Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Mariaren gurasoak

Mariaren gurasoak

Mikel Iturria 2021/05/16 12:10
Maria izeneko lagun bat baino gehiago daukat, baina batek bakarrik betetzen ditu lerrootan azalduko dudan historia nagusia.

Larunbat goizean jada nire errutinetan ohikoa bihurtu den paseo bat eman dut: Igeldora igo eta Murgiletik jaitsi. Bi orduko buelta. Bakarrik abiatu naiz eta erabaki dut aste honetako Barruan gaude eta Estamos dentro podkastak eramatea konpainia gisa.

Juan G. Andres hasi da podkastgintza profesionalean eta Elena Caballero, La Basu, rapera elkarrizketatu du aste honetan. Gustura murgildu naiz Etxebarriko abeslariaren munduan.

Halere, gaurko apuntea idazteko hobeto datorkit Aitor Merinok esandako zerbait. Izan ere, Aitor Merinori eginiko elkarrizketa izan da aste honetako Oier Aranzabalen eskaintza. Gehienok Asier ETA biok dokumentaletik ezagutuko duzue. Urteak daramatza Madrilen eta egun Sol atetik 100 metrora bizi da. Neguan grabatu zuten solasaldia, Espainiako hiriburu elurtu batean.

Aitor Merino (@AitorMerino) aktore eta zinemagilearen Madrilgo habian sartu gara.

"Sentsazioa dut azken gudatik, hurrengo gudaraino, erdia baino gehiago pasatu dugula"

etzun 🎧👇https://t.co/cfVLgFWf5a@ulumedia @eitbpodkast

— Barruan Gaude 🎙️ (@BarruanGaude) May 14, 2021

Fantasía izeneko proiektuari buruz mintzo dira, Aitor eta Amaia anai-arrebak gurasoekin eginiko kruzero batean oinarritutako dokumentala. Horretaz ari zirela edo, Merinok kontatu du amonarekin hainbat ordu grabatuak zituela eta pozten zela hori egin izana amona hil aurretik. Familiaren historia eta nondik-norakoak gordetzea zer inportantea den gaineratuz.

Audio hori Igeldoko maldetan gora entzuten nuen bitartean Mariaren gurasoez akordatu naiz.

Erretiroa hartu berritan harrapatu zion Mariari 2020ko martxoko konfinamenduak. 2019ko udan Gijonen bizi zen amaren aldeko izeba bat hil zitzaion Mariari, Tia Encarna, eta berarekin pasatako egun haiek txikitako oroitzapenak berpiztu zizkioten. Egun Katalunian bizi baita nire laguna.

Familiaren nondik-norakoak arakatzen ibili da hainbat lagun eta iturri kontsultatuz.

Eta duela hamar bat egun bidali zidan 135 orrialdeko liburu moduko bat, oraindik zirriborroa, baina jada amaieratik gertu dagoena.

1951eko irailean bikote bat ezkondu zen Oviedon. Ezkontza asko egongo ziren garai hartan, baina hura bezalakoak gutxi: Oviedoko familia on batean (hitz egiteko modu bat da) jaio zen Pepe 1882an eta 69 urte betetzear zen; Rosa Melillan sortua zen 1924an eta gertu zuen 27 kandela pizteko eguna. 42 urteko aldea, beraz.

1953an jaio zen lehen alaba. Amaren izena jarri zioten.

1954ko irailean bigarrena munduratu zen: Maria Jose jarri zioten, baina nik Maria gisa ezagutzen dut.

Mariarentzat gauzak aldatu ziren berak 15 urte zituela aita hil zenean, 1969an.

Hori gertatu aurretik gurasoen etxean hainbat zerbitzari (neskame) zeuden eta hori da hasieran kontatzen duena. Nolakoa zen garai hartako familia burges baten bizimodu lasaia.

Gero, gauzak pittin bat aldrebestu ziren eta amari tokatu zitzaion babak eltzetik ateratzea. Gijonera mugitu ziren, pare bat denda zabaldu zituen eta, azkenik, ezkonaurreko maistra lanetara bueltatu zen.

Aitaren sendia Kuban egona zen eta Espainiatik independizatu aurreko Kuba hartan murgiltzen da Maria kontakizunean.

Tartean, Pepa Cardet ageri da. La Pepa Cardet gisa ezaguna, Espainiarekiko lotura mantentzearen aldekoa zen eta hainbat senide izan zituen bestea aldean, Kubaren independentzia defendatzen, 1868an ekialdean 10 urteko gerra piztu zenean.

Zabaldu parentesia. Peparen historia kontatzen omen du Jose Miguel Abreu Cardet historiagileak La furia de los nietos: guerra y familia en Cuba liburuan. Itxi parentesia.

Mariaren ama, Rosa, militar familia batean jaio zen. Errepublikazaleak izaki, aita 1936ko altxamenduan hil zuten Melillan bertan. Aldez aurretik, Rifeko gudetan egona zen eta horiek ere errepasatzen ditu Mariak liburuan.

Badago tartean oso esaldi borobila: Abd el Krim-ek irabazi izan balu, Francok ez zukeen Guda Zibila irabaziko. Ez dut literalki topatu, baina egilea Maria Rosa de Madariaga da.

Zortzi seme-alabarekin geratu zen Mariaren amona. Horietako bat, esan bezala, Rosa, Mariaren ama. Baldintza zailak baziren ere, lortu zuen tropa hura bideratzea.

Rosak maistra ikasketak amaitu eta Asturias aldera joan zen lanera. Han ezagutu zuen Pepe, lehen esan bezala.

Iparraldera jo aurretik, eta lerro hauek irribarre bat marrazteko anekdota batekin amaitzeko, esan dezadan tratuak izan zituela gerora oso ezaguna izango zen Bartzelona taldeko futbol jokalari batekin. Elkar ezagutu eta jokalariak gutun bat bidali zion, lehena eta bakarra.

Rosak lerro haiek irakurri zituenean, puskatu zuen gutuna eta agur esan zion betirako Antoniri. Akats ortografikoz josia baitzen karta eta hori ezin aguantatu.

Txis pun egin aurretik Ricardo Aldarondo kazetariaren aste honetako Discos Mon Oncle podkast-ean agertzen den Barcelona izeneko kantua doa. Hain da eskaintza zabala podkasgintza ezen bizpahiru putzutan ibiltzen naizen soilik, baina Aldarondoren jakintza erraldoia gozamena da.

Nuevos Horizontes & José y Manuel, Barcelona.

Los padres de Maria, este apunte en castellano.

Txis pun.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter