatu batek goraipatu egingo du reggaetoia eta baimenduta geratuko da. Beti dago atzetik doan stablishment-eko jendea».

Txisteak

«Denak poztuko dituen txisteek ez dute korritzen. Niretzat asturiarren umorea da prototipoa. Asko gustatzen zaizkit asturiarrak, baina beraien umorea atseginegia da ene irudikoz. Alde kabroia behar du txisteak, bestela palmeroen zerbait dirudi. Gainera, norberak bere buruari barre egitea efektiboa iruditzen zait».

Elkarrizketa osoa entzungai El Ojo Crítico saioaren webgunean.

Soinu banda gisa entzun «Soy un trabajador, soy un autónomo, soy un artista» kanta.

P.S. Apunte hau telefonoaren teklatua erabiliz idatzia izan da.

Coyote y sus alarmas comarcales, este apunte en castellano.

Bihotza airean

Mikel Iturria 2020/09/22 22:45
Asteleheneko Faktorian, Euskadi Irratiko goizeko magazinean, erreportaje bat egin zuten COVID-19 gaitzak Osakidetzako Zaintza Intentsiboetako Unitateetan (izan) duen eragina ezagutzera emateko.

Alde batetik, Gurutzetako Ospitaleko ZIUko burua, Fermin Labaien, eta Gaixotasun Infekziosoetako plantako arduraduna, Josune Goikoetxea.

Bestetik, Donostia Ospitaleko ZIUn martxoa eta apirila bitartean 21 egun pasa zituen gaixoa, Jesus Mari Gabilondo, 70 urteko zarauztarra.

Ondo dago Gabilondo orain, bere hitzetan %90a errekuperatuta. Entzumen, ahots eta memoria arazo batzuk baditu ere.

Malkoak eutsi ezinik sumatuko duzu berarekin batera ospitalean egondako 43 urteko Pakoren izena aipatzen denean. Denbora pasa bada ere, oraindik etxetik atera ezinik dabil Pako: enbolia, iktusa... arazo mordoxka.

Gurutzetako buruak dio oraintxe bertan ZIUn 23 urteko mutil bat dela larrienen artean gazteena. Zaharrenak 60 urte pasatxo.

Gasteizen gaixo batek sei hilabete egin ditu jada ospitaleratuta.

Labaien medikuak dio beti alde positiboa erakusten dutela prentsaren aurrean agertzen direnean, baina era berean zehazten du jendeak jakin beharko lukeela zer den senide bat horrelako egoera batean egotea.

Hitz horiek, baita Gabilondo berak esandako antzeko beste batzuk ere, eraman naute 1990eko otsailera. 21 urte ditut eta Zuzenbide karrerako 4. kurtsoko azterketak egiten ari naiz. Aitak 57 urte ditu eta gaixo dago. Ustez gripeaz jota dago, baina burua altxatu ezinik daramatza hainbat egun. Bidasoako Ospitaletik Donostikora eramango dute oso egoera larrian. Han zuzenean ZIUn sartu. Neumonia atipikoa.

12-13 bat egun pasa zituen zainketa gelan, horietako asko intubatuta. Oso gogoan dut ze gogorra izan zen, kristalaren beste aldean, lehen aldiz aita tuboz eta makinaz inguratuta ikusi genuenean.

Zorionez onik atera zen, nahiz eta aste batzuk pasa ospitalean.

Covid-19 gaitza garatzen denean ez da neumonia soil bat, hori baino askoz gehiago da. Gehienek sintomarik gabe edo oso modu arinean pasako dugu, baina badugu ere oso gaizki pasatzeko aukeraren bat.

Bihotza airean ibili beharrean joka dezagun zentzuz.

Hona hemen saioa entzuteko aukera. Merezi du eta.

Con el corazón en vilo, este apunte en castellano.

Blogak deskubritzen

Mikel Iturria 2020/09/15 23:20
«Blogak dira, euskarri digitalen artean, irakurrienak eta seguruenak informazioa paratzeko. Zeinahi euskarri digitali buruz halakorik esaterik baldin badago, bederen. Sare sozialetan paratzen dena errazago galtzen da. Euskargazkiren eduki guztiak, aldiz, hor daude txukun-txukun bilduta 2006az gero»

Bronte liburu dendaren itxiera tamalgarria dela eta, Ylenia Benitori eginiko elkarrizketa paperean berrirakurri nahi nuen lasai-lasai eta hara non agertu zitzaidan Ekaitz Santazilia blogariari eginiko beste bat.

Goian azpimarratu dudan zati horrek eraman ninduen irakurtzera. «Blogaren onurak» zuen izenburu.

2006ko azaroan sortu zuen Euskargazki bloga eta, beraz, laster egingo ditu 14 urte.

Akuiluen artean bi irakasle aipagai: Ricardo Gomez (Filoblogia) eta Henrike Knorr. Azken honen esaldi bat gogoratzen du: «Irakurri eta bidaiatu». Hori baita, besteak beste, blogaren betekizunetako bat.

Euskargazki bloga hainbat modutan dago definitua Miel Anjel Elustondo kazetariarekin izandako solasean: euskararen edota euskal literaturaren historiaren lekuko, turismo filologikoa egiteko gonbidapena...

Makina bat jaiotetxe, hilobi eta bestelako toki esanguratsu daude bertan jasoak.

Elustondok gogoratzen du bakoitza bere zoroak bizi duela. Gehitzen du bakoitzaren zoroak inorenak ere badirela maiz. Hori izan daiteke Ekaitz Santaziliaren meritua.

Urte askotarako, Ekaitz.

Descubriendo blogs, este apunte en castellano

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter