Dena ez da malko
Igande goiza Hernanin pasa dugu, txotx denboraldia Gipuzkoan lagun bati zabaltzea tokatu zaiola aprobetxatuz. Gutxitan joaten naizen herrira joan naiz eta beste behin Udaletxeko plaza zein polita den ikusteko balio izan dit, besteak beste.
Ez dakit zergatik egiten zaidan arraroa, azken finean euskaldunen kirol nazionala baita, baina atentzioa deitzen du Astigarragan eta Hernanin bi txotx zabaltze egotea. Irakurri nuenez, aurten hernaniarrek aurrea hartu diete lehenengo aldiz bizilagunei. Astigarragako sagardogileek uste dut bihar dutela festa (eta bihar ez bada, datorren astean).
Hernanin aurten EAE (hau da, ANV) dago gobernuan. Eta alkatea Marian Betialarrangoitia irrati-esatari ohia da. Ez da harritzekoa heldu den astean deklaratzera joan behar izatea epaitegietara. Hori zabaltzen ari baitira, behintzat, hau bezalako komunikabideek. Zergatik? Larunbat arratsaldean Iruñeko Anaitasuna pabiloian esandakoengatik.
Gure herriaren eskizofrenia puntuaren beste adibide bat: gogoan izango duzue garai batean Espainiako hedabide pozoi zabaltzaile finenek nolako kanpaina abiatu zuten Pirritx eta Porrotx pailazoen aurka. Memorian gordeta dut artikulu hau, adibidez. Kanpaina horrek ekarri zuen taldeak arazoak izatea Euskal Herriko zenbait udalerritan (erakundeek kontratatzeko orduan).
Abenduaren erdialdean Gehitu taldeak hamargarren urteurrena bete zuela ospatzeko, erakusketa bat antolatu zen Tabacaleran. Inaugurazio ekitaldian Gipuzkoako erakunde ezberdinetako sozialista goi kargudunak zeuden. Une batean, aurkezleek bi pailazoen lana eskertu zuten. Artxibatu egin nuen datua. Handik egun batzuetara, erakusketaren plazan aritu ziren (hona hemen bideoa).
Gainera, nonbaiten entzun edo irakurri dut Gehitu taldearen kalderero konpartsako errege-erreginak Pirritx eta Porrotx izango direla. Saiatu naiz sarean horren berri ematen duen loturaren bat aurkitzen, baina ezinezkoa izan da.
Horrela bada, ondo da historiaren orrialde beltza pasatzea eta eskertu beharko zaio lan hori ere Gehitu elkarteari.
Bukatzeko, bi ohar labur:
Baga: Julia Cristina artistaren erakusketaren inaugurazioan izan ginen ostegunean.
Biga: Ostiralean, berriz, Iñaki Diéguez trio eta lagun gonbidatuek gainezka zegoen Kontserbatorioaren areto nagusian aurkeztu zuten azken diskoa Irunen.