Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Gogoan dut Rafa Berrio

Gogoan dut Rafa Berrio

Mikel Iturria 2021/05/24 18:10
Aritz Galarragak erabilitako formulatik tiraka, Berrio tartean dela hainbat oroitzapen bildu ditut. Kontsultatu egin behar izan dut hainbatetan. Ez baitira alferrik urteak pasa.

Me acuerdo de Rafa Berrio, este apunte en castellano.

Gogoan dut 1990eko hamarkadan ikusi nuela kasualitatez Amor a Traición Antzoki Zaharrean. Antzoki Zaharreko ostegunak / Los jueves del Principal. Taldearen lehen diskoa aurkezteko kontzertua izango zen. Nik zalantzak nituen, baina Cruz Larrañetak esan zidan Antonio Vegaren aurretik jo zutela egun hartan... Eta David Ketarik eguna eman dit: 1994ko maiatzaren 5a. Hona Iñaki Zarataren kronika DVn.

5 de mayo de 1994 pic.twitter.com/JY8R1vcN4u

— ketari (@ketari) May 24, 2021

Gogoan dut Harresilanda diskoa zenbat gustatu zitzaidan. Diskoa "amablea" letrari erreparatzen ez badiozu, Rafaren hitzetan.

Gogoan dut Bronca, Julia Cristinarekin.

Gogoan dut Rafa disko hori jotzen Groseko Muro tabernako beheko aldean. 30-40 bat lagun. 10 euro sarrera eta diskoa. 2005eko martxoa, neguaren hondarrean. Xabier Cañasekin joan nintzen.

Gogoan dut beste bi disko erosi nizkiola horren ondoren. Korreo elektroniko bat idatzi eta paketea bidali zidan. Tira: ez nuen oso ondo gogoratzen.

Gogoan dut Rafa kontatzen Santi Ugarteri Maria Cristina Hotelean eginiko bisita bat.

Gogoan dut Berrio disko bera aurkezten 2005eko ekainean-edo Ernest Lluch Kultur Etxean 100 lagunen aurrean. Ostiral batean, oker ez banago.

Gogoan dut Berrio gozatzen Iban del Camporen Un tal Eusebi dokumentala ikusten eta ondoren. Jende artetik mahaian ziren Iban eta Concetta Probanzari esanez ze ondo abesten zuen Eusebik ingelesez. Handik gutxira, 26an, gure iloba Oier jaio zen.

Gogoan dut Berrio Dirty Martini dokumentala, Del Camporen beste bat, programatzen Donostiako Círculo Riojanon.

Gogoan dut Berrio barrez lehertzen mugimendu espasmodikoak egiten zituen bitartean.

Gogoan dut Rafa esaten histrioi samarra nintzela. Batzuetan. Gero eta gutxiago, Rafa. Tamalez.

Gogoan dut Ultravioleta. Ez nuen data gogoratzen: 2007ko martxoan.

Gogoan dut Bassmattiren kontzertu bat Pentagrama liburu dendan. Prim kalean. Aldamenean ardotegi bat zegoen. Handik atera zen Berrio Porto botila bat edo birekin. 2007ko uztaila.

Gogoan dut Gainsbourg Gainbegiratuz, Juancar Landa Jocanok bultzatutako proiektua. Rafa Berrio euskaraz kantatzen!

Gogoan dut 2008ko urtarrilean, Julia Cristinak Noventa grados aretoan paratu zuen erakusketaren inaugurazioan egon ondoren, Parte Zaharrean ibili ginela. A ze barreak gau hartan Rafarekin eta beste hainbat kiderekin. Besteak beste, Iñaki Peman argazkilaria ezagutu nuen. Cruz Larrañetak gogoratu dizkit egun hartako xehetasunak. Blogean irakurri dut ostegun bat zela.

Gogoan dut garai hartan Xabi Strubellen emanaldi batean egon zela Rafa. Kordoba abestu zuen euskaraz Strubellek, Lorca gogoan. Eta gustatu zitzaion Berriori. Kordoban gala bat zuela eta euskaraz abestuko zuela agindu zion. Realak ere Kordoban jokatu zuen garai hartan, Bigarren Mailan.

Gogoan dut Rafa Mikel Erentxunen kontzertu batean atera zela kantari Victoria Eugenian. Amaieran "I love Erentxun" zioen elastikoa erakutsi zuen. Erentxunek keinua bueltatu egin zion 2021eko maiatzaren 20an.

Gogoan dut Rafak kontatu zuela kamerinoan bakar-bakarrik zegoela, eszenatokira ateratzeko txandaren zain, roadie bat sartzen zela noizean behin eta musikarientzako zegoen whiski edo dena delako botilari biaje politak ematen zizkiola. Eta Rafa haserre Erentxunek eta besteek pentsatuko zutelako bera zela falta zen likidoaren erruduna.

Gogoan dut Rafa Berrio Javier Vizcainok eginiko elkarrizketa batean Obra da garrantzitsuena esaten.

Gogoan dut Tom Waits-en kontzertuaren ondoren Senperena eta biok Groseko Desy tabernara joan ginela. Bassmatti-k boloa izana zuen bertan. Rafa Lento txakurrarekin agertu zen. Halako batean, gitarra hartu zuen. Ez zen gala bat, Mursegok gogorarazi bezala, baina magia egon zen egun hartan. Oker ez banago Koldo Almandozek idatzi zuen zerbait Entzun webgunean. Ezin izan dut irakurri, baina hemen uzten dut lotura. Badaezpada. Berpiztea otutzen bazaio.

Gogoan dut Soledad Giménez abeslariarentzat kanta bat egin zuela Rafak. 2008ko urrian jo zuen Victoria Eugenian Solek.

Gogoan dut kontzertu hartan ama gonbidatu zuela Rafak eta andre hark (lehen aldiz Victoria Eugenian?) ez ziola begirik kentzen eszenatokian gertatzen zenari.

Gogoan dut Berrioren bidez ezagutu nuela Seminarioko areto nagusia. Pintore gisa ezagutu zuen berak. Han grabatu zuen bideo bat? Esango nuke baietz.

Gogoan dut Diego Vasallo eta Joserra Senperena hizketan Rafarekin egin beharreko proiektuei buruz.

Gogoan dut Rafa Bide Ertzeanen Leidor Sessions zuzeneko kontzertuaren grabazioan. Gero Mescal tabernan egon ginen. 2009ko urtarrilak 16. Handik ordu gutxira, 17an jada, gure iloba Uxue jaio zen.

Gogoan dut Lieder Arteko galerian.

Gogoan dut udaberri hartan (2009ko apirila) Erroman egon nintzela. Lieder Erromako Trastevereko galeria batean zen programatua handik hilabete batzuetara. Rafak eskatu zidan argazkiak egin eta bidaltzeko. Barrura ezin izan nuen sartu, baina bai egin nuela kanpotik baten bat.

Gogoan dut Rafa «De cabeza. Para qué sirve un psiquiatra» liburuaren aurkezpenean egon zela. Hobe esateko: gogoan dut Xanti tabernan elkartu ginela Vizcaíno, Querejeta, Jabier (Muguruza)... eta tartean zela Berrio. Ez nuen gogoratzen Xantiko mahai haren bueltan izan genuela Joxean Arbelaizen heriotzaren berri.

Gogoan dut Amor a Traición elkartu zela 2010eko martxoan.

Gogoan dut Berriok zabaldu zuela Nacho Vegasen kontzertua Tolosako Leidorren. Juan Luis Etxeberriak idatzitako kronikak dio Iñaki de Lucasekin batera atera zela 2010eko maiatzaren 7an.

Gogoan dut 1971 eta Diarios diskoetan Senperena maisuak egindako lana.

Gogoan dut, korreoaren historikoan ikusi dudalako, Rafak gonbidatu ninduela Komplot-en 2011ko urrian eman zuen errezitalera. Urriko egun haiek idatzi zuen Ana Malagonek. Maite Mursegok irakurri beharko luke berak dakien bezala:

«Mikel, ¿qué tal va? Para comunicarte que el próximo 21 octubre hago un recital en Komplot. A las 21:00h. Será con mesas y sillas y a la luz de las velas, según Marga, la patrona del local. Pues eso, invitaros y de paso, por si quieres difundir por esos canales. Espero que nos veamos un día de estos. Abrazos. Rb».

Gogoan dut Rafa eta Rosa Martí La Buena Vida taldearen Guillermine abesten Pedro San Martín zenaren omenez.

Gogoan dut Pio Barojaren La busca erosi nuela Madrilgo La Buena Vida liburu-dendan.

Gogoan dut, beste behin agendari esker, Joserra Senperena Trio Victoria Eugenia Cluben. 2013ko otsailaren 1ean.

Gogoan dut Moto Cluben egon ginela, askotan bezala.

Gogoan dut Rafa eta Gema. Gema eta Rafa.

Gogoan dut begiratu dudalako Phantasma egin zutela Mursegok eta Berriok Kafe Antzokiko goiko aldean. Nik ez nuen gogoratzen zein izan zen emanaldia, bai Rafa ikusi nuela. 2013ko otsailaren 7a. HC, Susana, Sorkun...

Gogoan dut Iñaki Uriarte Rafa agurtzen egun hartan.

Gogoan dut Zazpi Kaleetan geratu ginela lotan.

Gogoan dut Berrio esaten Bilbon Donostian baino gehiago maite zutela. Donostiarrak zirikatzeko kabroia. Kar kar kar.

Gogoan dut solasaldi bat izan zuela Rafak Radio Euskadin Jabier Muguruzarekin. Diarios diskoa kaleratu ondoren izan zen. Aitaren aldetik ijito familia zirela, amaren ahizpa guztiak Parisen geratu zirela, aitak erakutsi ziola gitarra jotzen (Cuarteto Ondas izeneko taldea zuten aitak eta Amarako lagun batzuk, Los Panchosen jarraitzaileak), UHF ondorengo basamortua (kantautoreak eta RRV-a: : "el RRV nos dejó como un tonto en mitad del camino"), kantagile ofizioa...

Gogoan dut Rafaren kontzertua Bukowskin 2013ko uztailaren 5ean. Hemen agertzen diren beste hainbat kontu bezala, agendan irakurri dudalako gogoratzen dut... Eta gaztelaniazko blogean Marietak aipatu dit nirekin eta Mrekin egon zela.

Gogoan dut Rafa Virginia Pinarekin Muro Tabernan. Bideo kaskar hau egin nuen. 2014ko martxoaren 5ekoa dela dio Youtubek.

Gogoan dut bere izena Rafael zela esanez, haserre, tematuta, baina baita rafaberrio puntu com.

Gogoan dut Rafa aguri (sic) esaten despedida moduan.

Gogoan dut Angel Aldarondok Mis ayeres muertos kantarekin Antzoki Zaharrean eginiko bideoa. «Todo lo he visto / de todo me acuerdo».

Gogoan dut Berrio gustuko tabernetan. Gogoan dut Berriorekin gustuko tabernetan.

Gogoan dut Barojari buruzko bere irakurketa KMn (bideoa loturan ikusgai). Berrirakurtzen zikloa, Jon Benito eta Beñat Sarasola zirikatzaile. 2015eko apirilaren 23an.

Gogoan dut Rafa entzun nuela behin esanez Santa Helena irlara joan nahi zuela. Napoleon miresten zuen eta hura bidaiaren arrazoia. Frantziako iparraldetik ibilbidea egiten zuela ontzi batek, hilabete-edo itsasoan. Ezin zela abioian joan bertara.

Gogoan dut BNVrekin (horrela deitzen nioen nik Lenoir, Neira, Rueda, Buff bandari) denak taula gainean gozatzen. 2015eko irail hasieran Dabadaban (apunte honen argazkia egun hartakoa da) eta 2015eko urriaren 1ean, oker ez banago Donostikluba jaialdian, Eraul-ekin batera Egia Kultur Etxean. Askotan bezala, lehen lerroan zen egun hartan ere Juan Glez @foteropanico argazki kamerarekin.

Gogoan dut Nerea Lizarraldek bideo labur bat egin eta igo zuela sarera.

Gogoan dut BNVren zati batekin Paperezko kontzertu batean. 2015eko San Tomas egunaren bezperan, abenduaren 20an. Zabaletako kantaria Zabaletan jotzen. Ricardo Aldarondo haria maneiatu eta jokoa banatzen. Rafa bezperan Oier Aranzabalen kirioak dantzan jartzen musika ekipoa zela eta ez zela. Kar kar kar egiten dut nik barre orain. Oierrek ere bai. Orduan ez zuen egiten. Norbaitek bideoa masterizatu egin du.

Gogoan dut PochXBerrio Ernest Lluch-en 2016ko apirilaren 15ean. Kamerinora joan nintzen Rafa agurtu eta zoriontzera. Haserre zegoen pertsona batekin. Oso. Edo hori esaten zuen. Eta Iñaki Gabarain Berrio baretzen.

Gogoan dut Berrioren beste kontzertu bat Bukosen. Sarean ikusi dut kanta hori behin baino gehiagotan. Jabi Haspirengatik dakit 2016ko apirilaren 23an izan zela. DVk ere gauza bera dio. Nire agendan ez dago apuntatua. Ni konbentzituta nago han egon nintzela, baina nire agendak dio Santanderren nengoela. Nolakoa den memoria batzuetan, e? Sortzailea gure mesederako.

Gogoan dut 2017ko ekainaren 25ean Adiós a la bohemia zarzuela Victoria Eugenian. Aste batzuk lehenago aurkeztu zuten Berako Itzean, Barojaren etxean.

Gogoan dut Senperena proiektu harekin sufritzen.

Gogoan dut emanaldiaren ondoren eMeCe kritikoa Victoria Eugeniako eskailerak jaisten. Gaizki esaka. eMeCe: ez zen zuretzako, amigo. Nik espero dut hemendik urte batzuetara hura ulertzeko gaitasunen bat izatea.

Gogoan dut Gema. Gogoan dut Gloria.

Gogoan dut Rafa gaixo zegoela jakin nuen eguna.

Gogoan dut ez nekiela zer esan. Deitzekotan nengoen, baina...

Gogoan dut egun batean ikusi nuela Dabadaban. Agurtu ginen, zurito bat atera nion. Ez zuen ardoa nahi.

Gogoan dut taula gainean despeditzen 2019ko urrian Antzoki Zaharrean.

Gogoan dut 2019ko abenduan iragarria zegoela emanaldia Ernest Lluch Kultur Etxean. Bertan behera geratu zen.

Gogoan dut lagun batek esan zidala oso gaizki zegoela.

Gogoan dut beste lagun batek esan zidala hil egin zela. Gaizki ulertu bat.

Gogoan dut 2020ko martxoaren 31n jakin nuela, konfinatuta denak bezala, orduan baietz, orduan hil egin zela Egiako abeslaria.

Gogoan dut Absolución liburuaren aurkezpena Tabakaleran handik sei hilabetera, 2020ko urriaren 31n. Gutxitan zabaldu ditut liburuaren orrialdeak. Aldiz, asko entzun ditut kantak. Denbora beharko dut liburua zabaltzeko.

Gogoan dut Yo ya me entiendo erakusketa lehen aldiz ikusi nuela 2021eko martxoaren 30ean. Lagun batzuek eta Donostia Kulturak antolatutako zikloa.

Gogoan dut Abesti baten anatomia.

Gogoan dut El increíble legado artístico de una personalidad nihilista.

Gogoan dut Diálogos de músicos.

Gogoan dut De "Arcadia en flor" a "Absolución": mi relación con Rafa Berrio.

Gogoan dut ez nuela aguantatzen beste inork kantatzea Rafaren kantak eta horregatik ez nintzela joan tabernetako eta Llucheko musika emanaldiak ikustera.

Gogoan dut Rafa in memoriam. Kontzertutzarra Victoria Eugenian. 2021eko maiatzaren 20an.

Gogoan dut larunbatean esan niola agur Rafari. Beste behin bisitatu nuen erakusketa, azken egunean. Tanatorioan norbaiti agur esaten zaion bezala despeditu nintzen. 2021eko maiatzaren 22a.

Gogoan dut Rafa artista zela eta obra geratu zaigula. Eskerrak.

Gogoan dut Rafa(el) Berrio.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter