Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Barkatu: gertu al da herriko kaxkoa?

Mikel Iturria 2020/07/19 09:00
-Kilometro eskasera. -Tabernarik bai zabalik? -Bai, plazako iturrira iritsi eta ezkerrera jo.

Ezkerrera jo eta taberna batekin egin dugu topo. Ez dago garbi zabalik edo itxita ote dagoen. Halako batean, zarata entzun eta etxeko andreak zabaldu du atea.

-Barrura!

-Egun on. Bi ebaki, mesedez. Non dago komuna?

Komuna betiko tokian. Tabernaren amaieran, eskuinean.

Etxeko andrea kexu da. Euliak eta moskitoak sartu egiten dira, atean ezin delako inolako errezelik jarri. COVID-19aren aurkako neurriak, infekzioetarako foku omen.

-Barruan baditut txisme elektroniko horietakoak, baina ez dira nahikoa.

Kafeak barran utzi dizkit, nire parean. Supituki burrunba entzuten da. Norbait dator arrapaladan eskaileretatik behera. Kexuka dator, ozenki gainera. Tabernan sartu da bezerorik egongo ez balitz bezala, baina gu gaude bertan. Beno, ni bakarrik, S komunean baita. Beranduegi jarrera modu naturalean aldatzeko. Zerbait esan dio amari eta barrualdera jo du.

-¡Estos hijos!

Patxada falta zaiela gehitu du amak.

Ondoren turismoari buruzko pare bat esaldi gurutzatu ditugu. Jende gutxi dabilela, alegia.

Familia, semea barne, soroetan dabil. Konfinamenduak asko atzeratu dituela lanak eta denak pilatu egin direla. Jendea iritsi ezinik dabil eta hori ere bada urduri egoteko arrazoietako bat.

Kanpoan mahai batzuk daude eta bertan har dezakegula kafea.

Kafeak lasai-lasai hartzen ditugun bitartean hirukote bat dator, edadeko hiru andrazko. Batek garatxo bat erakusten die beste biei, baina zalantzatan da ez ote den akainaren bat izango. Ezetz besteek.

Laugarren bat dator eta hiruretako bat agurtzen du. Honek beste biak aurkezten dizkio. Erretiroa hartutako bi erizain direla. Lan kontu batzuk aipatzen dituzte.

Gero, beste gai batzuk jorratzen dituzte. Batek minbizia pasa zuen duela bospasei urte eta lagunek goraipatzen dute bere jarrera gaitzari aurre egiteko orduan. Batek dio oso ausarta izan zela. Berak ezetz, ez zela horrela izan. Pozik daude elkarrekin daudelako eta garbi gelditzen da denen aurrean.

Amaitu dira gure kafeak. Buelta eman eta herrira itzultzeko garaia da. Errazagoa da orain bidea. Gutxi bada ere beheranzko joera baitauka errepideak.

Agur esan eta bagoaz.

P.S. Apunte hau A-ri eskaini nahi diot. Hobe enteratzen ez bada. Astelehenean borroka latza hasiko baitu. Espero orain arte eraman duen bezala eramatea gaitza eta dena ondo baino hobeto amaitzea.

Bide batez, aste honetan hamasei urte bete ditu blog honek eta eibar.org-eko blog komunitateak.

Perdonen: ¿queda cerca el pueblo? Este apunte en castellano.

Amorante gaude

Mikel Iturria 2020/07/11 08:55
Asteazken arratsaldean bozkatzera joan nintzen Postetxera. Ez diot apenas kasu egin kanpainari. Beste gauza batzuei begira egon naiz. Adibidez, Amoranteri begira.

Ekainean argitaratu zuen «Ama hil zaigu» singlea. Badok-ek dioen bezala, «Mikel Laboak Bat-Hiru diskoan (1974) grabatutako abestia “berrasmatu” egin du Amorantek, jatorrizkoa “erretrobisorean edukita baina gehiegi begiratu gabe».

Singlearen kaleratzea aprobetxatuz, eta irailean lehen lan luzea plazaratuko duela aintzat hartuz, Ispilu Beltza irratsaioan elkarrizketatu zuen pasa den astean Oier Aranzabalek. 28,50 minututik aurrera entzun dezakezue.

Ez zait ba hirugarren aldiz atera parera gizona astean zehar! Leyre Ruiz de Alegria dantzariaren Eulia proiektuaren musika jarri duelako. Hain zuzen ere, Otoi (mi padre) da entzuten den kanta.

Beste hainbat mobida eta kontutan badabil, saltseroa baita Iban Urizar. Adibidez, Elgoibarko Sinuöse egitasmoan.

Entzierro garaiko albistea da Alarma sessions izeneko lau bideo enkargatu dizkietela beste hainbeste artistari: Cabezafuego, Joseba Irazoki, Joseba B Lenoir eta Hatxe. Oraindik ez dut astirik izan entzuteko, baina zuek denbora eta gogoa batuz gero hortxe aukera.

Gezurra esan dizuet, zeren hau egiten nuen bitartean Cabezafuegoren majarada entzun baitut. Hementxe bertan itsatsi dut.

P.S. Ez dut asko arriskatzen esanez EAJk irabaziko duela domekan. Eta Urkulluk jarraituko duela Ajuria-Enean. Datorren astean denak maskaradun?

Estamos un tanto Amorante, este apunte en castellano.

Blackstone putre funtsa Donostian

Mikel Iturria 2020/07/05 20:50
Oraingoan Victoria Noriega izorratu nahi du.

Ostegunean Jorge Napalek eginiko elkarrizketa bat irakurri nuen Noticias de Gipuzkoa egunkarian: «Si no reacciono, estoy en la calle hace tiempo» (Erreakziorik ezean, aspaldi nengokeen kalean).

Zabaldu parentesia. Asko gustatzen zait Jorge Napal kazetariak horrelako gaiak jorratzeko duen sentsibilitatea. Itxi parentesia.

Duela urtebete pasatxo aipatu nuen hementxe bertan gai nagusia: Etxegabetzeak Donostian. Orduan Txomin, Bea eta bi seme-alabak zeuden tartean.

Gaurko protagonista, Victoria Noriega, ez dut ezagutzen, baina auzokoa da.

Napalek kontatzen duenaren arabera, 63 urteko andrea bakar-bakarrik bizi da bere bi katuak hil zitzaizkionetik. Hilero 992 euro jasotzen ditu eta ia 800 bideratzen ditu alokairua pagatzeko. Etxetik kanporatua izateko zorra 2019ko lau hilabeteri dagokio, guztira 3.190 euro. Ordaindu dezakeen apartamentu txikiagoa eskatzen du eta tartean sartu dira Eusko Jaurlaritza zein Donostiako Udala, ea badagoen Blackstone-rekin (Testa Socimi gurean) akordioren bat lortzerik.

Elkarrizketako paragrafo hau ekarriko dut hona:

«Nire egoera publiko egin behar izan nuen lehen aldian, uste nuen hil egingo nintzela. Zorabiatuta bezala nengoen. Shock egoeran geratu nintzen, eta ez neukan orain daukadan eskarmentua (...) Lehenengo prentsaurrekoan izugarrizko lotsa sentitu nuen. Nire bizitza kontatzen ari nintzen: irabazten nuena, nituen zorrak, xehetasun piloa ezagutzen ez nituen pertsonei. Eta horrela jokatu nuen, nahiz eta beti oharkabean pasatzen saiatu naizen».

Lotsa gainditu ondoren etorri zen ahalduntzea. Epaitegitik esan zioten Rosa Garciari deitzeko, Gipuzkoako Stop Kaleratzeak elkartekoa. Beraiek eman zioten kobertura eta Alokairu Benta Berriko Txominekin harremanetan jartzeko gomendioa. Bai, Txomin da goian aipatutako laguna.

Ez dakit gaia nola bukatuko den, espero ondo amaitzea, baina kazetariak dio Blackstone-k ez duela batere gustuko Euskal Herrian duen irudia.

Behean itsatsiko dudan Bomba Estéreo-ren bideoa itsatsi aurretik idatz dezadan berriro: Blackstone putre funtsa da.

Oharra. Argazkia Stop Kaleratzeak elkartearen gunetik hartu dut.

El fondo buitre Blackstone en San Sebastián, este apunte en castellano.

Cabezafuegoren 10146 zarata (doinu laster)

Mikel Iturria 2020/06/28 08:45
2019ko sanferminetan bere furgoneta zaharrera igo zen Iruñean Cabezafuego (Iñigo Garces). Helmuga: Armeniako hiriburua, Erevan. Bertan pasa zuen iraila proiektu artistiko batean buru-belarri murgilduta.

Salimos en bici hacia el Mediterráneo, luego a Cerdeña, luego deambularemos verano adelante. Recupero el blog, aquí va la primera nota del viaje. Pasad y poneos cómodos, será un viaje ligero y sin etiqueta (se las hemos cortado hasta a los calzoncillos): https://t.co/596m1FoNrV pic.twitter.com/Lwth26RaeX

— Ander Izagirre (@anderiza) June 20, 2020

Pasa den asteburuan abiatu ziren Ander Izagirre eta eSe Mediterraneo aldera bizikletan. Nafarroara jo zuten lehendabizi eta jada Aragoi aldean dabiltza, Ebro ibaia lagunduz itsasoruntz. Tarragonatik Bartzelonara egingo dute salto eta handik, ferry-an, Sardiniara. Italian barrena pasako dute uda eta nondik nora dabiltzan jakin nahi baduzue segi RSS bidez Ander Izagirreren bloga. Aperitibo moduan hona hemen Covid katuarena.

Asteazkenean periodiko zaharrei begira, beste blogari baten berri izan nuen, Patxi Irurzunek Cabezabolori eginiko elkarrizketarekin egin bainuen topo apirileko Gara batean (Patxi Irurzunek berak blogean ere paratu zuen).

Bertan Cabezabolok aipatzen du iazko udan Iruñetik Erevanera furgonetaz eginiko bidaia. Pachuco izeneko txakurra bidaide, hilabete luze behar izan zuen Armeniara iristeko. Berak dio 40 kilometroko media egin zuela eta erregai mordoa aurreztu poliki joanez. 40 kilometroko media sinesgarria da antzekoa egin baikenuen guk Errumanian 2016ko udan.

Larunbat arratsaldean Iñigoren blogean egon nintzen irakurtzen bidaiako hainbat pasadizo. Oraindik ez du kontatu zer egin zuen Armenian, baina laster izango dugu horren berri. Izan ere, hamar milatik gora zarata grabatu baitzituen eta horiek erabiliko ditu gero kantak edo auskalo zer artefaktu artistiko egiteko.

Elkarrizketan botatako perla bat:

«Me ha cambiado muchísimo. Llegué a casa en octubre, y sigo sin tener ningún acceso de ira, frustración, tristeza... y antes los tenía a paladas».

Hortik aurrera sartu blogean, patxadaz hartu eta irakurri, merezi du eta. Bandcamp-en duen azken diskoa («Somos droga») erabil dezakezue soinu banda gisa. Bertatik «Caramelos 6 de julio» kanta utziko dizuet hemen azpian.

Los 10146 ruidos de Cabezafuego, este apunte en castellano.

GAL, estatuaren ispilu

Mikel Iturria 2020/06/21 09:25
Iñigo Iruinek 1996an emandako hitzaldi bat.

Aste honetan lehen planoan egon da berriro Felipe Gonzalezek GALen jokatutako rola. Harrigarri samarra izan da Kongresuko Podemoseko bozemaile den Pablo Echeniqueren lehen erreakzioa. Garai batean Jordi Pujol gisa agertu bezala azaldu da jendaurrean: «això no toca». Zehatzago izateko: «Mundu guztiak daki zer gertatu zen».

Iñigo Iruin abokatuak 1996ko otsailaren 13an Tolosan, Galtzaundi foroan, emandako hitzaldiaz gogoratu naiz egun hauetan. Jatorrizkoa, euskaraz, Berria egunkariaren lotura honetan dago irakurgai: GAL, estatuaren ispilu (pdf).

Gaztelaniazko bertsio bat zegoen Javier Ortizen webgune zaharrean, ezkutu samar. Gaur goizean azalean jarri dut: GAL, el espejo del Estado.

Iruinek estatu terrorismoaren errepasoa egiten du bertan, frankismoaren azken urteetatik hasita.

Azken zatian hainbat hausnarketa daude, baina horien aurretik hauxe:

«Ez dago zalantzarik GALen "X" delakoa Felipe Gonzalez dela, eta horregatik ez dut horretan denborarik alferrik galduko, ez baita hori garrantzitsuena guretzat une honetan, gero azalduko dudan bezala».

Zer da garrantzitsuena?

«Daturik kezkagarriena da bigarren maila deitu dugun hori ukitu gabe geratu dela, hau da, estrategia edo ekintza egitasmoak prestatzen zituztenen maila. Ez da desegin, ez da garbiketarik izan, are gehiago mailaz igo dituzte eta kargu garrantzitsuetan jarri dituzte maila horretan ardura izan duten pertsonak. Hori da etorkizunerako arazo larrienetakoa».

Egia da 2000ko apirilean Galindok 71 urteko kartzela zigorra jaso zuela. Bai, hala izan zen. Egia den bezala lau urte geroago atera zutela kartzelatik. 2004ko udazkenean, hain zuzen ere. Arritmia bat zeukan. Kalean da geroztik.

Hogeitaka urte

Mikel Iturria 2020/06/14 20:57
30 urte bete ditu aste honetan Negu Gorriak-en lehen albumak.
Hogeitaka urte

By Jon Iraundegi

Kaguensos izan zen bururatu zitzaidan lehen hitza. Tira, hori baino zerbait zatarragoa ere bai, baina ez dira berba horiek hemen jartzeko orduak.

Okerrena ez zen hori: okerrena da Kortaturen ibilbide labur (lau urte eta piko gutxi da) eta azkarra institutuko azken urteetan eta unibertsitateko lehenengoetan gertatu zela. Eta hori 1984ko udan hasi zen.

Uda haren atarian, Tio Josetxo hilzorian zegoen. Atzoko egunez, ekainak 13, harrapatu zuen heriotzak aitaren anaia zaharrena, 59 urte zituela. Bizitza guztia pasa zuen fabrikan lanean eta aldez aurretiko erretiroa eman zioten hilabete batzuk lehenago. Garai hartako gizonen mentalitateaz jabetzeko: ez zuen onartu etxera bidaltzea. Nire ustez horregatik gaixotu eta hil zen hain agudo.

Hori gertatu aurretik, ume mokoak ginela, ostiralero zetorren baserrira aste guztiko ogi zaharra ekartzera eta gu poz-pozik jartzen ginen haren etorrerarekin. Bospasei neska-mutil elkartu eta inguruko zelai, erreka eta bideetan barrena ibiltzen ginen. Osabaren koinataren bi biloba txiki ere ekartzen zituen Donostiatik, batez ere udan, gurasoek taberna baitzuten Parte Zaharrean.

Asko maite genuen, baina gogoan dut bera gaixotu zenean (minbizia) kostatu zitzaidala bisita egitea. Ez dakit zergatik. Agian ez nuelako osabaren dekadentzia ikusi nahi.

Oso gogoan dut ikusi nuen azken eguna. Maiatzeko asteburu batez, igandea seguruenik, telebista aurrean baitzegoen sofan eserita Espainiako Indar Armatuen desfileari begira. Garai hartako telebistan bi kate eta aukera gutxi.

Sartu nintzen haren etxera eta ez dakit ere musu bat emateko kapaza izan nintzen. Nire buruan geratu dena da justu-justu agurtu nuela egongela zapaldu gabe. 16 urte nituen orduan, ez nintzen ume moko bat. Zergatik erreakzio hori? Gizon bat, tripa puztuta, kolore eskasarekin, etxeko pijama eta bata soinean, begirada galdua telebistaren pantailatik haratago. Ez dakit arrazoizko erantzun bat ematen. Beldurra izango zen.

Horretaz gogoratu naiz 1984ra joan naizenean. Nolakoak diren gauzak.

Eta honek guztiak balio dit aurreko astean Miguel Torgaren egunerokoan irakurri nuenetik buruan jira-biran dabilen beheko sententzia hona ekartzeko.

«Poco es lo que sabemos de nosotros mismos. Y nada lo que sabemos de los demás. Y por esto es por lo que cada vez evito más ser juez en causa propia o ajena. Vivo y dejo vivir». #migueltorga pic.twitter.com/Luaeqg0uXv

— Mikel Iturria (@iturri) June 9, 2020

 

Etengabe fokua besteei begira jartzen ari gara (ni neu barne) eta uste dut tenorea dela buelta eman eta norberari begira jartzeko. Ze beste pertsonen akatsak berehala ikusteko gaitasuna dugu, baina gureak oharkabean pasatzen zaizkigu.

Zauden tokian zaudela musu bat, Tio Josetxo.

P.S. Pasa zaitezte Jon Iraundegiren argazki bildumatik.

Propina. Making of-a.

Hace treintaytantos años, este apunte en castellano.

Sei hilabeteko itzalaldia

Mikel Iturria 2020/06/07 22:07
Eta inork ez badu ezer esaten, antzarak ferratzen nahikoa lan izango dugu.

Bukatzen ari naiz Miguel Torga idazle portugaldarraren Diario (1932-1987) liburua. 1907ko abuztuan São Martinho de Anta herrian, Trás-os-Montes-en jaioa, 1995eko urtarrilean hil zen Coimbran.

Gazte garaian Brasilen igarotako urte batzuk kenduta, bizitza guztia pasa zuen Portugalen poeta eta mediku honek. Salazarren diktadurapean kartzela ezagutu eta bolada luze batez ez zioten muga zeharkatzen utzi. Iberia zuen maite, hainbat nazioz osaturiko kontinentea, bere esanetan. Eta hainbeste begiratzen zion marratik beste aldera gertatzen zenari, ezen Miguel Torga ezizeneko (Adolfo Correia da Rocha erregistroetan) Miguel hori Unamuno eta Cervantesen omenezkoa baita.

«Le he robado a la pluma los mejores momentos». Diarios de #migueltorga
Gehi bigarren irudiko propina. pic.twitter.com/0gm26leomV

— Mikel Iturria (@iturri) June 7, 2020

Gaur atentzioa deitu dit txio horretan ageri den esaldiak. «Lumari unerik onenak ostu dizkiot». Idaztea zuen gustuko, baina jarduera horri eguneko azken orduak eskaintzen zizkion, lan jardunaren nekea pilatu ondorengoak.

[ERREPORTAJEA @7k_GARA]

‘Iragan loriatsuko sektorearen eraisketa’https://t.co/br5FDxA0Sl

EHko musika talde, manager eta aretoen egoeraren lagin bat jaso du @joniubeda-k pic.twitter.com/BiD1ne4ZpL

— naiz: (@naiz_info) June 7, 2020

Torgaren lerro horiek leitu ditut arratsaldean, baina eguerdian Joni Ubedak Zazpikan zuzeneko musikari buruz egindako erreportajea irakurri dut (Iragan loriatsuko sektorearen eraisketa).

Disko berriak eta birak esku artean izoztu zaizkien taldeak (Liher eta Skakeitan), Jimmy Jazz eta Kafe Antzokiko arduradunak, Baga-Bigako Ritxi Aizpuru, Elkar estudioetako Victor Sanchez teknikaria... Beltza da marrazten duten panorama.

Kinka larrian bazegoen sektorea, oso modo prekarioan, askorentzat ez ote den musika hirugarren edo laugarren mailan geratuko. Zerbaitetan geratuz gero.

2003an Harkaitz Canori entzundako ideia bat etorri zait burura. Kultur ekitaldi bat. Lau pelakatu bertan. Norbaitek errealitatearen gordina jarri zuen mahai gainean eta Canok ez ote zen garaia sei hilabeteko kultur itzalaldia egiteko. Hau da, inori ezer esan gabe bolada luze batez etetea zuzeneko kultur ekitaldiak. Eta urte erdia igaro ondoren inork ez bazuen ezer esaten, gauzak bere horretan uztea.

Zuzeneko emanaldiei dagokienez, inoiz baino gertuago gaude. Jada ia hiru hilabete joan dira eta.

Mikel Lizarraldek Berrian The Saxophones taldea aipatu du gaur: Nostalgiaren aldarria. 2020ko martxokoa da Eternity Bay albuma.

Seis meses de apagón, este apunte en castellano.

Garaiko kontraesanen korapiloa zara

Mikel Iturria 2020/05/31 20:14
Urte hasieran aurreikusitakoaren arabera, garai honetan Chirbesen lurraldean geundeke.

Gaur goizean oinez abiatu naiz etxetik Igeldo aldera, errepidetik. Ez naiz oso goiz atera, baina ez dut jende askorik ikusi bidean. Eguraldi eta bista ederrak.

Aldapan gora lagun batekin joan naiz telefonoz hizketan. Berak hitz egiten zuen, nik zailtasun gehiago bainituen.

Halako batean kobertura gabe geratu naiz eta bukatu da solasaldia.

Telefonoan nituen pare bat podcast-ekin jarraitu dut. Bakarrik baino lagunartean, entzungailutik barrena sartzen zirenen ahotsak eta musikak entzuten.

Sarreran esan bezala, garai honetan Mediterraneo aldean geundeke gauzak okertu izan ez balira martxo aldean. Bisitatuko nituzke Manolo eta Chirbesen etxe-museoa, bazkaltzera joango ginateke Un cuiner a l'escoleta jatetxera. Besteak beste.

Haruntza joaten naizenetan beti gustatzen zait irakurtzea Alfonso Armadak 2013koan ABCn egin zion elkarrizketa: «No hay riqueza inocente».

Zabaldu parentesia. Urko Azpitarte Zubizarretak beste bat pasa dit Twitter bidez: «Sin historia no hay novela». Itxi parentesia.

Badakit Chirbesek zioela idazlea ezagutzeko haren obra irakurri beharra dagoela eta ez elkarrizketak, liburuetan hobeto adierazten zuelako bere nahia. Baina elkarrizketa onak ematen zituen.

Zati batzuk itsatsiko ditut hemen.

«Yo no soy un novelista profesional, no tengo plano de mis novelas... (...) No sé qué va a pasar. En ese sentido yo siempre digo que soy proustiano: aprendes de lo que escribes al tiempo que lo escribes. La propia escritura es el aprendizaje de lo que estás escribiendo, y esto yo creo que hace que cuando termines una novela no has contado una historia ajena a ti, sino que de alguna manera te has exprimido tú mismo».

(...)

«Yo no me entiendo a mí mismo si no entiendo que parte de mi generación acabó como yonkis, que parte de mi generación gestionó el poder, se lió a tiros, que vivimos un momento en el cual cuando yo entré en la universidad apenas había hijos de obreros, y diez años después estaba repleta, y treinta años después los hijos de obreros protestan porque les piden un seis para tener una beca. Son universitarios y parados, esa es otra contradicción. ¿Para qué quieres ir a la universidad si luego te vas a ir al paro? Eres el nudo de contradicciones de tu época. Como historiador yo no puedo entender esto si no lo tengo en cuenta...»

(...)

«Decir que Galdós es un escritor castizo cuando justamente es un escritor cosmopolita que se está enfrentando a la España conservadora por tierra, mar y aire. Tú te coges los últimos Episodios nacionales y se los puedes leer en la Puerta del Sol a los indignados y se rebelan los indignados. Yo tengo un amigo que se está leyendo ahora los Episodios y está deslumbrado. "¡Pero si está todo lo que está pasando ahora!", me dice.»

(...)

«Hay un personaje en La larga marcha que dice que el mal triunfa siempre, y entre los malos los peores. Si viene uno después será peor que el que había antes. Pero claro, el mal absoluto es la muerte, y esa sí que triunfa siempre».

(...)

«Si tú a los pocos meses de llegar haces el peinado del Barrio de Pilar, que hizo Barrionuevo, cuando el secuestro de Villaescusa y Suñén, peinas sin orden judicial las casas de 120.000 personas, entras, patada en la puerta cuando no te abren, a partir de ahí has dado barra libre para justificar lo injustificable, y de ahí lo "gato blanco, gato negro, lo importante es que cace ratones", "la codicia no es mala"... Pues hasta hoy».

(...)

«Por qué hemos decidido que los escritores son la cultura, que hemos decidido que es estupenda, y ser un fontanero es una mierda. Pues no, mire, usted, sin El Quijote puede usted vivir, pero sin un fontanero que le arregle la casa cuando se le escape la tubería, no. Estos son códigos que vienen desde los bisontes de Altamira y que año tras año repetimos. Nosotros somos los que sabemos explicarlo bien, pues seguimos manteniendo esos códigos. Uno de los temas de mi novela es el respeto al trabajo».

Eres el nudo de contradiciones de tu época, este apunte en castellano.

Leihotik begira

Mikel Iturria 2020/05/25 21:05
Edo balkoitik. Hauxe da kirol nazional berria.

Astelehen goiza. 11:00ak aldera gure kalean danbatekoa entzun da. Mutil kozkor bat dago lurrean, errepidean. Auto batek harrapatu omen du. Ez dakit zer gertatu den. Realeko elastikoa soinean, monopatina gertu. Ez dirudi kontu larria, baina bai zalapartatsua. Anbulantziak eta ertzainak etorri arte ibilgailuen trafikoa geldirik. Heldu batzuk, batez ere gizonezko bat, daude umearen alboan gizajoa lasaitu nahian. Halako batean ailegatu da anbulantzia, artatu dute zauritua eta kalea libratu da. Denak betiko martxa jarraitzen du, ezer gertatu izan ez balitz bezala.

Istripua hileta zerbitzuen garaje parean gertatu da. Itxialdiaren lehen egunetan, asko erreparatzen nien furgoneten sartu-irtenei. Ez ziren asko, baina baziren egunak non pare bat aldiz altxatzen zen atea eta horrek ezinegona sortzen zidan.

Garajeko sarreraren goiko aldean terraza handi bat dago, alboko pisuan bizi diren bizilagunena. Kalkuluak korrika eta presaka eginda 80 bat metro koadro izango ditu. Luxu itzela entzierroko egunetan. Senar-emazteak eta bi seme-alabak hantxe aritzen ziren gorputza askatzen. Ez da oso toki diskretua. Lehen egunetan saskibaloian, frontenisean... aritzen ziren bertan. Orain semea bakarrik, noizean behin kick-boxing egiten.

Larunbat goiz batean emakume gazte bat entzun nuen atentzioa deika plazako eserleku batean jesarrita zegoen gizon bati. Galarazita zegoen kalera irtetea. Emakumeak lotsa gutxi izatea egotzi zion plazakoari. Nola egon zitekeen han denen bistan irakurtzen egunkaria, etxeko haur txikia kalera irten ezinik zegoen bitartean. Ez zen bueltan ezer entzun plazatik.

Asteburuan gizonezko bat ikusi nuen balkoitik eskoba astintzen. Zikin samarra iruditu zitzaidan bere jarrera. Espero beheko terrazakoak ez konturatu izana.

Zortzietako txaloaldiak pasa dira jada. Turrune jotzen zuen baten batek eta auzotar asko ateratzen ginen balkoira edo leihora. Zorionez inori ez zitzaion okurritu musika jartzea. Baten bati sarean irakurri bezala denek dugulako etxean musika erreproduzitzeko gailuren bat. Eta ez duenak, salbuespenak salbuespen, nahi ez duelako da.

Pazientziaren potea agortzear dut. Amarekin frogatu nuen larunbatean. Hondarribira joan ginen paseo bat ematera. Adineko emakume batek bizikletarekin jo zuen harrizko eserleku sendoa. Altxatzen lagundu genion eta hara non hasten zaion ama bizikleta baztertu behar zuela esaka. Isilik egon behar nuen, baina amari esan nion, arren, isiltzeko. Lurra gorputzarekin modu txatxuan eta ezustean zapaldu duzunean, ez dela une egokia beste batek gaizki jokatu duzula esateko. Baina hori ondo adierazi daiteke edo nik egin bezala.

Telelanak uzten nauenean jarraituko dut zeruari begira. Ea pazientziaren potearen maila igo egiten den.

Mirando por la ventana, este apunte en castellano.

Batek daki bihar zer eta nola

Mikel Iturria 2020/05/18 18:45
Bizi gara inguru batean non kosta egiten zaigun onartzea egiten duguna agian ez dela guk uste bezain ona. Bakoitza bere putzu edo burbuilan sartuta, gaitza ederki hedatuta dagoela esango nuke. Tamalez.
Batek daki bihar zer eta nola

Argazkia: Anna Surinyach (Revista 5W)

Badira jada egun batzuk Joxe Aranzabalek idatzi zuela bere blogean Zientzialari burua, sintoma gisa izeneko apuntea. COVID-19aren krisian erreferentziazko zientzialari instituzionalaren figurarik ez dagoela gurean konturatu da Joxe.

Bi hilabete igaro direnean konfinamenduan hasi ginenetik, Hego Euskal Herrian oraindik ez dakigu nortzuk diren gure zientzialari buruak pandemiari aurre egiteko. Ez Euskal Autonomia Erkidegoan, ez eta Nafarroako Foru Erkidegoan ere.

Gai hauetan ni baino iaioagoa den lagun bati bidali nion lotura. Eta nik egin ez nuen irakurketa etorri zait bueltan.

Zaldibarko zabortegia lehertu zenean, teknikari batek egindako adierazpenak ez zituzten, antza, egokitzat jo agintariek. COVID-19aren krisia lehertu zen eta konfiantzazko zirkulua itxi egin zuten. Eta horrek ondorioak ditu.

Orain agintean dagoen alderdi nagusiari buruz ari naiz, baina praktika gainerakoek ere berdintsu funtzionatzen dutela dirudi.

Aldez aurretik derradan ez nukeela nahiko egon une honetan ardura postuetan. Jendea putzura bidal dezaketen erabakiak hartzen. Aitortza hori zor diet.

Bide batez, uztailaren 12an hauteskundeak ditugu EAEn. Pena ezin direla lehenago egin, alderdi gehienak hauteskundeen zirkuituan sartuta baitzeuden urtea hasi aurretik eta apenas atera diren hortik egun hauetan. Beraz, hobe ahalik eta azkarren pasatzea hauteskundeen kaliza.

Tira.

«Gertu izan arte ez dakizu zer den koronabirusa» irakurri nuen larunbat goizean. Jesus Mari Gabilondok 40 egun pasa zituen ospitalean, horietatik 25 ZIUn, birusak harrapatu zuelako martxo hasieran. Berarekin eta alabarekin (Nahikari) mintzatu da Paulo Ostolaza kazetaria Berrian. Irakurri eta entzun familia honen testigantza, mesedez.

Beste erreportaje gomendagarria Revista 5W-k argitaratu du: Con las puras manos (ordainpekoa da lotura). Agus Morales kazetariak eta Anna Surinyach argazkilariak Bartzelona inguruko hainbat erresidentzia, ospitale eta tanatorio korritu dituzte bi hilabetez. Izen-abizenak dituzte denek, baina jende ezezaguna da. Gure osasuna sostengatu duen jendea.

Adibide moduan txio honek azpimarratzen duena:

Esto hiela el corazón: pic.twitter.com/PDRX1XJ7F4

— Lara Hermoso (@lhermoso_) May 14, 2020

 

Bi hilabete pasa dira gure alde honetan gauzak erabat okertu zirenetik eta aditu batzuek egoera honek luze joko duela esateko atrebentzia gehiago dute gaur egun. Tartean Munduko Osasun Erakundeko goi arduradunak. Edota Espainiako Gobernuko aholkulari den epidemiologo honek. 2024a? 2025a?

Jose Ignacio Lapidoren «Mañana quién sabe» kanta. Bihar batek daki.

Late la tristeza en el corazón
de las ciudades
Vidas que se funden con la oscuridad
Canciones que hablan de nadie
Mañana quién sabe

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter