"De cabeza" liburuaren aurkezpena asteartean Donostian
Imanol Querejeta psiquiatra da Más que palabras irratsaioko kolaboratzailerik zaharrena. Hasiera-hasieratik omen dago bertan, 1998tik edo. Igande eguerdietan jende askok entzuten ditu Imanolek Javier Vizcaínorekin, irratsaioko zuzendariarekin, mantentzen dituen solasaldi interesgarriak.
Pasa den udazkenean biek idatzitako liburua egon zen Durangoko Azokaren berritasunen artean. Orduan izan nuen liburua esku artean eta geroztik ikusi izan dut Donostiako liburudenda ezberdinetako erakusleihoetan. Diseinu aldetik, zer nahi duzue esatea, ez da liburu erakargarria, baina uste dut bi egileek zuzenean mantentzen dituzten solasaldien espiritua ondo baino hobeto ageriko dela bertan.
Eta liburua gustuko ez baduzu ere, asteartekoa izan daiteke aukera aproposa biak ala biak bertatik bertara ikusteko eta entzuteko. Gainera, aurkezle lanetan irratsaioko beste kolaboratzaile beteranoa egongo da, Jabier Muguruza. Muguruzak idatzi du liburuaren aitzin-solasa eta Donostian jokoa banatzen egongo da.
Zerbait gehiago jakin nahi baduzue, entzun Imanolek eta Javierrek Edurne Mendiarekin izandako solasaldia (Durangoko Azokan). Asteartean Ernest Lluch Kultur Etxean egongo naiz liburu aurkezpenean. Bertatik pasaz gero, elkar ikusiko dugu.