Rafa Berrio eta Amor a Traición bueltan dira
Rafa Berriorekin egin nuen topo aurrekoan. Joan Colomok eta Joseba Irazokik eskainitako kontzertuaren ondoren izan zen. Entsaio batetik zetorren. Norekin ari zen Rafa entsaiatzen igande iluntze hartan? Amor a Traición taldekoekin. Zertarako? Martxoaren 6an eta 7an emango dituzten kontzertuak prestatzeko.
Dirudienez, Bukowskiko nagusietako batek, Iosuk, burua berotu dio Rafari. 1993 urtean plazaratutako taldearen diskoa entzun nahi du. Amor A Traicion Spotifyn dago entzungai, baina Iosuk zuzenean ikusi eta dastatu nahi ditu No pienso bajar más al centro, Jaime Gil de Biedma, La senda del olvido, etab.
Diskoan parte hartu zuten hiru kide (José Puerto, Iñaki de Lucas eta Rafa bera) gehi bi kide berri (Iñaki Fisuras eta Maria Soriazu) elkartu dira. Kontzertu hauek bakarrak izango dira, itxura guztien arabera. Beraz, giro eta jende asko espero da Egiako tabernan. 6an, larunbatean, emanaldia 22:00etan dago programatua; 7an, igandean, iluntzeko 20:00etan. 7 euroko prezioa du sarrerak.
Martxoko bigarren hamabostaldian, berriz, Madrilera doa Rafa lan berria grabatzera. 2003an grabatu eta 2005ean plazaratu zuen Harresilanda haren ondorena izango da. Joserra Senperenak moldatu eta ekoitziko du Jose M. Rosillo teknikariaren estudioan grabatuko den 1971 diskoa.
Badaukat berau entzuteko gogoa. Izan ere, Rafak kanta baten hasiera bota baitzidan: “Yo me moriré un día borracho junto a una tapia / y mis pupilas reflejarán la última luz de esa mañana”.
Vuelven Rafa Berrio y Amor a Traición, este apunte en castellano.