Amonaren bizipoza
Igandean Gipuzkoako errepideak zapaldu bezain pronto, txio honekin gogoratu nintzen.
Llevo una hora riéndome con esto y quería que os rieseis vosotros también 😂😂😂. pic.twitter.com/mi0VrJff85
— melani (@melarefanfinfl4) January 23, 2022
Eta ez, ez dut esango betaurrekoak gure amaren etxea bezain garbiak zeudenik, baina tira, bai garbi samarrak.
Tira.
Ama aipatzen dudanez, gaur etxeko ordenagailua piztu dut hau idazteko eta pantaila babesle gisa jarritako amona Ramonaren argazki bat azaldu zait.
1960ko hamarkada amaierako ezkontza batean egindakoa da. Agian nire gurasoena da. Ez dut gogoratzen, amak bai aipatu baitzidan noizkoa den erretratua.
Erdi-erdian ageri da amona.
Eskuin eskuarekin cava botila bat (txanpaina esango zuten beraiek) erakusten dio argazkilariari. Ezkerra seme zaharrenaren sorbalda gainean dauka jarrita. Bien artean, atzean zutik, semearen emaztea ageri da, kopako likidoa irensten.
Beste aldean amonaren beste suhi bat ageri da. Serio.
Amonaren keinuak ematen dit bizipoza. Eta horregatik jarri nuen duela aste batzuk pantaila babesle gisa.
Bizipoza gutxienez ordenagailua piztu eta itzaltzerakoan.
Ezagutzen ez nuen 24 urteko neska gazte baten heriotzari aurre egiteko, adibidez.
Leire Iribarne Olhagarai Diabolo Kiwi taldeko abeslaria zen. Gugan bego.
Las ganas de vivir de mi abuela, estas líneas en castellano.
Idi-gurdien hotsa
Audioaren 28 min 30 segunduaren inguruan, ondoren transkribatutako tartea entzun dezakezu. Egokitu egin ditut hainbat esaldi.
Oier Aranzabal: «Maleta beltz honetan soinu motu ezberdin bakoitzerako bere mikrofonoa du Xabier Erkiziak. Eta hala ibiltzen da orain sumendiak grabatzen, orain lur azpian, eta gero idi-gurdien hotsaren bila. Hain zuzen ere, hots horren bueltan egin du O Gemer film dokumentala, 2021eko Zinemaldian aurkeztu zuena».
Oier Aranzabal: Soinu batzuk aipatuko ditut. Hasiko gara O Gemer-ekin. Gurdien hotsa. Zure tranpak nola harrapatu zuen gurdien hotsa?
Xabier Erkizia: Banuen aitatxik kontatutako istorio bat. Gerra Zibileko momenturen batean, bera oraindik nahikoa umea zela, jarri zuten gurdi batekin gorpuak eramaten. Oroitzen zara Medem-en Vacas filmaz? Ba halako zeozer. Nik hori eraiki nuen istorio honen inguruan, baina berak hori umetatik kontatua da eta kontatzen zuen, eta ez dakit hau ze puntutara den fantasia bat, baina gurdien soinuak balio zuela fronteko (eta ez dakit gure aitona ze frontetan egon zen, Nafarroan ez baitzegoen fronterik), bazegoela soinu bat bi aldeetako tregua txiki bat egiteko, ze gorpuak ez du bandorik eta orduan gorpuz betetako gurdiak pasatzerakoan soinu horrek balio zuen bi aldeetakoak momentu batez gelditzeko.
Gero Victor Hugoren Pirinioetako bidaia irakurri nuenean oso garbi ikusi nuen. Badago kapitulu bat. Koldo Izagirrek euskaratzerakoan izena aldatu zion eta ez zion Pirinioetako bidaia jarri, baizik eta Idi orgaren karranka, itzulpen bakarra ausardia horrekin izenburua aldatzen diona. Koldorekin noizbait hizketan horri buruz eta zioen jakina!
Eguneroko horretan kapitulu hori da zeharo desberdina. Gainerako guztia da bidaia-kronika bat, garaiko estiloan eginiko bidaia-kronika bat. Eta nik uste dut Victor Hugo oso kontzientea dela kronika hori irakurria izango dela, eta hurrengo kronikari guztiek horren gainean idatziko dutela.
Eguneroko horretan bidaia osoa kontatzen du: Bordeletik, Baionara... Eta bat-batean, muga gurutzatzerakoan, ez du mugako paisaiarik eta ezer deskribatzen, soilik idi-gurdi itzain batek gurdiarekin egiten duen soinua eta nola berarekin diligentzian doazenek belarriak tapatzen dituzten. Victor Hugok Stendhal schock bat du. Gerora jakin nuen aita militarra zuela eta umetan Donostia aldean egona zela. Orduan entzun zuen lehen aldiz eta gero, 40 urtera, berriro entzundakoan kolpea jaso zuen.
Testu horretan ari nintzen soinu-kroniken bila, grabagailuak ez zeudeneko garai bateko grabaketak. Izan ere, idazle erromantikoek hitz mordoa gastatzen dute soinua deskribatzen, tokia deskribatzeko modu bat zen. Gero irratia iristerakoan, zinema iristerakoan, hori jada ez da literaturaren eginbeharra, eta orduan zentratzen dira akzioan, eta eleberria bihurtzen da genero nagusi. Orain berriro ari da deskripzioa itzultzen, baina deskripzioaren kontu hori alde batera gelditu zen.
Zentzu horretan ulertu nuen Victor Hugo soinu aktibista gisa.
Gero kateatu zaizkit egoera mordoa: leku batera joan, pertsona heldu bat topatu, astebete bere etxean pasa, eta gero gurdiak ez zuen soinurik egiten... Handik Galiziara joan, han beste tipo batek antzeko zeozer... Frustrazio kate mordoa. Eta frustrazioa droga hutsa da, niretzat behintzat: leku batera joan eta ez badut lortzen, hori akuilu bat da niretzat.
(...)
Nik uste dut oso harreman ederra dagoela hirien eta gurdien artean. Eta hor badago aldaketa bat, entzumen kulturaren paradigma aldaketa nabarmena. Motorra eta industria hirietara iristen direnean, eta hori motor ekonomiko handiena bihurtzen denean, lehentasuna, bat-batean beste kode hauek kanpora bidaltzen dituzte. Gero, badaude beste gauza batzuk, eta nik berriki ikusi dut Brasilen, Trinidaden, urtero egiten duten erromeria erraldoian, urtero hiri osoko errepideak asfaltatu behar izaten dituzte, idi-gurdiek altxatu egiten baitute asfaltoa.
(...)
Industriak modelatzen du hiriaren beste erretratu bat. Eta guk XX. mendean onartu badugu hirietan trafikoa 24 orduz egotea, seguruenik ekonomiarekin dauka zerikusia. Orain beste eredu ekonomiko batzuetan ari gara murgiltzen eta hirietako trafikoa poliki-poliki ari da isiltzen. Jacques Attali-ren Ruidos liburua klabea da, harrigarria oraindik ere, nahiz eta 40tik gora urte idatzia izan zela. Gizarte bakoitza bere zaratengatik ezagutuko dugula dio. Attali ekonomista da eta ez du egiten musikaren edo artearen ikuspegitik: ez, ez, ekonomiaren ikuspegitik egina dago. Oso liburu zehatza eta interesgarria da.
Beraz, idi-gurdiaren karranka horrek markatzen du paradigma bat, industriaren iritsiera. Bilbon 1834an, oker ez banago, debekatu egin zieten idi-gurdiei sarrera hirian.
Are gehiago, Erroman, Julio Zesarren garaian, historiako lehen soinu-poluzioaren aurkako politika idi-gurdien zaratagatik da. Eta nik ez dut ordenantza bera topatu, baina haren berri daukazu klasikoak irakurrita: Ovidio, Virgilio... Beraien ezintasuna agertzen da, beraiek arratsaldetan, iluntzean, idazten dute, idi-gurdien zaratarekin ezin eta Erromatik alde egitea erabaki zuten. Julio Zesarrek debekatu zuen idi-gurdien sarrera arratsaldeko 16:00ak arte. Hau da, egunez hiriak, ekonomiak, ez zuela hori soportatzeko beharrik. Beraz, gurdien ordutegia mugatu egin zuten.
Gasteizen (Bilbokoaren) antzeko ordenantza batekin topatzen gara. Gasteizera etortzen zirelako Errioxatik-eta gurdi mordoa. Uste dut Humboldt dela dioena behartuta ere ez zela Gasteizen bizitzen geratuko hango zaratagatik.
Idi-gurdia Bilboko Gran Viatik
Xabier Erkizia: Bilboko kasuan XIX. mende bukaeran topatu nuen kronika bat non itzain batek, jakinik idi-gurdiak ezin zirela hiri erdian sartu, zuzenean Bilbon sartu, herriko etxera joan eta isuna ordaindu zuen, 25 pezetako isuna. Gero idi-gurdia paseatu zuen Bilboko kaleetatik barrena huts-hutsik, ezer erosi edo saltzeko beharrik gabe, soilik txuleria eta erreibindikazio puntu batekin. Hori baino soinu aktibistagoarik nekez topatuko dugu. Eta zorionez, urte batzuk beranduago, Bilbon gauza bera egiteko aukera izan nuen. Kostata, Azkuna Zentroaren enkargu bat baitzen, baina nik ez nuen nahi inork ezer jakiterik: ez poliziarik, ez kazetaririk...
Oier Aranzabal: Multa jarri zizuten?
Xabier Erkizia: Multa jarri zidaten. Etorri ziren munizipalak, eskolta moduan, idien kaka biltzeko. Ooooso ederra izan zen. Idi-gurdi bat topatu nuen Lekeition eta hura eraman genuen piano kamioi batean Bilbora. Zo-ra-ga-rria idi gurdi bat piano kamioi batetik ateratzen ikustea.
Munizipalek: Tenemos que dejar el camión para que recoja los excrementos de los bueyes.
Alfonso itzainak: Eh, eh... Que mis bueyes no cagan. Vienen cagados de casa.
Eta egia zen: hiri osoan ez zuten ez kakarik ez pixarik egin.
Munizipalen auto bat jartzen badute atzetik kaka biltzeko, honek errege kabalgata ematen du, konpartsa bat.
Eta konbentzitu nituen munizipalak. Zorionez, munizipalen buruak, Abandon bertan, esan zidan: «Ze istorio ederra! Hi, nahi duk isuna? Kar, kar, kar. Ba egingo diat jada». Eta egin zidan isuna, garai bateko matrikula jarriz, eta antolatu zuen dena polizia ez ikusteko bidean zehar.
Trafikoa Moyuatik desbideratu zuten eta idi-gurdia Gran Viatik bakar-bakarrik.
Oier Aranzabal: Eta jendea?
Xabier Erkizia: Jendea Corte Ingles-etik ateratzen zen gurdiaren oihartzunarekin.
Gauza kurioso bat gertatu zen. Nik ez nekien, baina une horretan maratoi bat korritzen zen Bilbon. Eta gu 12:00etan atera behar bagenuen, karrera 11:30ean bukatu zen Arriaga parean. Gu orduan Abandotik ateratzen. Kasualitatea izan zen, sariak banatu ondoren, kazetariak erredakzioetara bidean «zer da hau?» galdezka, «ze hau igual informatiboetan sartu behar dugu». «Zergatik?» zen galdera. Eta nik esan nien ezetz, ez zela ezer aipatu behar, hau horrela gertatu da garai bateko aktibista haren omenez.
Elkarrizketa osoa hemen entzun dezakezue: Xabier Erkizia, Barruan gaude.
Zinemaldian minutu bateko kortea Naiz Irratiko Bigarren Kafea saioan hemen azpian.
El ruido de los carros de bueyes, este apunte en castellano.
Gero gerokoak
Bilboko Atxuri auzoko pistetan eta Gasteizko Musika Kontserbatorioan etxegabetuek lo egiteko erabiltzen zituzten lekuetan ez sartzeko hesiak jarri dituzte bi udaletako langileek. Horra nondik abiatu den goizeko saioa.
Gero, duela gutxi Irunen hil den 59 urteko senegaldar baten gorpua etxeratzeko bidaia eta gainerako gastuei aurre egiteko diru bilketaren berri eman du Jauoad marokoarrak. Moussa zuen izen senegaldarrak eta Irungo Ficoba inguruan egoten zela kontatu dute. Ez zuen muga pasatzeko asmorik. Adierazi dute gizon ona zela, eskean jasotako erdia bera baino egoera okerragoan zen jendearentzat gorde eta banatzen zuela.
Zer pentsatua eman dit gizon horren konpromisoa eta etikak.
Duela gutxi egindako diru bilketa batean erreferentzia gisa 50 euro eskatu zigun lagun batek. Berrogei bat kide elkartu ginen eta azkar samar lortu genuen dirua batzea. Ni bezalakoentzat hori igande batean etxetik kanpo bazkari legea egiteko kopurua izan liteke. Baina lagun horien artean bazegoen gu baino egoera okerragoan zegoen bat, 30 euroko ekarpena egin zuena. Gure inpresioa izan zen gainerako guztiok baino gehiago jarri zuela berak bakarrik proportzioan.
Gure gizartea infernua iruditzen zaie askori. Eta bai, gauzak ez daude batere ondo, baina oraindik ere badago guregana etorri nahi duen jendea.
Horietako bat Carmen da. Duela aste batzuk Greziara iritsi zen. Bertan zela pare bat saiakera egin zituen Bartzelonara etortzeko, baina bitan zapuztu egin zuten haren ahalegina poliziak eta aireportuetako langileek.
Aste honetan hirugarren aldiz saiatu zen Carmen, autobusez kasu honetan, baina poliziak alto bota zion Bulgariako mugan. Eta hor hasi ziren komeriak.
Gertukoekin zuen harremana eten egin zen. Beno, bazuten bere berri, baina ez etengabe, poliziak tokiz mugitu eta segapotoa kendu egiten ziolako. Egoera horri gehitu Carmenek ez duela menperatzen greziera.
Bizpahiru egun oso txar pasa ondoren, azkenean konfiantzazko abokatu bat kontratatu dute eta ematen du gauzak bideratzen hasi direla. Orain badakite non dagoen behintzat, baina astelehenera arte ezin izango da askoz gehiago egin.
Polizien atzamarretatik askatu eta kalera atera behar da orain, hori da lehen helburua.
Gero gerokoak.
Luego ya se verá, este apunte en castellano.
Piztiak otzantzeko musika
Karlos Zurutuzak Ahmed Rashid kazetari eta idazleari udan eginiko elkarrizketa irakurri nuen atzo berriro.
Afganistani buruzko hainbat liburu eta zientoka artikulu idatzia da Rashid. 1948koan Pakistango Punjab-en jaioa, liburuen artean badu bat talibanei buruzkoa, 2000. urtean plazaratutakoa (Taliban: Militant Islam, Oil and Fundamentalism in Central Asia), eta 20tik gora itzulpen ofizial dituena, jada bi milioi ale saltzetik gertu egongo dena.
Obra horri buruzko informazio bila nenbilela sarean, jakin izan dut Penínsulak gaztelaniazko edizio eguneratua kaleratuko duela 2022ko otsailean: Los talibán.
Ahmed Rashid-ek kontatzen du liburu hasieran talibanen lehen gobernuaren une gogor eta desatsegin bat, berak bertatik bertara bizitutakoa 1997ko udaberrian.
Bi urte eta erdi zeramatzaten jada boterean talibanek Kandahar-en. Futbolean aritzeko debekua atzera bota berri zuten eta Nazio Batuen Erakundeko (NBE) kideek bonbardaketen ondorioz kaltetutako futbol zelaiko harmailak konpontzea erabaki zuten, afganiarrek bestelako dibertimenduren bat izan zezaten.
Baina NBEko inor ez zuten inauguraziora gonbidatu. Izan ere, gizon baten exekuzioa erabili baitzuten estadioa berriro publikoari zabaltzeko.
Iritsi berria zen Rashid Pakistandik, eta berarekin batera zelaira sartu nahian zebilen Gretchen Peters kazetaria ere. Sartu bai, baina berehala bota zuten bertatik emakumea. Ikuskizuna 10.000 gizonezkoentzat zen soilik, haurrak tarteko.
Abdulá Afghan, 20 urteko gaztea, exekutatzeko asmoa zuten. Kandahar-etik gertu bizilagun bat, Abdul Wali, hiltzeagatik heriotza zigorrera kondenatu zuten. Waliren senide batek hiru tiro bota zizkion bizkarretik, eta bizkarrean, futbol zelaiko ate batean. Lurrean jada, beste hiru bala sartu zizkion.
Hurrengo egunean, Kabul inguruan, jende-multzo handi batek emakume bat hil zuen, harrika, haren senide ez zen gizon batekin Afganistandik alde egin nahi zuenaren akusaziopean.
Twitter bidez esan dit Zurutuzak liburua irakurri beharrekoa dela (must bat) Afganistanen berri izateko. Hauxe datozen asteetako asmoa.
Mesedez, ez ditzagun Malalai Joya eta konpainia bakarrik utzi.
Urteko emakumea Italiako Left aldizkariarentzat.
— Mikel Iturria (@iturri) December 24, 2021
Gainera, @MalalaiMj-k profil berria du Twitter-en. 😘 https://t.co/qAm5XIxbbF
Ricardo Aldarondok eginiko gabonetako podcast berezi eta zoragarria entzuten nuen bitartean idatzi ditut lerro hauek.
Saioan estreinatu den kanta bat du, harribitxia. Harkaitz Canori eskatutako letra bati jarri dio musika Joserra Senperenak. Ahotsa Mikel Agirrerena da.
Ea musikak balio duen piztiak otzantzeko: Sendero a la cascada.
Música que amanse a las fieras, este apunte en castellano.
Garaiak
Igande goizean irakurri dut Mikel Irizarrek amaitutzat eman duela komunikabideetan egindako ibilbidea, kolaborazio egonkorrei dagokienez behintzat. Duela 33 urte idatzitako lehen kolaborazio hura Arrasate Press-en argitaratu zuen, eta agurra honi segida eman dion Goienan gauzatu du. Erretiroa hartu du iritzi-emaile gisa, baina beste arlo batean lanean jarraituko duela dio, nahiz eta gehitu etxerako bidea hartua duela dagoeneko.
33 urte egin eta banoa. Nire azken kolaborazio egonkorra. https://t.co/vgJBb3Gzj3
— Mikel Irizar (@mirizarintxaus) December 12, 2021
Kosta egiten da jakitea noiz jaitsi behar den oihala. Batzuetan beharrak kontrakoa eskatzen duelako, beste batzuetan egunero bete behar delako hozkailua, ego ase ezina ahaztu gabe.
Aste honetan bertan emakumeei Txio Herrian (Twitter) ikusgarritasuna emateko kanpaina ere izan dugu. Leire Narbaiza eta Goizalde Landabasok bota zuten erronka Sustaturen 20. urtemuga gogoratzeko ekitaldian. Ez dakit zeintzuk izango diren emaitzak, baina ziur naiz poliki-poliki egoera iraultzeko beste urrats bat emango dela honekin.
Ignacio Pato Lorente kazetariak Javier Pérez Andújar elkarrizketatu du El Diarion. Anagramak Herralde saria eman eta kaleratu berri duen nobela izan da aitzakia.
Esta entrevista de @ipatolorente a Pérez Andújar por su nueva novela es una delicia en las preguntas y en las respuestas https://t.co/mkfPzmkxkr
— Arturo Puente (@apuente) December 12, 2021
Gaur egungo garaiaz galdetuta, zera erantzuten du 56 urteko idazleak:
«Hori jende gaztearentzat da. Nire garaia 1973an amaitu zen. Gustatzen zitzaidan oro zaharra da. Jende gazteak mundu berri bat sortu behar du. Pandemia da garai berri bat datorrenaren konstatazio fisikoa. Ez diot okerragoa izango denik. Jendeak erronka handiak izango ditu, planeta salbatzea adibidez, bere erara egingo du eta haiei ere 50 edo 100 urteren bueltan amaituko zaie. Belaunaldi baten azkenekoetakoa naizenaren sentsazioa daukat, garai hori nola bukatzen ari den ikustea tokatu zait eta badakit ez dudala ikusiko beste baten hasiera. Hiria bukatu eta deskanpatua dator. Eta ez dago besterik hurrengora iritsi arte. Ni eremu horretan geratu naiz. Mundua amaitu denean diozunean, jendeak pena aurpegia jartzen du. Niri berdin zait. Ez dut nostalgiarik, liburu hau idatzi dut, gustuko ditudan diskoak entzuten ditut eta gogoko jendearekin aritzen naiz solasean».
Aste honetan bertan zioen Amatiñok Europak etorkizun latza duela. Ez dakit nolakoa izango den etorkizuna (etortzeko zaudela esaten dizute, inoiz iristen ez zarelako, Ortizen hain gustuko bertsoa, Angel González poetarena). Ekonomikoki zaila izango dela dirudi, baina batek daki, igual beste parametro batzuk gailentzen dira, ez gaur egungoak.
Pérez Andújarrek zertan sinetsi dezakegun galderari erantzuna:
«Gizateriaren hastapenetatik sinetsi izan dugun gauza berberetan. Intuizioan, injustiziarekiko sentsibilitatean, kidetasunean, jendearekiko maitasunean. Ezin dugu sinesteari uko egin, nahiz eta porrot batetik bestera joan. Tira. Ez dira porrotak, garai batean egoteko manera baino».
Autoritarismo zantzuak daude egungo krisiari aurre egiteko garaian, baina hori ez ote den aspalditik antzera izan. Hau da, estatuetako estolderiak beti kaka eta pixaz lepo, Euskal Herriko ibaiak eta hainbat gune euriteen ondorioz azken egunetan urez enpo dauden bezala.
Itxaropen handirik gabe, baina ez ahaztu beti egin dezakegula zerbait gure alboko zein urrutikoen bizitza alaitu, arindu eta hobetzeko.
Eta bai, badakit. Nik ere inguruko batzuengatik ez dut inoiz ezer egiten. Badaudelako beti oso gertuan dauden putzu ilun eta sakonak.
Sosola baserrian erditze bikoitza.
Otros tiempos, este apunte en castellano.
Piska baterako entretimendua gurean..... pic.twitter.com/UYE8ckONpN
— Enrike sosola (@sosola2) December 12, 2021
Zenbat mundu kabitzen diren gurean
Atxagari irakurri nion duela urte batzuk bazirela toki berean bizi bai, baina garai diferentean bizi zen jendea. Gaur egun hori, dena bezala, ez ote den handitu (areagotu idatzi behar nuen, baina Leire Narbaiza agertu zait modu birtualean kokoteko bat emateko prest).
Lerro hauek pertsona pribilegiatua gisa idazten ditut. Kontzientea naiz.
Agiriak gora, agiriak behera (QR bihurtuta egun) ari garen honetan, zenbat jende dago lerro hauek idazten ditudanean Irunen beste aldera pasa nahian? Milaka batzuk pasa dira azken urteetan eta, tamalez, batzuk uretan hil dira.
Gutxi da Ibrahima Balde bezala Europa iparraldera joan nahi ez duen jendea, bere kasuan Miñan (anaia txikia) bidean hil zelako.
Horietako baten istorioa kontatuko dut, oraindik Europara iritsi ez dena, baina Europara iristea hil ala biziko kontua izan daitekeen pertsona baten istorioa.
Urria amaitzeko egun batzuk falta zirela lagun batek hots egin zidan kasua kontatzeko. Ez dut herrialderik aipatuko, ez dut izenik emango, egoera den bezalakoa delako.
Jatorrizko herrialdean politikari eta ekintzaile baten kolaboratzailea da gure protagonista. Emakumezkoak biak. Liderrak (horrela identifikatuko dut) duela aste batzuk hanka egitea lortu zuen eta, zorionez, babesean da gaur egun.
Gure protagonista (kolaboratzailea) gizon erlijioso batekin ezkontzera derrigortu zuten duela urte batzuk. Beraiek erlijioso erabiltzen dute gizona definitzeko, baina guk fanatikoa dela esan ohi dugu.
Halako batean, haurdun geratu zen eta, senarrak mutila nahi bazuen ere, neskatoa jaio zen. Lehendik egoera samurra ez bazen, orduan are okerragoa bihurtu zen. Emakumea eta neskatoa jotzen baitzituen gure fanatikoak. Gainera, emaztea mehatxatzen zuen esanez neskatoak 12 urte betetzerakoan ezkontzera derrigortuko zuela hura ere.
2020aren hasieran senarrak etxetik egin zuen alde, bolada batez, bidaia bat oker ez banago, emazte-alabak (senarraren) anai batekin utziz. Egoera hori aprobetxatu zuen emakumeak ez bakarrik herria, baita herrialdea ere atzean utzi eta hanka egiteko.
Bertan pasa du Covid-az markatutako ia bi urte hauek eta laguntza eskatu zion garai bateko lagunari (liderra) Europara etortzeko.
Liderra ezaguna da Europan, baita Espainian ere. Aitortza eta sariak eman izan dizkiote, besteak beste.
Emakume ezagun honekin bere garaian harremana izan duen hainbat laguni idatzi genien. Niri tokatu zitzaidan gertuko politikari bati idaztea. Ez zuen mezua erantzun: ez zuen ikusi edota okupatuta dago bere legatua txukun utzi nahian (abenduaren 25eko eguneratzea: bigarren mezu bati barkamena eskatuz erantzun du. Bada zerbait).
Halere, bidean beti topatzen da jende ona, ezagunak batzuk, ezezagunak besteak. Eta seguruenik nazioartean izen bat duen liderraren kontaktu bat ondo baino hobeto mugitu da egoera iraultzeko: babes bila dauden ama-alabek elkarrizketa bat lortu zuten Europako herrialde bateko enbaxadan, gaur egun dagoen herrialdean.
Azaroaren lehenengo egunetan eman zioten lehen hitzordua bertan. Kazetari (eta pertsona) ona den batek lagundu zion egun hartan. Azaroko azken astean esan zioten abenduko lehen egunean eramateko bi pasaporteak. Uste genuen, ezjakinak gu!, berehala emango zietela bisatua biei eta jada babesean egongo zirela.
Ez ba! Beste hamar-hogei egun itxoin behar ditu pasaportea eta bisatua jasotzeko.
Espero gabonak babesean pasa ahal izatea.
Eta bai, badakit bere egoera ez dela ohikoa, kontaktu onak dituelako azkartu da prozesua, nahiz eta guri, zer esanik ez berari, eternoa iruditu dena.
Zenbat jende dago munduan oraintxe bertan muga bat pasa ezinik edo ustez jaso duen herrialde batean atzerritarrentzako gune batean bere giza eskubideak hankapean daudela?
Cuántos mundos caben en este, estas líneas en castellano
Abenduaren 10eko eguneratzea. Amatiñok gaurkoan idatzitako apuntean dio europarrok etorkizun latza dugula. Agian egunen batean guk geuk ere, edo gure ondorengoek, hanka egin beharko dugu? Aldatu egiten dira gauzak une batetik bestera.
Urrian hots egin zidan lagunak esan dit datorren astean emango dietela Europara etortzeko bisatua ama-alabei. Berak, ene lagunak, erosi ditu bientzako hegazkin-txartelak. Ondo bidean gabonetan egongo dira gurean. Kide batzuk elkartu eta ari gara dirua biltzen. Parte hartu nahi izanez gero hona hemen ene posta.
20 urte Sustatuk
Joan ez joan egon nintzen astean zehar, eguraldi aurreikuspenak txarrak zirelako, korona(birusa)renak zer esanik ez. Azkenean ostiralean bazkaldu ondoren hartu nuen Sustatu 20 urte ekitaldira joateko erabakia.
Eta ez nintzen damutu. Aspaldiko jende xarmagarriarekin egoteko aukera izan bainuen.
Bostak izateko ordu laurdenaren faltan iritsi nintzen Deustuko uhartera, Zorrozaurrera. Hots, 45 minutu berandu.
Maite Goñik gidatutako mahai-inguruan Patxi Gaztelumendi (Armiarma), Iñaki Lopez de Luzuriaga (Wikipedia), Oier Araolaza (Dantzan) eta Luistxo (Mr. Sustatu) aritu ziren. Sustaturekin batera edo zerbait lehenago sortutako proiektuak denak.
Ondoren PechaKucha formatuan hainbat aurkezpen egon ziren. Batez ere, birekin geratu nintzen ni neu.
Baga, Sustatu vs Zuzeu, Artxietsaiak aliatu? aurkezpena egin zuen Anartz Bilbaok. Grazia handiz aritu zen Anartz, eta guri irribarrea marrazteaz gain, batzuetan algarak ere aterarazi zizkigun. Hemen Ibanek aipatzen duen #momentikoa.
Gaurko #momentikoa eta txalo naturalak atera dituena, artxietsaiaren eskutik. #20urte pic.twitter.com/CSxMp10Nvq
— Iban Arantzabal (@iarantzabal) November 26, 2021
Luistxok atzo goizean bertan argitaratutakotik (Internet egiten da behetik gora, aurrera eta hor konpon) beste irudi bat.
Hauntza! Con hache. RT @hasier: @luistxo Nola esaten da euskaraz estás como una puta cabra?
— Luistxo Fernandez (@luistxo) May 26, 2011
Oteiza eta Txillida. Hasier eta Luistxo. Bi basurde maitagarri... batzuetan. Beste batzuetan ez. Kar, kar, kar.
Biga, Londresen Facebook-entzat ari da lanean Mikel Artetxe. Haren webgunea jarri behar nuen, baina ez dabil, eta ni ez naiz FB loturak ipinizalea. Bego Artetxeren Twitter lotura.
Bideo-dei baten bidez sartu zen Bilbon, etxeko ohea ganoraz eginda, irudietan ikusi ahal genuenez.
Gaur egungo mundu hiperespezializatu eta atomazituan (bakoitzak bere mikroalorraz dakigu, zerbait jakitekotan) ondo dago jakitea deabruarentzat jende gaztea eta euskalduna ari dela, haien beharra ere izango dugu eta.
Ondoren Goizalde Landabaso eta Leire Narbaizaren txanda izan zen (espero laster klikatzeko moduan egotea nonbaiten aurkezpena, html edo pdf formatuan). Genero ikuspegitik landu zuten Partehartzea eta eztabaida Internet. Proposamenak ere egin zituzten.
#20urte @Sustatu@GoizaldeL eta @txargain
— Irati Iciar Madinabeitia #ahizpa*🟣 (@IratiIciar) November 26, 2021
Señorak! 😍❤️ pic.twitter.com/tej7eQa05K
Azkenik, Crossover ikuskizuna egon zen, Sustatu bultzatzen duen Code Syntax enpresaren Egunean Behin jokoaren hiru partida jokatzeko aukera tarteko. Partida bakoitza gai baten inguruan: lehena, Ana Moralesen Xerezaderen Artxiboa, bigarrena Maite Goñiren Gaurko Hitza eta hirugarrena Luistxoren hitzaldiari buruzkoa.
Total, nik irabazi nuela sari nagusia... bosgarren geratuta. Apunte honen ilustrazio da etxean jada kokapena duen ziborio gisa erabil dezakedan garaikurra.
Eta irabazle nagusia @iturri izan da! Zorionak zuri ere! pic.twitter.com/UqGlkx705I
— Sustatu Albisteak (@Sustatu) November 26, 2021
Gero Zorrozaurreko taberna batean hartu nuen zerbeza bat eta poz-pozik abiatu nintzen etxera uhartean bizitutako giroagatik eta garai bateko jendea bertatik bertara agurtu ahal izateagatik.
Espero laster elkarrekin egoteko aukera gehiago izatea.
Ekitaldia bere osotasunean ikusi nahi izanez gero, hona hemen aukera.
Sustatu cumple 20 años, este apunte en castellano.
Tüsüri eta Oier Iruretagoiena
2003 urtearen bueltan ezagutu nuen Oier Iruretagoiena errenteriarra. 15 urte zituen orduan eta Tüsüri zuen ezizen artistikoa. Txesus Garate Tzesne-k eman zidan haren berri. Xabier Erkiziak eginiko bidetik abiatutako soinu artista, laburbilduz.
Unibertsitate garaian, Arte Ederrak egitera joan zen Bilbora. Pista galdua nion, nahiz eta jakin Le Larraskito gunean, Bilboko Rekalde auzoko artista tailerrean, aritzen zela (gaur egun bertan du estudioa). Gero noizean behin haren artikuluren bat ere ikusi dut Berrian.
Goian esan bezala, aurten San Telmo Museoak eta Kutxa Fundazioak elkarrekin bultzatutako «Artea Abian» egitasmoan aukeratu dute eta horrek eraman du urriaren erdialdetik aipatu museoan dagoen San Sebastian eta fantasma erakusketa museoko Laborategian paratzera.
Pasa den ostegunean, hilak 18, bisita gidatua zegoen programatua eta hantxe agertu nintzen ni neu ere.
Oierrek kontatu zigun aretoak berak asko markatu duela erakutsi beharrekoa; hots, museoaren pisuak eta aretoaren ezaugarriek (porlana, tarima, lurrean jarritako entxufeak) baldintzatu dutela bere burua lana egiteko garaian.
Lau pareta jantzi ditu bere lanekin eta ezkerrekoa garai batekoei eskaini die, artelan horiek nolabait babesa eta konfiantza ematen ziotelako.
Hortik aurrera San Sebastian santu martiriaren inguruan hausnartuz aritu da lanean bere tailerrean; egurra, porlana, plastikoa, txikleak, ardoa eta abar erabili ditu. Museoan bertan dagoen San Sebastianen koadro bat eta XVI. mendeko hiriko grabatu bat (oker ez banago, azken hau Urgullen magalean izeneko erakusketan agertu zena) izan ditu inspirazio iturri.
Fantasma, berriz, zuzeneko irrati baten emisioa da. Lurrean hainbat entzungailu daude, bigarren mailan dagoen zarata hedatzen dutenak bazter guztietatik.
Anekdota moduan kontatuko dut bost minutu utzi zizkigula aretoan zehar buelta bat emateko eta nik entzungailu horietako bat jarri nuela belarrian. Oierrek esan zidan hori ez zela bere asmoa, baina tira, hori atera zitzaidan.
Berrian argitaratu duen azken zutabeak Komunitatea du izenburu, eta artistek komunitatearen beharra dutela garatzen du bertan.
Joseba Irazoki eta Lagunak ikusi nituen larunbatean Intxaurrondon. Bigarren diskoko kantu bat jarriko dut soinu banda: Lehiakortasuna.
Pozgarria izan zen berriro ere Oierrekin topo egitea eta jakitea aurrera jarraitzen duela bere artista ibilbidean zehar.
Tüsüri y Oier Iruretagoiena, este apunte en castellano
Rafael Chirbes eta Pancho Ramos, ia 40 urteko harremana
Duela zenbait aste Pancho Ramos aipatu nuen blogean. Javier Ortizen irakurle argentinarra da Pancho, eta Ava Gardner-en kanta kuttunen zerrenda helarazi zidalako agertu zen hemen.
Gauzak ez ziren bere horretan geratu baina. Chirbes-en Diarioen lehen liburuxka irakurtzen nuen bitartean, hara non agertzen baita Rafaren lagun argentinar bat, izen-abizen berdinak zituena. Honen berri eman nion Panchori eta honek adiskidetasuna berretsi zidan. Gainera, testu bat bidali zidan, 2015eko urtarrilean Beniarbeig-era eginiko bisita bat kontatzen duena; hots, Chirbes hil baino zazpi hilabete lehenagokoa, bien arteko azken topaketa.
Gustatu zitzaidan testua eta galdetu nion ea non argitaratu zuen. Esan zidan ez zuela inon plazaratu, soilik gertuko lagunei helarazi ziela bere garaian.
Esan nion Pedradas-en kaleratu nahi nuela. Birpasatzeko denbora eskatu zidan. Duela egun batzuk jaso nuen behin-betiko testua.
Gaztelaniaz dago eta, beraz, gaztelaniazko blogean agertu da. Erreparatu, mesedez, Valentzian barna Chirbesek proposatzen duen ibilbideari.
Esker bereziak Panchori bere eskuzabaltasunagatik.
Irakurri nahi baduzue, hona hemen lotura: Rafael Chirbes y Pancho Ramos, casi cuarenta años de relación.
Ricardo Echepare Zugasti zendu da
Duela hilabete gutxi ikusi nuen azken aldiz. Etxetik ari nintzen oraindik lanean. 11:00ak aldera kafe bat hartzera hurbildu nintzen Donostiako Artikutza tabernara.
Bi lagun, hirugarrena handik gutxira gehitu zen mahaira, mano-mano arrautza frijituak eta urdaiazpikoa jaten terrazan, ardo botila baten laguntzaz. Etxerako bidean konturatu nintzen haietako bat Ricardo Echepare zela.
Apenas izan dut berarekin harremanik, baina bai gogoan dudala selektibitate azterketa egitera ekarri ninduela 1986ko ekainean Donostiara.
Semearekin, Ricardo Etxepare, egin bainuen batxilergoa Irungo Pio Baroja institutuan. 1982ko irailean hasi eta 1986ko ekainean bukatu.
Egun hartan Renault (11 modeloa?) markako autoaren atzeko aldeko ateetako bat zabaldu, eserleku batean eseri eta isil-isilik etorri nintzen Amarara aita-semeekin. Oker ez banago, garai hartan Donostiako Ingeniaritza Eskola Politeknikoko zuzendari zen, Gobernu Zibilaren beste aldean zeukan orduan egoitza Eskolak, eta guk azterketa aldameneko institutuan.
Bertako zuzendari zela, semeak kontatu zidan anekdota polita dut gogoan iltzatuta. Aitak "Echepare, cabrón" idazten harrapatu zuela pertsona bat eskolako bulegoko atean. Eta ez, ez zen ikasle bat egilea: irakasle bat baizik. Kar, kar, kar.
Ezaguna izan da Echepare unibertsitate munduan egindako ibilbideagatik: Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetako zuzendari hogeitik gora urtez, besteak beste.
Baina sartu-irtenak egin zituen politikan 1980ko hamarkadan.
Nik gaurkoan gogoratu nahi dut Irungo alkate izan zela hilabetez, 1983ko maiatzaren 23an izendatua izan ondoren. Ekainaren 30ean (bai, San Martzial egunean) Iruñeko (bai, Nafarroakoaren menpe zegoen orduan Gipuzkoa judizialki) Lurralde Auzitegiak atzera bota zuen izendapena, Alderdi Sozialistaren izenean Fernando Mugica Herzogek egindako helegitea onartuz. Epaileen arrazoia: alkatea aukeratzeko botoa sekretupean egin behar zutela zinegotziek, ez eskuak altxatuta.
10 zinegotzi zituzten sozialistek, 8 EAJk, 2na Euskadiko Ezkerrak, HBk, CPk eta bakarra Uranzu hautagaitza independenteak. Jeltzaleez gain, maiatzean HBko eta gaur egungo PPren aitzindari izandako zinegotziek (Coalición Popular marka zuen garai hartan Alianza Popular alderdiak) eman zuten Echepareren aldeko botoa.
Uztailaren 11n errepikatu zen botazioa eta orduan Alberto Buen Lacambra izan zen aukeratua (loturan El Paísek argitaratutako kronika).
Oihartzuna izan zuten uztaileko egun hartako gertaerek, hautestontzia balkoitik behera bota baitzuen pertsona batek. Oker ez banago, nire auzoko bat izan zen.
Atzoko prentsa digitala zerbitzua erabiliz, kontsultatu ditut 1983ko uztailaren 12ko Gipuzkoako periodikoak: DV eta La Voz de Euskadi (Pepe Rei zuzendari). Egin ez dago eskuragarri sarean. El País egunkariaren webgunean ikusi dut egun hartako azala. Latzak kontakizunak.
Gipuzkoako politikaren baitan izen potoloa zuten batzuk egon ziren udako egun hartan Irungo pleno aretoan: Roman Sudupe, Enrique Casas, Gregorio Ordóñez, Kepa Aulestia, Odón Elorza...
Geroztik Irunen sozialistek izan dute alkatearen aginte makila: Alberto Buen Lacambra eta José Antonio Santano.
Beti galdetu izan diot nire buruari zer gertatuko zen Echeparek 1983ko hartan alkatetza eskuratu eta mantendu izan balu. Baina hori politika fikzioa egitea litzateke.
Bere onerako urte asko egin zituen unibertsitate munduan, alderdietako politikatik aldenduta.
Gugan bego, Ricardo Echepare Zugasti (argazkia bertatik hartu dut)
P.S.: Zer esango zukeen Zientziaren Museoaren lekualdaketaz? Lagun batek atzo zioen bezala, mende baten bueltan hainbat gipuzkoarrek lortutako aurrezkiak ari da bankua (Kutxabank) urte gutxi batzuetan xahutzen.
Ha muerto Ricardo Echepare Zugasti, este apunte en castellano.
Azaroaren 1eko eguneratzea. Markosek komentarioan aipatzen duen Baionako Ikerketa gunearen lotura.